Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2021eko ekainaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
3211

145/2021 DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea sortzen duena.

Eutanasia arautzeko martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoak (martxoaren 25eko BOEn argitaratua, 72. zenbakia) honako hau xedatzen du 17. artikuluan:

«1.– Berme eta Ebaluazio Batzorde bat egongo da autonomia-erkidego bakoitzean, bai eta Ceuta eta Melilla hirietan ere. Batzorde horietako bakoitzaren osaera diziplina anitzekoa izango da, eta gutxienez zazpi kide izan beharko ditu; horien artean, medikuak, erizainak eta legelariak egongo dira.

2.– Autonomia-erkidegoen kasuan, batzorde horiek administrazio-organoaren izaera izango dute, autonomia-erkidegoetako gobernuek sortuko dituzte, eta haien araubide juridikoa zehaztuko dute. Ceuta eta Melilla hirien kasuan, Osasun Ministerioak sortuko ditu hiri bakoitzerako batzordeak, eta haien araubide juridikoak zehaztuko ditu.»

Aipatutako organoa sortu eta eratzeko Legeak berak hiru hilabeteko epea ezartzen du, artikulu hori indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita. Legeak izaera organikoa du eta Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 1. eta 16. zenbakietan xedatzen denaren babesean eman da. Horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari honako arlo hauek arautzeko: konstituzio-eskubideak baliatzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak, eta osasunaren oinarriak eta koordinazio orokorra.

Hori dela eta, arau hau onartu da, Autonomia Estatutuaren 10.2 artikuluak autogobernu-erakundeen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari buruz ematen dizkion eskumenak baliatuz, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak ordenamendu juridikoak aitortzen dion eskumena baliatuz ere, berezko duen eskumen-esparru batean, hau da, barne-osasunaren esparruan. Izan ere, Konstituzioak 149.1.16 artikuluan ezarritako esparruaren baitan egin da. Artikulu horren arabera, Estatuak eskumen esklusiboa du kanpo-osasunaren eta osasunaren oinarrien eta koordinazio orokorraren arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen autonomikoa du barne-osasunaren arloko Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta betearazteko, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aurreikusten duen bezalaxe.

Horrenbestez, Osasuneko sailburuak halaxe proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzaren 25ean egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen bidez, eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea sortzen da, Eutanasia arautzeko martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoak esleitzen dizkion helburuak betetzeko. Batzorde hori Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikita geratuko da, haren egitura hierarkikoan parte hartu gabe.

2. artikulua.– Eginkizunak.

Batzorde horren eginkizunak Eutanasia arautzeko martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoan daude zehaztuta, 18. artikuluan, edo hura ordezten edo aldatzen dutenetan.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Batzordea diziplina anitzekoa izango da eta batzordeburua, idazkaria eta Osasun Saileko titularrak izendatutako bokalak izango ditu, aipatutako 3/2021 Legeak 17.1 artikuluan jasotako gutxieneko osaerarekin bat etorriz.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betez, ahalegina egingo da, batetik, genero-gaietan aditua den pertsona batek parte har dezan, eta, bestetik, batzordearen osaera parekidea izan dadin.

3.– Halaber, ahaleginak egingo dira organo hori osatzen duten pertsonek beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan bete ahal izan dezaten.

4. artikulua.– Funtzionamendu-araubidea.

Batzordea osatu ondoren, Osasun Saileko titularraren agindu bidez onartuko da Eutanasiaren arloko Berme eta Ebaluazio Batzordearen barne-erregelamendua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araubide juridikoa.

Eutanasia arautzeko martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoak eta dekretu honek ezartzen ez duten guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak ezartzen duenak arautuko du Eutanasiaren arloko Berme eta Ebaluazio Batzordea, Estatukoak ez diren administrazio publikoetako kide anitzeko organoen funtzionamenduari dagokionez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretua aldatzea.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. puntuari i bis) apartatua gehitzen zaio; honela geratzen da:

«i bis) Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala