Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2021eko ekainaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3195

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita.

AURREKARIAK

2020ko otsailaren 5ean, Pasaiako Udalak eskabidea bete zuen ingurumen-organoan, Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, 2021eko otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak administrazio publiko ukituei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen; izapide horretan jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Pasaiako Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), honako hauek kontuan hartuta:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntual honen helburua da hirigintza-arlotik aukera ematea pertsona nagusiei arreta emateko erreferentziako zentro bat udalerrian ezartzeko.

Inguruan modu egokian integratuko den ekipamendua izatea lortu nahi da, Trintxerpeko bizitegi-eremuaren eta portuko eremuaren artean lotura gisa funtzionatzea eta, gainera, kale mailan irekia izatea oinezkoen zirkulazioari dagokionez. Bidenabar, Euskadi Etorbidean, Hospitalillo parean, mugarri arkitektoniko interesgarria izatea da asmoa.

Aipatutako zentroaz gain, eta, horren azpian, lur azpiko aparkaleku bat eraikitzea ere proiektatu da, zuzkidura-erabileraren eta lurzati mugakideen aparkaleku-beharrizanak konpontzeko.

Zentro berriak ekipamendu komunitarioko erabilera izango du, zehazki, ekipamendu sanitario eta asistentziala izango da. Horretarako, indarrean dagoen Antolamendu Plan Bereziko (2018ko martxoaren 13ko erabakiaren bidez onartua) E.3.3. lurzatia bereizi egin da Pasaiako Portuko Zerbitzu Eremutik, hots, estatuaren portu-jabaritik, eta Pasaiako Portu Agintaritzaren ondarera igaro da; eutsi egin zaie eraikigarritasun-baldintzei, baimendutako bolumetriari eta aipatu Plan Berezian ezarritako antolamendu xehatuko beste zehaztapen batzuei.

Aldaketa honek berriro zedarrituko du Herrera hirigintza-jarduerarako eremua (HJE), E.3.3. eremua HJE horretatik bereiziz eta Hospitalillo 2.0 HJE izeneko eremu berrian sartuz; horrek barne hartzen ditu Pasaiako Portuko Plan Berezian zehaztuta zeuden hirigintza-zehaztapen xehatuak. Horrenbestez, Pasaiako Arau Subsidiarioen hirigintza-jarduerarako eremu berri hori, hots, Hospitalillo 2.0 HJE, Pasaiako Portuko Zerbitzu Eremutik bereizitako lursail horiez osatuta egongo da.

Planak honako antolamenduko oinarrizko zehaztapen eta aprobetxamendu-, eraikigarritasun-, jabari- eta erabilera-baldintza hauek ezarri ditu:

– Euskadi Etorbidera begira egongo den aurrealdeak zuzkidura-izaera izango du.

– Eraikin berriaren gehieneko lerrokadura lurzatiaren ertza izango da; erdialdean, espazio handi bat utziko du libre, ekipamendurako; gehienez 26 metroko altuera onartuko da.

– Sestra gainean, 15.000 m2-ko aprobetxamendua baimentzen da.

– Oro har, sestra azpian, gehienez 3 solairuko aparkalekua baimenduko da hiri-eremu osoan.

– Lur azpiko aparkalekua Adinberriren alboko eremuekin batu ahalko da.

– Ibilgailuen sarbideak ipar-hego orientazioa duen bidean kokatuko dira, Adinberri zonaren (Plan Bereziko E.3.3) eta indarrean dagoen Plan Bereziko E.3.4. zonaren artean.

Hektarea bat baino gutxiagoko azalera duen hiri-lurzoru baten eremuan eraikuntza-proiekturako eta hirigintzako obra osagarrietarako esparrua ezartzen du Planak.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: aldaketa honek berriro zedarrituko du Herrera HJE, E.3.3. eremua HJE horretatik bereiziz eta Hospitalillo 2.0 HJE izeneko eremu berrian sartuz; horrek barnean hartzen ditu Pasaiako Portuko Plan Berezian zehaztuta zeuden hirigintza-zehaztapen xehatuak. Plana bat dator eremuari eragiten dioten lurralde-antolamenduko planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, Planak ez dakar lurzoru urbanizaezin berriak okupatzea, eta, gainera, lur azpiko aparkalekua egiteari esker, lurzati mugakideek aparkaleku-erabilera ez izatea ekarriko du. Bestalde, Planak hobetu egingo du bertako hiri-paisaiaren kalitatea, birgaitu egingo duelako portu- eta hiri-eremu degradatu bat, hiri-sarera gehituz. Halaber, kontuan hartuz planaren eremuan lurzorua kutsatzen duten jarduerak izan dituzten bi kokagune daudela, plana garatzeak lurzatia aurreikusitako zuzkidura-erabileretarako birgaitzea dakar, baita kutsatutako lurzoruak modu egokian kudeatzea ere.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

Apartatu horretan, honako alderdi hauek nabarmendu behar ditugu:

– Fatxada-mailako eta zenbait altueratako zarata-mailek gainditu egiten dituzte kanpoalderako aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak, hala oraingo egoeran nola 20 urteren buruan.

– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako bi lurzati daude. Gaur egun lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura izapidetzen ari da.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren eremua Hospitalillo 2.00 HJE hirigintza-jarduerarako eremua da, Pasaiako Portuko Zerbitzu Eremutik bereizitako lurrez osatua. Hiri-lurzoru bat da, 4.747 m2-koa, Ipar Herrera poligonoaren ekialdeko mugan kokatua, oneratzeko prozesuan dagoen eremu industrial batean. Gaur egun lur azaleko aparkaleku bat eta biltegi bat daude.

Eremuaren iparraldean, Euskadi Etorbidea hiri-bidea dago, ekialdean aparkalekuari jarraipena ematen dio Hospitalilloko kaiak, eta, hegoaldean eta mendebaldean, lurzatiak muga egiten du gaur egun jarduera ekonomikoetara bideratutako beste eremu batzuekin.

Hirigintza-jarduerarako eremua erabat antropizatutako ingurune batean dago, ez da espazio babestu baten parte, ezta inbentarioetan jasotako interes naturaleko beste leku batzuen parte ere, eta ez dago EAEko korridore ekologikoen sareko egitura-elementuen artean. Bidenabar, ez dago inbentarioetan jasotako kultura-ondareko elementurik.

Paisaiari dagokionez, Herrera, gaur egun, multzo ordenagabea da; askotariko biltegiak bata bestearen ondoan, erabiltzen ez diren orubeak eta bide-sistema.

Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun, eremuak Trintxerpeko eta San Pedroko bizitegietara iristeko trafikoak eragindako zarata pairatzen du, baita portuan garatzen diren jarduera ekonomikoek sortutako zarata ere, kalitate-helburu aplikagarriak gaindituz aztertutako hiru tarteetan (goizez, arratsaldez eta gauez), Euskal Autonomia Erkidegoko hots- kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Planaren esparruan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko abenduaren 21eko Aginduan jasotako bi lurzati identifikatu dira. Agindu horren bidez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratu zen. Lurzatien identifikazio-kodeak honako hauek dira: 20064-00029 eta 20064-00063 (instalazio industrialak).

Bidenabar, aipatu behar da eremuak ez duela higadura- edo uholde-arriskurik, ezta akuiferoak kutsatzearekiko urrakortasunik ere.

Testuinguru horretan, Planetik eratorritako jarduketen inpaktuak eraikin berria eta aparkalekua eraikitzeko eta urbanizatzeko lanei lotutakoak izatea espero da (eraikinak eraistea, lurrak mugitzea eta hondeatzea, eraikuntza-lanak) eta sosegu publikoan ere izango dute eragina (populazioaren osasunean ondorioak zarata eta kutsatzaileen immisioagatik); hala, nabarmendu behar da hiri-hondakinen eta hondeaketa-soberakinen bolumen handia sortuko dela, eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen presentziak arriskua ekar dezakeela.

Bereziki gogoan hartu behar dira kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen gainean egingo diren jarduketak eta garapen berriaren egoera akustikoa.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei dagokienez, inbentarioan identifikatutako bi lurzatiek lurzoruaren kalitatearen ikerketa xehatuko txostena dute. Bidenabar, indusketa selektiboko plan bat egin da, Pasaiako portuko Hospitalillon lur azpiko aparkaleku bat eraikitzeko.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako agirien arabera, fatxadan eta hainbat solairutan, zarata-mailak gainditu egiten ditu kanpoalderako aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak (KAH), hala oraingo egoeran nola 20 urteren buruan, eguneko tarte guztietan. Zarata-foku nagusiak gertuko bideak eta Planaren eremutik gertuko trenbide-trafikoa dira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera beteko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Adierazi den moduan, Planaren eremuko bi lurzati lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daude (kodeak: 20064-00029 eta 20064-00063). Horrenbestez, Planaren ezaugarriak kontuan hartuz, eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatzen duena betez, ingurumen-organoak ebazpen bidez eman beharko ditu dagozkien lurzoruaren kalitatearen deklarazioak, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozedurari jarraikiz.

Ekainaren 25eko 4/2015 Lege horren 31.4 artikuluan adierazitakoaren arabera, honako hauek egin baino lehen eman beharko du lurzoruaren kalitatearen deklarazioa ingurumen-organoak: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lursailaren edo lursailen antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan.

Hala ere, leku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten egoerak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da deklarazio hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Horri dagokionez, sustatzaileak aurkeztutako informazioaren arabera, eremu horretan lurzoruaren kalitatea ikertzeko zenbait espediente izapidetu dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean. Horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpenetan ezarritako erabilera-mugak eta baldintzak bete beharko dira.

Bidenabar, 23. artikuluan jasotako jarduketaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, ingurumen-organoak aldez aurretik onartu beharko du gaikako hondeaketa-plan bat, kasuan kasuko lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduran.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Neurri egokiak ezarri beharko dira Planean aurreikusi den etorkizuneko hirigintza-garapenean eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe arau horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Bestalde, behar diren neurriak hartuko dira ahalik eta hauts gutxien harrotu eta hedatzeko materialak ekoizpen-gunetik produktu amaituen biltegira eramatean (karga estaltzea, ureztatzea, makina mugikorrak eta bideak garbitzea, etab.).

– Paisaian integratzeko neurriak:

Lorategiz hornitzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuta. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak hartuko dira kontuan. Gidak aukerak ematen ditu birlandatu behar den ingurunearen arabera, eta inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Cortaderia selloana eta eremuan egon litezkeen bestelako espezieak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikingintzaren jasangarritasuna:

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan» (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako hauetan izan beharko dute eragina:

● Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

● Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena eta/edo energiaren kontsumoa murriztea.

● Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

● Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

● Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

● Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntualak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Pasaiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena – Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, gehienez lau urteko epean onartuko ez balitz Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Pasaiako Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 23a.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala