Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2021eko ekainaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3187

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 18koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita izendapen askeko sistemaren bidez lanpostu hau betetzeko deialdi publikoa: Vitoria-Gasteizko Lan eta Enplegu Saileko Komunikazio Zuzendaritzako «Goi-kargudunaren Idazkaria» lanpostua (kodea: 520010; dotazioa: 203).

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Vitoria-Gasteizko Lan eta Enplegu Saileko Komunikazio Zuzendaritzako «Goi-kargudunaren Idazkaria» lanpostua hutsik dagoenez (kodea: 520010; dotazioa: 203), eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du eranskinean zerrendatzen den lanpostua izendapen askeko prozeduraren bidez beteko dela, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostuen Zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Lan eta Enplegu Sailean langileen arloko eskumena duen zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak

Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitaea» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagupenak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Lan eta Enpleguko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietako batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Administrazio bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke eman duen organoaren aurrean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua:

– Izena: Goi-kargudunaren Idazkaria:

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 203.

– Kokapena: Komunikazio Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Zentrala-Lakua.

– Lan eta Enplegu Saila.

– Destinoko herria: Vitoria-Gasteiz.

– Taldea: C1/C2.

– Kidegoa: A05EU / A07EU.

– Lanpostu-mailako osagarria: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2021-12-31.


Azterketa dokumentala