Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2021eko maiatzaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3103

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 12koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baita zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluko a), b) eta d) letretan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Gobernu Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bileran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, guraso izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kendu eta lan-bizitzak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatzeko, bai lana eskuratzeari eta lanean irauteari dagokionez, bai seme-alabek gehien behar duten etapetan haiek zaintzen buru-belarri aritzeko dituzten aukerei dagokienez. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako dirulaguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta, gero, Enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua, zeinaren VI. kapituluan berriro antolatu baitziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia positibo horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, kontziliazio-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, kontziliazioa lerro estrategikotzat jo zuen Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean (Gobernu Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bileran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, familiaren eremuan emakumeen eta gizonen erantzunkidetasuna sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta, gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua, martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatu zena.

Bestalde, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen xedea da familiei babesa, arreta eta laguntza ematea; horretarako, osotasun koherente batean antolatzen ditu familiei laguntzeko erkidego mailan indarrean dauden neurri guztiak, eta beste laguntza-neurri batzuk ere arautzen ditu. Eta II. tituluko II. kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko neurriak jasotzen ditu.

EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Plana Gobernu Kontseiluaren 2011ko abenduaren 27ko bileran onartu zen, honako helburu nagusi honekin: zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik, familia-politika bultzatzea, familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horri esker, eragotziko da bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzunkidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo familia horiek zeregin horretan amore ematea.

Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Planak (2018-2022), hau ezarri du helburu gisa 2. ardatzean: bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea. Horretarako, beste dekretu bat egin da, hots, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua, zeinetan laguntza-lerro berri bat sartu baita eta lehendik daudenak hobetu baitira:

Laguntza-lerro berria, lan-eszedentzian dauden langileentzat, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako kontribuzio-prestazioen aldiak parekatzeko.

Seme-alabak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbateko ekonomikoa % 30 areagotuko da honako kasu hauetan:

– Guraso bakarreko familiak.

– Familia ugariak.

– Mendetasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsonaren bat daukaten familia-unitateak.

– Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat duten familia-unitateak.

– Mendetasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbatekoa % 30 areagotuko da, eskatzailearen familia-unitatea multzo hauetako batean sartzen bada:

– Guraso bakarreko familia.

– Familia ugaria.

– Mendetasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duten bi pertsona dauzkan familia-unitatea.

– Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukan familia-unitatea.

Ezabatu egin da Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluko b) letran aipatzen diren lan-harreman bereziak dituzten langileei buruz egiten zen baztertzea; izan ere, kontsideratzen da etxeko lanetan diharduten langileen kolektiboa kanpo uztea ez dagoela justifikatuta, eta, hori dela eta, aukera izan behar dutela seme-alabak zaintzeko edo mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketarako laguntzak jaso ahal izateko.

Seme-alabak eta mendetasuna edo osasun-egoera oso larria duten senitartekoak zaintzeko eszedentzietan eta lanaldi-murrizketetan laguntzeko lerroan, beste bi salbuespen gehitzen zaizkio diruz lagundu daitezkeen jardueretan etenak izateko posibilitateari: eskatzaileak baimena soldatarik gabe hartzea; eta eskolara egokitzeko aldiak.

Eskatzailea gizonezkoa bada, luzatu egingo dira seme-alabak, mendetasuna duten senitartekoak eta osasun-egoera oso larrian daudenak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketetarako laguntzak baliatzeko gehieneko denborak, eta horrenbestez, eskatzaile horrek bere osotasunean baliatu ahal izango du bikoteak duen diruz laguntzeko moduko aldia.

Laguntza-programa hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da (sailburuaren 2020ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez onartua eta Eusko Jaurlaritzaren webean argitaratua https://www.euskadi.eus/contenidos/orden/planestrategico_subvenciones21/eu_def/adjuntos/Plan-Estrat-Subv-2021_eusk.pdf

Bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluko 9. paragrafoan ezarritakoarekin, baldin eta eskabidea izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabide hori sartzen denetik sei hilabeteko epean ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunak legitimatuko dira eskabidea administrazio-isiltasunaren bidez ezetsitzat jotzeko dirulaguntza emateko eskabidea.

Administrazio publikoaren printzipioetako bat da dirulaguntzei publikotasuna ematea. Hori dela-eta, urriaren 24ko 164/2019 Dekretuaren 62.4 artikuluan aurreikusten da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko duela zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, zein den zuzkidura horren eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori). Izan ere, testu horrek dio EHAAn argitaratu beharko direla araudi erregulatzaileak, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 12/2021 Dekretuaren 14.b artikuluak xedatzen duenez, familia-politikaren arloko ekimeneko zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari esleituriko funtzioa da. Zuzendaritza hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mende dago, dekretu horren 15.2 artikuluak xedatzen duenez.

Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek dirulaguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 62.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluko a), b) eta d) letretan aurreikusitako dirulaguntza lerroak betetzeko, 37.016.082,00 euro bideratuko dira gehienez, 2021ean, honela banakaturik:

a) Seme-alabak zaintzeko xedez lan-eszedentzian dauden edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak.

Bi jarduketa-lerro:

– 7.000.000,00 euro, lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzetarako, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako kontribuzio-prestazioen aldiak parekatzeko.

– 28.194.782,00 euro, hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo hamabi urtetik beherako haurrak zaintzeko lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzetarako.

b) Mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu duten edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak:

– 1.144.500,00 euro.

d) 3 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeagatiko laguntzak:

– 676.800,00 euro.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-horniduran eguneratzerik gertatzen bada, horren berri emango da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 12a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala