Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2021eko maiatzaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3054

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzak iragartzen baitira Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, honako hauek ezartzeko eremu estrategikoetarako jarduketa-lerroak gara ditzaten 2021-2022ko ikasturtean: Lanbide Heziketako V. Euskal Plana, Euskal Hezkuntza Sistemako Digitalizazio Jasangarrirako eta Sistema Adimendunetarako Plan Integrala, eta Euskal Lanbide Heziketako Trantsizio Berderako, Pertsonen Gaikuntzarako eta ETE-en Lehiakortasun Jasangarriari laguntzeko Plan Integrala.

Gaur egungo egoera sozioekonomikoan merkatuen zein ekoizpenaren globalizazioa da ezaugarri nagusia; horregatik, enpresen ekoizpen-ehunak eta, ondorioz, enpresa-ereduak egoera berri horretara egokitu behar dute. Globalizazio-prozesu horrek lehia handia eragiten du; hori dela eta, lehia-posizioak eginkizun garrantzitsua du enpresen etorkizunean. Lehia-posizio hori garapenerako eta enpresa-hazkunderako motorra ere bada, eta lortuko bada, adimen-kapitala zein ezagutzaren kudeaketa eraginkorra behar dira, baita estrategia berritzaileak aplikatzea ere, biak ala biak enpresetan balioa eta lehiatzeko abantaila sortzeko iturri baitira.

Egoera horrek lanbide-profil berri bat eskatzen du; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, taldeko lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.

Lanbide Heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa, eta ondorioz enplegurako gaikuntza, hobetzen lan eginez.

Garapen- eta berrikuntza-sistemak aukera berriak sortzera eta enplegu-sorrera laguntzera bideratzea da Lanbide Heziketako ikastetxeen erronka nagusia.

Hartarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak lanbide-heziketa diseinatu eta garatzearen alde egin du, non ikastetxeak adimen estrategikoaren eta ezagutzaren unitate autonomo eta malgu bihurtzen diren; era horretan, etengabeko eboluzioan ari den gizartearen eta ekoizpen-sektorearen –bereziki industrialaren– beharrak aurreikusteaz gain, produktu edo ekoizpen-prozesu berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatu ere egin ditzakete, bai eta indarra hartzen ari diren sektoreetako jarduerak ere, euskal ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna zein ikasleen enplegagarritasuna hobetu eta indartzeko.

Ildo horretatik, Lanbide Heziketako V. Euskal Planak lanbide-heziketako euskal sistemaren eraldaketak zuzendu behar ditu, eta horretarako, hainbat helburu eta jarduketa-lerro nagusi ezartzen ditu eremu estrategiko hauen barruan: Prestakuntza integratua, berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa, nazioartekotzea eta Lanbide Heziketako ikastetxeak.

Era berean, irakaskuntza-gaikuntza digitaleko plan bat behar da, etorkizunerako irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaileak eta jasangarriak sustatuko dituena. Horretarako, 2020ko abenduaren 29an onartutako Digitalizazio Aurreratuko Plana diseinatu da, eta horrekin esparru digital berri bat sustatu nahi dugu, ikastetxeei laguntzeko digitalizazioa erabil dezaten hezkuntza-eraldaketarako eta etengabeko hobekuntzarako palanka gisa.

Testuinguru horretan, Euskadik giza garapen jasangarriaren aldeko apustua egiten du, non ekonomia, gizartea, ingurumena eta kultura elkarren artean konektatuta baitaude. Interkonexio eta oreka horiek funtsezkoak dira bizi-kalitate hobea lortzeko, eta Lanbide Heziketak funtsezko zeregina du. Horretarako sortu da Euskal Lanbide Heziketako Trantsizio Berderako, Pertsonen Gaikuntzarako eta ETE-en Lehiakortasun Jasangarriari laguntzeko Plan Integrala, zeina 2020ko abenduaren 29an onartu baitzen.

Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da deialdi hau, halaber.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Lanbide Heziketako V. Euskal Plana eraginkortasunez ezartze aldera, itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten die jarduera eta proiektuetan parte hartu dezaten haien irakasleen bidez, irakasle horien konpetentziak indartzeko, helburu hauetarako: teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzun diezaieten; Lanbide Heziketaren parte-hartzea sustatu dezaten enpresei laguntzeko –ETE-ei, batez ere–, eta horiei eskainitako estaldura zabaltzea lortu dezaten; beharrizan teknologikoen aniztasunarentzako erantzun sistematiko bat sortu dezaten Lanbide Heziketatik; eta lehentasun teknologikoak eguneratu eta lerrokatu ditzaten Euskadiko berrikuntza-estrategiarekin, horretarako tresna sistematikoak ezarriz.

Ondorioz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea erregulatzen duena), 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluko III. kapituluarekin (Laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimenari buruzkoa) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen parte-hartzea sustatzea, honako hauetan estrategikotzat definitutako eremuetarako jarduketa-lerroak gara ditzaten 2021-2022ko ikasturtean: Lanbide Heziketako V. Euskal Plana, Euskal Hezkuntza Sistemako Digitalizazio Jasangarrirako eta Sistema Adimendunetarako Plana, eta Euskal Lanbide Heziketako Trantsizio Berderako, Pertsonen Gaikuntzarako eta ETE-en Lehiakortasun Jasangarriari laguntzeko Plan Integrala; jarduketa-lerro horiek deialdi honen 3. artikuluan zehazten dira.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2021-2022ko ikasturtean.

3. artikulua.– Lehentasunezko jarduketa-lerroak.

1.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren jarduketek zerikusia izango dute honako hauek ezartzeko lehentasunezkotzat jotzen diren helburuak erdiesteko jarduerekin: Lanbide Heziketako V. Euskal Plana, Euskal Hezkuntza Sistemako Digitalizazio Jasangarrirako eta Sistema Adimendunetarako Plana, eta Euskal Lanbide Heziketako Trantsizio Berderako, Pertsonen Gaikuntzarako eta ETE-en Lehiakortasun Jasangarriari laguntzeko Plan Integrala; hain zuzen ere, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak helburu horrekin sustatutako jarduerak izango dira. Ikus I. eranskina.

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ekimenekin bat egingo dute hala eskatzen duten itunpeko ikastetxeek, eta bere egingo dituzte ezarritako helburuak, garapen-baldintzak eta plangintza.

3.– Jarduketa-lerroak behar bezala ebaluatu eta garatzearen arduradun, dagokionaren arabera, hauek izango dira: Tknika Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, Ideatk Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuaren Euskal Institutua, eta EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa bi milioi ehun eta berrogeita bost mila zortzi ehun euro da (2.145.800). I. eranskinean azalduta dago zenbateko hori nola banatuko den deialdiaren xede diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduketa-lerroen artean.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Jarraian adierazten diren gastuak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako jarduera egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.

b) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako jarduera egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako jarduera egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2020-2021eko ikasturtean.

c) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza), hari lotutako bestelako jarduera osagarriak eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak. Diruz lagundutako jarduera egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2020-2021eko ikasturtean.

Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak estaltzeko epea 2021eko irailaren 1ean hasi eta 2022ko abuztuaren 31n amaituko da.

3.– Jardueran, 726 irakastordu eta 526 ordu osagarri lagunduko dira diruz, gehienez, lanaldi osoko liberazio baterako. Ordezko langileak kontratatzeko diruz lagundu eta egotz daitekeen orduko gehieneko kostua berrogei (40) euro da irakasleentzat. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu kopurua.

6. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2021-2022ko ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematea.

b) Zigor penalik edo administratiborik ez izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duenik.

c) Beteta izatea indarrean dauden xedapenek zergen edo Gizarte Segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak. Betekizun hori deialdia ebatzi eta diruz lagundutako zenbatekoaren ordainketa egin arte beteta eduki behar dute.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoera batean ere ez egotea.

2.– Betekizun orokorrez gainera, dirulaguntza eskatzen den jarduera bakoitzerako agindu honen I. eranskinean ezarritako betekizun espezifikoak ere bete beharko dituzte.

7. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren iraupena.

Diruz lagundutako jarduera, hasiera ematen diotenetik 2021-2022ko ikasturtea amaitzen den arte garatuko dute, hau da, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra arteko aldian.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.

3.– Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.

4.– Honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak bide elektronikoz izapidetzeko xehetasunak, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak:

www.euskadi.eus/servicios/0097612

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (II. eranskina), atal guztiak behar bezala beteta, bide elektronikoz aurkeztu behar dira, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den jarduera bakoitzeko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo ente publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.

b) Administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

c) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarrean dagoen araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

d) Ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean.

e) Erakunde eskatzailea itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta badago, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den halako prozeduraren batean, zehaztu egin beharko du zer prozeduratan.

4.– Eskabidearekin batera, kasuan kasuko jarduerari dagokion inprimakia aurkeztu behar da. III. eranskina.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.

10. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen jarduketa-lerroak emateko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoa betez (azken artikulu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea erregulatzen du); hau da, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, haien arteko hurrenkera ezartzeko I. eranskinean jarduera bakoitzarentzat aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz, eta irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenei laguntzak esleitzeko, kontuan harturik erabilgarri dagoen kreditua eta aipatutako eranskinean finkatutako muga.

2.– Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko gehienezko ordu kopurua I. eranskinean zehaztuta dago.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Jarduera bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa I. eranskinean adierazitakoa izango da, eta ez du inola ere gaindituko ikastetxeak, 5. artikuluaren arabera, irakasleak kontratatzeko egin behar izan duen gastua.

12. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura instruitzeko eskumena.

2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da, I. eranskinean azaldutako jarduketa-lerroetara aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango ditu kide:

a) Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Bokalak:

Juan Carlos Molinero Montes jauna, Tknika EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria.

M.ª José Barriola Baraibar andrea, Tknika EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria.

Agustín Agirre Andonegui jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko ikaskuntza-metodoen eta -prozesuen ikerketaren arloko zuzendaria.

Luis Saratxaga Quintana jauna, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuko zuzendari exekutiboa.

Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatuta, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuzen ere, eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko konpromisoak eta baldintzak. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.

5.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, balorazio-batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, instrukzio-organo gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ebazpena eman dezan.

6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

13. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; emanez gero, adierazi behar dira pertsona edo entitate onuradunen izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zer proiektu finantzatu den, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Horrez gain, nortasunik gabeko elkarteak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

4.– Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenek barnean hartuko dituzte alderdi hauek: emandako dirulaguntzen zerrenda, eta ukatuena, zenbatekoak adierazita lehen kasuan, eta ukatzeko arrazoiak bigarrenean. Prozeduratik kanpo utzi diren eskaeren zerrenda ere barnean hartuta egongo da.

5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara mezuak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

6.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere, sei hilabete izango dira, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

7.– Dirulaguntzak eta laguntzak onuradunei eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak, betiere prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi badira.

14. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek, 2022ko irailaren 9a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ordezte-prozesua ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren ohar guztiak «oharrak» atalean azalduko dira (V. eranskina).

b) Amaierako justifikazio-memoria (VI. eranskina).

c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa, 4.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan bakarrik.

d) Ordezko irakasleen nominen kopia autentikoak, agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldi osoari dagozkionak.

2.– Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire Karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

3.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Dirulaguntzak hiru zatitan ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 40 ordainduko da, eta 18.1 artikuluan adierazten den epea bukatutakoan ordainduko da, baldin eta bitarte horretan dirulaguntzari uko egin ez bazaio, eta, betiere, 2021eko urriaren 29a baino lehen IV. eranskina (Liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria) aurkeztu ondoren. Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «Eremu estrategikoetako jarduketa-lerroak» azalpenarekin, diruz lagundutako jardueran aritzen diren irakasle titular eta ordezkoen liberazioa.

b) Bigarren ordainketa onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren % 50ekoa izango da, eta 2022ko ekitaldian egingo da, diruz lagundutako jardueraren % 50 garatu ostean, betiere ebaluazioaz eta jarduera behar bezala garatzeaz arduratzen den organismoak aldeko ebaluazio-txostena egiten badu, dagokionaren arabera, agindu honen 3.3 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, eta ordezko irakasleen gastu-zerrenda 2022ko apirilaren 1ean aurkeztu ondoren (V. eranskina).

c) Hirugarren ordainketan, gainerako zenbatekoa ordainduko da –hau da, % 10–, diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, egindako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluaren apartatu guztiak bete ondoren.

2.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo partzialki kobratzeko eskubidea galduko da.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Emandako laguntzak errebokatzeko kausa izango da onuradunek agindu honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak ez betetzea eta laguntzak erabiltzea aurkeztutako proiektuan zehaztuta ez dauden beste xede batzuetarako. Hori dela eta, dirulaguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko ahalmena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Dirulaguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

3.– Liberatutako irakasleek, gutxienez, dena delako jarduerari egotzitako ordu guztien % 70ean parte hartu beharko dute modu aktiboan. % 30 baino gehiagoko ehunekoan ez parte hartzea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren berandutze-interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 70eko parte-hartzea badago baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, jardueran izandako parte-hartze mailaren arabera itzuli beharko dute dirulaguntza.

4.– Hala ere, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batek, aldi berean, beste laguntza edo dirulaguntzaren bat ematen badu, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabideren bat baldin badago, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere, Aginduan laguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak mantentzen badira, salbu eta gerora sortutako ezinbesteko kasuak direla-eta baldintzak betetzea ezinezkoa izan bada eta hori behar bezala justifikatzen bada Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan. Ezinbestetzat joko dira Kode Zibilaren 1105 artikuluak xedatutakoarekin bat datozen kasuak.

17. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hori gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da. Nolanahi ere, bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

2.– Deialdi honen jardueretan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala ordaintzeko jasotako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango 2021-2022ko ikasturtean Hezkuntza Sailaren beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa edozein izanik ere.

18. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek baldintza hauekin bat etorriz eta honako betebehar hauek betez egin beharko dute jarduera:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, ente publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, zuzenean edo bere organismo baten bidez (Tknika Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa eta EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua), dagokionaren arabera, jarduera bakoitzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek betetzeko erabiltzen diren euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko da: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».

10.– Ikastetxeak jarduerarako liberatutako irakaslea jarduera amaitu arte eduki beharko du. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu proiektua amaitu arte jarraitu, ikastetxeak hura ordezteko baimena eskatuko dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, bai eta aldaketaren arrazoia ere.

11.– Jarduera hauetako bakoitzean hautatutako ikastetxe guztiek irakastordurik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea, I. eranskinean adierazitako astegunetan, jarduera hori Tknikan egin ahal izan dezan. Egoera horren berri Hezkuntza Jardueren Dokumentuan (HJD) jasoko da, bertsio itxian, «Act.PVFP» modura.

12.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta entitate laguntzaileentzat.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileentzako dirulaguntzak.
Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/039900-capa2-es.shtml
Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan araututako dirulaguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 11.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala