Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2021eko maiatzaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3023

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 18koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira COVID-19aren aurrean merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programarako arauak eta egiten baita 2021eko ekitaldirako deialdia.

XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan» 2020-2024 gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta, eta horietatik bat da Oparotasuna izenekoa, non artikulatzen baitira enplegua eta susperraldi ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Ardatz horietako bederatzi jarduketa-arloetako batean merkataritza eta ostalaritza landu dira, eta helburu hauetarako jarduketa-konpromisoa nabarmendu behar da: establezimenduaren lehiakortasuna hobetzea eraldaketa digitalera bideratutako ekinbideekin, gaitasun profesionalak garatzea, kudeaketa hobetzea eta, oro har, jasangarritasunera eta digitalizaziora bideratutako ekintzak, lurraldearekin lotutako marka sortzearen alde eginez eta arreta berezia jarriz saltoki txikietan.

Lehenagoko 2017-2020 Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Planaren plangintza 2020ko ekitaldian bukatu zen, eta Sektorea Modernizatu eta Gaztetzeko ardatzaren lan-ildoetako bat izan zen Berritutako Instalazioena; hala, aurrera egin zen merkataritzaren irudi eta pertzepzio soziala eraldatzeko, prestigio profesionala emateko eta modernizazioa sustatu eta laguntzeko helburuan. Une honetan, 2021-2025 Merkataritza Plana garatzeko lanean ari gara; merkataritzaren sektoreko erronka nagusiei erantzun beharko die, bereziki COVID-19aren krisi sanitarioaren ondoren, krisiak erritmoak aldarazi baititu; sektorea bizkor eraldatuz, modernizatuz eta gaztetuz erantzun beharko zaio.

Izan ere, agertokia erabat aldatu zen 2020ko martxoaren 11n OMEk koronabirus-agerraldia mundu mailako pandemia deklaratu zuenean; oraindik pandemia horretan gaude bete-betean. Eta, horren ondorioz, zenbait neurri hartu behar izan ziren; lehenik Espainiako Gobernuak hartu zituen, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu baitzuen COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren egoera kudeatzeko, herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak hartze aldera.

Alarma-egoera bukatu ondoren, populazioa zorrotz konfinatuta eta merkataritza-establezimenduak itxita izan eta gero, funtsezko saltokiak salbu, merkataritza pixkanaka berreskuratzea espero zen, bereziki txikizkakoa.

Baina egoerak irauten duenez, Espainiako Gobernuak urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua eman behar izan zuen, zeinaren bidez SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratu baitzuen; hala, autonomia-erkidegoetako aginteek eskudun eskuordetu gisa jokatu zuten, kogobernantzan parte hartuz.

Hori zela bide, EAEn birusa gero eta gehiago transmititzen ari zenez eta ospitaleen okupazioan eta zainketa intentsiboetako unitateetan asistentzia-inpaktua gero eta handiagoa zenez, LABIren Batzorde Teknikoak, Osasun Sailak, Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluak eta LABIren Aholku Batzordeak ezinbestekotzat jo zuten birusaren transmisio-katea hausteko neurri gehiago hartzea; horrenbestez, neurri murriztaile berriak hartzera behartu zuten Eusko Jaurlaritza. Neurri horiek hainbat dekreturen bidez hartu dira, eta horrek nahitaez bete beharreko murrizketa berriak eragin ditu.

Araudi horretan jasotako neurri guztiek, bereziki mugikortasuna, ordutegiak eta jarduerak murrizteari dagozkion neurriek, berriz ere inpaktu gogorra izan dute merkataritzaren sektorean.

Pandemiaren ondoz ondoko olatuen eta agerraldien ondorioz hainbat neurri hartu behar izan dira egoera epidemiologikoaren arabera, funtsean mugikortasuna mugatuz bai autonomia-erkidego mailan, bai lurralde historikoan, bai udalen artean; bidenabar, merkataritzako establezimenduei zuzenean zuzendutako neurriak ere izan dira, esaterako, barrualdean bezeroen edukiera mugatzea, orain % 40 edo % 60ra, tamainaren arabera, eta, establezimenduak irekitzeko eta ixteko ordutegiak mugatuz. Halaber, ostalaritzari ezarritako mugek eta, une batzuetan, ostalaritza ixteko neurriek agerian utzi duten sinergiak daudela merkataritzaren, ostalaritzaren eta aisialdiaren artea.

Eustatek berriki (2021eko otsailaren 5ean) argitaratutako datuen arabera, txikizkako merkataritzaren indizeari buruzkoak, txikizkako merkataritzako salmenten 2020. urteko balantzeak % 4,9ko beherakada izan du aurreko urtearekin erkatuta, laneko egutegia berdina eta prezioak konstanteak izanik. Inpaktuak desberdinak izan dira merkataritzako azpisektoreen arabera.

Horregatik guztiagatik, pandemiaren hasierako uneetatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Erresistentzia Plana jarri zuen martxan, turismo, ostalaritza eta merkataritzaren sektoreko jarduerei eta enpleguei eusteko helburuarekin.

Horretarako hainbat laguntza-neurri garatu dira, besteak beste, eusteko eta laguntzeko neurriak, COVID-19aren krisiak sektore horietan eragindako inpaktua apaltzeko edo murrizteko. Merkataritzari dagokionez, une honetara arte hainbat programa jarri dira martxan: COVID-19 Ezohiko Laguntzen Programa, 9,9 milioi eurokoa, 8 milioi euroko laguntzen ohiko programak turismoan, ostalaritzan eta merkataritzan, establezimenduetan kontsumitzeko bonuak (3,7 milioi euro) eta ekipamendu pertsonalaren azpisektoreari laguntzeko plana (16 milioi euro).

Erresistentziako fase honetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erabateko lehentasuna da EAEko txikizkako merkataritza-sektorea babestea eta laguntzea, inpaktua minimizatzeko eta, alarma sanitarioa amaitu ondoren, jarduera ahalik eta lasterren suspertu dadin.

Aurretik deskribatutako guztia dela medio, komenigarritzat jo da COVID-19aren aurrean merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programa bat martxan jartzea, agindu honetan aurreikusia eta merkataritza-establezimenduei zuzenean zuzenduta.

Laguntza-programa hau egoera berrira doitu da, baliabideen helmugan efizientzia areagotzeko eta establezimenduei laguntza emateko modernizazio-lanetan edo aldaketa garrantzitsuei aurre egiteko lanetan, besteak beste, ekitaldi honetan zehar TicketBAI sistema berrira egokitzeko.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barne dago. Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 25eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean ezarritako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– COVID-19aren aurrean merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programaren 2021eko ekitaldiko deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, eranskinetan jasotzen den legez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Laguntza-deialdiaren xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da laguntzen oinarriak xedatzea eta ematea arautzea, 2021eko ekitaldian, EAEko merkataritza-establezimenduak eta zenbait zerbitzu modernizatzea sustatzeko, berrikuntzaren bitartez eta kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamendu komertzialak hobetuz, kalitate- eta lehiakortasun-maila handiagoa lortzeko, gogoan hartuta, bidenabar, COVID-19aren pandemiak eragindako ezohiko egoera.

2.– Helburu horrekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako merkataritza-establezimenduak eta zenbait zerbitzu modernizatzera bideratutako inbertsioak bultzatuko dira, hauek finantzatuta: ekipamenduak, obra zibila, altzariak, ekipamendu informatikoa eta digitala, baita merkataritza-establezimenduaren segurtasun higieniko-sanitarioa zaintzeko behar diren aktibo finkoetako inbertsioak.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko oinarrian adierazitako helbururako, 1.350.000,00 euroko ekonomia-baliabideak bideratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

2.– Deialdi honetan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko oinarri honetan kontsignatutako zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3.– Laguntzen eskaera-espedienteak era ordenatuan ebatziko dira agindu honen 10. eta 11. oinarrietan eskatutako dokumentazio guztia espedientean osatuta geratzen den momentutik aurrera.

Baldin eta aipatutako laguntza hauek estali behar dituen aurrekontuan ez badago kreditu egoki eta nahikorik nahi den xedera bideratzeko, laguntzak ukatu egingo dira administrazio-ebazpen baten bidez.

3. oinarria.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte norberaren konturako langileek edo autonomoek, sozietate zibilek eta legez eratutako ondasun-erkidegoek, eta mikro-enpresek eta enpresa txiki eta ertainek, baldin eta haien jarduera nagusia merkataritzakoa edo zerbitzuetakoa bada eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako merkataritza-establezimenduetan edo zerbitzuetan jarduten badute eta oinarri honen 3. apartatuan zerrendatutakoen artean badaude.

2.– Deialdi honetan ezarritakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da merkatuaren esku jartzea xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, beren horretan eta eraldaketa-prozesu handirik gabe, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek kontsumorako ondasunak zuzenean saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.

3.– Aurreko artikuluan aipatu diren pertsona eta entitateek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta laguntzaren xede den zerbitzua edo merkataritza-establezimenduan bertan egotea.

b) Agindu honen 3. oinarriko 5. apartatuan jasotako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako epigrafe eta/edo talderen batean kokatutako jarduera batean aritzea eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda izatea.

c) Diruz lagundutako establezimenduan zerbitzu edo merkataritza-jarduera bera garatzea, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan izanik, eskaera aurkeztu den data baino gutxienez urtebete lehenagotik.

Azken urtean negozioaren titularra aldatu bada, aurreko titularraren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da enpresaren antzinatasuna.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du b) eta c) apartatuetan ezarritako eskakizunak betetzen diren eta egoitza fiskala zein den, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, aurreko apartatuetan identifikatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Aurreko ataletan aurreikusitako eskakizunez gain, pertsona eta erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izatea Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Era berean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela automatikoki egiaztatuko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena eman aurretik. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu bere kontura.

Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen inbertsioak ez dira diruz lagunduko.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, ezta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

5.– Oinarri hauetan aipatutako entitateek jaso ahalko dituzte agindu honetan araututako laguntzak, entitate horien jarduera Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako hurrengo epigrafeetan kokatuta badago:

Txikizkako merkataritza:

641. Fruituen, barazkien, ortuarien eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.

642. Honako hauen txikizkako merkataritza: haragia eta hondakinak, haragi-gai eta haragiki landuak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak, eta horien ekoizkin eratorriak.

643. Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.

644. Ogi, pastel, gozoki eta antzekoen eta esnearen eta esnegaien txikizkako merkataritza.

645. Mota orotako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

646. Tabako-laboreen eta erretzaileentzako gauzen txikizkako merkataritza.

647.1. Mota orotako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, saltzailedun establezimenduetan.

647.2. Mota orotako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan, saltzeko gelaren azalera 120 m2 baino gutxiagokoa duenean.

647.3. Mota orotako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan superzerbitzutan, saltzeko gelaren azalera 120 eta 399 m2 artekoa denean.

651. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.

652.2. Drogeria-, lurrindegi- eta kosmetika-gaien, garbiketa-gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

652.3. Lurrindegi- eta kosmetika-gaien txikizkako merkataritza, hala nola higiene eta garbitasun pertsonalerako artikuluak.

652.4. Belar-dendetan landare eta belarren txikizkako merkataritza.

653. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.

654.2. Lehorreko ibilgailuentzako osagai eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

654.5. Mota orotako makinen (etxeko eta bulegokoak, medikuntzakoak, ortopedikoak, optika eta argazkigintzakoak izan ezik) txikizkako merkataritza.

654.6. Mota orotako ibilgailuetarako gurpil-azalen, banden edo aire-ganberen txikizkako merkataritza.

656. Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasun erabilien txikizkako merkataritza.

657. Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.

659. Txikizkako bestelako merkataritza.

662. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.

691.1. Etxerako artikulu elektrikoen konponketa.

691.9. BISGko kontsumo ondasun zenbaiten konponketa.

Hiriko merkataritza-jarduerari lotutako beste zerbitzu batzuk:

971. Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

972. Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.

973.1. Argazkigintza-zerbitzuak.

973.3. Dokumentuen kopia-zerbitzuak makina fotokopiagailuekin.

975. Markogintza-zerbitzuak.

6.– Mikro enpresa, enpresa txiki eta ertain gisa hartzeko berariaz errespetatu beharko dituzte mikro enpresa, enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritako eskakizunak edo gomendio hori ordezten edo aldatzen duten xedapenak.

a) 250 pertsonari baino gutxiagori lana ematea eta deialdi hau egin den ekitaldiaren aurreko ekitaldiko abenduaren 31n gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena edukitzea, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra edukitzea.

b) 250 langile edo gehiago, 50 milioi eurotik gorako negozio-bolumena edo 43 milioi euro baino gehiagoko urteko balantzea ez duen enpresa batek haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea.

7.– Agindu honetarako soilik, merkataritza-establezimenduei erreferentzia egiten zaienean hirugarren oinarriko bosgarren atalean jasotako zenbait zerbitzuri eta merkataritza-sektoreko establezimenduei egiten zaie aipamen.

8.– Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

Ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak ezingo dira desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igaro arte.

9.– Era berean, ezingo dira laguntzen onuradun izan armak ekoiztera, merkaturatzera edo finantzatzera dedikatzen direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

4. oinarria.– Diruz lagun daitekeen aldia.

Inbertsioak egin, fakturak eman eta faktura horiek ordaintzea 2020ko abuztuaren 4tik deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea bukatu arteko epean egin beharko da.

5. oinarria.– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.

1.– Honako eskakizun hauek betetzen dituzten inbertsioak eta aktiboak hartuko dira diruz lagungarritzat:

a) Laguntza jasoko duten inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako txikizkako merkataritza-establezimenduetan eta zenbait zerbitzutan egin beharko dira.

b) Inbertsioa enpresaren aktiboan lehen aldiz sartzea, diruz lagundutako establezimenduan bertan egotea, hau da, salmenta gauzatzen den establezimenduan edo haren eranskinetan egotea.

Aktiboak gutxienez bi urtez egon beharko du merkataritza-establezimenduaren aktiboan, kasuan kasuko fakturaren datatik aurrera, hirugarren ildoari dagokionez eskuratutako aktiboak salbu, kasu horretan gutxienez urtebetez egon beharko baitute. Aldi horretan ezingo zaizkie hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoei laga.

c) Inbertsio-ildoen arabera, seigarren oinarriak ezarritako berariazko eskakizunak betetzea.

d) Zorrozki beharrezkoak diren inbertsioak eta diruz lagundutako establezimenduan garatutako jarduerarekin zuzenean lotutakoak.

e) Deialdiaren 4. oinarrian aipatutako diruz lagun daitekeen denbora-aldian benetan egin eta ordaindu izana.

2.– Diruz lagundu ahal izateko egindako inbertsioek gutxienez merkataritza-establezimendu bakoitzeko onartutako gutxieneko inbertsio-zenbateko hau eduki beharko dute:

• 4.000 euro 1. ildoan jasotako inbertsioetarako.

• 900 euro 2. ildoan jasotako inbertsioetarako.

• 900 euro 3. ildoan jasotako inbertsioetarako.

Diruz lagun daitekeen kategoria baten baino gehiagotan inbertsioak egiten diren kasuetan, onartutako gutxieneko inbertsioa egiten duten kategorietako inbertsioak bakarrik lagundu ahalko dira diruz.

6. oinarria.– Inbertsio-ildoak eta inbertsio-ildo bakoitzeko diruz lagun daitezkeen inbertsioak.

1.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen merkataritza-establezimenduak modernizatzeko inbertsio-ildoak:

1. ildoa. Merkataritza-establezimenduaren irudia berritzea.

Merkataritza-establezimendua modernizatu eta eraberritzeko inbertsioak ditu xede, obrak eta inbertsioak eginez altzarietan eta merkataritza-jarduera gauzatzeko behar diren ekipamenduetan, gehi kanpoko zein barneko elementuak, zuzen funtzionatzeko beharrezkoak badira.

2. ildoa. Teknologia berriak eta berrikuntza sartzea.

Ekipamendu eta aplikazio informatikoak txertatzea du helburu, enpresa-kudeaketa hobetzeko, zerga-araudira egokitzeko eta produktuak webguneen bidez merkaturatzea sustatzeko.

3. ildoa. Baldintza higieniko-sanitarioak.

Jarduera komertziala baldintza higieniko-sanitario egokietan garatzeko eskuratutako aktibo finkoetan inbertsioak egitea du xede, COVID-19ak eragindako alarma-egoera dela medio.

2.– Jarduketa-ildo bakoitzaren barruan, honako inbertsio hauek diruz lagundu ahalko dira:

2.1.– 1. ildoa. Merkataritza-establezimenduaren irudia berritzea:

Honako inbertsio hauek lagunduko dira diruz:

a) Merkataritza-establezimenduaren barrualdea eta/edo kanpoaldea moldatzeko, berritzeko edo handitzeko instalazioak eta obrak, eragina baldin badute establezimenduaren egokitzapenean, merkataritza-azaleraren banaketan edo irudia hobetzean.

b) Energia aurrezteko edo energia-efizientzia neurriak ezartzeko obrak eta instalazioak.

c) Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko egindako eraberritzeak, mugikortasun murriztua duten pertsonen irisgarritasuna hobetzen badute.

d) Errotuluak erosi eta merkataritza-establezimenduaren kanpoaldean instalatzea, izen komertziala, marka, logotipoa edo antzekoa identifikatzeko, baita toldoak erosi eta instalatzea ere.

e) Jarduera nagusia betetzeari lotutako makineria eta altzariak erosi, instalatu eta muntatzea.

f) Produktuak erakusteko ekipamendua eta altzariak erostea: erakusleihoak, mahaiak, panelak, apalak, beira-arasak eta erakusketa-euskarriak (hoztutakoak barne), tarimak, kakotegiak eta parekoak.

g) Produktuak biltegiratzeko altzariak (hotz-ganberak barne).

Hotz-ganberak, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute (A+++, A++ eta A+ edo baliokideak).

h) Alarmak eta segurtasun-sistemak. Diruz lagun daitekeen inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ezingo da 6.000 euro baino gehiago izan, BEZik gabe.

Lokala girotzeko ekipamenduak, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute (A+++, A++ eta A+ edo baliokideak).

i) Besteak beste merkataritza-alorreko enpresa txiki eta ertainek hiriko merkataritza-gune batean partekatutako espazio eta elementu komunak berrantolatzeko eta modernizatzeko inbertsioak, merkataritza-jarduerarekin zuzenean lotutakoak, hala nola korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko etxaurreak, zerbitzuak eta sarbideak, betiere espazio eta elementu horiek merkataritza-establezimenduen titularrek berek jabekide-erkidegoko araubidean kudeatuak badira.

Zentroan bildutako merkataritza-establezimenduen titular bakoitzak, jabekide-erkidegoaren partaide, esandako espazio komunean egindako inbertsiotik bere partaidetzari dagokion gastuen zatiagatik eskatu ahal izango du laguntza (zati alikuota).

2.2.– 2. ildoa. Teknologia berriak eta berrikuntza sartzea.

Honako inbertsio hauek lagunduko dira diruz:

a) Ekipamendu informatikoak, aplikazio informatikoak eta kudeaketa softwarea, merkataritza-establezimendua kudeatzea hobetzera zuzendutakoak, betiere merkaturatze-prozesuetan integratuta edo enpresa-kudeaketara bideratuta badaude. Kasu horretan, funtzio nagusien deskribapena eta garatutako jarduerarekiko duen lotura aurkeztu behar da.

Ekipamendu informatikoetan eta periferikoetan inbertitzea mugatu egingo da, eta, merkataritza-establezimendu bakoitzeko, mota bakoitzeko gehienez bat lagunduko da diruz.

b) Merkaturatze-sistemak sortu, garatu, ezarri, hobetu edo martxan jartzeko lanak (webgunea garatzea, online saltzea, ecommerce, scommerce, mcommerce eta parekoak) edo merkataritza-establezimendua kudeatzekoak (bezeroak, hornitzaileak eta abar).

c) Salmenta-puntuen terminalak eta produktuen irakurgailu optiko eta kodeketa-sistemak.

d) Salgaien balantza elektronikoak.

e) Kutxa-erregistratzaileak.

f) TicketBAI (TBAI) sistemarako fakturazio-softwarea ezartzea.

2.3.– 3. ildoa: Baldintza higieniko-sanitarioak.

Honako inbertsio hauek lagunduko dira diruz:

Lurruneztagailuak, airea purifikatu eta aireztatzeko sistemak, termometro digitala, gorputzaren tenperatura neurtzeko ganberak, esterilizagailuak, kutsadura kentzeko alfonbrak eta pareko ezaugarriak dituzten ekipamenduak.

7. oinarria.– Diruz lagun ezin daitezkeen inbertsioak.

Honako hauek ezingo dira inolaz ere ez diruz lagundu:

a) Lokalak erostea edo eskualdatzeko eskubideak.

b) Garraio-elementuak, telebistak edo telefono-terminalak erostea.

c) Ekipamendua leasing edo renting bidez erostea.

d) Administrazio-baimen edo lizentzien ondoriozko tasak, aseguruak, garraio-kostuak.

e) Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta, oro har, mota orotako zergak, tasak edo kontribuzioak.

f) Erakusteko eta probatzeko artikuluak, baita ondoren salgai jar daitezkeenak ere.

g) Luminaria-aldaketak. Luminariak diruz lagundu ahalko dira, baldin eta energia-efizientzia altukoak badira (A+++, A++ eta A+ ziurtagiri energetikoa) edo instalazio elektrikoa berritzeko inbertsio baten barruan integratuta badago.

h) Establezimenduaren irudia argi eta modu zuzenean berritzea eragingo ez duten eraberritze-lanak.

i) Aktibo baten mantentze-, konponketa- edo ordezte-lanen gastuak.

j) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatu, egin edo garatutako elementuak edo ekipamenduak.

k) Obrak edo instalazioak baliabide propioekin egitera bideratutako materialak erostea.

l) Bulegoko materialean, tresnen eta parekoen gastuak.

m) Maskara higieniko, eskularru, erabilera bakarreko mantal eta bestelako material kontsumigarrietan egindako gastuak.

n) Zerbitzuaren edo merkataritzaren tipologia dela eta, gastu gisa hartuko diren ekipamenduak eta tresnak, eta ez aktiboko inbertsio modura.

o) Profesionalen aholkularitzako eta prestakuntzako gastuak.

p) Softwareko mantentze-lanen eta eguneratzeen gastuak, betiere ezinbestekoak ez badira TicketBAI sistema ezartzeko; datu hori modu egokian justifikatu beharko da.

q) Diruz lagun daitezkeen aktiboen deskribapena ondo identifikatuta ez duten fakturak –ez dira onartuko kontzeptu kodetuak–. Gainera, faktura horiek 100 euro edo gutxiagokoak izan beharko dira –BEZik gabe–.

r) Diruz lagun daitekeen edozein kontzeptu edo jarduketa, baldin eta hornitzailea dirulaguntza eskatu duen enpresara lotutako pertsona edo entitate bat bada, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Araudi Orokorraren 68. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Enpresa Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 13ko 37/2013 Legearen 42.3 artikuluan aipatzen den definizioa ulertzen da enpresa lotutzat.

8. oinarria.– Dirulaguntzen banakako zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Agindu honetan zehaztutako inbertsioek inbertsio onargarriaren gaineko % 25eko dirulaguntza jasoko dute, diruz lagundu ahal izateko gutxieneko zenbatekoak errespetatuz betiere. Dirulaguntza, gehienez ere, 9.000 eurokoa izango da establezimenduko eta urteko.

3.– Inbertsio onargarriaren aipatutako ehunekoak handitu egingo dira merkataritza-establezimenduak baldintza hauetakoren bat egiaztatzen badu:

a) UNE 175001 ziurtagiria, bitarteko bikaintasun-ziurtagiriak edo Merkabide programan parte hartu izana egiaztatzeko ziurtagiria, azken 5 urteetan: 2 puntu.

b) Inbertsioa 6. oinarriko 2. ildoan dago jasota: 5 puntu.

c) Laguntza eskatzen duen merkataritza-establezimenduaren titularrak edo gutxienez hango langile batek hezkuntza arautuko tituluren bat –Lanbide Heziketako erdi mailako zein goi-mailako titulua– edo Lanbidek emandako profesionaltasun-ziurtagiriren bat edukitzea, tituluak merkataritzarekin zuzeneko loturaren bat badu betiere. 2 puntu.

Tituluek eta ziurtagiriek merkataritzarekin zuzeneko lotura dutela ulertuko da baldin eta haien helburua merkataritza-establezimenduaren enpresa-kudeaketa bada –erosketak, salmentak, bezeroaren arreta, biltegi-kudeaketa, marketina...– edota lanpostua hobeto garatzea, betiere laguntza eskatzen duen establezimenduaren jarduera komertzialaren arabera.

Ez dira aintzat hartuko merkataritza-establezimenduaren titularrak edo langileek merkataritza-jarduera gauzatzeko ezinbesteko diren tituluak edo ziurtagiriak.

d) Enplegua egonkortzeko irizpidea, dirulaguntza eskatu duen merkataritza-establezimenduko langileen erdiek gutxienez kontratu mugagabea dutela egiaztatzen bada. 3 puntu.

e) Enplegu-berdintasuneko irizpidea, dirulaguntza eskatu duen merkataritza-establezimenduko langileen erdiak gutxienez emakumeak direla egiaztatzen bada. 2 puntu.

f) Berdintasun-plana edo lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko plana izatea, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko Laguntza Erakunde izendatuta badago; izendapen hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok eginda. 2 puntu.

g) Enpresa Kontsumobideko arbitraje-sistemari atxikita badago. 3 puntu.

h) Eskaera-egunean merkataritzako eskualde- zein lanbide-elkarteren batekiko lotura duela egiaztatzea, lotura hori merkataritza-establezimenduan egiten den inbertsioak han irauten duen denbora bestekoa izanik. 5 puntu.

Horri dagokionez, establezimendua Euskal Herriko Merkataritza Ganberetan berariaz sortutako Erregistroan inskribatutako erakunderen bateko kide baldin bada ulertuko da merkatarien elkarte bateko kide dela; erregistro hori ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuari zor zaio, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda sortu baitzuen.

i) Establezimenduaren enpresaburuak «Berriz Enpresa» enpresa-transmisioa bermatzeko programan edo erakunde publikoek zein pribatuek enpresa-transmisioa bermatzeko garatutako beste programaren batean parte hartu izanaren egiaztagiria izatea. Eusko Jaurlaritzan merkataritza-arloan eskumena duen sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberek elkarlanean garatutako programa da «Berriz Enpresa». 2 puntu.

Azken kasu horretan, merkataritza-establezimendua kokatuta dagoen lurraldeko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberaren egiaztagiri bat beharko da, non egiaztatuko baita betetzen dituela establezimendua jabez aldatzeko prozesuak enpresa-transmisiotzat hartzeko eskakizunak eta helburuak.

Laguntza horren ehuneko-igoera soilik lortu ahalko da enpresa-transmisioari dagokion enpresak eskaera aurkezten den lehenengo aldian.

j) Dirulaguntza eskatu duen merkataritza-establezimenduaren antzinatasuna (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dauden datuen arabera):

• 10 urtetik gorako antzinatasuna: 2 puntu.

• 20 urtetik gorako antzinatasuna: 3 puntu.

k) Erosleei arreta euskaraz ematea merkataritza-establezimenduan, Bai Euskarari edo Bikain ziurtagirien bitartez egiaztatuko dena: 2 puntu.

Dirulaguntzaren ehunekoa ezin izango da inola ere izan onartutako inbertsio guztiaren % 40 baino handiagoa, igoera-puntuak barne hartuz.

9. oinarria.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen babesa jasotzen duten enpresen inbertsio-proiektuek ezingo dute beste laguntzarik jaso, edozein dela ere beste laguntza horien izaera eta eman dituen organo edo administrazioa, baldin eta, agindu honetatik eratorritako laguntzei metatuta, agindu honen bidez diruz lagundutako inbertsio-proiektuaren kostua gainditzen badute.

2.– Agindu honetan xedatutakoan oinarriturik emandako laguntzetatik zuzenean kengarriak izango dira beste organo edo administrazio batzuek emandakoak, baldin diruz laguntzeko aktiboei dagokienez helburu bera badute, aurreko zenbakian adierazitako gehieneko mugetara iritsiz gero.

3.– Agindu honetan xedatutako laguntzek honako hauek beteko dituzte: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak (Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis arauei aplikatuta), eta Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

10. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da merkataritza-establezimendu bakoitzeko, eta onartu ahal izateko erabat beteta egon beharko da.

3.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da esklusiboki:

https://www.euskadi.eus/servicios/1010108

Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Laguntzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: www.euskadi.eus/servicios/1010108 Era berean, eredu horien edukiak II. eranskinean daude jasota.

4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

6.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo honen bidez:

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, erantsi beharko dute ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu.

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du.

7.– Ondasun-erkidegoei eta sozietate zibilei dagokienez, eskaeran berariaz jaso behar dituzte taldeko kide bakoitzak hartutako gauzatze-konpromisoak, eta taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko aski ahal duena.

8.– Enpresa eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, alderdi hauek zehaztuta:

a) Deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

b) Betetzen dituela beharrezko diren baldintzak enpresa txiki edo ertain gisa hartzeko.

c) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko 13. artikuluan ezartzen dituen debeku-egoeretan.

d) Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

e) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitakorik.

f) Ez dagoela zigortuta dirulaguntzen edo laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikulua dela bide.

g) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

h) Azken hiru urteetan enpresak jaso dituen minimis laguntzak.

i) Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

j) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko konpromisoa hartzen duela.

k) Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko erakunde laguntzaile gisa ageri dela Emakunden.

l) Hala badagokio, Kontsumobideren arbitraje-sistemara atxikita dagoela (www.kontsumobide.euskadi.eus)

m) Ez dituela armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

n) Titulazioa, ziurtapena edo kontratazio mugagabea egiaztatu duten langile horiei dagokienez, laguntza-ehunekoa handitzeko, horiek lan-lotura dutela laguntza eskatu duen merkataritza-establezimenduarekin.

9.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko inbertsioetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

10.– Eskabidean jasotako datuak egiazkoak diren espedientearen izapidetzearen une oro egiaztatu ahal izango da.

Goian aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, administrazio- zein zigor-araubidearen arabera dagokion zehapena jasoko du.

11.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.

12.– Eskabidea egin ondorengo izapideak: espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

11. oinarria.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko gainerako dokumentuena.

Eskatzaileek, laguntza-eskabidea eta horretarako 10. oinarrian aipatutako gainerako inprimakiak betetzeaz gain, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

1.– Pertsona fisikoa bada, enpresaren titularraren NANa edo Turismo eta Merkataritza Sailari baimena ematea datu hori egiazta dezan interoperabilitate-zerbitzuaren bitartez.

2.– Enpresa pertsona juridikoa bada, enpresaren IFZ.

3.– Enpresaren eratze-eskriturak eta gerora egindako aldaketak.

4.– Ordezkaritza emanez gero, pertsona edo erakunde eskatzailearen lege-ordezkaritzaren ahalordea.

5.– Baldin eta ez badute ordezkaritzarik eman eta ez badute Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili nahi, ordezkaritza emateko inprimaki arautua erantsi beharra egongo da (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eta, horrekin batera, ordezkatuaren egiaztagiriak (NANa, pertsona fisikoei dagokienez, eta ahalorde-eskriturak, pertsona juridikoen kasuan).

6.– 8.3 oinarrian aipatutako diruz lagun daitekeen ehuneko-igoera jaso ahal izateko:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alta eta baja egoeren ziurtagiri historikoa, edo, hala badagokio, dirulaguntza jasoko duen establezimenduarena.

b) Enpresak lortutako kalitate- edo bikaintasun-ziurtagiriak, halakorik izanez gero.

c) Titulazio arautuaren ziurtagiria, Lanbide Heziketako erdi mailako zein goi-mailakoa edo Lanbidek emandako profesionaltasun-ziurtagiriren bat, hala badagokio.

d) Alta emanda dauden langileen inguruko txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, enpresarekin lan-lotura dutela egiaztatzeko.

e) Berdintasun-plana edo Lan- eta familia-bizitza bateragarri egiteko plana dagoela egiaztatzea.

f) Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiriak egiaztatzea, merkataritza-establezimenduan arreta euskaraz emateari dagokionez.

g) Merkataritza-establezimendua kokatuta dagoen lurralde historikoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberaren egiaztagiria, baldin eta 8.3.h) oinarrian aipatzen den enpresa-transmisioko programara atxiki bada.

h) Behar izanez gero, merkatari-elkarteren bateko kide izatearen jatorrizko ziurtagiria.

7.– Etxetresna elektrikoek eta klimatizazio-ekipamenduek energia-efizientzia altuko ziurtagiria dituztela egiaztatzeko dokumentuak (A+++, A++ eta A+ ziurtagiri energetikoa, edo parekoak).

8.– Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen fakturak eta ordainagiriak.

Egindako inbertsioak diruz lagun daitekeen denbora-aldian behar bezala emandako faktura bidez egiaztatuko dira, hain justu ere 2020ko abuztuaren 4tik deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea bukatzen den datara arte; inbertsio horiek ordaindu izana kasuan kasuko ordainagiriekin egiaztatu beharko da.

Diruz lagun daitezkeen aktiboen deskribapena ondo identifikatuta dituzten fakturak bakarrik onartuko dira, ez dira onartuko kontzeptu kodetuak. Gainera, faktura horiek 100 euro edo gutxiagokoak izan beharko dira –BEZik gabe–.

Zehaztutako epean osorik edo partzialki ordaindu izana fakturen ordainagirien bidez behar bezala egiaztatzen den zenbatekoa soilik izango da diruz lagungarri, nahiz eta fakturan jasotako kostua handiagoa izan.

2.500 eurotik gorako ordainketak banku-transferentzia, banku-ziurtagiri nahiz ordain-estraktuen bidez justifikatuko dira. Ordaintzailea eta ordainketa jaso duena argi eta garbi identifikatuta azaldu beharko dira dokumentu horietan.

9.– Administrazioak laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan alta eman beharko du edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu. Horretarako, dagokion aukeraren arabera, aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango da, hemen zehazten diren argibideei jarraikiz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, beharrezkoa da banku-erakundeak emandako titulartasun-ziurtagiria aurkeztea, non parte-hartzaile guztiak baimendutzat agertu beharko baitira.

10.– Enpresa batek hainbat merkataritza-establezimendutan egiten baditu inbertsioak, eskabidea egiteko aurkeztu behar den dokumentazio komuna lehenengo eskabidean bakarrik aurkeztu beharko da, ez eskabide guztietan.

12. oinarria.– Zuzenketa.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, harekin batera ez bada aurkeztu nahitaezko dokumentazioa edo akatsen bat antzemanez gero, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

13. oinarria.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideei erantzungo zaie, baldin eta zuzenketa eskatu behar ez bada, erregistro elektronikoaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea modu baliagarrian osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, betiere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte, eta erabilitako kredituaren arabera.

2.– Onuradun izateko eskatzen diren eskakizunak betetzen direla kontuan hartuta emango dira, eta dokumentazioa bete ondoren; horrez gain, ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– 2. oinarrian ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira. Hori horrela, ebazpena eman duen organoak kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

Hasierako zuzkidura areagotzen bada, berriro ekingo zaio laguntzak emateari, eta hasierako zuzkidura agortu izanagatik laguntzarik gabe geratu direnek izango dute lehentasuna, dagokien hurrenkera sekuentzialaren eta sistematika beraren arabera.

14. oinarria.– Dirulaguntzak ebaztea.

1.– Merkataritzako zuzendariak ebatziko ditu, modu ordenatuan, espedientea osatuta dagoen unearen arabera, bat etorriz agindu honen 10. eta 11. oinarrietan eskatutako dokumentazioarekin.

Ebazpena emateko eta pertsona edo erakunde interesdunari jakinarazteko epea, gehienez ere, 6 hilabetekoa izango da, espedientea osatzen denetik aurrera.

Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo entitate interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du bere uzia, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

2.– Honako hauek jaso beharko ditu eskatutako laguntza eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak: entitate onuradunaren identitatea eta ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa (jarduketaren kostu zenbatetsiarekin eta egikaritze-epearekin) edo, kasuan-kasuan, laguntza ukatzeko arrazoia.

3.– Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/); banaka jakinaraziko dira, eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte jakinarazpen-ondorioak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak eta helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Erakunde eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, enpresa onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

5.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

15. oinarria.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko zaizkie pertsona onuradunei, emateko ebazpena eman ondoren, 17.a) oinarrian aurreikusitako epea inolako ukorik gabe igaro ondoren.

Dirulaguntza onartutzat joko da, jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

16. oinarria.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzei buruzko kudeaketa-lanak egitea.

17. oinarria.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen enpresa onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Bidenabar, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost (15) eguneko epean, dirulaguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badiote enpresa onuradunek, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Eman den xederako erabiltzea dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako aktiboek merkataritza-establezimenduan egon beharko dute aldi hauetan:

a) Bi urte fakturaren datatik, 1. eta 2. ildoen kasuan.

b) Urtebete fakturaren datatik, 3. ildoen kasuan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.

e) Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

f) Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo zein subjektibo ororen aldaketa.

g) Pertsona fisiko eta juridikoak dirulaguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

h) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-aldian, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren hurrengo egunetik aurrera.

i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta bere gain hartzea 4/2005 Legeak Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak.

18. oinarria.– Uko egitea.

Merkataritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra adieraziko du, sortutako berandutze-interesa barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, delako entitate horri dagokionez.

19. oinarria.– Dirulaguntzarako baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatzen bada, horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntzaren emate-ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen onuradun izateko arauan jarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.

Ondorio horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokiona aldatzeko ebazpena emango du, non emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko baitira.

Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, kasuan kasuko berandutze-interesekin.

20. oinarria.– Ikuskaritza.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

Fakturetan jasotako inbertsioak merkataritza-establezimenduan egindakoei dagozkiela egiaztatu beharko du funtsean ikuskapenak.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

Enpresa onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean egonez gero, Merkataritza Zuzendaritzako titularrak, ez-betetzeari buruzko espedientea hasi ondoren (interesdunari entzunaldia emango zaio espediente horretan), ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, ez-betetzearen proportzioan, baita berandutze-interesak ere, hala ezartzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Eta, zati bat itzuli behar izanez gero, aipatutako 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

Ez-betetzearen espedientea «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da esklusiboki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

22. oinarria.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da datu pertsonalen tratamendua: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

23. oinarria.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudia.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Hargatik eragotzi gabe hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala