Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2021eko maiatzaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2892

469/2021 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko hitzarmena argitaratzen da, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdiari dagozkion antolaketa- eta gauzatze-jarduerak kudeatzeko.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) 2021eko martxoaren 9an sinatu dute aipatu hitzarmena. Beraz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta behar bezalako zabalkundea emate aldera, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko hitzarmenaren testua, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdiari dagozkion antolaketa- eta gauzatze-jarduerak kudeatzeko. Aipatutako testua eranskin gisa dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 13a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARIA ROSA PEREZ ESQUERDO.

ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOAREN HITZARMENA, HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIARI DAGOZKION ANTOLAKETA ETA GAUZATZE-JARDUERAK KUDEATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 9a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Maria Rosa Perez Esquerdo, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia, Administrazioko Kontseiluaren 2020ko urriaren 23ko erabakiaren bidez izendatua (EHAA, 216. zk., 2020ko azaroaren 2koa), erakunde publiko horren estatutuen 11. artikuluak emandako ahalmenak direla bide jardunez.

Beste aldetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, eta 2012ko urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak – Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta funtzioak arautzen ditu – emandako eskumenak erabiliz.

ADIERAZI DUTE:

I.– 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (aurrerantzean, IVAP) araubide juridikoari buruz dihardu; erakunde hori izaera administratiboa duen erakunde gisa eratzen du, funtzio publikoari lotutako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailari atxikia, eta zenbait xede esleitzen dizkio administrazio publikoen giza baliabideei, antolaketari, ikerketari eta hizkuntza-normalizazioari dagokienez.

II.– 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legean -Euskadiko antolamendu sanitarioari buruzkoa da-, 20. artikuluan, «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua» erakunde publikoa sortzen da (aurrerantzean Osakidetza), zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren izaera juridikoarekin eta osasun-arloan eskumena duen Administrazio Orokorrerako Sailari atxikia, eta haren mendeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez osasun-zerbitzuak emateko xedea ezartzen zaio.

III.– Administrazio publikoetako euskararen normalizazio linguistikoari dagokionez, IVAPen ardura da, xede espezifiko gisa, «Administrazioan euskara sartzea, hedatzea, aplikatzea eta normalizatzea, baita administrazio-hizkera finkatzea ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean ezarritakoa betez».

Xede horiek zehazteko, uztailaren 6ko 6/1989 Legeak IVAPi egozten dio hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ebaluazio-proben edukia eta forma zehazteko lana, zeinak euskal administrazio guztietan berdinak eta nahitaez bete beharrekoak izango baitira.

1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak EAEko administrazio publikoetan euskara normalizatzeko prozesua arautzen du, eta 33. artikuluan ezartzen du IVAPek gutxienez sei hilabetean behin deitu behar duela EAEko administrazioen zerbitzura dauden langileek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba espezifikoetara; ezartzen da, halaber, EAEko edozein administrazio publikok hala eskatzen dionean ere egin behar dituela IVAPek administrazio horrek arbitratutako deialdiei dagozkien probak.

IV.– Euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez, 8/1997 ekainaren 26ko Legeak -Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa-, 28. artikuluko bosgarren arau komunean agintzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoak plan berezi bat ezarriko duela hizkuntza-politikari buruz, Autonomia Erkidegoko organo eskudunak xedatzen dituen gidalerroen arabera, eta plan horretan zehaztuko direla erakundearen pertsonalarentzat aplikagarri diren hizkuntza-helburuak eta helburuok ondo betetzeko hartu beharreko neurriak.

Arau komun horren arabera, 2003ko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua onartu zen, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko. Dekretu horren 25. artikuluan ezartzen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen hizkuntza-eskakizunen egiaztapena egingo dela bai langileak hartzeko hautaketa-prozesuetan, lanpostuak betetzeko prozesuetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldi baterako lanerako zerrendetako langileentzat berariaz egiten diren probetan, eta bai Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak helburu horretarako egindako ohiko zein ohiz kanpoko deialdietan. Dekretu horretan ezartzen da, halaber, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak IVAPek xedatutakoaren arabera egingo direla.

V.– Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan, lau hizkuntza-eskakizun ezartzen dira haren aplikazio-eremurako; haien erregimen juridikoak IVAPek egiaztatzen dituen hizkuntza-eskakizunetarako ezarritakoari egiten dio erreferentzia, eta IVAPek egiaztatzen dituen izen bereko hizkuntza-eskakizun bakoitzarekin duten baliokidetza adierazten da.

VI.– Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak ezartzen du Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen gomendio utz daitezkeela, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

VII.– IVAPek Osakidetzaren beharrizanei erantzuteko antolaketa, esperientzia eta beharrezko baliabideak ditu.

VIII.– IVAPek Euskadiko administrazio publikoen multzo osoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzen egin duen ibilbidea kontuan hartuta, lan horietara bideratutako baliabide publikoak arrazionalizatzeko eta bi erakunde publikoen arteko sinergia handiena lortzeko, bi erakundeek kudeaketa-gomendio hau sinatzea erabaki dute 2021eko urtarrilaren 22ko 20/2021 Ebazpenaren bidez (EHAA, 28. zk., 2021ekoa) onartutako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiaren kudeaketa, jarraian adierazten diren klausulen arabera.

KUDEAKETA GOMENDIOAREN HITZARMENA

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

1.– Akordio honen xedea da Osakidetzak IVAPi agindua ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak 2021eko urtarrilaren 22ko 20/2021 Ebazpenaren bidez onartu zuen hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko deialdiaren kudeaketa egiteko.

Bigarrena.– Gomendioaren helburu eta nondik norakoa.

1.– Agindu honen xedea da Osakidetzako zuzendari nagusiaren 2021eko urtarrilaren 22ko 20/2021 Ebazpenean (EHAA, 28. zk., 2021eko otsailaren 9koa) onartutako ohiko deialdian parte hartzen dutenei Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2003ko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan zehazten diren 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko lanak kudeatzea eta egitea.

Zehazki, IVAPi ematen zaizkio egiaztapen-prozesuko alderdi hauen kudeaketa eta erantzukizuna:

a) Proba-ereduak sortzea.

b) Probak antolatzea eta aplikatzea eta egiaztatze-prozesua gauzatzeko lanak egitea, prozesuaren fase orotan kalifikazioak igorri arte, behin-behinekoak zein behin betikoak, Osakidetzari emango zaizkionak, hark argitaratu ditzan.

c) Deialdiko epaimahaiari aholkularitza eta laguntza teknikoa eta administratiboa ematea, proben zuzenketari eta ebaluazioari dagokienez.

d) Epaimahai jarduleak onartutako deialdiaren emaitza partzialak argitaratzea IVAPen webean.

e) Deialdiko epaimahaiari aholkularitza eta laguntza teknikoa eta administratiboa ematea, deialdiaren emaitzen aurkako erreklamazioen azterketa eta balorazioari dagokionez.

2.– Kudeaketa-agindu honen xede diren jarduerak egitean, bermatu egingo da zorrotz errespetatzen direla parte hartzen duten aldeei ordenamendu juridikoak egozten dizkien eskumenak. Beraz, kudeaketa-agindu honetan ez dira lagatzen ez eskumenaren titularitatea ez haren jardueraren funtsezko elementuak, eta Osakidetzaren ardura dira, agindu honetako hizkuntza-eskakizunen egiaztapen-prozesua deitzen duen organoa denez, ordenamendu juridikoak egozten dizkion ekintzak, eta, bereziki, hauek:

a) EHAAn eta bere egoitza fisiko zein elektronikoetan deialdia argitaratzea.

b) Deialdiko epaimahai jardulea izendatzea.

c) Prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzea.

d) Deialdiko behin-behineko emaitzak orokorrak argitaratzea.

e) Deialdiko behin betiko emaitzak orokorrak argitaratzea.

f) Hizkuntza-eskakizunen ziurtagiriak egitea.

g) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak Osakidetzaren hizkuntza-eskakizunen erregistroan erregistratzea, eta egiaztatze horien berri ematea Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB).

Hirugarrena.– Jarduteko printzipioak.

1.– Euskara-ezagutzaren ebaluazioa, 1, 2, 3 eta 4 hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari dagokionez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren B1, B2, C1 eta C2 mailen arabera egingo da.

2.– Osakidetzaren hizkuntza-eskakizunen deialdia egiteko, kontuan hartuko da, noiz egin erabakitzeko orduan, prozesuaren faseak seihileko berari dagokion IVAPeko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiarekin batera egin ahal izatea. Egin beharreko probak antolatzeko eta gauzatzeko aplikatuko da hori, bereziki.

3.– IVAPek kontuan hartuko ditu Osakidetzari dagokion asistentzia-eremuaren berezko ezaugarriak eta Osakidetzak bere zerbitzuak behar bezala ematea bermatu beharra duela. Hori, bereziki, azterketarako datak eta orduak jartzean eta proben ezaugarriak edo baldintzak zehaztean aplikatuko da.

Laugarrena.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiaren prozesuaren garapena.

Osakidetzako zuzendari nagusiaren 2021eko urtarrilaren 22ko 20/2021 Ebazpenak (EHAA, 28. zk., 2021eko otsailaren 9koa) onartutako ohiko deialdiaren ondorio den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua ekintza-ordena honen arabera garatuko da:

1.– Osakidetzaren organo eskudunak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdia onartzea.

2.– Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Argitalpena Osakidetzak kudeatuko du.

3.– Eskaerak jasotzea Osakidetzak kudeatuko du, prozesuaren deialdian ezarritakoaren arabera.

4.– Osakidetzak hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda bidaltzea IVAPi, eskariak aurkezteko epea amaitzen denetik 10 egun balioduneko epean, Hitzarmen honen I. eranskinean zehazten den fitxategi-ereduaren arabera. Halaber, Osakidetzak deialdi honetan idatzizko azterketa egitetik (ez, aldiz, ahozkoa egitetik) salbuetsita dauden pertsonen zerrenda bidaliko dio IVAPi, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko Osakidetzako zuzendari nagusiaren 2020ko ekainaren 4ko 348/2020 Ebazpenak araututako ohiko deialdian proba hori gainditu zutelako, baina ez ahozko proba.

5.– Osakidetzak prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzea Osakidetzako egoitza fisiko eta elektronikoetan.

6.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdian jardule izango den epaimahaia izendatzea. Seihileko berean hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPen deialdian jardule izandako epaimahai bera izan behar du, bera osatzen duten kideei dagokienez.

7.– Probak egitea eta proba horiek baliozkoak direla eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ezarritako mailen araberakoak direla egiaztatzea. Hori guztia IVAPen ardura izango da.

8.– Osakidetzako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdirako epaimahaiari aholkularitzan eta arlo tekniko eta administratiboan lagunduko dioten pertsonak izendatzea. Hori IVAPen ardura izango da. Halaber, deialdian egingo diren idatzizko eta ahozko probak zuzentzeko eta ebaluatzeko pertsonen egokitasuna eta fidagarritasuna bermatuko du.

Hala ere, IVAPek laguntza teknikoa eskatu ahal izango dio Osakidetzako Euskara Zerbitzuari probak egiten diren egunetako laguntza-gestioetarako eta zaintzarako.

9.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko behar diren azpiegitura materialak eta giza baliabideak kontratatzea eta prestatzea. Lan horiek IVAPen ardura izango dira.

10.– Proben zuzenketan, ebaluazioan, eta proben emaitzen aurka egindako erreklamazioen azterketan epaimahaiari aholkularitza ematea eta alderdi tekniko eta administratiboan laguntzea. Hori IVAPen ardura izango da.

11.– Prozesuaren behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak argitaratzea Osakidetzaren egoitza fisiko eta elektronikoetan. Erakunde Publikoaren organo eskudunaren ardura izango da.

12.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuaren behin betiko emaitza orokorren aurka jartzen diren errekurtsoak aztertzea eta ebaztea. Hori Osakidetzaren ardura izango da. Horretarako, IVAPek, errekurtsoa ebatzi aurretik, txosten bat egin behar du, baldin eta errekurtsoaren edukia alderdi hauetakoren bati badagokio:

– Probak antolatzea eta aplikatzea.

– Proben edukia eta forma.

– Proben kalifikazioak.

13.– Hizkuntza-eskakizunen egiaztagiriak ematea eta bidaltzea, hala dagokionean. Bi alderdi horiek Osakidetzaren ardura dira.

14.– Hitzarmen hau sinatzen dutenek aukera dute hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdian parte hartzen dutenen gogobetetze-maila zein den jakiteko sistemak ezartzeko.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

1.– Hitzarmen honetan aipatzen den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiaren kudeaketatik eratorritako kostuak IVAPek ordainduko ditu, Erakundearen aurrekontuetan xede horietarako esleitutako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Hala ere, Osakidetzak bere gain hartuko ditu deialdiko fase orotan Osakidetzako langileen jardueragatik sortzen diren gastu eta kalte-ordain guztiak.

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen Batzorde bat sortuko da kudeaketa-gomendio hau kudeatzeko eta interpretatzeko, baita kudeaketa-gomendioari dagozkion alderdi guztietan sor litezkeen gorabeherak ebazteko ere.

2.– Jarraipen Batzordea IVAPeko eta Osakidetzako ordezkariek osatuko dute, honela:

a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik (IVAP):

– IVAPeko Euskara zuzendariordea.

– IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuko burua.

– IVAPeko Euskalduntze Zerbitzuaren Ebaluazio arloko arduraduna.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldetik:

– Osakidetzako Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordea.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboaren arduraduna.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboko ordezkari bat.

Jarraipen Batzorde honetan, unean-unean egokitzat jotzen diren teknikariak sartu ahal izango dira, betiere batzordeko kideek hala adosten badute.

3.– Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu.

– IVAPen eta Osakidetzaren arteko elkarrizketa gauzatzea, kudeaketa-gomendio honetan aipatzen den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdiak egikaritzeko.

– Deialdiak behar bezala joan daitezen beharrezkoak diren baliabideen aurreikuspenak egitea.

– Deialdian parte hartzen dutenentzat eta zerbitzu publikoa behar bezala emateko egokiena izango den egutegia prestatzea.

– Proba-ereduak hobetzeko, eta proben edo deialdiari lotutako beste alderdi batzuen zuzenketa eta ebaluaziorako benetako edo deialdiei dagozkien beste alderdi batzuk hobetzeko benetako beharrak aztertzea, eta egiaztapen-prozesua hobetzeko ekintzak proposatzea, langilearekiko edo erabiltzailearekiko orientazioa oinarrizko premisatzat hartuta.

– Informazioa trukatzeko prozesuak aztertzea eta sor daitezkeen arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Gomendio honetan sartzen diren zerbitzuen erabiltzaileen gogobetetze-inkesten emaitzak aztertzea, eta haien bidez beharrezkotzat jotzen diren hobekuntza-neurriak proposatzea eta gauzatzea.

– Oro har, kudeaketa-gomendioarekin lotuta sor litezkeen gorabeherak eta arazoak aztertzeko eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

4.– Jarraipen Batzordea hitzarmen hau sinatu duten aldeetako edozeinek eskatzen duenean bilduko da. Hala ere, Batzorde honen eginkizunen ohiko garapenean, baliabide material eta teknologiko arin eta eraginkorrenen bidez egin ahal izango da bi erakundeen arteko komunikazioa.

Zazpigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

1.– Sortutako datu fitxategiaren arduraduna Osakidetza izango da. IVAP datuen tratamenduaren eragilea izango da, eta kudeaketa-gomendioaren xedea gauzatutakoan eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuan parte hartu dutenen azken datuak hitzartutako euskarrian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskualdatutakoan, IVAPek suntsitu egingo ditu datuok, deialdi hau kudeatzeko beharrezkoak ez diren unean.

2.– Tratamenduaren eragileak, tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideen arabera bakarrik tratatuko ditu datuak, eta ez ditu aplikatuko ez erabiliko kudeaketa-gomendio honetan ezarritakoaz besteko xedeetarako. Gainera, ez dizkie inori helaraziko datuok, ezta kontserbatzeko ere.

3.– Tratamenduaren eragileak ez ditu inoiz eta inola ere gordeko datuok, ez eta kopiatuko ere. Gainera, ez dizkio datuok jarduera honekin zerikusirik ez duen inori jakinaraziko, ez eta erakutsiko edo helaraziko ere, eta betebehar hori izaten jarraituko dute fitxategiaren arduradunak kudeaketa amaitutakoan ere. Betebehar horrek tratamenduaren eragileari eta datu pertsonaletara sarbidea izan dezakeen edonori eragiten die.

4.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 9. artikulua betetze aldera, tratamenduaren eragileak datu pertsonalen erabateko segurtasuna bermatzeko behar diren neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak ezarri beharko ditu, datuok inola ere alda edo gal ez daitezen, baimenik gabe tratatu ez daitezen edo datuotara baimenik gabeko sarbiderik izan ez dadin.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

1.– Kudeaketa gomendioaren hitzarmen hau akordioaren xede diren jarduerak amaitu arte izango da indarrean, Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdiari dagokienez.

2.– Aldeetako edozeinek gomendio hau bertan behera uzten duela jakinaraz dezake; hori gertatuz gero, bermatu behar da hasita dauden jarduerak amaituko direla. Gomendioaren indarraldia erabaki hori idatziz jakinarazi eta hiru hilabetera amaituko da.

3.– Bi aldeek beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartu behar dituzte gomendio hau betetzen dela bermatzeko.

Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek kudeaketa-gomendioaren hitzarmen hau sinatzen dute.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 9a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldetik.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARIA ROSA PEREZ ESQUERDO.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik.

IVAPeko zuzendaria,

MAITE IRURETAGOIENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala