Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2021eko maiatzaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2622

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 20koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Donostialdeko Metroaren eraikuntza-proiektua. Altza-Galtzaraborda zatia.» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2021eko apirilaren 12ko Ebazpenaren bidez, «Donostialdeko Metroaren eraikuntza-proiektua. Altza-Galtzaraborda zatia.» proiektua onetsi zen.

Proiektuaren xedea da, eraikuntza-mailan, Donostialdeko Metroaren Altza-Galtzaraborda zatia ezartzeko beharrezkoa den obra zibila zehaztea, trazatu berrikoa eta trenbide bikoitzekoa, Altzako geltoki berria, egiten ari dena, eta Galtzarabordako egungo geltokia lotzen dituena, Errenteriako etorkizuneko lurperatzearekin koordinatuta.

Linea Altzan hasten da, Herrera-Altza tartearekin jarraituz, eta Galtzarabordako geltokian amaitzen da. Donostia, Pasaia eta Errenteria udalerrietan garatzen da. Proiektua Pasai Antxo auzoari eta Errenteriako Galtzaraborda auzoari zerbitzua emateko diseinatu da. Horretarako, zatiak bi geltoki ditu guztira ibilbidean zehar: bat Pasaiako udalerrian eta bestea Errenteriako udalerrian.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Donostialdeko Metroaren eraikuntza-proiektua. Altza-Galtzaraborda zatia.» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea, 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako udaletxeetako iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.

Honen berri ematen da, denak jakitun egon daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 20a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala