Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2021eko maiatzaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2620

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zumaiako (Gipuzkoa) 17-Artadi hirigintza-eremuko 17/3 egikaritze-unitateko 4.B eta 4.C lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko otsailaren 16an, Zumaiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen ingurumen-organoan Zumaiako 17-Artadi hirigintza-eremuko 17/3 egikaritze-unitateko 4.B eta 4.C lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zitzaien, eta jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Zumaiako Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Zumaiako 17-Artadi hirigintza-eremuko 17/3 egikaritze-unitateko 4.B eta 4.C lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zumaiako 17-Artadi hirigintza-eremuko 17/3 egikaritze-unitateko 4.B eta 4.C lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da eraikuntza-helburuak eguneratzea eta doitzea, eta AU Artadi eremuko 17/3 egikaritze-unitateko 4.B eta 4.C lurzatien eremuan indarrean dagoen plangintzaren antolamendu xehatua zehaztea. Horretarako, hirigintza-eremu berri bat mugatzen da, 4.B eta 4.C lurzatiei dagokiena, aldameneko lurzatietan jada garatutako tipologietara egokitutako hirigintza-eraikigarritasun, profil, lerrokadura eta sestrarekin. Horrela, eremu berriaren guztizko azalera 754,88 m2-koa izango da (394,36 m2 4.B lurzatian eta 360,55 m2 4.C lurzatian), eta gauzatu nahi den jarduketa gehienez 10 etxebizitza hartzeko helburuarekin planteatu da, A.4 Dentsitate baxuko Bizitegi Guneen kalifikazio xehatuaren berezko etxebizitza-erabileren barruan.

Aurreikusitako helburuak lortzeko eta garatu beharreko eraikin-tipologia posibleak aintzat hartuta, honako irizpide hauek aurreikusi dira antolamendu xehatua definitzeko:

– Aldameneko lurzatietan egindako jarduketen antzekoak, herri-arkitekturara eta herri-arkitekturara hurbiltzeko irizpideekin eta tipologia, estalki eta material tradizionalak errespetatuz.

– Aurreikusitako zokaloaren jarraipena garajeetarako erdisotoko solairuetan, Gorostiagako hegaletik plataformaren edo kokagunearen edo hirigune-esparruko harresiaren irakurketa ahalbidetzeko.

– Gehieneko lerrokatzeak definitzen dira, non eraikuntzaren mugimendu-arloak inskribatzen baitira, eraikinak okupatzen duten lurzoruaren definizio zehatza proiektuetan ordezkatuz.

– Erdisotoko solairuetan, nahitaezko lerrokadurak zehazten dira bidera, aipatutako zokalo jarraitua konfiguratzeko.

– Eremuaren mugetako jatorrizko aldapak errespetatu egin beharko dira.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak aurreikusten du antolamendu xehatuaren araubidea berregokitzea. Aurkeztutako dokumentuak ikusita, Planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: planak lurzatian garatzen duen antolamendu xehatua indarreko legerian ezarritakoarekin bateragarria izateko baldintzarekin garatu da. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak direla eta, ez da hauteman sektore- zein lurralde-antolamendu konkurrentearekiko bateraezintasunik.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bat eginik bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plan hau garatuz, hiri-lurzorua hobeto aprobetxatuko da, eta haren okupazio iraunkorra sustatuko. Gainera, aurkeztu den dokumentazioan, obretarako ingurumen-jardunbide egokien eskuliburua aurkitzen da. Hori dela eta, Plana egokia da ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumen-inpaktu nagusiak Planari lotutako proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoa areagotuko dutelako, bai partikulen igorpenagatik, bai zaratengatik, eta hondakin gehiago sortuko direlako.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako legedia txertatzeko, ingurumenaren arloan.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren antolamenduaren xede den eremua Zumaiako udal-mugartearen hego-ekialdean dago, San Migel de Artadi landa-auzoan, elizaren eta eskola zaharren lursailaren hegoaldean, ekipamendu horien eta 17-Artadi hirigintza-eremuko 17.3 egikaritze-unitateko gainerako bizitegi-lurzatien garapen berriak hartzen dituen kanpoko bide berri baten artean hegoalderantz jaisten den mendi-hegalean.

4.B eta 4.C lurzati pribatuak barne hartzen dituen jarduketa-eremuak hauek ditu mugakide: iparraldean, 17.3 egikaritze-eremuaren lursailak, zehazki 4.D lurzatia; mendebaldean eta ekialdean, 17.3 egikaritze-eremuko beste bizitegi-lurzatia batzuk, zehazki 4.A eta 4.E lurzatiak; azkenik, hegoaldean, bide berriarekin muga egiten duten lurzatiak, non baitaude kokatuak 17-2 eta 17-3 egikaritze-eremuetan jada egikaritutako bizitegi berriak.

Lurzatien barnealdean, iparraldean induskatutako ezponda bat dago, 4.D lurzatitik bereizten duena, eta plataforma nahiko lau bat, eremua hegoaldetik inguratzen duen bidearen antzeko kotan. Eremuaren topografia nahiko erregularra da, baina lurzatiak aprobetxatu dira aldameneko bizitegi-lurzatien urbanizazioan sortutako lur-soberakinak eta materialak uzteko.

Lurzatian ez da identifikatu babestutako edo inbentariatutako habitat edo elementu natural berezirik, eta inguruan ere ez da intereseko landaredirik hauteman.

Horrenbestez, ziurta daiteke inpaktu adierazgarrienak giza habitataren kalitatearen gainekoak izango direla, Planari loturiko eraikuntza-proiektua gauzatzearen ondorioz. Obra-fase horretan, adierazgarrienak izango dira hondakinak sortzea, airearen kalitateari erasatea eta kutsadura akustikoa eragitea.

3.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak honako hauen arabera gauzatuko dira: indarreko araudia, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko txostena, eta, aurrekoari kalterik egin gabe, ingurumen-dokumentu estrategikoa eta Planean jasotakoa. Honako hauek dira Planari loturiko proiektuak betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak:

– Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da. Jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo -kontsumoa murriztea.

Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta baldin eta hartzen badira bai ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak bai sustatzaileak proposatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak–, ez da aurreikusten ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik Zumaiako 17-Artadi hirigintza-eremuko 17/3 egikaritze-unitateko 4.B eta 4.C lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zumaiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartzen ez bada Zumaiako 17-Artadi hirigintza-eremuko 17/3 egikaritze-unitateko 4.B eta 4.C lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 9a.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala