Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2021eko maiatzaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2619

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 6koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo (Gipuzkoa) Zalbide baserritik hurbil egingo diren lur-betelanen proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko urtarrilaren 13an, Andoaingo Udalak udalerri horretako Zalbide baserritik hurbil lur-betelanak egiteko proiektuari buruzko eskabide bat aurkeztu zuen orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan (proiektuaren sustatzailea: Construcciones Mariezkurrena SL), ingurumen-inpaktuaren txostena lortu nahi baitzuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin eta hurrengoekin.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko otsailaren 4an, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta pertsona interesdunei; izapide horretan jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko c) epigrafean dago jasota («Beste proiektu batzuk»; «Ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lurreko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, hektarea bat baino gehiagoko azalera hartzen badute»). Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Andoaingo Zalbide baserritik hurbil Construcciones Mariezcurrena SLk sustatuta egingo diren lur-betelanen proiektuari. Prozedura horren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Andoaingo (Gipuzkoa) Zalbide baserritik hurbil egingo diren lur-betelanen proiektuari dagokionez (sustatzailea: Construcciones Mariezcurrena SL). Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren xedea da Zalbide baserriaren ondoan –Andoaingo udalerriaren ipar-ekialdean– dagoen ibarbidea betetzea; horretarako, betelanen enpresa sustatzailea exekutatzen ari den obra-hondeaketako soberakinak erabiliko dira. Betelanerako material onargarriak hondeaketako lur eta haitzak izango dira (EHZ kodea: 170504), betiere kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetatik ez badatoz. Betelana amaitutakoan, azaleraren nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera berreskuratuko da.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez ematen baita Andoaingo (Gipuzkoa) Zalbide baserritik hurbil Construcciones Mariezcurrena SLk sustatuta egingo diren lur-betelanen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Betelanaren ezaugarri orokorrak honako hauek izango dira:

– Betelanak hartuko duen lur-eremua 140 metro luze eta 110 metro zabal izango da –punturik zabalenean–, eta 14.000 m2-ko azalera izango du.

– Betelanaren guztizko bolumena 79.500 m3 izango da, eta egunean 500 t isurtzea aurreikusita dago.

– Betelana +65,00ko kotan hasiko da, eta, ezponda maldatsuak (2H/1V) eta bermak (5 metro zabal) erabiliz, +80,00ko kotara iritsiko da; horren gainetik, plataforma jarraitu bat jarriko da, % 13,2ko malda izango duena, +92,00 kotaraino.

– Lur gaineko drainatzea bi areka perimetralen bidez egingo da, zeinak 500 urteko errepikatze-denborarako proiektatzen baitira. Sekzio trapezoidala izango dute areka horiek, ezpondekin eta harri-lubetako hondoarekin; oinarria 1 metro zabal eta 0,7 metro luze izango da. Ezponden malda 3(H):2(V) izango da.

– Hondoko drainatzea arrain-hezurrezko egiturarekin egingo da. Drainatze horretan bildutako urak betelanaren oinean dagoen dekantazio-putzu edo depositu batera eramango dira.

– Betelanek 4 urte iraungo dutela aurreikusten da, baina baliteke aldi hori laburtu edo luzatzea, materialaren sorlekuko lanen erritmoa zein den.

Instalazioak honako elementu hauek izango ditu:

– Harrera- eta ustiapen-instalazioak: kontrol-hesia, zerbitzu-etxola eta hondakinen bilketa-gunea ditu.

– Gurpilak garbitzeko instalazioa.

– Itxitura betelanaren inguru osoan eta sarbideen kontrola. Hesiaren behealdean, 15-20 cm-ko garaierako baoak utziko dira lursailaren sestratik, animaliak igaro ahal izateko. Betelana amaituta, itxitura desegingo da.

– Barruko pistak, betelana egiteko. Sarbideen batez besteko zabalera 3 metro izango da, eta horrek maniobratzeko aukera emango die isurketa-kamioiei. Errodatze-azalerari dagokionez, balastoaren gisako material pikortsua erabiliz zelaigune bat exekutatuko da.

Urak dekantatzeko putzu edo depositu bat eraikiko da betelanaren oinean, jariatze-uretako solido esekien kontzentrazioa murrizteko, euri-uren sarera isuri aurretik. Hauek dira neurriak: 3 m luze; 1,5 m zabal, eta 1,5 m garai. Depositua lurperatuta egongo da eta, behin-behinekoa izango denez, ez da hormigoizko lauzaz estaliko; beraz, perimetroan itxitura bat egingo da, 2,0 metro garaiko bihurdura bakuneko hesi batekin. Dekantatutako urak kontrol-kutxatila batetik igaroko dira, euri-uren sarera isuri aurretik.

Betelana egingo den lekura sartzeko, A-15 autobiaren 160 kilometro-puntuaren parean dagoen loturatik abiatuko da. Behin-behineko pista bat egokitu beharko da, gaur egun dagoen bidea eta loturaren erreia lotzeko; pista 3 metro zabal izango da, eta balastoaren gisako material pikortsua duen zelaigunea izango du. Behin betelana amaituta, behin-behineko pista leheneratu egingo da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Betelana Zalbide baserriaren ondoan egingo da, Andoaingo udal-mugartean, A-15 autobiaren alboan. Ibarbide txiki bat okupatuko da, zeinetatik ur-fluxu ez-iraunkorra duen erreka bat igarotzen baita. Erreka horrek A-15 autobiaren albo-drainatzeetatik datorren ura eta betelanaren azpiko urak biltzen ditu, industrialde bat zeharkatzen du, eta, azkenik, Ziako errekara isurtzen da (Ziako erreka Oria ibaiaren adarretako bat da).

Nagusiki sega- eta bazka-belardiak okupatuko dira jarduera dela eta. Ingurumen-agiriaren arabera, belardi horiek Habitat Zuzentarauan jasotako Batasunaren intereseko 6510 habitatekoak dira: «Behe-altitudeko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis eta Sanguisorba officinalis). Ibarbidearen hondoan, zenbait intxaurrondo eta beste fruta-arbola batzuk daude lerrokatuta. Ingurumen-agirian nabarmentzen denez, banbua dago (Phyllostachys sp.) zona batean; hau da, espezie inbaditzaile bat.

Proiektuaren eremuan ez dago natura-balio bikainak izateagatik bereziki gailentzen den gunerik. Orobat, eremua ez dago EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egiturazko ezein elementutan, ez eta paisaia-interes bereziko eremuetan, balio agrologiko handiko lurzoruetan edo kultura-ondareko elementu katalogatu edo inbentariatuetan ere.

Azkenik, ez da hauteman uholde-arriskurik, kutsatutako lurzorurik edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handirik. Era berean, ez da hauteman baldintza geotekniko kaltegarririk.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak aintzat hartuta, inpaktu esanguratsuenak betelana exekutatzeko fasean gertatuko dira: sasiak garbitzean eta zuhaitzak moztean; hondoko drainatzeak, areka perimetralak eta dekantazio-putzua eraikitzean, eta betelana bera egitean.

Beste inpaktu batzuk ere egongo dira, zerikusia izango dutenak betelana egingo den lekuraino materialak garraiatzearekin eta kokalekuan bertan makinak mugitzearekin; haien ondorioz, giza habitataren kalitatean inpaktua gertatuko da, hautsa, zarata eta bibrazioak sortuko direlako.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Andoaingo Zalbide baserritik hurbil Construcciones Mariezcurrena SLk sustatuta egingo diren lur-betelanen proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira, ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria.

Betelanean onartuko diren material bakarrak lurzoru naturaleko hondeaketetan ateratako lurrak eta haitzak izango dira, eta, beraz, ez da onartuko 170504 EHZ kodean («170503 kodean zehaztutakoez bestelako lurrak eta harriak») adierazitakoez bestelako materialik, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena. Ez da onartuko adierazitakoez bestelako materialik.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplikatu behar diren prozeduren barnean uren arloko organo eskudunak ezar ditzakeen baldintzak betetzeaz gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

– Betelanean sartuko diren materialak metatzearekin lotuta egiten diren jarduera guztiak garatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira, lurzorua, lur azpiko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko.

– Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu. Horretarako, errepideetatik, sarbide-pistetatik, garbiketarako ureztatzeetatik eta gurpilen garbitokiak eta dekantazio-sistemak gainez egiteagatik sor daitezkeen jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta debekatuta egongo da zuzenean isurtzea.

Dekantazio-putzuan pilatzen diren jalkinak garbitu egin beharko dira, sistemak behar bezala funtzionatuko duela ziurtatzeko behar den maiztasunarekin garbitu ere.

– Betelanak iraun bitartean, kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, dekantazio-putzura konektatuta egongo diren gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

– Ezin izango da azaleko edo lur azpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira obrak, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.

– Proposatutako drainatze perimetralaren ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.

– Era berean, instalazioko drainatze-elementuak diseinatuko dira halako eran, non ez baitira izango tranpa bat animalientzat, helburua baita ahalik eta ornodun txiki gutxien hiltzea bertan itota edo harrapatuta. Hala, aurkeztutako proiektuan areka perimetraletarako aurreikusitako diseinuari eutsiko zaio. Egoki ikusten den kasuetan, aipatutako drainatze-elementuetan harrapatuta geratzen diren animaliak irten ahal izateko ihes-elementuak aurreikusiko dira (arrapala txikiak, ihes-zuloak, etab.).

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak leheneratzeko neurriak.

– Proiektuaren eremuan egin behar diren paisaia-integrazioko eta landaketako lanetan (areka perimetralen ingurumen-integrazioa eta behin-behineko sarbidearen leheneratzea), zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, haltzadi kantauriarraren eta harizti-baso misto atlantikoaren familiakoak.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Jarduketa-eremuan halako landareak badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, ukitutako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afektaziorik egonez gero, zuzentze- eta leheneratze-neurri egokienak aplikatuko dira.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zarata eta bibrazioak sorburuan murrizteko eragiketetan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata gutxitzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, eta edozein kasutan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

Ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahaleginak egingo dira betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean uzten diren bitartean. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira:

– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta atzemandako hauts-emisioen arabera ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta iraultzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan.

Jarduera uztea.

– Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Andoaingo Zalbide baserritik hurbil Construcciones Mariezcurrena SLk sustatuta egingo diren lur-betelanen proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 6a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala