Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2021eko maiatzaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2618

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 31koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 AIA_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuari buruz.

AURREKARIAK

2021eko otsailaren 16an, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak eskabide bat egin zuen, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 AIS_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuari buruz. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hasteko, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz; izan ere, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoren gainean oinarritzen da proiektuari prozedura hori aplikatzea.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-organoak, 2021eko otsailaren 24an, kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, hainbat erakundek bidalitako txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

Bestalde, 2020-10-05eko Ebazpenaren bidez, Sestaoko Ibarzaharra 06 AIS_IB_06 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen. Eremu hori ebazpen honen xede den eremuaren ondoan dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie honako proiektu hauei: arau horren II. eranskinean «a) Industrialdeak urbanizatzeko proiektuak» apartatuko 7. taldeko (azpiegitura-proiektuak) proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 AIS_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du. Prozedura horretan zehazten da proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Horrenbestez, zenbait xedapen azterturik –21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 AIS_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuaren gainean, honako baldintza hauen arabera:

A) Proiektuaren helburua da etorkizunean jarduera ekonomikoak ezartzeko lurzorua garatzea, Babcock & Wilcox enpresaren instalazio batzuk zeuden lursailetan.

B) Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 AIS_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea industrialde zahar bat eraldatzea da; zehazki, Babcock & Wilcox enpresaren instalazioen parte ziren lursailak eraldatzea, etorkizunean industria-erabilera eta hirugarren sektorekoa izango duen lurzorua lortzeko.

Jarduketaren abiapuntuko egoera honako proiektu hauetan zehaztutako obrak aldez aurretik gauzatzearen emaitza da: «Ingurumen-organoak Ibarzaharra 04, AIS_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremuan definitutako betelanen obra arrunten proiektua». O fasea: URAk zehaztutako betelanak (Valle de Trápaga-Trapagaran - Sestao), eta «Ibarzaharra 04, AIS_IB_04 industria-eremua urbanizazio-proiektua» Beraz, proiektuaren xede den eremuan ez dago aurreko industria-jardueraren arrastorik, eta kutsatutako lurzoruak saneatu dira.

2.– Proiektuaren kokapena.

Ibarzaharra 04 zerbitzu- eta industria-eremua Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagarango udalerrietan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan. Hirigintza-eremuak, guztira, 7,4 ha-ko azalera dauka.

Proiektuaren eremuan, eraldaketa-prozesu erabateko bat gauzatu da. 1930eko hamarkadan, Babcock & Wilcox enpresa ezarri zen han, Ibarzaharra 04 eremuko eta inguruko lursailak hartu zituena industria-faktoria handi bat jarrita. Enpresak jarduera bertan behera utzi ondoren, eremua abandonatuta geratu zen, aurri-egoeran, eta erabat degradatuta. Ibarzaharra 04 eremuaren azalerak Babcock & Wilcox jatorrizko faktoriaren lursailen zati bat hartzen du.

AIS_IB_04 eremuko lursailak esparru errektangular baten itxura du. Jarraian adierazten da zein diren haren mugak eta lursail mugakideak:

– Iparraldean, Ibarzaharra 06 (AIS_IB_06) industria- eta zerbitzu-eremua, zeinak bereizten baititu Ballonti ibaia eta Bilbao – Muskiz trenbidea. Ibarzaharra 06 eremua exekuzio-prozesuan dago egun.

– Ekialdean, AIS_IB_06 eremua dago, hau da, etorkizunean antolatuko den bidea.

– Hegaldean, Ibarzaharra 05 (AIS_IB_05) industria- eta zerbitzu-eremua, oraindik garatzen hasi gabe dagoena. Zehazki, aparkalekuak eta espaloiak dira, eremu horretako bideari dagozkionak.

– Mendebaldean, udal-titulartasuneko BI-3746 errepidea.

3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.

Inguruneko jarduera antropiko handia dela eta, ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman. Aztergai den eremua nahiz haren ingurune hurbila ez dira ezein gune babesturen zati, ez eta korridore ekologikoen sarearen eta azpiegitura berdearen zati ere. Ez dago ia landarerik eremuan, landare erruderal eta nitrofiloak baino ez, interes ekologikorik ez dutenak. Eremuaren hegoaldean, Ibarzaharra 05-aren mugan, espezie inbaditzaileen aleak aurkitu dira (panpa-lezka Cortaderia selloana).

Eremua Lehentasunezko Banaketa Eremua da Schreiber muskerrarentzat (Lacerta schreiberi) eta arrain hiruarantzarentzat (Gasterosteus aculeatus aculeatus). Ballonti ibaia, bai eta Galindo eta Ibaizabal ibaiak ere, Lehentasunezko Banaketa Eremuak dira bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), eta hobetu beharrekotzat jotzen dira. Azken bi espezie horiek kontserbatzeko kudeaketa-planak dituzte, eta haientzat babes-neurri espezifikoak behar dira.

Nolanahi dela ere, lurzoruaren artifizializazio-mailak baldintzatzen du faunaren egoera. Izan ere, eremua erabat eraldatutako industrialde bat da, jarduera antropiko handia du eta ur-ibilguetatik urrun dago. Hortaz, ez dirudi aipatutako intereseko fauna-espeziek erabiliko dutenik. Muga horiek direla eta, ez da identifikatu intereseko fauna-espezierik Ibarzaharra 04 eremuan.

Orobat, ez da identifikatu babestutako ondare arkeologikoko edo arkitektonikoko elementurik aztertutako eremuan edo inguru hurbilean.

Lehenago aipatu bezala, eremua garatzeko arazo nagusiak uholde-arriskua eta lurzoru kutsatuak dira.

Ibarzaharra 04 eremua, ia osorik, 100 urteko errepikatze-denbora duten uholdeen eraginpean dago, eta haren zati handi bat Ballonti ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dago. Ur-masa hori, gainera, Galindoko uholde-arrisku handiko eremuan dago. Uholde-arriskua konpontzeko, egun dagoen +2,50 m-ko batez besteko kota igo behar da, +5,49 m-ko kotaren gainetik, URAk emandako preskripzioa betetzeko.

Bestalde, eremua industriala izan zenez, haren zati handi bat kutsatuta egon daitekeen lurzoruan dago (inbentario-kodea: 48084-00004). Babcock & Wilcox enpresaren fundazioan eremuan egin ziren nabeen aurri-deklarazioa onartu da, horiek eraisteko eta azterketetan aurkitutako lorzoru kutsatuaren fokuak garbitzeko. Egun, Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpena izapidetzen ari da, eremu osoa barnean hartuko duena, bazter utzita lekuaren hegoaldean dagoen zona txiki bat, IB05 lursailaren ondoan. Zona horretan, izan ere, beharrezko izango da karakterizazio- eta zigilatze-jarduketa gehigarriak egitea.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan izanda, hauek izango dira inpaktu nabarmenenak: obra fasekoak (aldez aurreko lanek, lur-mugimenduek, obra-instalazio osagarriek eta urbanizazioa gauzatzeak inpaktuak eragin ditzakete lurzoruan, uretan, landareetan, paisaian, ibilguko faunan, eta eragin ditzakete, halaber, zarata, hauts- eta gas-emisioak, hondakinak...); ustiaketa-fasekoak (paisaia lehengoratzea, zoladura jartzea, lurzoruaren etengabeko okupazioa, paisaia eraldatzea, etab.). Ingurumen-inpaktuaren dokumentuan aurkeztu den analisian ondorioztatzen denaren arabera, ebaluazioko emaitzak kontuan hartuta, esan daiteke proiektuak ez duela izango eragin adierazgarririk ingurumenean, eta, beraz, proiektua bideragarria dela ingurumen-ikuspegitik.

Ez dira aintzat hartzen eremuan aurrerago egin litezkeen industria- eta merkataritza-jarduerekin lotutako efektuak, ez eta jarduera horiek trafikoan eta mugikortasunean izan litzaketen efektuak ere, ekintza horiek aztertzea ez baita urbanizazio-proiektua baten zeregina.

Bigarrena.– Ebazpen honetan honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 AIS_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea beharrezkoa izan ez dadin, betiere neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuan aplikatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira, ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Behar izanez gero, honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa ezartzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

1.1.– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makina eta ibilgailuen zirkulazioa. Gune horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

1.2.– Kontuan izanik Ballonti ibaiko jarduketa-eremutik gora arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) presentziari buruzko aipamenak daudela, honetan ezarritakoa bete beharko da: 186/2008 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan Gasterosteus aculeatus Linnæus, 1758 arrain hiruarantzaren Kudeaketa Plana onesten duena. Era berean, eremua bat dator bisoi europarraren (Mustela lutreola) LBEarekin, eta, hortaz, bete beharrekoa izango da Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

1.3.– Cortaderia selloana, Fallopia japonica edo antzeko landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezie horiek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak uraren arloan ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

2.2.– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira, Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko. Beharrezkoa bada, hormak eta zimenduak kokatzeko hondeatu beharreko eremuak ponpatzeagatik sortzen diren efluenteak tratatzeko, berriz, dekantazio-putzuak edo orrizko dekantazio-tangak izango dira, eta pH-a zuzentzeko sistema bat izango dute.

2.3.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

2.4.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (instalazio lagungarrien eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

2.5.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

2.6.– Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen «Hondakinak kudeatzea» puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

2.7.– Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpenean ezarritako lurpeko uren kalitatearen kontrol analitikorako behar diren piezometroen eraginkortasuna mantendu behar da.

3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako eremu bateko parte batean garatzen da proiektua. Zehazki, urbanizazio-proiektuak 48084-00004 kodea duen lursail inbentariatuko 71.636 m2 inguruko azalerari eragiten dio; egun izapidetzen ari da lursail horri buruzko Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpena.

Ildo horretatik, urbanizazio-lanak eta, horien artean, indusketa-lanak Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpenaren prozeduran ezarritako baldintzei jarraituz egin beharko dira, hain zuzen ere bermatzeko kokalekua bateragarria dela aurreikusitako erabilerekin. Hori dela eta, egun ingurumen-organoan izapidetzen ari den Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpenean xedatutakoa hartu behar da aintzat (ebazpen honen egunean oraindik bukatu gabe dago). Egun izapidetzen ari den prozedurak bazter uzten du kokalekuaren hegoaldeko eremu bat, 90,90 m2 ingurukoa, IB-05 lursailaren ondoan dagoena. Han, beharrezkoa izango da karakterizazio- eta zigilatze-jarduketa gehigarriak egitea. Horregatik, momentuz ezin da jarduketarik egin eremu horretan, eta baztertuta geratuko da ebazpen honetan ebaluatzen den proiektutik.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

4.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material zatikatua isur dezaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean. Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.

5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

5.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, indusketetakoak, ebakiak, bilgarriak eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

6.4.– Obretan sortzen diren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta induskatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuta.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.

6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

6.6.– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta, txosten horretan, indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak sartu beharko dira.

7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.

8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira, Ingurunea leheneratzeko lanek honako hauek hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik leheneratzea, eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

8.3.– Leheneratze edafikoko lanak egiten diren bitartean, landare aloktonoak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezie horiek kutsatuta egon daitekeen lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

8.4.– Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, atal honetako 7. zenbakian xedatzen dena aplikatuko da.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 AIS_IB_04 industria- eta zerbitzu-eremua urbanizatzeko proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldia luzatzea artikulu horretan ezarritako baldintzen arabera. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 31.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala