Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2021eko maiatzaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2614

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko dena. Erabaki horren bitartez, diru-baliabideak esleitzen dira 2021 urtean desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntzak finantzatzeko, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta enplegu zentro berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko apirilaren 21eko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, zenbait baliabide ekonomiko esleitu ditu, 2021.urtean zehazki desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntzak finantzatzeko, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta enplegu zentro berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Gauzak horrela, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoarekin bat (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko apirilaren 21eko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez esleitzen baitira, 2021 urtean, zenbait diru-baliabide desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntzak finantzatzeko, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta enplegu zentro berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Erabakia ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak esleitzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 22a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA 2021EKO EKITALDIAN DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN LANERATZEKO LAGUNTZAK FINANTZATZEKO, URRIAREN 29KO 168/2019 DEKRETUAN AURREIKUSITAKOARI JARRAITUZ. DEKRETU HORREN BIDEZ, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DESGAITASUNEN BAT DUTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNAREKIN LOTURIKO PROGRAMAK ETA ZERBITZUAK ETA ENPLEGU ZENTRO BEREZIEN EUSKAL ERREGISTROA ARAUTZEN DIRA

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dituenak (2019ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.; huts-zuzenketa, 2020ko urtarrilaren 24ko EHAA, 16. zk.), honako hauek arautzen ditu II. kapituluko 3. atalaren 1. azpiatalean: desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak enplegu-zentro berezietan mantentzeko laguntzak (desgaitasuna duten pertsonen soldaten kostua finantzatzea, kontratu bakoitzaren indarraldian).

Dekretu hori izaera orokorreko xedapenena da, indarraldi mugagabekoa. Dekretu horren 37. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez ezarriko da urtero aipatutako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa.

Desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzea finantzatzeko laguntzak (lanpostuak mantentzeko) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Plan hori erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2020ko abenduaren 15eko bileran hartutako erabakiaren bidez. Era honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak ezarritakoa betetzen da. Plana Lanbideren webgunean argitaratuta dago (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Hori dela-eta, dirulaguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betez, eta Euskal Autonomia Erkdiegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazi behar da zein den aipatutako urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, bai eta zenbateko hori eguneratzetik sor litekeen zenbatekoa ere.

Otsailaren 17ko 1/2021 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dira, eta horietan laguntza horiek finantzatzeko kreditua aurreikusten da.

Bestalde, 168/2019 Dekretuaren 39.3 artikuluak administrazioaren isiltasunari zentzu positiboa ematen dion arren, otsailaren 11ko 1/2021 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak), 9. Apartatu berri bat sartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluan, eta bertan ezartzen da, oro har, dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, horretarako ezarritako gehieneko epea igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat joko direla. Segurtasun juridikoa dela eta, gomendagarria da onuradun izan daitezkeenei alderdi horri buruzko erregulazioaren berri ematea, laguntza horiei aplikatu behar baitzaie, eta erabaki honetan sartzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, proposamena eztabaidatu ondoren, 2021eko apirilaren 21eko bilkuran, erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak.

Baliabide ekonomikoak esleitzea 2021. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak enplegu-zentro berezietan mantentzeko laguntzak finantzatzeko. Dirulaguntza horiek urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluko 3. atalaren 1. azpiatalean arautzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta enplegu zentro berezien Euskal Erregistroa arautzen duen Dekretuan, alegia. Baliabide ekonomiko horiek, guztira 55.100.000 euro izango dira.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, gehikuntzaren ondoriozko zenbatekoa; gehikuntza horri publizitatea emango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

Bigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren 9. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua–, eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epea igaro ondoren –urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 39.3 artikuluan dago aurreikusita epe hori– ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat joko dira.


Azterketa dokumentala