Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2021eko maiatzaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2511

AGINDUA, 2021eko apirilaren 21ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita 2021eko ekitaldian arte eszenikoak, musika eta literatura sustatzeko eta banatzeko dirulaguntzak emateko araubidea, eta egiten baita horien deialdia.

Kulturak gero eta pisu handiagoa du herrialde garatuetan. Horrek sortutako BPG-az harago, kultura-jarduera sormenezko enpleguaren, produktu lehiakorraren eta kultura-testuinguruen gunea da, non herritarrak pertsona gisa gara daitezkeen munduko edozein lekutan. Kultura kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere dimentsionatzen da, eta munduko testuinguru berrian gero eta ezaugarri desiragarriagoak ditu.

Azken hamarkadetan, kultura-produktuaren balioa tokiko komunitatearentzako zerbitzutik haratago joan da, eta merkatu-balioa duen sektore ekonomiko bihurtu da, beste sektore batzuen aurrean lehiatzen dena testuinguru global batean. Errealitate berri horren aurrean, kultura-eragileek nahikoa tresna izan behar dituzte lehiatzeko, merkatu global batek behar dituen dimentsio guztietan.

Merkataritza-testuinguru gehiago eta merkatu handiagoak ezartzeko beharra, produktuak eremu fisiko eta digitaletan sustatzeko beharra edo merkataritza- eta komunikazio-terminoetan prestatzeko beharra, eraldaketa digitalak interakzio-testuinguru berrietara eraman dituen erronkak dira, tradizionalekin batera bizi direnak eta garatzen jarraitzen dutenak.

Euskadiko kultura-sektoreek, azken urteotan, oso produktu lehiakorra sortu dute, nazioartean sari ugari jaso dituena. Era berean, euskal kultura-eragileek erakutsi dute badituztela gaitasun nahikoak gure produktuak nazioarteko merkatuetara koproduzitzeko edo esportatzeko.

COVID-19 pandemiak gelditu egin du kultur sektoreak merkatu berriak esploratzera eta lehendik zeudenetan garatzera eramaten zituen inertzia. Aurreikuspenen arabera, merkataritza-jarduerari 2021. urte honetan ekingo zaio berriro, merkatu presentzialak, digitalak edo mistoak uztartuz, eta inbertitzeko, prestatzeko eta berritzeko prest dauden kulturako profesional guztiek posizionatzeko aukera berri bat izango dute.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak apustu garbia egin nahi du kulturaren arloko profesionalei, euskal sortzaile, ekoizle eta komertzialei, laguntza eta babesa ematearen alde, modu erabakigarrian, merkatu berriak irekitzeko eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzeko, arte eszenikoak, literatura edo liburua sustatzeko eta merkaturatzeko prozesuei dirulaguntzak emanez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eginkizunak. Funtzio horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudia jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –EAEONALTB– Onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartzen den Erregelamenduan.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez onartu zen 2021eko otsailaren 18an, eta aipatutako sailaren webgunean argitaratu zen. https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_21_24/eu_def/adjuntos/Dirulaguntzen-Plan-ESTRATEGIKOA-Plan-ESTRATEGICO-Subvenciones-PES-2021-2024-.pdf Baita 2021eko otsailaren 18an onartutako Dirulaguntzen Urteko Planean ere, sailaren webgunean argitaratua: https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_21_24/eu_def/adjuntos/Dirulaguntzen-URTEKO-plana-Plan-ANUAL-Subvenciones-PAS-2021.pdf.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra arte eszenikoak, musika eta literatura profesionala sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea, betiere dagokion kapituluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 510.000 euro erabiliko dira.

2.– Deialdi honetan jasotako laguntza-modalitateen arabera, 510.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da:

a) Arte eszenikoetarako laguntzak, II. kapituluan ezarritako moduan: 330.000 euro.

b) Musikarako laguntzak, III. kapituluan ezarritako moduan: 150.000 euro.

c) Literaturarako laguntzak, IV. kapituluan ezarritako baldintzetan: 30.000 euro.

3.– Diziplina bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako eskabideek kalitaterik ez dutelako diziplina baterako ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak gehikuntza-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, horrek dagokion ebazpena eman dezan, betiere jasotzaile-modalitatea oraindik ebatzi gabe badago. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Eskualdatuz gero, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiena duen modalitateak.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.

1.– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza hauek.

2.– Gainera, pertsona edo erakunde eskatzaileek, eskabidea aurkezten duten unean, alta emanda egon beharko dute beren jarduerari dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigraferen batean (I. eranskinean zerrendatuta daude epigrafe horiek). Pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen edo estatutuen arabera, aurkezten diren laguntza-modalitatearen arabera dagozkien jarduerak garatu beharko dituzte.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

4.– Honako hauek ezin izango dute agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzarik jaso:

a) Pertsona edo erakunde eskatzaileak laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik badu, edo horretarako legezko debekuren bat badu, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako Aurrekontu Orokorren arabera helburu bererako izendun dirulaguntzak esleituta dituztenak.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako gainerako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

5.– Dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, pertsona edo erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Hau da, betearazpen-aldian dirulaguntzak itzultzeagatik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderen aurrean zorrik ez dutenean, edo, onuradunen edo premiamendu-bidea erabili behar ez zaien erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrak dituztenean.

Pertsona edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzean zorrak etetea erabaki denean.

4. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, laguntza-modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-irizpideei jarraikiz, eta laguntzak esleituko dira, deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu ahal izango dute, eta, beraz, sustapen- eta banaketa-plan osoa sartu beharko dute.

3.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurre: Eskabideak Zuzenean-en aurkeztuko dira, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartuta, edo, bestela, aurrez hitzordua eskatu edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez: 945 01 90 00, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan.

– Elektronikoki: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, artikulu honetako 4. paragrafoan adierazitako helbideen bidez:

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen bide hori erabiltzera prozedurako hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.

4.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, lehen aipatutako helbide elektronikoan sartuta.

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko hauetan daude eskuragarri:

Arte eszenikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111101

Musika: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111102

Literatura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111103

Eskabidearen ondorengo izapideak, elektronikoki, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen erregistro elektronikoan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ ziurtagiri-elektronikoak

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta egiaztagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte. Era berean, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoen kasuan eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoak direnean:

– Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzio horren egiaztagiririk aurkeztea.

– Administrazio hori ez den beste erregistro batzuetan inskribatutako erakundeek egiaztatu beharko dute erakundearen legezko eraketa, izaera juridikoaren arabera, ordezkariaren nortasuna, eta ordezkaritza-ahalmen nahikoa dutela, honako hauen bidez:

– Eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagozkion erregistro publikoetan inskribatu izanaren egiaztagiria ere.

– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea ere.

c) Pertsona fisiko zein juridikoentzat:

– Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginarekin bat etorriz. Hala ere, pertsona fisikoek egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango dute, arrazoituta; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesduna horren aurka ez badago behintzat.

2.– Aurkeztutako proiektuari buruzko dokumentazioa.

Euskadi.eus-en eskuragarri dagoen laguntza-modalitate bakoitzari dagokion inprimakia, behar bezala beteta.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoa aplikatuz, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioko datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, administrazio publikoek eskabidea elektronikoki aurkezteko eskatuko diote interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da dirulaguntzen organo arduraduna.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak jasotako eskabideak aztertuko ditu ezarritako irizpideetan oinarrituta, eta ebazpen-proposamen egokiak helaraziko dizkio Kulturako sailburuordeari. Sailburuordeak erakunde onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea jasoko ditu, bai eta ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak ere.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren ebazpen-proposamenak ikusita, Kultura sailburuordeak deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenak emango ditu.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebazpenetan ordezkoak sartu ahal izango dira, hautatutako pertsonek uko egiten badiote, onartzen ez badute edo deialdi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badituzte. Egoera horietakoren bat gertatzen bada, ordezkoak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izan denari ordaintzeke geratzen zaiona izango da.

4.– Erabakiak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenik egindako jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako mugak errespetatuz, dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

12. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Hirugarren interesdunaren Eusko Jaurlaritzako alta-inprimakia aurkeztea, pertsona edo erakunde onuraduna erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

c) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztutako baldintzetan gauzatzea. Hala ere, funtsezko aldaketarik ez dakarten eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari eragiten ez dioten aldaketak sartu ahal izango dira. Horiek idatziz jakinarazi beharko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta hark hamabost eguneko epea izango du, jakinarazpena jasotzen den egunetik aurrera, onartzeko edo ez onartzeko. Epe hori berariazko jakinarazpenik gabe igarotzen bada, proposatutako aldaketa onartutzat joko da.

d) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

e) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoetan. Material hori euskaraz argitaratuko da, beste hizkuntza batzuen erabilerari kalterik egin gabe.

f) Agindu honetan ezarritakoak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura laguntzak eta dirulaguntzak jasotzeagatik ezarritako gainerako betebehar guztiak ere. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak barne.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Agindu honen kontura emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 12.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 50a, betiere 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eta behar bezala justifikatu ondoren, diruz lagundutako jarduera osoa, bat etorriz 14. artikuluan adierazitako moduan aurkeztutako gastuen aurrekontuarekin.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta ordainketak, zergaren araudia aplikatuta legozkiekeenak. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

14. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta kitapena.

1.– Diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta betiere 2022ko azaroaren 30a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte pertsona edo erakunde onuradunek:

a) Dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza, euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen inprimakia behar bezala beteta barne.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bidez, diruz lagundutako jardueraren exekuzioaren (gastuak eta diru-sarrerak) emaitza ekonomikoa, ahalik eta banakatuena, euskadi.eus-en eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

Diru-sarreren zerrendan, besteak beste, honako hauek sartu beharko dira:

– Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuen egiaztagiri guztien zerrenda sailkatua (nominak, fakturak, tiketak, ordainagiriak), euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

e) Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsioen adibideak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak:

– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartuta, edo, bestela, aurrez hitzordua eskatu edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez: 945 01 90 00, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro edo lekuetan.

– Era berean, justifikazioak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.

3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, lehen aipatutako helbide elektronikoan sartuta.

4.– Justifikazioak modu presentzialean zein elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektronikoan daude eskuragarri, agindu honen 5.5 artikuluan adierazitako helbidean.

15. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 75eraino, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratazioen kasuan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

2.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak.

3.– Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.

16. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein partez, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematean ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har ezarritako beste edozein betebehar ez konplitzea.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).

II. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOETARAKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoetako konpainia profesionalek (antzerkia, dantza, zirkua) 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean egiten dituzten ikuskizunak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko gastuak finantzatzeko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren aldaketa posibleetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

3.– Honako sustapen- eta banaketa-gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu gisa:

– Publizitatea eta komunikazioa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, hedabideen publizitatea)

– Langile-gastuak. Egotzitako gastuek ezingo dute urteko fakturazio osoaren % 15 gainditu.

– Deialdi honen xede den esparruko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina)

– Azoketara joatea.

– Bidaiak eta garraioak.

– Beste banaketa-gastu batzuk.

4.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

5.– Pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu, ezin izango da diruz lagundu BEZ kengarriaren zenbatekoa. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

19. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.

1.– 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Gutxienez 2 ikuskizun eszeniko profesional ekoitzi izana eta 40 emanalditik gorako bira egin izana 2018ko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera arte.

b) Sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea, honako agindu honen II., III. eta IV. kapituluetan araututako laguntzen ekoizpen onuraduna barne hartuta: agindua, 2021eko otsailaren 18koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021eko ekitaldian arte eszenikoen ekoizpenerako dirulaguntzak ematea arautzen eta iragartzen duena (2021eko martxoaren 2ko EHAA, 44. zk.).

2.– Honako hauek ezin izango dituzte kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu:

a) Elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten antzerki-arloko erakunde eskatzaileak.

b) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren V. kapituluan araututako laguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeak. Agindu horren bidez, arte eszenikoak ekoizteko 2021eko ekitaldian dirulaguntzak emateko modua arautu eta deialdia egiten da (2021eko martxoaren 2ko EHAA, 44. zk.).

20. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbatekoa 330.000 eurokoa da.

2.– Hautatutako proiektu bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ez da 15.000 eurotik gorakoa izango, ezta onartutako proiektuaren aurrekontuaren % 75etik gorakoa ere.

21. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Sustapen-planean inplikatutako baliabideak.

a1.– Merkaturatzeko eta komunikatzeko langile propioak kontratatzea.

a2.– Elkartutako edo zerbitzuak emateko akordioak dituzten banatzaileen sarea.

a3.– Komunikazio ez-digitaleko bitarteko eta elementuetan aurreikusitako inbertsioa.

a4.– Webgune eleaniztun eguneratua izatea (euskara, gaztelania eta frantsesa edo ingelesa).

a5.– Sare sozialak erabiltzea produktuak sustatzeko (Facebook, Twitter).

a6.– Publikoekin lan egitea.

b) Proiektuaren adierazleak.

b1.– Autofinantzaketa-maila.

b2.– Funtzioen batez besteko historikoaren gainean egindako edo formalki konprometitutako funtzioen ratioa.

c) Nazioartekotzea.

c1.– Nazioarteko merkatuetara joatea.

c2.– Nazioarteko proiektu edo sareetan parte hartzea.

d) Generoa.

d1.– Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza artistikoan.

e) Euskara.

e1.– Karterako ikuskizunetan euskara erabiltzea.

2.– 19.1.b) artikuluan adierazitako baldintza betetzen duten eskatzaileek lehentasuna izango dute agindu honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko orduan; beraz, aurreko irizpideak aplikatzean lortzen den lehentasun-hurrenkeran, baldintza hori betetzen ez dutenen aurretik jarriko dira.

3.– Irizpide bakoitzak izango duen pisu espezifikoa eta hura aplikatzeko erabiliko diren baremoak II. eranskineko taulan daude jasota.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 4. artikuluan jasotako prozeduraren arabera, eskatutako dirulaguntzaren % 100 esleituko da.

III. KAPITULUA
MUSIKARAKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Herriko musika-taldeen edo gehienbat euskaraz errepertorioa dutenen zuzeneko zirkuiturako sustapen-, merkaturatze-, nazioartekotze- eta banaketa-proiektuak finantzatzeko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren aldaketa posibleetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

3.– Honako sustapen- eta banaketa-gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu gisa:

– Publizitatea eta komunikazioa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, publizitatea hedabideetan).

– Langile-gastuak. Egotzitako gastuek ezingo dute gainditu deialdian ezarritako aldian egindako fakturazio osoaren % 15.

– Deialdi honen xede den esparruko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina).

– Azoketara joatea.

– Bidaiak eta garraioak.

– Beste banaketa-gastu batzuk.

4.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

5.– Pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu, ezin izango da diruz lagundu BEZ kengarriaren zenbatekoa. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

23. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.

1.– Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, 3. eta 22.1 artikuluetan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, beren proiektuari dagokionez, beren profilaren arabera, baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Musika-talde bakarrari buruzko proiektu unitarioak, honako hauek egiaztatzen dituztenak:

a1.– Gutxienez 2 disko argitaratu izana, eta azkena 2017az geroztik.

a2.– 2018tik 2020ra bitartean gutxienez 50 kontzertu edo 200 baino gehiago egin izana ibilbide osoan.

a3.– Zuzeneko zirkuiturako sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea deialdi honetako aldian.

b) Enpresa-proiektuak. Management bulegoak edo musika-taldeen ordezkaritzak aurkeztu ahal izango dira, baldin eta honako hauek egiaztatzen badituzte:

b1.– Management eta/edo musika-ordezkaritzaren arloan enpresa-jarduera garatzea, eta inola ere ez elkarte edo fundazioaren forma juridikoaren pean.

b2.– 2020an, zirkuituan zuzeneko banaketarako gutxienez musika-proiektu bereiziak dituzten 4 euskal talde edo artista ordezkatu izana.

b3.– Zuzeneko zirkuiturako sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea deialdi honetako aldian, 22.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gutxienez bi eta gehienez lau musika-taldeentzako.

2.– 22.1 eta 23. artikuluetan ezarritako sarbide-baldintzak betetzeko, bai eta 25. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak betetzeko ere (1.1.b eta 1.2.a), beste izen bat duten musika-taldeak hartu ahal izango dira kontuan, baldin eta musikaren lidergoarekin edo aurreko taldeko kideen % 50ekin jarraitu dela egiaztatzen bada.

3.– Musika-talde bera ezingo da egon hedapen-eskaera edo -proiektu batean baino gehiagotan sartuta.

24. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbatekoa 150.000 eurokoa da.

2.– Hautatutako proiektu bakoitzari emandako zenbatekoa ezingo da izan onartutako sustapen-planaren aurrekontuaren % 75 baino handiagoa, eta eman beharreko gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

a) Proiektu unitarioak (23.1.a) artikulua): 5.000 euro.

b) Enpresa-proiektuak (23.1.b artikulua): 15.000 euro.

25. artikulua.– Hautaketa- eta kuantifikazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

1.1.– Proiektu unitarioak (23.1.a artikulua)

a) Proiektuaren adierazleak eta baliabideak:

a1.– sustapenerako pertsonak edo lan espezifikoak kontratatzea.

a2.– Ikus-entzunezko sustapeneko eta/edo sustapen digitaleko euskarri eta elementuetan inbertitzea.

a3.– Autofinantzaketa-maila.

a4.– Musika-plataformetako presentzia.

a5.– Webgune eleaniztuna izatea (euskara eta gaztelania gehi ingelesa edo beste batzuk).

a6.– Azoketara edo lanbide-izaerako beste ekitaldi batzuetara joatea.

b) Musika-taldearen profila eta ibilbidea.

b1.– Argitaratutako diskoen kopurua.

b2.– Prestakuntzak ibilbide osoan egindako kontzertuen guztizko kopurua.

b3.– 2018 eta 2020 arteko kontzertuen kopurua: b2.1 euskararen arloan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Herriko Mankomunitatea); b2.2 euskararen eremutik kanpo.

b4.– Emakumearen parte-hartzea.

b5.– Errepertorioan euskara erabiltzea.

1.2.– Enpresa-proiektuak (23.1.a) artikulua).

a) Sustapen-proiektuaren adierazleak eta baliabideak.

a1.– Aurkeztutako aurrekontuaren ratioa, 2018 eta 2019 bitartean fakturatutako itun-kopuruaren gainean (b2 irizpidearen adierazlearen arabera).

a2.– Ikus-entzunezko sustapeneko eta/edo sustapen digitaleko euskarri eta elementuetan inbertitzea.

a3.– Autofinantzaketa-maila.

a4.– Webgune eleaniztuna izatea (euskara eta gaztelania gehi ingelesa edo beste batzuk).

a5.– Azoketara edo lanbide-izaerako beste ekitaldi batzuetara joatea.

a6.– Musika-plataformetako presentzia (proiektuan sartutako prestakuntzak).

a7.– Emakumearen parte-hartzea.

a8.– Errepertorioan euskara erabiltzea.

b) Erakundearen bolumena eta jarduera.

b1.– Erakundeko langileen bolumena.

b2.– Erakundeak 2018 eta 2019 bitartean fakturatutako itunen kopurua (22.1 artikuluan deskribatutako musika-prestakuntzak):

b2.1.– Euskararen arloan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Herriko Mankomunitatea).

b2.2.– Euskararen arlotik kanpo.

b3.– Erakundeak antolatutako beste ekitaldi edo jarduera batzuk (jaialdiak, programazioak, publikoekin egindako jarduerak, etab.)

2.– Irizpide bakoitzak izango duen pisu espezifikoa eta aplikatzeko erabiliko diren baremoak II. eranskineko taulan daude jasota.

3.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Lehenik eta behin, bi poltsa ekonomiko bereiziko dira: 32.1 artikuluan deskribatutako eremuetako bakoitzerako. Bakoitzarentzat gorde beharreko diru-kopuru osoa poltsa bakoitzean eskatutako kopuruen batukariaren ehuneko erlatiboaren arabera zehaztuko da.

b) 4. artikuluan araututakoa kontuan hartuta, eskatutako zenbatekoaren % 100 emango da, finkatutako eremu bakoitzean erabilgarri dagoen kopurua agortu arte.

IV. KAPITULUA
LITERATURARAKO LAGUNTZAK

26. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak literaturaren sektoreko sortzaileek (idazketa, ilustrazioa, itzulpena) eta argitaletxeak diren pertsonek edo entitateek 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko egiten dituzten gastuak finantzatzeko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren aldaketa posibleetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

3.– Aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

– Ekitaldian edo azokan izena ematea.

– Bidaiak eta garraioak.

– Ostatua eta dietak.

4.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

5.– Pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu, ezin izango da diruz lagundu BEZ kengarriaren zenbatekoa. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

27. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Sortzaileentzat, azken hamar urteetan gutxienez bi liburu argitaratu izana.

b) Argitaratzaileentzat, azken bi urteetan gutxienez bost liburu argitaratu izana.

Eskatzaile batek egilearen eta argitaletxearen baldintzak betetzen baditu, horretarako erreferentziarik onuragarriena erabiliko da.

2.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin izango dituzte eskuratu elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten erakunde eskatzaileek.

3.– Proiektuari buruz aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Proiektuaren fitxa, azken hamar urteetan argitaratutako liburuen kopurua eta egin beharreko jardueren aurrekontua adierazita (euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera).

28. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbatekoa 30.000 eurokoa da.

2.– Eskatzaile bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ezingo da 5.000 eurotik gorakoa izan argitaletxeen kasuan, eta 3.000 eurotik gorakoa sortzaileen kasuan, ezta ere, edozein kasutan, onartutako planaren aurrekontuaren % 75etik gorakoa ere.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak kalkulatzeko, honako muga hauek ezartzen dira:

a) Espainian, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 70 euro ostaturako eta 40 euro dietetarako.

b) Espainiatik kanpoan, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 120 euro ostaturako eta 60 euro dietetarako.

29. artikulua.– Hautatzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Egileen edo argitaletxeen ibilbidea (30 puntu, gehienez). Azken urtetan argitaratutako lanak honela baloratuko dira:

– Sortzaileentzat, azken hamar urteetan argitaratutako liburuen kopuruaren arabera: 6 lan edo gehiago 30 puntu, 4 edo 5 lan 20 puntu eta 3 lan 10 puntu.

– Argitaletxeentzat, azken bi urteetan argitaratutako liburuen kopuruaren arabera: 21 lan edo gehiago 30 puntu, 15 eta 20 lan artean 20 puntu eta 6 eta 14 lan artean 10 puntu.

Eskatzaile batek egilearen eta argitaletxearen baldintzak betetzen baditu, horretarako erreferentziarik onuragarriena erabiliko da.

b) Zein azoka edo ekitalditara joaten den (70 puntu, gehienez).

– 70 puntu: Frankfurt, Bolonia, Guadalajara.

– 50 puntu: Liber, Londres, Edinburgo, Angouleme.

– 25 puntu: liburu eta literaturari buruzko beste azoka eta ekitaldi profesionalak.

Azoka batean baino gehiagotan parte hartu behar bada, puntuaziorik altuena hartuko da kontuan.

LEHENENG OXEDAPEN GEHIGARRIA.– Izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: Kultura sustatzeko zuzendaritzaren eskumen-esparruetako sorkuntza-, ekoizpen-, hedapen-, sustapen- eta egituratze-arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

– Arte eszenikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111101

– Musika: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111102

– Literatura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111103

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, Kultura sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Kultura eta Hizkuntza politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Horretarako 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 21a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala