Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2021eko maiatzaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2509

128/2021 DEKRETUA, apirilaren 20koa, zeinaren bidez laugarrenez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda onartzen duen Dekretua.

Uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda, zeina 2017ko uztailaren 11n argitaratu baitzen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 131. zenbakian. Dekretu hori zuzendu egin zen, lanpostuen zerrenda osatzen duen eranskina, akatsak zuzendu ostean, berriro argitaratuta, 2017ko abuztuaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 164. zenbakian.

Ondoren, uztailaren 4ko 186/2017 Dekretua aldatu zuten honako dekretu hauek: 34/2018 Dekretua, martxoaren 6koa; 61/2018 Dekretua, apirilaren 24koa eta 49/2020 Dekretua, martxoaren 31koa. Horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda onartzen duen Dekretua aldatzen dute.

Administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldi-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko xedez.

2018ko apirilaren 13an, Administrazioak akordio bat sinatu zuen sindikatuekin, eta, horren arabera, Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu zuen, urtero, eta sindikatuen ordezkariekin negoziatu ondoren, estrukturaltzat har zitezkeen lanpostuak lanpostu-zerrendetan azaleratzeko.

2020ko azaroaren 3ko Mahai Parekidean, lanpostuen zerrendan 50 lanpostu berri barneratzea negoziatu zen, lanpostu horiek estrukturaltzat jo baitziren, bai eta lehendik barneratuta zeuden lanpostu batzuen hizkuntza-eskakizuna eta destinoa aldatzea ere. Horren ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak 50 lanpostu berri horiek onartu ditu, eta Pertsonalaren Eranskinean sartuta daude.

Plaza horietako berrogeita bederatzi Hezkuntza Laguntzako espezialisten kategoriari dagozkio, eta horietako bat Zeinu-hizkuntzako interpreteen kategoriari. Azken lanpostu hori langile mugagabe ez-finko bat deklaratzen duen epaia betearazteko sortu da, eta, beraz, lanpostu eta dotazio jakin bat eman behar zaio, hizkuntza-eskakizunaren eta destinoaren ezaugarriak betetzen dituena, identifikatutako lanpostua arauz bete arte bete dezan.

Bestalde, plaza batzuen hizkuntza-eskakizuna aldatu beharra ikusi da, Berritzegune jakin batzuetan ez baitago hizkuntza-eskakizun horrekin bete beharreko beharrik.

Azkenik, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak ekainaren 13an eman zuen 1/2016 Jarraibidearekin bat, zerrendan barneratzen diren hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostu sortu berriak betetzeko, jadanik sortuta daudenak bezala, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria jasotzea lanpostu horiek eskuratzeko eskakizun gisa barneratu behar da.

Horren ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko apirilaren 20an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrendan egindako aldaketak (uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuaren bidez onetsi zen zerrenda hori). Aldaketak dekretu honen eranskinetan jasota daude: I. eranskinean (50 lanpostu berriren sorrera), eta II. eranskinean (2 lanposturen ezaugarrien aldaketa).

Bigarren artikulua.– I. eranskinean ageri diren lanpostuak betetzeko araubidea lekualdatze-lehiaketa da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Gobernu Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko apirilaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala