Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2021eko maiatzaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
2484

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 13koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Energiaren Euskal Erakundearen eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren arteko kudeaketa-aginduaren erabakia, erakunde horrek kudeatutako laguntzen programen itzulketak betearazpen-bidean biltzeko.

Aipatutako kudeaketa-aginduaren erabakia sinatuta, dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Energiaren Euskal Erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren arteko kudeaketa-aginduaren erabakia, erakunde horrek kudeatutako laguntzen programen itzulketak betearazpen-bidean biltzeko. Ebazpen honi erantsi zaio.

Bilbao, 2021eko apirilaren 13a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.

KUDEAKETA-AGINDUAREN ERABAKIA, ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO EKONOMIA ETA OGASUN SAILAREN ARTEKOA, ERAKUNDE HORREK KUDEATUTAKO LAGUNTZEN PROGRAMEN ITZULKETAK BETEARAZPEN-BIDEAN BILTZEKOA
PARTE-HARTZAILEAK

Batetik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari legez, Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan eta Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bestetik, Iñigo Ansola Kareaga jauna, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) zuzendari nagusia den aldetik, Energiaren Euskal Erakundea sortu zuen azaroaren 24ko 9/1982 Legearen 7. artikuluak emandako eskumenen arabera.

Bi alderdiek erabakia sinatzeko lege-gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri, eta, horren ondorioz, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– EEE zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta Eusko Legebiltzarraren azaroaren 24ko 2/1982 Legearen bidez sortu zen; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dago, eta bere kargura du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-arloko jarduketen eta jardueren plangintza, koordinazioa eta kontrola, Eusko Jaurlaritzaren jarraibideekin bat etorriz eta bere eskumenen eremuan. Nortasun juridiko bereizia du eta ondare propio eta desberdina du.

Bigarrena.– EEEren eginkizunen artean daude energia berriztagarriak sustatzeko jarduketak sustatzea eta energia-efizientzia bultzatzea, laguntza eta dirulaguntzen bidez; jarduera hori administrazio-zuzenbidearen mende geratzen da.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza-programen ondorioz itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartzen dira, eta EEEk ez du baliabide nahikorik bere gain hartzeko kudeatzen dituen programetan emandako laguntzen itzulketen ondoriozko zuzenbide publikoko diru-sarreren premiamendu bidezko kobrantza. Hori dela eta, behar diren baliabideak dituen eta horretan espezializatuta dagoen erakunde bati egin behar zaio jarduera hori egiteko agindua.

Laugarrena.– Ekonomia eta Ogasun Sailak, betearazpen-bidean biltzeko eskumena duen Zuzendaritzaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko diru-sarrerak epe exekutiboan biltzeko eginkizuna du. Hori egiteko ahala ematen diote Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamenduak (aurrerantzean, Diru-bilketarako Erregelamendua) eta Sail honen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretuak.

Bosgarrena.– Ekonomia eta Ogasun Sailaren antolamendua eta bitartekoak nahikoak dira aurretik aipatu diren EEEren beharrei erantzuteko, behar besteko eraginkortasun, bizkortasun eta arrazionalizazio administratiboarekin. Alde batetik, nahitaezko diru-bilketan laguntza ematen dioten erakundeen sare bat dauka, eta, bestetik, epe exekutiboan sarrerak automatikoki erregistratu eta kobratzeko sistema informatikoa ezarrita dauka («Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integrala» izenekoa). Horrenbestez, egokia da Sail honi egitea EEEk kudeatzen dituen laguntza-programen ondoriozko kredituak epe exekutiboan biltzeko kudeaketaz arduratzeko agindua.

Seigarrena.– Kudeaketa-agindu honen gaineko eskumena Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak aitortzen du modu generikoan, honako hau zehaztean: «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Zazpigarrena.– Azaldutako arrazoiak oinarri hartuta, EEEk eta Ekonomia eta Ogasun Sailak erabaki hau sinatzea adostu dute, EEEk kudeatzen dituen laguntza-programen ondoriozko kredituen epe exekutiboko bilketa Ekonomia eta Ogasun Sailaren organoen bidez egiteko, eta hark, hala badagokio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 40.4 artikuluak aipatzen dituen erakunde publiko edo pribatuen laguntzarekin, kreditu horien nahitaezko bilketaren kudeaketa materiala honako hauen arabera egingo du:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Erabakiaren xedea eta araubide juridikoa.

Ekonomia eta Ogasun Sailak bere gain hartuko du EEEk kudeatzen dituen laguntzen itzulketen bilketa exekutiboaren kudeaketa, EEEk agindua egiten dionean, eta, horretarako, haren alde dituen kredituen nahitaezko bilketaren kudeaketa materiala egingo du.

Erabakian aurreikusitako zerbitzu-emate eta informazio-trukeek honako araudi hauek bete behar dituzte:

a) 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendua eta berau garatzeko eman diren edo eman daitezkeen gainerako xedapenak.

c) Aurrekontuen 47/2003 Lege Orokorra, azaroaren 26koa, eta Tributuen 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa, oinarrizko izaera duten edo Euskal Autonomia Erkidegoan zuzenean aplikatu behar diren puntuetan.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

e) Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

f) Oro har, zerga-bilketa kudeatzeko arloan aplikagarri den indarreko arautegia.

g) 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

h) Erabaki honen klausulak.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Erabaki honen xede den eskubideen nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa Estatu osoan egingo da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko izaera publikoko eskubideen nahitaezko diru-bilketa egiteko erabiltzen diren informazio-baliabide eta prozedura tekniko berberak erabiliko dira.

Hirugarrena.– Alderdien betebeharrak.

Agindu bidez egin beharreko kudeaketa materiala honako jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean zehaztuko den hedadurarekin.

1.– EEEren erakunde eskudunari honako hauek dagozkio:

a) Biltzekoak diren zorren likidazioa dela-eta jartzen diren errekurtsoak eta bestelako gorabeherak ebaztea.

b) Premiamendu-probidentziak egitea eta haien kopiak bidaltzea diru-bilketa betearazpen-bidean egiteko eskumena duen Zuzendaritzari, kasuan kasuko pertsona eta erakunde zordunen zerrendarekin batera.

c) Premiamendu-probidentzien aurka jarritako berraztertze-errekurtsoak ebaztea, baita aurkaratutako egintza eteteko eskabideak tramitatu eta ebaztea ere, diru-bilketa betearazpen-bidean egiteko eskumena duen Zuzendaritzari horren berri emanez (bermerik jarri bada, zenbatekoa izan den ere adierazi).

d) Kreditu kobraezinen deklarazioak adostea Diru-bilketarako Erregelamenduaren arabera.

e) Bidegabe kobratutako kopuruak itzultzea, horrela dagokionean.

f) Erabaki honen xede diren eta lehiaketa-prozesuari lotuta dauden errekurtsoei buruzko kobrantza-eskubideen defentsa egitea.

g) Onartu dituen egintzei eragiten dieten epai judizialak betearaztea.

2.– Ekonomia eta Ogasun Sailari dagokio:

a) Aurreko puntuan aipatu ez diren premiamendu-prozedurako jarduerak gauzatzea.

b) EEEk emandako premiamendu-probidentziak jakinaraztea zordunei eta emaitzarik ekarri ez duten jakinarazpenak ediktu bidez argitaratzea.

c) Enbargoekin eta gainerako izapide materialekin lotutako premiamendu-prozedurako jarduerak gauzatzea, horrela dagokionean, zorrak kobratzeko beharrezkoak diren enbargo-izapideak eginez, jakinaraziz eta haien aurka jarritako berraztertze-errekurtsoak ebatziz.

d) Enbargatu daitezkeen zordunen ondasun, kreditu eta eskubideen gaineko informazioa eskatzea beste administrazio, finantza-erakunde eta erregistro publiko batzuei.

e) Bermeak betearaztea Diru-bilketarako Erregelamenduaren arabera.

f) Atzerapen- eta zatikatze-eskaerak ebaztea epe exekutiboan eta EEEri ebazpen horien berri ematea.

g) Premiamendu-bidean bildutako zordunketen berandutze-interesak likidatzea.

h) Kreditu kobraezinen deklarazioak eta birgaitzeak proposatzea.

i) Premiamendu-prozeduran eska daitezkeen hirugarrengotzak ebaztea.

j) Premiamendu-prozedura bertan behera uzteko eskaerak izapidetu eta ebaztea ordainketak egitera behartuta daudenek jarritako erreklamazio ekonomiko-administratiboetan.

k) Egin beharreko jarduerak egin ostean, EEEri proposatzea erantzukizun solidario edo subsidiarioa ondorioztatzen den administrazio-egintza emateko, diru-bilketa betearazpen-bidean egiteko eskumena duen Zuzendaritzak, EEEren eskubide publikoko zor bat biltzeko prozeduraren barruan, erantzukizuna ondorioztatu daitekeen kasuren baten berri duenean.

l) Zorren nahitaezko diru-bilketa gauzatzeko beharrezkoa den beste edozein.

3.– Alderdiak koordinatzea: interesdunek organoetako edozeinetan egindako jardunak edo aurkeztutako agiriak organo hartzaileak onartuko ditu eta organo eskudunari jakinarazi edo bidaliko zaizkio.

Laugarrena.– Prozedura.

1.– Diru-bilketaren kudeaketa hastea.

Zorrak borondatez ordaintzeko epeak kasuan kasuko zorrak ordaindu gabe igarotzen direnean, eskumena duen EEEko organoak egingo ditu premiamenduzko administrazio-prozedura abiatzeko beharrezkoak diren exekuzio-tituluak, Diru-bilketarako Erregelamenduaren arabera eta gutxienez erregelamendu horretan zehaztutako datuak jasoz.

Erreklamaziorik egin behar izanez gero, EEEk hilean behin bidaliko dio Ekonomia eta Ogasun Sailari, honek zehaztutako bitartekoak erabilita, premiamendu-probidentzia duten zorrak jasotzen dituen fitxategi bat, eta, onartu aurretik, diru-bilketa betearazpen-bidean egiteko eskumena duen Zuzendaritzako zerbitzuek aldez aurretik balioztatuko dute bidalketaren edukia. Fitxategi horren ezaugarri teknikoek bat egin beharko dute Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralean ezarritakoekin.

Ezingo dira bidali 12 euro baino gutxiagoko zorrak. Era berean, ez dira onartuko Diru-bilketarako Erregelamenduan eskatutako datuak ez dituzten zorrak, preskribatuta daudenak eta kudeaketa-agindu honetatik kanpoko beste eremu batzuekin lotuta daudenak.

Datuak zuzenak ez badira, horrek izan ditzakeen ondorioen erantzulea agindugilea bera izango da, baldin eta ondorio horiek EEEri egotzi ahal zaizkion akatsengatik badira.

Diru-bilketa betearazpen-bidean egiteko eskumena duen zuzendaritzak izapidetuko du zor horiek betearazpen-bidean biltzeko prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

Behin zorrak biltzeko kudeaketa amaituta, bildutako zenbatekoa EEEren kontura transferituko da, hilero: ES25 2095 0611 0120 0024 9615.

2.– Atzerapenak eta zatikatzeak.

Diru-bilketa betearazpen-bidean egiteko eskumena duen zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zorrak kobratzeko aplikatzen dituen denborazko irizpide eta irizpide kuantitatibo berberei jarraituz emango dira. EEEri atzerapen-eskabideak aurkezten zaizkionean, diru-bilketa betearazpen-bidean egiteko eskumena duen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio eskabideok, gehienez ere eskaera aurkeztu denetik hamar egun naturaleko epean.

3.– Prozeduraren kostuak.

Premiamendu-prozeduraren kostutzat hartzen dira zerga-bilketako jardunaren ondorioz sortzen diren gastu guztiak, Diru-bilketarako Erregelamenduan zehaztutako moduan.

Eragindako kostuak, zordunei kobratu ezin zaizkienean, EEEren kontu geratuko dira; zehazki, hilero EEEren kontura egin beharreko transferentziatik kenduko dira.

4.– Prozedura etetea.

Errekurtsoak eta erreklamazioak jartzeagatik prozedurak etengo diren kasuak eta baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zorretarako berberak izango dira.

5.– Premiamendu-errekargua aldatzea.

Premiamendu-probidentzian premiamendu-errekargu arrunta likidatu denean, eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 40 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera, errekargu exekutiboa aplikatu behar denean, Ekonomia eta Ogasun Sailak murriztu egingo du hasieran likidatutako errekargua.

Bosgarrena.– Datuen babesaren alorreko betebeharrak.

Ekonomia eta Ogasun Sailak sarbidea izango du EEEk bidaltzen dizkion eta diru-bilketarako garrantzia duten datuetara, erabaki honetan ezartzen dena betetzeko, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 95.1.b) artikuluak xedatzen duenaren babesean.

Nolanahi ere, agindua jaso duena izango da kudeaketa-agindua egiteko eskuratu ditzakeen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatuta dagoena aplikatuko zaio. Ondorio horietarako, arduradunak eman beharreko tratamendua erabaki honekin batera sinatzen den konfidentzialtasunaren eta datuen tratamenduaren kontratu-ereduak arautuko du.

Seigarrena.– Zerbitzuaren kostua.

Kudeaketa-agindu honetan zehaztutako diru-bilketako zerbitzua epe exekutiboan emateagatik, Ekonomia eta Ogasun Sailak bildutako zenbateko osoaren % 14 jasoko du konpentsazio ekonomiko gisa, prozedurako kostu gisa bildutako kopuruak albo batera utzita.

Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Sinatutako erabakiaren jarraipena egiteko batzorde bat eratuko da alderdi sinatzaileen ordezkariekin. Batzordeak erabakiarekin lotutako betebeharrak behar bezala betetzen direla zainduko du eta beharrezkoak diren neurri eta zehaztapen tekniko guztiak ezarriko ditu egin beharreko jarduerak behar bezala egingo direla bermatzeko. Era berean, eskumena izango du agindu-erabaki honen xedapenak interpretatzean eta betetzean sor litezkeen eztabaida, zalantza eta auzi guztiak aztertu eta ebazteko.

Batzordea alderdietako batek hala eskatuta bilduko da, behar beste aldiz, erabakia aplikatzeak eragin ditzakeen zalantzak edo zailtasunak argitzeko, edo hura abian jartzeko behar diren hobekuntza operatiboak sartzeko.

Jarraipen-batzordeak, funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokienez, klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoari jarraituko dio.

Zortzigarrena.– Eskumenaren titulartasuna.

Kudeaketa-agindu honen bidez ez da lagako eskumenen gaineko titulartasunik, ezta horiek erabiltzeko funtsezko elementurik ere.

Bederatzigarrena.– Indarraldia.

Kudeaketa-aginduaren erabaki hau 2022ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Aldi hori amaitzean, isilbidez urtebete gehiagorako luzatzen dela ulertuko da, hura iraungi baino gutxienez sei hilabete lehenago berariaz salatu ezean. Era berean, azkendu ahalko da, baldin eta alderdietako batek erabaki honi jarraikiz hartu dituen konpromisoak betetzen ez baditu.

Bi alderdiek dokumentu honen edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-agindua formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

Baimena ematen dutela adierazteko, alderdiek erabaki hau formalizatzeko bi (2) aleak sinatu dituzte, goiburuan ageri diren lekuan eta egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 25a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala