Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2021eko apirilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2427

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 19koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalako estaturako gaikuntza duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenaren bidez bete ditzaketen izangaien zerrenda bat osatzeko hautaketa-prozesua egiteko sinatutako kudeaketa-gomendioa.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaritzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak (IVAP) kudeaketa gomendio hori sinatu dute; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, hau

EBAZTEN DUT:

Artíkulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaritzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak (IVAP) Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalako estaturako gaikuntza duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenaren bidez bete ditzaketen izangaien zerrenda bat osatzeko hautaketa-prozesua egiteko sinatutako kudeaketa gomendioa. Hitzarmen horren testua honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 19a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.

ERANSKINA
Kudeaketa-gomendioaren Akordioa, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio-erregistroetako Zuzendaritzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa, Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalako estaturako gaikuntza duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenaren bidez bete ditzaketen izangaien zerrenda bat osatzeko hautaketa-prozesua egiteari buruzkoa
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Miren Josune Irabien Marigorta andrea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria.

Eta bestetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendaria.

HONAKO HAU AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92. bis) artikuluko lehen apartatuaren arabera –Toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako testuan–, beharrezkoak dira funtzio publiko hauek toki-korporazio guztietan, eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat dago gordeta haren administrazio-erantzukizuna: idazkaritza, fede publikoa eta aginduzko lege-aholkularitza ematea; finantza- eta ekonomia-kudeaketa eta aurrekontuen kudeaketa kontrolatzea eta barrutik fiskalizatzea; eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa.

Bigarrena.– Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen eskala honako azpieskala hauetan banatzen da:

a) Idazkaritza: fede publikoa eta aginduzko lege-aholkularitza ematea.

b) Kontu-hartzailetza Diruzaintza: finantza- eta ekonomia-kudeaketa eta aurrekontuen kudeaketa kontrolatzea eta barrutik fiskalizatzea; eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa.

c) Idazkaritza Kontu-hartzailetza: aurreko bi azpieskalei dagozkien eginkizunak.

Hirugarrena.– Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak 53. artikuluan ezartzen duenaren arabera, toki-korporazioak aurrez hautatutako funtzionariorik proposatzen ez badu, autonomia-erkidegoek Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapen bidez betetzeko hautagaien zerrenda osatu ahalko dute euren lurralde-eremuan. Errege-dekretu horren manuek oinarrizko arauen izaera dute, azken xedapenetako lehenengoarekin bat etorriz. Hautagaien zerrenda osatzeko, autonomia-erkidegoak gaitasun-proben deialdia egin dezake, betiere berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak errespetatuta.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.l) artikuluak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren esku uzten du toki-araubideari buruzko egitekoa.

Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuak aurreikusten dituen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren eskumenen artean, 11. artikuluko honako hauek daude: toki-araubidearen arauak koordinatu eta prestatzea –a) letra–; autonomia-erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki-araubidearen gaiak aztertzea, horiei buruzko aholkuak eman, txostena egin eta ebaztea –c) letra–; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen eta organismo autonomoen eta foru- eta toki-administrazioaren arteko lankidetza- eta harreman-politika sustatu eta zaintzea –d) letra–.

Bosgarrena.– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 61.4 artikuluak (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) ezartzen du administrazio publikoek organo espezializatu eta iraunkorrak eratu ahal izango dituztela hautaketa-prozesuak antolatzeko, eta administrazio publikoen institutu edo eskolen gomendio utzi ahal izango dituztela zeregin horiek.

Seigarrena.– Hori jasota dago Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean. Hain zuzen ere, 29. artikuluak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako organismo autonomo administratiboa –lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6.2 artikulua–) esleitzen dio hautaprobak homogeneizatzeko zeregina, aipatzen baitu EAEko administrazio publikoen zerbitzupeko langileak aipatu institutuaren bidez hautatu ahalko direla, dagokion hitzarmena sinatuta.

Zazpigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen arabera (4.2 artikulua), erakunde horren xedeetako bat da beste administrazio publikoren batek edo ordenamendu juridikoek eskatzen dizkieten funtzionarioak hautatzea. Izan ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak berretsi egiten du hori 2. artikuluan, non ezartzen baitu erakunde horren egitekoak izango direla bai EAEko beste administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea –b) letra– baldin eta erakundearen gomendio uzten badute, bai Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko langileak hautatu eta prestatzea–c) letra–.

Zortzigarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 11. artikuluko lehen apartatuaren arabera, administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezkeela efikaziagatik edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez izateagatik, baldin eta jarduera horiek gomendio-egilearen eskumenen barruan badaude; hirugarren apartatuak, bestalde, honako hau dio: «kudeaketa-gomendioa administrazio berekoak diren administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarrita dagoen bezala formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten zuzenbide publikoko organo edo entitateek espresuki hartutako akordioari begiratuko zaio. Nolanahi ere, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna eta ebazpena, efikazak izan daitezen, Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean edo probintziakoan argitaratu beharko dira, gomendioa egiten duen organoa zein administraziotakoa den kontuan hartuta».

Bederatzigarrena.– Aurreko guztia ikusita, eta eraginkortasun-arrazoiengatik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eskatu dio lan-poltsak osatzera bideratutako hautaketa-prozesuaren kudeaketan beharrezkoak diren jarduketa materialak eta teknikoak egiteko. Lan-poltsa horietan, Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuetako bitarteko funtzionarioak izendatzeko hautagaiak egongo dira.

Horregatik guztiagatik, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabaki dute kudeaketa-gomendio honen akordioa sinatzea. Klausula hauei jarraituko zaie:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren esparruan erabaki dute aipatu erakundeak egin ditzala, eraginkortasun-arrazoiengatik, lan-poltsak osatzera bideratutako hautaketa-prozesuaren kudeaketan beharrezkoak diren jarduketa materialak eta teknikoak. Lan-poltsa horietan, Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuetako bitarteko funtzionarioak izendatzeko hautagaiak egongo dira.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendioaren irismena.

Gomendioko kudeaketa materiala honako jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean zehaztuko den irismenarekin:

1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea:

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hautaketa-prozedura bat prestatzeko eta gauzatzeko behar diren jarduketa materialak edo teknikoak egingo ditu. Gomendioko kudeaketa materialak honako jarduera hauek hartzen ditu barnean:

a) Hautaprobetan parte hartzeko eskabideak jasotzea.

b) Hauek onartzeko ebazpen-proposamenak egitea: onartutako eta baztertutakoen zerrendak eta, baztertutakoen zerrendarekin batera, baztertzeko arrazoiak.

c) Hautaketa-sistema osatzen duten proben eta prestakuntza-ikastaroaren garapen materialerako behar den operatiboa kudeatzea.

d) Deialdietan eskatutako gaitasuna eta baldintzak eta, hala badagokio, balioetsi behar diren merezimenduenak ere betetzen direla egiaztatzen duten agiriak jasotzea.

e) Desgaitasun funtzionala duten pertsonei arreta emateko beharrezkoak diren jarduketak egitea.

f) Hautagaiak trebatzeko prestakuntza-modulua antolatzea (hala badagokio).

g) Kudeaketa-gomendioan utzitako hautaketa-prozesuko jarduerekin zerikusia duen beste edozein izapide egitea, betiere, eskumenaren titulartasuna aldatzen ez bada eta, eskumen hori gauzatzean, funtsezko elementuak aldatzen ez badira.

h) Hautaketa-prozesua eraginkortasunez eta berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak ez ezik datu pertsonalei buruz indarrean den araudia ere errespetatuz egiteko bitartekoak gaitzea.

i) Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari gauzatzen diren jarduketen berri ematea eta Zuzendaritzak gomendioaren xedeari buruz eskatzen duen informazio oro ematea.

2.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari igorriko dio behar duen informazioa, eta prozesua behar bezala gauzatzeko behar adina laguntza emango du.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

IVAPen helburuak kontuan hartuta (uztailaren 27ko 16/1983 Legean eta urriaren 16ko 200/2012 Dekretuan daude jasota, eta lehen aipatu dira), gomendioaren xede den kudeaketa materialak eragindako gastuak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen kargura izango dira. Gastu horiek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen 1216 aurrekontu-programaren kargura finantzatuko dira, eta gauzatzen diren unean indarrean dauden aurrekontu-zehaztapenen mende egongo dira.

Laugarrena.– Indarrean jartzea.

Akordioa sinatzen denetik aurrera jarriko da indarrean, eta indarrean jarraituko du harik eta gomendioan utzitako kudeaketa materialerako hautaproben deialdiak egin arte.

Bosgarrena.– Titulartasuna.

Kudeaketa-gomendioak ez dakar eskumenaren titulartasuna eta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.

Seigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Kudeaketa-gomendioa gauzatzeko behar den datu pertsonalen tratamendua egitean, erabat errespetatuko dira hauek: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, pertsona fisikoak babesteari buruzkoa datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 11.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, erabaki honen bidez formalizatzen den kudeaketa-gomendioaren esparruan, entitate gomendio-egilea izango da datuen tratamenduaren arduraduna (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza); entitate gomendio-hartzailea, berriz, tratamendu-eragilea (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea), hau da, kudeaketa-gomendioa gauzatzean eskura ditzakeen datu pertsonalak tratatzeko ardura izango du, I. eranskinean jasotako moduan.

Zazpigarrena.– Erantzukizuna.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren erantzukizuna da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzaren oinarri diren edo bertan sartzen diren egintza edo ebazpen juridikoak ematea.

Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUA ENKARGATZEA
1.– Tratamenduaren arduradunaren eta tratamendu-eragilearen identifikazioa.

Tratamenduaren arduraduna: entitate gomendio-egilea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

Tratamendu-eragilea: entitate gomendio-hartzailea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP)

Tratamendua: estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzea.

2.– Tratamendu-enkarguaren xedea.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) gomendio utzi du lan-poltsak osatzera bideratutako hautaketa-prozesuaren kudeaketan behar diren jarduketa materialak eta teknikoak egitea. Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak bitarteko funtzionarioen bidez betetzeko erabiliko dira lan-poltsa horiek.

Klausula hauen bitartez, tratamendu-eragilea (IVAP) gaitu da arduradunaren kontura trata ditzan gomendioan utzitako lanak betetzeko behar diren datu pertsonalak, eta, zehazki, tratamendu-eragiketa hauek gauzatu ditzan:

a) Hautaketa-prozesuan parte hartzen duten pertsonen dokumentazioa jaso eta izapidetzea: onarpen-eskaerak, deialdian eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak, balioetsi beharreko merezimenduen egiaztagiriak, alegazioak, erreklamazioak eta errekurtsoak.

b) Epaimahai kalifikatzaileak osatuko duten pertsonen izendapena izapidetzea, bai eta epaimahaiko aholkulariena eta prestakuntza-ikastaroko irakasleena ere.

c) Hautaketa-prozesuko faseetan sortutako zerrendak egin eta argitaratzea; honako hauek, zehazki: merezimenduen balioespena eta hautaproben emaitzak, baita prestakuntza-ikastaroarenak ere.

3.– Eraginpeko informazioa identifikatzea.

Enkargu honetatik eratorritako prestazioak gauzatzeko, honako datu hauek tratatuko ditu eragileak:

a) Identifikazio-datuak.

b) Ezaugarri pertsonalak.

c) Ikasketei eta lanbideari buruzko datuak.

d) Enpleguari eta administrazio-karrerari buruzko datuak.

e) Datuen kategoria bereziak: osasuna.

4.– Iraupena.

Tratamenduaren enkargu honek dagokion kudeaketa-gomendioaren iraupen bera izango du.

IVAPek datuak biltegiratuko ditu bere gomendio utzi diren lanak amaitu eta entitate eskatzaileak jasotzen dituen arte.

Tratamenduaz arduratzen den entitateak IVAPi jakinaraziko dio noiz ematen den enkargua amaitutzat. Jakinarazi ezean, IVAPek tratamenduaren arduradunari itzuli beharko dizkio bere esku dituen datu guztiak, bai eta tratamenduaren xede diren datu pertsonalak dituzten dokumentuak eta euskarriak ere. Urtebete izango du horretarako, azken jarduketa gauzatzen denetik aurrera.

Datuak itzuli ondoren, IVAPek ziurtagiria bidaliko dio tratamenduaz arduratzen den entitateari.

Hala ere, datu pertsonalen tratamenduaren enkargua bukatzean, sekretu-eginbeharrak indarrean jarraituko du, denbora-mugarik gabe, gauzatzean parte hartu duten pertsona guztientzat.

5.– Tratamendu-eragilearen betebeharrak.

Tratamendu-eragileak honako betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

a) Tratatu beharreko datu pertsonalak edo kargatzeko bildutakoak enkargu honetan aipatutako xederako soilik erabiltzea. Inola ere ezin izango ditu datuak bere helburuetarako erabili.

b) Tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideen arabera tratatuko ditu datuak, eta ezingo dira aplikatu edo erabili beste ezein helburutarako.

c) Daturik ez komunikatzea hirugarrenei, tratamenduaren arduradunak berariaz baimena eman ez badio, legez onargarriak diren kasuetan.

d) Isilpean gordetzea eskuratzen dituen datu pertsonalak –datu horiek gordetzeko betebeharrak bere horretan iraungo du tratamenduaren ardura duen entitatearekiko harremanak amaitu ostean ere–.

e) Datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu pertsonalak dituzten euskarriak tratamenduaren arduradunari itzultzea, eta, prestazioa ematen amaitu ostean, kopiak suntsitzea.

f) Bermatzea datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek berariaz eta idatziz hartzen dutela konfidentzialtasuna errespetatzeko konpromisoa. Eta, horretaz gain, tratamenduaren arduradunaren eskura izango ditu hori egiaztatzeko agiriak.

g) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonen datu pertsonalak babesteko behar den prestakuntza bermatzea.

h) Tratamenduaren arduradunari laguntzea interesdunek datuak babesteko araudian aurreikusitako eskubideak baliatzeari erantzuna ematen. Berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari ukitutako pertsonek tratamendu-eragilearen aurrean beren eskubideak baliatzen badituzte.

i) Segurtasun-urraketak jakinaraztea tratamenduaren arduradunari, bidegabeko atzerapenik gabe eta, betiere, 72 orduko gehieneko epea baino lehenago, eta gorabehera dokumentatzeko eta komunikatzeko garrantzitsua den informazioa helaraztea. Ez da beharrezkoa izango jakinaraztea, baldin eta gertagaitza bada segurtasun-urraketak arriskurik ekartzea pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako.

j) Hala dagokion kasuetan, tratamenduaren arduradunari laguntzea datuen babesari buruzko eragin-ebaluazioak egiten, baita kontrol-agintaritzari aurretiko kontsultak egiten ere.

k) Tratamenduaren arduradunaren esku jartzea betebeharrak bete izana egiaztatzeko behar den informazio guztia, baita kasuan kasuko auditoretzak edo ikuskapenak egiteko behar den informazioa ere.

Tratamendu-eragileak datu horiek beste xede baterako erabiltzen baditu, edo beste baten esku uzten baditu, edo dokumentu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, hura ere tratamenduaren arduraduntzat joko da, eta bera izango da egon litezkeen arau-hausteen erantzule.

6.– Segurtasun-neurriak.

Tratamendu-eragileak segurtasun-neurri hauek ezarri beharko ditu: Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasuneko Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinekoak (Segurtasun-neurriak) eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Korporatiboaren Batzordeak (GureSek) ezarritakoak.

Edonola ere, helburu hauetarako mekanismoak ezarri beharko ditu:

a) Datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datu horien aldaketa, galera eta baimenik gabeko erabilera edo eskuratzea eragozteko behar diren neurri teknikoak eta antolakuntza-neurriak izateko.

b) Tratamendu-zerbitzu eta sistemen konfidentzialtasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta erresilientzia bermatzea.

c) Datu pertsonalen erabilgarritasuna eta sarbidea berehala leheneratzea, gorabehera fisikorik edo teknikorik gertatuz gero.

d) Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko ezarritako neurri teknikoen eta antolakuntzakoen efizientzia aldizka egiaztatu, ebaluatu eta balioestea.

e) Datu pertsonalak izenordetzea eta zifratzea, hala badagokio.

7.– Tratamenduaren arduradunaren betebeharrak.

Tratamenduaren arduradunak betebehar hauek ditu:

a) Datu pertsonalen tratamenduaren enkarguko datuak ematea tratamendu-eragileari.

b) Tratamendu-eragileak datuak tratatzen dituenean, eta aurretik ere, erabat errespetatuko ditu bi arau hauek: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

c) Tratamendua gainbegiratzea.

8.– Tratamenduaren azpienkarguak.

IVAPek ezin izango du zerbitzu hori azpienkargatu, baldin eta entitate eskatzailearen baimena lortu ez badu horretarako.

Azpieragileak tratamendu-eragilearen izaera du, eta berak ere bete beharko ditu dokumentu honetan tratamendu-eragilearentzat (IVAP) ezarritako betebeharrak eta tratamenduaren arduradunak ematen dituen jarraibideak.

Hasierako eragilearen (IVAP) ardura da harreman berria arautzea, berak dituen baldintza eta betekizun formal berak izan ditzan azpieragileak, datu pertsonalak egoki tratatzeari eta ukitutako pertsonen eskubideak bermatzeari dagokionez.

Azpieragileak baldintza eta betekizun horiek bete ezean, hasierako eragileak (IVAP) jarraituko du erabateko erantzukizuna izaten tratamenduaren arduradunaren aurrean, betebeharrak betetzeari dagokionez.

Hori guztia, honako hauek betez: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.


Azterketa dokumentala