Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2021eko apirilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2412

2/2021 FORU DEKRETU-ARAUA, martxoaren 23koa, COVID-19arekin zerikusia duten aparteko zerga neurri gehigarriak ezarri eta jarduera ekonomikoa berrabiarazten eta digitalizatzen laguntzeko beste neurri batzuk onesten dituena.

SARS-Cov-2 birusak eragindako osasun larrialdiak denboran irauteak berekin ekarri zuen 2020. urtearen amaieran lehendakariak neurri murriztaileak ezartzea abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren bidez. Dekretu horretan testu bakar batean biltzen eta eguneratzen dira alarma egoeraren deklarazioaren eremuan egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko hartu ziren prebentzio neurri espezifikoak. Haren edukia hiru dekretu hauek aldatu dute gero: abenduaren 22ko 47/2020 Dekretua, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretua eta urtarrilaren 22ko 4/2021 Dekretua.

Neurri murriztaile horiek 2021eko lehen hilabeteetan iraun badute ere, kutsatze mailaren eragina gutxitu dela eta, SARS-CoV-2aren intzidentzia txikiagora egokitu dira martxotik aurrera.

Horrela, lehendakariak martxoaren 6ko 13/2021 Dekretua onartu du, hain zuzen ere prebentzio neurri espezifikoak 2021ean testu bakar batean lehen aldiz bateratu eta eguneratzen dituena, alarma egoeraren deklarazioaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Dekretu horren neurriak 2021eko martxoaren 9ko 00:00etan jarri dira indarrean.

Guztiarekin ere, osasun krisialdia 2021eko lehen hilabeteetako jarduera ekonomikoan izaten ari den eragin negatiboari aurre egite aldera, beharrezko gertatzen da neurriak hartzea, zerga arlokoak kasu honetan, ondorio kaltegarriak arintzeko. Neurri horiek, gainera, planteatu behar dira ekonomikoa derrigorrez suspertzeko ikuspegitik.

Alde horretatik, gogora ekarri beharra dago Foru Aldundiak abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Araua onartu zuela, hain zuzen ere, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoa. Bertan hainbat neurri jasotzen ziren 2021. urterako, bai malgutze neurriak bai ekonomia suspertzekoak. Hori hala izanik ere, COVID-19aren eraginaren egungo egoeraren aurrean, egoki iritzi da jarduera ekonomikoen titularrentzat konpentsazio neurriak planteatzea. Neurri horiek foru dekretu-arau honen 6 artikuluetan eta bi xedapen gehigarrietan jasotzen dira.

Horrela, foru dekretu-arauaren 1. artikuluak bertan behera uzten du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2021. urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak egiteko obligazioa.

2. artikuluak neurriak ezartzen ditu COVID-19agatik bereziki kaltetuta gertatu diren jarduera ekonomikoak garatzen diren lokalen errentamenduei laguntzeko. Horrela, 2021. urterako, alokairuaren errentan adostutako beherapena gastu kengarria izango da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga oinarrian, betiere baldin eta errentariak jarduera ekonomikoak egiten baditu.

Kapital higiezinaren eta kapital higigarriaren etekin garbiak zehazteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarrita dauden mugak kontuan hartuta –haien arabera, etekin garbia ezin da izan negatiboa, higiezin bakoitzeko–, aurreikusten da kenkari gehigarri bat aplikatzea kuota osoan, hain zuzen ere, zerga oinarrian gastu gisa kendu ezin izan den beherapenaren 100eko 15ekoa.

Kenkari hori aplikatu ahal izateko, hainbat baldintza bete behar dira. Zehazki, errentatzaileak gutxienez hiru hilabetez mantendu behar du, 2021ean zehar, alokairuaren errentan bere borondatez adostutako beherapena. Orobat, errentariak edo hirugarrenek debekatua dute beherapen hori geroago konpentsatu edo berreskuratzea hurrengo epealdietako errentak igoz, beste prestazio batzuk ezarriz edo beste edozein eratako kontraprestazio bidez.

Bukatzeko, kenkari hori ez da aplikatuko errentatzailea eta errentaria lotuta daudenean edo ahaidetasun harreman bat dutenean.

3. artikuluak, bere aldetik, 100eko 10eko kenkari berezi bat ezartzen du COVID-19agatik kaltetuta gertatu diren jarduera ekonomikoak berrabiarazten laguntzeko. Zehazki, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari, sozietateen gaineko zergari edo establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotuta dauden eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldian inbertsio jakin batzuk egiten dituzten zergadunek aplika dezakete kenkari hori.

Kengarriak izan daitezen, inbertsio horiek helburu hauek eduki behar dituzte: instalazioak egokitzea bertako edukierak kontrolatzeko, erreserbak kudeatzea, COVID-19aren transmisioa saihesteko beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatzea, edo instalazioak edo zerbitzuak emateko bitartekoak berritu edo eguneratzea, presentzialki zein urrutitik, bere jardueran zergadunak baliatzen dituen bitartekoen erabilera optimizatzeko.

4. eta 5. artikuluek TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen borondatez betetzea bultzatu nahi dute.

Nahiz eta azaroaren 6ko 3/2020 Foru Arauak, iruzur fiskala eragozteko lanabes teknologikoak erabili beharra ezartzen duenak, jasota uzten duen TicketBAI betebeharraren derrigortasuna 2022ko urtarrilaren 1ean hasiko dela, ahaztu gabe, betiere, abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuak, TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamendua onesten duenak, xedapen iragankor bakarrean aurreikusitako egutegia, aipatutako 3/2020 Foru Arauak zerga onurak aurreikusten ditu 2020. urtetik aurrera TicketBAI betebeharra ezartzeko behar diren gastu eta inbertsioak egiten dituzten zergapekoentzat.

Horrela, foru dekretu-arauaren 4. artikuluak zerga onura horiek igotzen ditu TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen hasten bada borondatez betetzen. Izan ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasota dagoen kenkaria, gorago aipatutako 3/2020 Foru Arauaren 1.Bigarren artikuluaren bidez ezarria, 100eko 60raino igotzen da. Orobat, kenkariaren oinarria kalkulatzeari begira, hogeita bigarren xedapen gehigarri horren 2.b) apartatuan aurreikusten den muga 1.500 euroraino gehitzen da.

5. artikuluak, bere aldetik, ahalbidetzen du aplikatzea txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria, hain zuzen ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 15. artikuluan eta COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauaren 15. artikuluan aurreikusitakoa. Aurreko 4. artikuluan TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen borondatez betetzeagatik gehitutako kenkariaren berezitasun berberekin aplikatuko da.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak data hori baino hasten badira betetzen, beren borondatez, TicketBAI betebeharra, gehikuntza horiek ere aplikatuko zaizkie.

Azkenik, 6. artikuluak ezartzen du ezen, abal publiko bat jaso duten finantza eragiketen epemugak, hain zuzen ere, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-Dekretuak, COVID-19aren pandemiaren aurrean enpresa kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzkoak, 7. artikuluan aurreikusiak, zabaltzeko formalizatzen diren eskriturak salbuetsita geratzen direla ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan notariotzako dokumentuei egintza juridiko dokumentatuen modalitatean aplikatzen zaien kuota mailakatutik, inskriba daitekeen berme erreal bat dagoen kasuetan.

Kontuan izanik azaroaren 6ko 3/2020 Foru Arauak, iruzur fiskala eragozteko tresna teknologikoak erabili beharra ezartzen duenak, sartutako hogeita bigarren xedapen gehigarrian aurreikusten den kenkaria 2020. urtean ere dela aplikagarria, foru dekretu-arau honen lehen xedapen gehigarriak ahalbidetzen du kenkari hori modu gehituan aplikatzea, baldin eta 2020an egindako inbertsio eta gastuek berekin ekarri badute TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen betetzea borondatez.

Bere aldetik, foru dekretu-arauaren bigarren xedapen gehigarriak ahalbidetzen du 2020an egindako inbertsio eta gastuengatik aplikatzea txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria, hain zuzen ere, maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzkoak, 15. artikuluan aurreikusitakoa, foru dekretu-arau honen 5. artikuluan ezartzen diren berezitasunekin. Baldintza da TicketBAI betebeharra azaroaren 1a baino lehen hastea betetzen beren borondatez.

Proposatutako neurrien izaerak eta egungo egoerari lehenbailehen erantzun beharrak beharrezko egiten dute era horretako neurriak presako bidetik onartzea foru dekretu-arau baten bitartez.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, aparteko eta presako arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela, eta xedapen horiek foru dekretu-arauen forma izango dutela. Horrelako xedapenek ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Ordainketa zatikatuak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek ez dituzte autolikidatu eta ordaindu beharko Gipuzkoako Foru Ogasunean 2021eko lehen eta bigarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak.

Beren borondatez ordainketa zatikatu horien autolikidazioa aurkezten badute, ezingo dute eskatu dagokion zenbatekoaren ordainketa geroratu edo zatikatzea, eta ez dute eskubiderik izango ordainketa hori bidegabeko diru-sarrera gisa itzultzea eskatzeko.

2. artikulua.– COVID-19aren ondorioz bereziki kaltetutako jarduera ekonomikoak garatzeko erabilitako lokalen errentamenduei laguntzeko neurriak.

1.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek artikulu honen 4., 5. eta 6. apartatuetan aurreikusten diren pizgarri fiskal bereziak aplikatu ahal izango dituzte, 2020ko martxoaren 14tik aurrera alokairuaren errentan adostutako beherapenagatik, 2021. urteko hilabeteetan ordaindu beharreko zenbatekoari dagokionez.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da bai negozioen errentamenduetatik eratorritako errentak zehazteko, bai negozio-lokalen eta pabiloien errentamenduetatik datozenak zehazteko, bai jarduera ekonomikoak egiten diren etxebizitzetatik datozenak zehazteko.

2.– Artikulu honetan aurreikusitako neurri pizgarriak gauzatzeko, beharrezkoa izango da alokairuaren errentan borondatez adostutako beherapena gutxienez 3 hilabetez mantentzea 2021ean zehar, eta errentariak edo hirugarren batek beherapen hori geroago ez konpentsatzea edo berreskuratzea alokairuaren hurrengo errentak igoz, beste prestazio batzuk ezarriz edo beste edozein eratako kontraprestazio bidez.

3.– Artikulu honetan aurreikusitako neurri pizgarriak ez dira aplikatuko baldin eta pertsona edo entitate errentaria errentatzailearekin lotuta badago Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluaren 3. apartatuan jasotako zentzuan, edo harekin ahaidetasun harremanak baditu, ezkontidea edo izatezko bikotekidea barne, zuzenekoa edo zeharkakoa, odolkidetasunezkoa, ezkontza bidezkoa, edo izatezko bikotearen eraketak sortutakoa, hirugarren graduraino, hau barne.

4.– Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunentzat, aurreko 1. eta 2. apartatuetan alokairuaren errentari dagokionez aipatzen den beherapenaren zenbatekoa gastu fiskalki kengarritzat hartuko da zerga oinarria zehazteko.

5.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 14. artikuluan ezarritakoagatik ondare sozietatetzat hartzen diren entitateek aurreko 4. apartatuan aurreikusitakoa aplikatu ahal izango dute.

Ondorio horietarako, gastu hori fiskalki kengarria izango da aipatutako Foru Arauaren 32.2 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako baldintzetan eta etekinen mugarekin.

6.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunentzat, aurreko 1. eta 2. apartatuetan alokairuaren errentari dagokionez aipatzen den beherapenaren zenbatekoa gastu kengarritzat hartuko da etekin garbia zehazteko.

Guztiarekin ere, errentamendutik datozen etekinak kapital higiezinaren etekintzat hartzen direnean Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 30. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, gastu kengarria aipatutako foru arauaren 32. artikuluko 2. apartatuan jasotako erregelen arabera aplikatuko da.

Alokairuaren errentak izandako beherapenaren soberazko zenbatekoa ezin bada gastu kengarri gisa aplikatu kapital higiezinaren etekin garbia zehazteko, lehen aipatutako 32. artikuluko 2. apartatuan etekinetarako aurreikusitako muga aplikagarria izateagatik, soberakin horren 100eko 15eko kenkaria aplikatu ahal izango da kuota osoan.

Kuota nahikoa ez izateagatik kendu ezin diren zenbatekoak hurrengo urtean amaitzen den zergaldiaren aitorpenean aplikatu ahal izango dira.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa negozioen errentamendutik datozen kapital higigarriaren etekinak zehazteko ere aplikatuko da –adierazitako foru arauaren 37. artikuluko c) letran aipatzen dira etekin horiek–; kasu horretan, bai gastu kengarria zehazteko arauak eta bai etekinen muga aipatutako foru arauaren 39. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitakoak izango dira.

Apartatu honetan aurreikusitako kenkariaren aplikazioa hautazkoa da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 115. artikuluaren 3. apartatuan eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 104. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren arabera gauzatu ahal izango da.

3. artikulua.– COVID-19aren ondorioz bereziki kaltetutako jarduera ekonomikoen garapena berrabiarazten laguntzeko aparteko kenkaria.

1.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek inbertsioak egiten badituzte 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldian beren jarduera ekonomikoa berriro hasi edo berreskuratzeko edo hura osasun agintariek COVID-19ak eragindako pandemiaren aurka hartutako neurrietara egokitzeko, inbertsio horien 100eko 10eko kenkaria aplikatu ahal izango dute kuotan.

2.– COVID-19agatik beren jarduera nabarmen murriztuta ikusi duten zergadunek aplikatuko dute artikulu honetan ezartzen den kenkaria, eta egoera hori bi baldintza hauek betetzen direnean gertatuko da:

a) 2020. urteko eragiketa bolumena, gutxienez, 2019ko eragiketa bolumena baino 100eko 25 txikiagoa izan denean.

b) Jarduera ekonomikoak 2020an izan duen kontabilitate emaitza edo etekin garbia, gutxienez, 2019koa baino 100eko 50 txikiagoa izan denean.

Aurreko letretan aurreikusitako magnitudeak urtebetera eramango dira zergaldia urte naturala baino txikiagoa denean edo jarduera ekonomikoa zergaldi horretan hasi denean.

3.– Inbertsioak kengarriak izan daitezen, beharrezkoak izan behar dute jarduera ekonomikoak helburu hauek dituzten zereginetara egokitzeko:

a) Instalazioak egokitzea bertako edukierak kontrolatzeko, erreserbak kudeatzea, edo COVID-19aren transmisioa saihesteko une bakoitzean beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatzea.

b) Instalazioak edo zerbitzuak emateko bitartekoak berritzea edo eguneratzea, presentzialki zein urrutitik, bere jardueran zergadunak baliatzen dituen bitartekoen erabilera optimizatzeko.

4.– Kenkariaren oinarria aurreko apartatuan aipatutako inbertsioen zenbatekoa izango da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 67. artikuluko 3. apartatuan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.

Horrela kalkulatutako kenkariaren oinarria ezingo da izan 5.000 eurotik gorakoa.

5.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunentzat, kenkari hau kuota osoaren kenkaritzat hartuko da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 88. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoarekin bat.

6.– Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunentzat, kenkari hau kuota likidoaren kenkaritzat hartuko da, eta, hura aplikatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 59. eta 67. artikuluetan xedatutakoa hartu beharko da kontuan. Ondorio horietarako, foru arau horren V. tituluko III. kapituluan kenkarietarako aurreikusita dauden erregela eta muga orokorrak izango zaizkie aplikatzekoak.

7.– Inbertsio batek ez du ahalbidetuko kenkari hau sozietateen gaineko zergan eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan aplikatzea, inbertsio horren bitartez ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezia gauzatu denean, hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 53. artikuluan arautua.

Kenkari hau bateraezina izango da inbertsio berberengatik izan litekeen beste edozein zerga onurarekin, amortizazio askatasunari, amortizazio azkartuari eta baterako amortizaziori dagokienez izan ezik.

8.– Kenkari honen aplikazioa hautazkoa da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 115. artikuluko 3. apartatuan, Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 104. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera gauzatu ahal izango da.

4. artikulua.– TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen borondatez betetzea sustatzeko kenkaria.

1.– Sozietateen gaineko zergaren zergadunek eskubidea badute Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasotzen duen kenkaria aplikatzeko –ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoaren ezarpena sustatzeko kenkaria–, eta TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen hasten badira beren borondatez betetzen, foru arau horretan ezarritako eran eta baldintzetan aplikatu ahal izango dute kenkari hori, betiere berezitasun hauek aintzat hartuta:

a) Hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuko lehen paragrafoan aurreikusitako kenkariaren oinarria bertan aipatu eta 2021eko azaroaren 1a baino lehen egiten diren inbertsio eta gastuen zenbatekoa izango da.

b) Hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan aipatzen den kenkari portzentajea 100eko 60 izango da.

c) Hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 2.b) apartatuan aipatzen den zenbatekoa 1.500 euro izango da.

Berezitasun horiek aplikatzeko, zergadunek modu aurreratuan jarraitu behar dute betetzen, beren borondatez, TicketBAi betebeharra, harik eta abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuak, TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamendua onesten duenak, xedapen iragankor bakarrean aurreikusitako ezarpen egutegiaren arabera hura betetzera derrigortuak egon arte.

2.– Kenkari hau aplikatzen duten zergadunek ezingo dute aplikatu 2021eko azaroaren 1etik aurrera egindako inbertsio eta gastuengatik aipatutako hogeita bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kenkaria.

3.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarria eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarria aplikatuta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek eskubidea badute aurreko 1. apartatuan aipatutako hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezarritako kenkaria aplikatzeko, aurreko apartatuetan ezarritako berezitasun eta beharkizunekin aplikatu ahal izango dute kenkari hori.

Ondorio horietarako, aurreko 2. apartatuan hogeita bigarren xedapen gehigarrira egindako igorpena aurreko paragrafoan aipatutako hogeita hamaseigarren eta hamargarren xedapen gehigarrietara egiten dela joko da.

5. artikulua.– Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua, TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen borondatez betetzea sustatzeko.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek, eta, orobat, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek eskubidea badute txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkariak aplikatzeko –hain zuzen ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 15. artikuluan eta COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauaren 15. artikuluan aurreikusiak–, eta, horrez gain, TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen hasten badira beren borondatez betetzen, foru dekretu-arau horietan ezarritako eran eta baldintzetan aplikatu ahal izango dute kenkari hori, betiere berezitasun hauek aintzat hartuta:

a) 15. artikulu horien 3. apartatuko lehen paragrafoan aurreikusitako kenkariaren oinarria bertan aipatu eta 2021eko azaroaren 1a baino lehen egiten diren inbertsio eta gastuen zenbatekoa izango da.

b) 15. artikulu horien 1. apartatuan aipatzen den kenkari portzentajea 100eko 60 izango da.

c) 15. artikulu horien 3.b) apartatuan aipatzen den zenbatekoa 1.500 euro izango da.

Berezitasun horiek aplikatzeko, zergadunek modu aurreratuan jarraitu behar dute betetzen, beren borondatez, TicketBAi betebeharra harik eta abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuak, TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamendua onesten duenak, xedapen iragankor bakarrean aurreikusitako ezarpen egutegiaren arabera hura betetzera derrigortuak egon arte.

6. artikulua.– Aldatzea abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena.

Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41.I.B artikuluari 43. zenbakia gehitzen zaio, eta honela dio:

«43.– Berme erreal inskribagarria dagoenean, abal publikoa jaso duten finantzaketa eragiketen epemugak –martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-Dekretuak, COVID-19aren pandemiaren aurrean enpresa kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzkoak, 7. artikuluan aurreikusiak– zabaltzeko formalizatzen diren eskriturak salbuetsita geratuko dira zerga honen egintza juridiko dokumentatuen modalitatean notariotza dokumentuei aplikatzen zaien kuota mailakatutik.»

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen borondatez betetzea sustatzeko kenkaria 2020an egindako gastu eta inbertsioetarako aplikatzea.

1.– Sozietateen gaineko zergaren zergadunek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasotzen duen kenkaria aplikatu badute –ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoaren ezarpena sustatzeko kenkaria–, foru dekretu-arau honen 4. artikuluko kenkaria aplikatu ahal izango dute 2020an egindako gastu eta inbertsioengatik, baina ez ekitaldi horretako autolikidazioan hurrengo ekitaldiari dagokionean baizik.

Kasu horretan, zergadunek deskontatu egin beharko dute aurreko ekitaldian inbertsio eta gastu horiengatik sortutako kenkariaren zenbatekoa, hain zuzen ere, aipatutako xedapen gehigarrian aurreikusten den kenkariari dagokiona (ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoaren ezarpena sustatzeko kenkaria).

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunei ere aplikatuko zaie, baldin eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarria eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarria aplikatuta, hurrez hurrenez, 2020ko ekitaldian egindako inbertsio eta gastuengatik 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezarritako kenkaria aplikatu badute.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua, TicketBAI betebeharra 2021eko azaroaren 1a baino lehen borondatez betetzea sustatzeko.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek, eta, orobat, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria aplikatu badute –hain zuzen ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 15. artikuluan aurreikusitako kenkaria– foru dekretu-arau honen 5. artikuluko kenkaria aplikatu ahal izango dute 2020an egindako gastu eta inbertsioengatik, baina ez ekitaldi horretako autolikidazioan hurrengo ekitaldiari dagokionean baizik.

Kasu horretan, zergadunek, aurreko ekitaldian inbertsio eta gastu horiengatik sortutako kenkariaren zenbatekoa deskontatu beharko dute, hain zuzen ere, aipatutako foru dekretu-arauaren 15. artikuluan txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalari buruz aurreikusten den kenkariari dagokiona.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2021eko martxoaren 23a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala