Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2021eko apirilaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2379

AGINDUA, 2021eko apirilaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Irale programaren 2021eko udako eta 2021-2022 ikasturteko ikastaroetarako, eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita.

1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren bidez (1994-02-11ko EHAA) berritu zuen Hezkuntza Sailak Irale programa osoa, eta antolamendu-arau berriak ezarri zizkion. Agindu horrek araudi nagusia eskaini dio Irale programaren eguneroko jardunari, eta horren arabera antolatzen dira, gaur egun ere, programaren hainbat atal eta prozedura.

Apurka-apurka, beharrizan berriak agertu dira EAEko eskola-munduan. Ondorioz, Irale programaren 1994ko moldaera hura beharrizan berri horietara egokituz joan da hainbat xehetasunetan. Aldaketa xumeak edo oso xumeak izan dira egokitze-lan horietariko asko. Aldaketa horiek eta beste hainbat ez dira bat-batean egin, apurka-apurka baizik, eta, normalean, egoera berriaren ezaugarriak eta haien araberako lehentasun nagusiak kasuan kasuko solaskideekin eztabaidatuz, zehaztuz eta adostuz.

Irale programaren urteetako ibilbide oparoari esker, euskal hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dira euskararen ezagutzaren eta erabileraren normalizazioan. Hala ere, urteak joan urteak etorri, behar berriak sortu dira irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoaren ondorioz, eta Iralek, laguntza-zerbitzu den aldetik, irakasleen berariazko behar berri horiei ahalik eta ongien erantzun beharko die etorkizunean ere, orain arte egin duen bezalaxe.

2010eko uztailaren 6ko Dekretuak (2010-07-16ko EHAA) onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa, eta, bertan jasotzen denez, oraindik badaude premiak euskararen eta euskarazko irakaskuntzan: besteak beste, hezkuntza-erronka berriei aurre egiteko material egokiak sortzea, eta euskara irakatsi eta eskolak euskaraz ematen dituzten irakasleak didaktikan gaitzea.

Horri guztiari aurre egiteko, hezkuntza-arloan identifikatutako premietara moldatu da urte hauetan Irale programa, eta euskarazko irakaskuntzan kalitatezko euskara bermatzen duten alderdi didaktikoetan eta materialetan sakondu du.

Irale programa, prestakuntza-arloan eragile den aldetik, bete-betean lotzen zaio Heziberri 2020 egitasmoaren Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren lehenengo ildo estrategikoari: irakasleen etengabeko prestakuntzari, hain zuzen ere. Irale programaren eskaintza nagusia goi-mailako ikastaroak dira, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak. Nagusiki, ikastaro horiek izan dira programaren berrikuntza nagusia, eta, neurri batean, ikastetxeetan egiten diren berrikuntza-proiektuei eta bertako hezkuntza-eredu pedagogikoei, nahiz hezkuntza- eta hizkuntza-proiektuei erantzuteko baliagarri izan daitezke. Beraz, Irale programaren helburuak, neurri handi batean, horretara bideratzen dira.

Era berean, Heziberri 2020 egitasmoaren bigarren ildo estrategikoari jarraikiz, etengabeko prestakuntzak ez ditu azken xedetzat irakasle eta eskoletako langileak hartzen, ikasleak baizik, eta, alde horretatik, irakasleek konpromisoz eta arduraz jokatu behar dute, delako prestakuntza hori praktikan jarri eta aurretiaz ezarritako helburuak ikasturtez ikasturte betetzeko.

Hori guztia dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Irale programaren 2021eko udako eta 2021-2022 ikasturteko ikastaroon eskaintza-deialdia egitea, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak, eta, ikastarook egiteko plazak lehia-araubidean esleitzeko prozedura ezartzea. Deialdi hau ikastaro horiek egin nahi dituzten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuetako langileei bideratua dago, 4. artikuluan jasotzen den bezala.

2. artikulua.– 2021-2022 ikasturteko Irale programaren helburuak.

a) Oraindik euskaldundu gabe dauden irakasleak euskalduntzea.

b) Euskaldundutako irakasleen euskara-gaitasuna hobetzea.

c) Euskarazko ikasmaterial berrien hizkuntza-kalitatea bermatzea.

d) Curriculumaren euskal dimentsioa zabaltzea.

e) Euskarazko ahozko komunikazioa irakasjardunean lantzea.

3. artikulua.– Eskaintzen diren ikastaroak.

1.– Ikastaroak lanorduetan nahiz lanorduz kanpo eskaintzen dira (I. eranskina). Hau da ikastaro bakoitzeko plaza-kopurua:

a) Irakastordu barneko ikastaroak (C1, HE2 edo haren baliokidea dutenentzat):

1.– R300 ikastaroa: 450 plaza

2.– R400 ikastaroa: 26 plaza

3.– R600 ikastaroa: 120 plaza

4.– R900 ikastaroa: 75 plaza

R ikastaroren bateko plaza hutsek gainerako R ikastaroentzako esleitutako plazak emendatuko dituzte, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte eskatzaileek, taldeak osatzeko aukera baldin badago, dagoeneko osatutako taldeetan txertatu ahal badira, eta horretarako bidea nahiz baliabideak baldin badaude. Plazen emendatze hori lurralde historikoen artean ere gerta daiteke.

b) Irakastordu barneko ikastaroak (HE1 eta HE2 lortzeko):

1.– U2 ikastaroa: 45 plaza

2.– U3 ikastaroa: 70 plaza

3.– 3000 ikastaroa: 40 plaza

4.– 4000 ikastaroa: 50 plaza

5.– 5000 ikastaroa: 60 plaza

c) Irakastorduz kanpoko ikastaroak (H1 eta HE2 lortzeko):

1.– A ikastaroak: 150 plaza

2.– E ikastaroak: 200 plaza

Irakastorduz kanpoko ikastaroetan, bete gabe geratzen diren plazek eskaera eskaintza baino handiagoa gertatu den ikastaroetako plazak emendatuko dituzte. Dena dela, 2021eko aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende egongo da.

2.– I. eranskinean jasotzen da ikastaro bakoitza nori bideratua dagoen.

3.– II. eranskinean jasotzen dira ikastaroak, haien ezaugarriak eta egutegiak.

4. artikulua.– Ikastaroen hartzaileak.

Deialdi honetan modu orokorrean zein berariaz adierazten diren baldintzak eta eskakizunak betez gero, ondoren adierazitako taldeetako pertsonek eska ditzakete ikastaroak, eta, hain zuzen ere, I. eranskinean «X» batez daude zehaztuta talde bakoitzari dagozkionak:

a) Ikastetxe publikoetako irakasleak eta hezkuntza bereziko lan-legepeko hezitzaileak.

b) Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleak, hezkuntza bereziko lan-legepeko hezitzaileak eta 0-3 bitarteko irakasle edo hezitzaileak.

c) Hezkuntza Saileko Hezkuntza Ikuskaritzako eta irakaskuntzaren laguntza-zerbitzuetako langileak.

d) Haurreskolak Partzuergoko irakasle eta hezitzaileak.

5. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.

1.– Ikastaro horiek egin nahi dituenak, I. eranskinean ikastaro bakoitzerako adierazitako kolektibokoa izateaz gain, gutxienez egun batez lan egindakoa izan behar du 2020-2021 ikasturtean, deialdi honetako eskabide-epea ireki baino lehen. Lan hori bat etorri beharko da deialdi honetan parte hartzen duen langileen kolektiboari esleitutako lanarekin.

2.– Irakastordu barneko ikastaroak egiteko (U2, U3, 3000, 4000, 5000, R300, R400, R600 eta R900), eskakizun hauek ere bete beharko dira:

a) Kasuaren arabera, ikastetxeko, laguntza zerbitzuko edo Hezkuntza Ikuskaritzako zuzendaritzaren baimena izatea.

b) Bitarteko irakasle eta Hezkuntza Bereziko herri-ikastetxeetako lan-legepeko aldi baterako irakasle eta hezitzaileen kasuan, liberazio-aukera gauzatuko da, baldin eta ikastaroa hasi baino lehen ikasturte osorako lanpostu hutsa lortzen badute esleipenetan.

c) Ikastaroetan onartutako pertsonen liberazio-aukera gauzatuko da, baldin eta lanpostu horretan ordezkotza bermatzen bada.

3.– R ikastaroak egiteko, eskakizun hauek bete beharko dira, 1. eta 2. puntuetan zehaztutakoez gain:

a) Aurretik R ikastaro bera egin ez izana.

b) Deialdia argitaratzen denerako egiaztatua izatea HE2, C1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.

c) R300 ikastarorako, eskatzaileek galdetegi bat bete beharko dute (IV. eranskina) izena emateko unean, adierazteko euskarazko komunikazio-gaitasunaren zer arlotan hobetu nahi duten berariaz.

d) R400, R600 eta R900 ikastaroetarako, ikastaroetan garatu beharreko proiektuaren egitasmo-txosten labur bat aurkeztu beharko da Hezkuntza Ordezkaritzan, banaka edo taldean. Egitasmo-txosten labur horiek prestatu ahal izateko, Iralek horrexetarako diseinatutako gidak eskuratu ahal izango dira Hezkuntza Sailaren web-orrian: www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara.

R400 ikastaroko proiektua egitean, baldin eta ikasketariak beste egile batzuen testuak, irudiak eta beste erabiltzeko asmoa badu, berak izango du dagozkion baimenak eskuratzeko ardura. Baimenak eskuratuta izan beharko ditu egitasmo-txostena aurkezten duenerako.

Egitasmo-txostena aurkezteko azken eguna Hezkuntzako webgunean argitaratuko da.

e) R400, R600 eta R900 ikastaroetan eskatzaileak onartu ahal izateko, nahitaezkoa izango da, izena ematearekin batera, haien ikastetxeak osatutako dokumentu bat eranstea (V, VI eta VII. eranskinak). Dokumentu horren bidez, ikastetxeek adieraziko dute ikastaro horiek lantzeak ikastetxearen beraren beharrei erantzuten diela, ikastetxeko hezkuntza- eta/edo hizkuntza-proiektuekin bat etorriz.

f) R600 eta R900 ikastaroen kasuan, lehentasun-irizpide hau ezarriko da: eskatzaileak 2021-2022 ikasturterako urte osoko plaza izatea baimena eman duen ikastetxean.

4.– U2, U3 eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, eskakizun hauek bete beharko dira, 1. eta 2. puntuetan zehaztutakoez gain:

a) Hurrengo artikuluan gehieneko bezala ezarritako ordutegiaren liberazio-epeak ez gainditzea.

b) U2 ikastarorako, beharrezkoa izango da, gainera, III. eranskinean aipatutako sarrera-proba gainditzea.

c) U3 ikastarorako, beharrezkoa izango da deialdia argitaratzen den egunerako egiaztatua izatea HE1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera. Nolanahi ere, U2 ikastaroa egiteko liberatua dagoenak U3 ikastarorako eskaera egiteko aukera izango du (paper euskarrian, aplikazioan ezin izango baitu), nahiz eta eskaera egiteko momentuan HE1 egiaztatuta ez izan.

d) 3000 ikastarorako, beharrezkoa izango da III. eranskinean aipatzen den sarrera-proba gainditzea.

e) 4000 ikastarorako, Hezkuntza Bereziko hezitzaileek deialdia argitaratzen den egunerako egiaztatua izan beharko dute HE1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.

f) 5000 ikastarorako, beharrezkoa izango da deialdia argitaratzen den egunerako egiaztatua izatea HE1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.

5.– Irakastorduz kanpoko A eta E ikastaroak egiteko, 1. atalean zehaztuaz gain, beharrezkoa izango da 7. artikuluan gehieneko bezala ezarritako orduak ez gainditzea.

6. artikulua.– Ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiak U2, U3, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetan.

Kontuan hartu behar da irakasle batek kontsumituta daukan urte-kreditua kalkulatzeko aintzat hartzen direla bizitza osoan hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko egin dituen liberaziodun ikastaro guztiak.

1.– Irakastordu barnean eskainitako ikastaro hauetan parte hartzeko, eskatzaileak ez ditu agortuak izango jarraian zehazten diren ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiak:

a) Ikastetxe publikoetako irakasle finkoek 3 urte izango dute guztira: haietatik gehienez 2 urte HE1 lortzeko, eta gehienez 2 urte HE2 lortzeko.

b) Ikastetxe publikoetako bitarteko irakasleek 1,5 urte izango dute guztira: haietatik gehienez 0,5 urte HE1 lortzeko, eta gehienez urtebete HE2 lortzeko.

c) Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun hezitzaile finkoek 3 urte izango dute guztira, salbu HLEA badute.

– Guztizko 3 urte horietatik, gehienez 2 urte HE1 lortzeko, eta gehienez 2 urte HLEA edo HE2 lortzeko.

– HLEA izanez gero, gehienez urtebete izango dute HE2 eskuratzeko.

d) Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko aldi baterako lan-kontratadun hezitzaileek 1,5 urte izango dute guztira, salbu HLEA badute.

– HLEA izanez gero, gehienez urte erdia izango dute HE2 eskuratzeko.

e) Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasle finkoek 2 urte izango dute HE2 eskuratzeko.

7. artikulua.– Ordutegiaren gehieneko ordu-kreditua irakastorduz kanpoko A eta E ikastaroetan.

a) Ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetako irakasleek eta Hezkuntza Bereziko hezitzaileek 2.550 ordu izango dituzte guztira; haietatik, gehienez, 1.700 ordu HE1 lortzeko, eta gehienez 1.700 ordu HE2 lortzeko.

b) Atzeraeraginezko efektua du a) atalean ezarritakoak.

8. artikulua.– Ikastaroak non emango diren.

1.– Toki hauetan emango dira irakastordu barneko ikastaroak:

a) U2, U3, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak HABEk izendatzen dituen ikasketa-elkarteetan emango dira.

b) R ikastaroak Iraleko irakastegietan emango dira. Nolanahi ere, COVID pandemiaren eraginez konfinamendurik egonez gero, saioek jarraipen telematikoa izango dute.

2.– Toki hauetan emango dira irakastorduz kanpoko ikastaroak:

a) A eta E ikastaroak HABEk izendatzen dituen ikasketa-elkarteetan emango dira.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Baliabide elektronikoen bidez (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez) zein aurrez aurre aurkeztu eta izapidetuko dira eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16. artikuluaren arabera. Lege horren 14.2.e) artikuluari jarraikiz, Administrazio publikoetako langileek Administrazioarekin modu elektronikoan komunikatu beharko dute administrazioarekin, egiten dituzten izapide eta jarduketetarako.

Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaria Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, eta helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/ordezkaria.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; baliabide elektronikoak erabiliz gero, helbide honetan aurkeztuko dira:

www.irakasle.eus > irakaslegunea > Administrazio-izapideak > Irale ikastaroak 2021-2022

10. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan forma-akatsak edo omisioak atzemanez gero (halakorik aurkeztu bada), interesdunari jakinaraziko zaio gehienez 10 egun balioduneko epea duela akatsa zuzendu edo falta den agiria ekartzeko. Ohartaraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena aipatutako legearen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman aurretik.

11. artikulua.– Prozeduran parte hartzeko eskabideak baztertzeko ebazpena.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak ebazpena emango du prozeduran baztertu diren eskabideen zerrenda ontzat emateko; bertan adieraziko du, halaber, eskabidea zer ikastarotarako baztertu den eta zein diren baztertzeko arrazoi zehatzak, eskakizunak ez betetzeak edo eskabidea behar bezala ez aurkezteak eraginda.

Epean aurkeztu diren eta eskabide onartu gabeen zerrendan agertzen ez diren eskabideak prozeduran onartu direla ulertuko da.

2.– Hezkuntza Sailaren web-orrian (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/) argitaratuko da prozeduran parte hartzeko onartu ez diren eskabideen zerrenda. Jarraian adierazitako ikastaroak egiteko datak ere bertan zehaztuko dira:

a) A eta E ikastaroak egiteko.

b) Irakasle funtzionarioek, finkoek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek U eta R ikastaroak egiteko.

c) Irakasle funtzionarioek, finkoek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

d) Irakasle bitartekoek eta ez-finkoek U ikastaroak eta R ikastaroetako lehenengo txanda egiteko.

e) Irakasle bitartekoek eta ez-finkoek R ikastaroetako bigarren txanda eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

3.– Prozeduran onartua ez izatearen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ez onartzeko ebazpenaren argitalpena jakinarazten den egunetik aurrera.

12. artikulua.– Plazak esleitzeko irizpideak.

1.– R ikastaroetako plazak esleitzean, arau hauei jarraituko zaie:

a) Inori ezingo zaio esleitu R ikastaro bat baino gehiago.

b) Eskatzaile batek ikastaro bat baino gehiago eskatuz gero, ordena honetan esleituko dira: R300, R400, R900 eta, azkenik, R600.

c) Lehentasun-hurrenkera hau ezarriko da eskatzaileen artean: batetik, karrerako funtzionarioak zein langile finkoak; eta, bestetik, bitarteko funtzionarioak zein langile ez-finkoak.

d) Ikastaro bakoitzean, lehentasunezko irizpide hauen arabera egingo da esleipena, ordena honetan:

i) Eskolak euskaraz ematen dituztenak.

ii) Eskolak gaztelaniaz edo atzerriko hizkuntza batean ematen dituztenak.

iii) R ikastaro gutxiago egin dituztenak.

iv) Ondoren, ordena honetan esleituko dira 2021ean duten adinaren arabera: 56 urte edo gutxiago, 57 urte, 58 urte eta horrela plazak agortu arte.

v) HE2, C1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera lehenago lortu izana lehenetsiko da.

e) R400 ikastaroan, aurreko d) letran adierazitako irizpideak baino lehen, lehentasunezko irizpide hauek aplikatuko dira, zerrendatzen diren ordenan:

i) Lanbide Heziketa.

ii) Batxilergoan eta DBHn, euskarazko material gutxi duten irakasgaiak.

iii) Curriculumaren euskal dimentsioarekin lotura duten eskola-materialak.

Irakasgai eta arlo bakoitzean, egitasmo-txostenaren balorazioan lortutako puntuazio onenaren hurrenkerari jarraikiz esleituko dira plazak.

Hezkuntzako web-orrian argitaratuko da premia handiena duten arloen zerrenda (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/).

Lehentasuna emango zaie ikastetxeko edo mintegietako proiektuei, eta taldeak bultzatu edo babestutako proiektua txertatzeari.

2.– U2 eta U3 ikastaroetako plazak eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetakoak esleitzean, arau honi jarraituko zaio:

Lehenik, aurreko ikasturtean U2 ikastaroa egin dutenei esleituko zaizkie U3 eta U2 ikastaroetako plazak.

3.– Eskabideen aurkezte-ordenaren arabera esleituko dira gainerako ikastaroen plazak (A eta E), harik eta dauden plazak amaitu arte.

13. artikulua.– R400, R600 eta R900 ikastaroetarako egitasmo-txostenen balorazioa.

1.– Aipatutako R ikastaro horietarako plaza-eskabideekin aurkeztu behar diren egitasmo-txostenak 0 eta 10 puntu artean baloratuko ditu artikulu honen 3. zenbakian jasotzen den Balorazio Batzordeak. Baremazio-atal bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez eskuratu duten egitasmo-txostenak onartuko dira soilik.

2.– Batzorde horrek irizpide eta baremo hauen arabera emango ditu puntuak ikastaro bakoitzean:

– R400 ikastarorako egitasmo-txostenaren balorazioa:

a) Hizkuntzaren gutxieneko kalitatea (zuzentasuna, egokitasuna...): 3 puntu.

b) Lanaren deskripzioaren zehaztasuna eta egingarritasuna: 4 puntu.

c) Egitasmoaren aplikagarritasuna: irakaskuntza-sisteman curriculumeko beharrei aurrez aurre erantzuten dien ala ez eta IKTen erabilera indartzen duen ala ez: 3 puntu.

– R600 ikastarorako egitasmo-txostenaren balorazioa.

a) Lanaren deskripzioaren zehaztasuna: 4 puntu.

b) Egitasmoaren aplikagarritasuna eta inplementatzeko modua: curriculumaren euskal dimentsioa irakasarloan edota ikastetxean berariaz lantzen duen ala ez, IKTen erabilera indartzen duen ala ez: 4 puntu.

c) Hizkuntzaren gutxieneko kalitatea (zuzentasuna, egokitasuna...): 2 puntu.

– R900 ikastarorako egitasmo-txostenaren balorazioa.

a) Lanaren deskripzioaren zehaztasuna: 4 puntu.

b) Egitasmoaren aplikagarritasuna eta inplementatzeko modua: euskarazko ahozko adierazkortasuna eta elkarrekintza irakasarloan edota ikastetxean berariaz lantzen duen ala ez eta IKTen erabilera indartzen duen ala ez: 4 puntu

c) Hizkuntzaren gutxieneko kalitatea (zuzentasuna, egokitasuna...): 2 puntu.

3.– Honela osatuko da R400, R600 eta R900 ikastaroetako txostenen Balorazio Batzordea:

– Batzordeburua: Amaia Agirre Pinedo, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria edo haren ordezkoa.

– Joseba Ibarretxe, Berritzegune Nagusiaren koordinatzailea edo haren ordezkoa.

– Iraleren irakaskuntza-zentro bakoitzetik ordezkari bat: Amaia Angulo, Bilboko Dolaretxeko Iraletik; Karmele Olano, Bilboko Artazugoikoko Iraletik; Pello Aranburu, Donostiako Iraletik; Sabin Arenaza, Eibarko Iraletik; eta Josune Erauskin, Gasteizko Iraletik.

– Garazi Urra, Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduraduna edo haren ordezkoa, idazkari gisa.

14. artikulua.– Plazen behin-behineko esleipen-ebazpena.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin-behineko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

Ebazpen horretan berariaz jasoko da ikasturte osorako izendapena lortzearen mende dagoela irakasle bitartekoei eta ez-finkoei plazak esleitzea.

2.– Zerrendak Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira: (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/). Zehazki, zerrenda hauek jasoko dira:

a) A eta E ikastaroak egiteko.

b) Irakasle funtzionarioek, finkoek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek U eta R ikastaroak egiteko.

c) Irakasle funtzionarioek, finkoek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

d) Irakasle bitartekoek eta ez-finkoek U ikastaroak eta R ikastaroetako lehenengo txanda egiteko.

e) Irakasle bitartekoek eta ez-finkoek R ikastaroetako bigarren txanda eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

3.– Ebazpen honen aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, argitaratzen denetik lau eguneko epean.

Idatziz aurkeztuko zaizkio erreklamazioak Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari, posta elektronikoz nahiz posta arruntez.

15. artikulua.– Behin-behinean esleitutako plazari uko egitea.

1.– Aurreko artikuluan zehaztutako epean plazaren behin-behineko esleipena lortu dutenek uko egin diezaiokete plazari.

2.– Idatziz aurkeztuko zaio uko-egitea Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari, posta elektronikoz nahiz posta arruntez.

16. artikulua.– Plazen behin betiko esleipen-ebazpena eta erreserben zerrenda.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin betiko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

Ebazpen horretan berariaz jasoko da ikasturte osorako izendapena lortzearen mende eta deialdian ikastaro bakoitzerako zehaztutako baldintzak betetzearen mende dagoela irakasle bitartekoei eta ez-finkoei plazak esleitzea.

2.– Zerrendak Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira: (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/). Zehazki, zerrenda hauek jasoko dira:

a) A eta E ikastaroak egiteko.

b) Irakasle funtzionarioek, finkoek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek U eta R ikastaroak egiteko.

c) Irakasle funtzionarioek, finkoek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

d) Irakasle bitartekoek eta ez-finkoek U ikastaroak eta R ikastaroetako lehenengo txanda egiteko.

e) Irakasle bitartekoek eta ez-finkoek R ikastaroetako bigarren txanda eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

3.– Ebazpen horrek barne hartuko du ikastaro bakoitzerako zerrenden onarpena. Baldin eta, ikastaroa hasi baino lehen, plazaren esleipena lortu duen ikasketarigai batek baja emanez gero, erreserba-zerrendarekin esleituko da plaza hori.

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, ebazpenok argitaratu eta hilabeteko epean.

17. artikulua.– HABEk aukeratutako ikasketa-elkarteetan emandako ikastaroetan matrikulatzea.

1.– Jarraian adierazitakoaren arabera egingo dute matrikula, ikasketa-elkarte batean emango den ikastaroan plaza eskuratu dutenek:

a) Hautatutako ikastaroaren arabera, plaza lortu dutenek www.irakasle.eus web-orrian eskura izango dute ikasketa-elkarteen zerrenda, bertatik aukeratu ahal izateko.

b) Plaza esleitu zaienei matrikula-fitxa bana bidaliko dio Hezkuntza Sailak, plaza lortu duen ikasketarigaiak, bidalketa horretan zehazten den epean, matrikula egin dezan ikasketa-elkartean. Hezkuntzako web-orrian argitaratuko da zein egunetatik aurrera izango den:

i) Udako ikastaroetarako fitxa bidaltzea.

ii) Ikasturtean zehar egiteko ikastaroetarako fitxa bidaltzea.

c) Pertsona bakoitzak Hezkuntza Sailak emandako matrikula-fitxa aurkeztuko du aukeratutako ikasketa-elkartean. Onartzen badute, ikasketa-elkarte horretan matrikulatuta geldituko da.

d) Baldin eta plaza lortu duen ikasketarigaiak, Hezkuntzako web-orrian zehaztutako bidaltze-datatik bost eguneko epean, matrikula-fitxarik jasotzen ez badu, dagokion Hezkuntzako Ordezkaritzako Euskara Atalera jo beharko du.

18. artikulua.– A eta E ikastaroak, doakotasun-baldintzak, nahitaezko gutxieneko bertaratzea eta gutxieneko hori ez betetzearen ondorioak prezioa ordaintzean.

1.– Udako A eta E ikastaroetan, % 80koa da nahitaezko gutxieneko bertaratzea, eta, ikasturtean zehar egiten diren ikastaroetan, % 75ekoa.

2.– Nahitaezko gutxieneko bertaratzea betetzen bada, ikaslearentzat doan izango da ikastaroa egitea.

3.– Nahitaezko gutxieneko bertaratzea betetzen ez bada, ikastaroaren kostuaren % 50 ordaindu beharko du ikasleak. Ikasleari dagokion partea ordaintzeko, parte hartzen duen Irale programako hurrengo A edo E ikastaroan ordaindu beharko du.

19. artikulua.– Gehieneko liberazio-aldiari eragiten dion ikastaroari uko egitea mediku-bajagatik.

1.– Zenbait ikastarotan, ikasketariak ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiak ez gainditzearen mende dago parte-hartzea; bada, kasu horietan, mediku-bajagatik ikastaroari uko eginez gero ikastaroa gauzatzen ari den datetan, ikastaroaren esleipena ez da zenbatuko 6. artikuluan aipatzen den ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako.

2.– Aurreko 1. apartatuan xedatutakoa aplikatzeak arau hauek betetzea dakar:

a) Interesdunak mediku-bajagatiko uko-egite eskabidea aurkeztea, bere lantokiari dagokion Lurralde Ordezkaritzako Hezkuntza Berrikuntzako Unitatean. Laneko bajaren mediku-agiriak erantsiko zaizkio eskabide horri.

b) Baja gertatzen den ikasturtean aurkeztu beharko da eskabidea, eta, betiere, ikastaroa amaitzeko zehaztutako eguna baino lehen edo, HE1 eta HE2 ikastaroen kasuan, azterketetarako zehaztutako eguna baino lehen.

3.– Ikastaroa esleitzeak ez dezan eraginik izan gehieneko liberazio-aldiaren zenbaketan, eskakizun hauek ere bete beharko dira:

a) Irale programaren barnean, behin soilik onartuko zaio pertsona bakoitzari ikastaroa ez zenbatzea gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako.

b) Osasun Ikuskaritzak ontzat eman behar du mediku-baja.

c) Gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako ikastaroa ez zenbatzeak berekin dakar hurrengo ikasturtean liberatua izateko lehentasuna galtzea.

d) U2 edo U3 ikastaroetan, baja-aldia 60 eta 109 irakastegun bitartekoa bada soilik eskatu ahal izango da urte erdiko liberazio-aldia ez zenbatzea. Baja-aldia gutxienez 110 irakastegunekoa bada, onartuko zaio ikastaro osoa ez zenbatzea, eta aukera emango zaio ikastaroa hurrengo deialdian egiteko.

e) 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetan, baja-aldia gutxienez 30 irakastegunekoa izan beharko da, ikastaroa ez zenbatzea onartzeko.

f) R ikastaroetan, baja-aldiak irakastegunen % 40 gutxienez hartu beharko du, ikastaroa ez zenbatzea onartzeko.

g) Sailak ez dio ez zenbatzea onartuko ikastaro amaieran dagokion maila edo hizkuntza-eskakizuna gainditu duen inori, nahiz eta ez zenbatua izateko eskakizun guztiak bete.

20. artikulua.– Ikastaro amaierako azterketak.

Jarraian zehazten diren azterketak egin beharko dituzte ikastaro hauetan onartu diren pertsonek, ikastaroa amaitu eta gero:

a) U2 eta 3000 ikastaroak amaituta, HE1eko azterketa egin beharko dute.

b) U3 eta 5000 ikastaroak amaituta, HE2ko edo HLEAko azterketa egin beharko dute.

c) 4000 ikastaroa amaituta, HLEAko azterketa egin beharko dute ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko lan-legepeko hezitzaileek.

21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Irakasleen formakuntza.

• Arduraduna: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila

• Helburua: Irakasleen formakuntzarako aktibitateak. Irale irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko programa. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana (Prest Gara Plana). Aipatutako jardueren jarraipena.

• Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

• Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Euskaltegiak, buletina, HABE.

• Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

• Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050300-capa2-eu.shtml

Araudia:

• Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
DEIALDIKO PARTAIDEAK ETA IKASTAROAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASTARO MOTAK ETA HORIEN XEHETASUNAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
SARRERA-AZTERKETEN DATAK ETA LEKUAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
R 300
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
IKASTETXEKO ZUZENDARIAK BETE BEHARREKO ADIERAZPENA
R400: Euskarazko ikasmaterialak sortzen trebatzeko ikastaroa
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
IKASTETXEKO ZUZENDARIAK BETE BEHARREKO ADIERAZPENA
R600: Curriculumaren euskal dimentsioa irakasarloetan eta ikastetxean lantzeko ikastaroa
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
IKASTETXEKO ZUZENDARIAK BETE BEHARREKO ADIERAZPENA
R900: Euskarazko ahozko komunikazioa irakasjardunean
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala