Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2021eko apirilaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2375

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ermuko Ureta II industria-sektorearen plan partzialari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

Ermuko Udalak 2019ko urriaren 15eko osoko bilkuran hasierako onarpena eman zion Ureta II industria-sektorearen plan partzialari.

Orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2020ko martxoaren 4ko Ebazpenaren bidez, Ermuko Ureta II industria-sektorearen plan partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua formulatu zuen.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, Ermuko Udalak, 2020ko ekainaren 16an, eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen, egokitzat jotako oharrak eta iradokizunak egin zitzaten; hainbat erakunderen txostenak jaso ziren izapidean.

Era berean, Ermuko Udalak plan partzialaren jendaurreko informazioaren izapidea abiarazi zuen, 45 egun baliodunez (EHAA, 117. zenbakia), iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; horrela, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa bete zen, egokitzat jotako bezainbeste alegazio aurkezteko aukera ematearekin lotuta.

2021eko martxoaren 10ean, Ermuko Udalak plan partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Ureta II industria-sektorearen plan partzialaren testu bategina. Planak hainbat eranskin ditu, horien artean, eragin akustikoari buruzko azterketa.

– Plan partzialaren ingurumen azterketa estrategikoa, 2020ko apirilekoa.

– Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidean jasotako txostenen hitzez hitzezko kopia.

– Kontsultarako eta informazio publikorako izapideen emaitzei buruzko agiri teknikoa, eta ingurumen-azterketa estrategikoa egiterakoan kontuan hartu diren moduei buruzkoa.

Ermuko Udalak ohartarazten duenez, behin jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideak amaituta, ez zen alegaziorik jaso; bai, ordea, txostenak, administrazio-espedientean jasotako emaitza eta edukiarekin. Gainera, txosten horiek kontuan hartu dira plan partzialaren behin betiko bertsioa idaztean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da planek eduki beharreko oinarriak ezartzea, plan horiek ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketenean; horretarako, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea eskatzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengatik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, aipatu legearen I. eranskineko A apartatuan bildutako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, baldin eta ebaluatu behar diren planek eta haien aldaketak ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Ermuko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Ermuko Ureta II industria-sektorearen plan partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak plan partzialaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta plan horrek dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako hauek guztiak ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ermuko Ureta II industria-sektorearen plan partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Plan partzialaren helburua da Ureta II lurzoru urbanizagarri sektorizatu industrialaren antolamendu xehatua ezartzea, Ermuko udalerrian indarrean den plangintza orokorra garatzeko. Plan partzialak eraikin berrien oinarrizko ezaugarriak, bide-sarearen eta zerbitzuen ebazpena, eta espazio libreetara bideratutako gainazalen esleipena zehazten ditu. Plan partzialak bost lurzati eraikigarri antolatzen ditu, baimendutako eraikinak kokatzeko. Horrenbestez, handitu egin behar da Areitio gaineko eremu horretan gaur egun dagoen industria-lurzorua. Lurzoru horren ehuneko handi bat finkatuta dago, eta komunikazio- eta zerbitzu-azpiegiturez gain, aire zabaleko aparkaleku bat du kamioientzat.

2018ko martxoan onartutako Uretako eremuen berrantolaketari buruzko HAPOren aldaketa puntualean ezarritako zehaztapenekin bat etorriz, Ureta II sektoreko lursailak lurzoru urbanizagarri sektorizatuak dira, eta 148.750 m2-ko azalera dute.

Eremua Ureta hegoaldeko hegalean dago, eta haren topografia nahiko irregularra eta konplexua da. Eremuak malda handiak ditu sektorearen iparraldean eta ekialdean.

Lurzatiak urbanizatzeko, honako obra hauek egingo dira nagusiki:

• Jarduera ekonomikoetarako eraikinak, 5 lurzatitan banatuta. Baimendutako gehieneko altuera beheko solairuan eta lehen solairuan finkatzen da, eta 10 metrokoa izango da gehienez.

• 470 aparkaleku eraikitzea.

• Ibilgailuentzako sarbideak; horietako bat oinezkoentzat izango da.

• Plan partzialak espazio libreetarako 85.537,72 m2-ko azalera aurreikusten du.

Ingurunearen ezaugarriak eta jarduketen ingurumen-ondorioak.

– Sektorea ez dago kokatuta ingurumenaren ikuspegitik garrantzitsua den eremu batean. Era berean, ez dago elementu natural interesgarrien presentziarik; aitzitik, nabarmen eraldatutako lursaila da, iragan hurbilean lurren zabortegi gisa erabili delako edo haren baso-ustiapenagatik, Pinus radiata landaketetan baso-soilketa metodo bidezko erauzketa eginez.

– Nabarmendu behar da sektorean intereseko landaredia duen azalera txiki bat dagoela, hostozabalen baso mistoa, eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean. Flora inbaditzailearen presentzia handia (Buddleja davidii), Panpa-lezka (Cortaderia selloana) eta beste batzuk, hala nola sasiakazia (Robinia pseudoacacia).

– Kontuan hartu behar da eremuan hainbat erreka-buru daudela, eta horien kontserbazio-egoera nabarmen hobetu daitekeela, arestian aipatutako erabilerak direla eta.

– AP-8 errepideko zortasun akustikoko eremua sektorean sartzen da.

Bidalitako dokumentazioaren arabera, honako hauek dira ingurumenean eragina izan dezaketen ekintzak, garrantziaren arabera antolatuta:

• Bideak eta lurzatiak urbanizatzeko lur-mugimenduak.

• Espazio libreak leheneratzeko lur-mugimenduak.

• Espazio libreen paisaia leheneratzea eta integratzea.

• Urbanizatu aurretik, landaredia moztea eta garbitzea.

• Bide-sistema eta oinezkoentzako guneak egitea.

• Eraikinak egitea.

• Lehendik zeuden eraikin prekarioak eraistea.

• Ustiapen-fasean dauden instalazioetarako sarbidea.

• Ustiapen-fasean dauden jarduera ekonomikoak.

Jarduketak garatu ondoren sor daitezkeen ondorio kaltegarrien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

– Landarediaren sastrakak kentzea: intereseko landaredia duten zuhaiztiak desagertu daitezke.

– Lur-mugimenduak: aldi baterako ondorioak dituzte Beko-errota errekaren egoera ekologikoan, paisaian, kalitate atmosferikoan eta kalitate akustikoan.

– Bi fase horiek gauzatzean espezie inbaditzaileak heda daitezke, bereziki espezie inbaditzaile ugari dauden eremutik abiatuta.

– Sektoreko merkataritza-jardueren kokapenak eragindako mugikortasun motorizatu pribatuaren hazkundeak modu negatiboan eragingo du hainbat alderditan, hala nola airearen kalitatean eta kalitate akustikoan, eremuan bertan nahiz sarbideetan.

– Artifizializatutako azalera handitzean areagotu egingo dira gainazaleko jariatze-urak ere, eta ur horiek Beko-errota errekan metatuko dira, eta Ego ibaian gero.

– Emandako emaitzek berresten dute, gaur egungo egoeran, kalitate akustikoaren helburu murriztaileenak eguneko hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua) betetzen direla, 2 eta 4 metroko altueran. Egoera ez da aldatuko etorkizunean.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko martxoaren 4ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea. Ebazpen horren bidez, Ermuko Ureta II industria-sektorearen plan partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen.

Ingurumen-organo honek emandako irismeneko dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da plan partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plan partziala izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan zehaztutako neurriak ezarriko dira, eta horiei honako hauek gehitu beharko zaizkie:

– Lurzorua zentzuz eta modu intentsiboan erabiltzeko ahalegina egingo da.

– Hala ere, urbanizazio-obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaretza autoktonoa.

– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Bereziki, honako hauek:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).

– Eraikuntza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, «Ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzarako gida. Industria Eraikinak» gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Behar diren neurriak jarriko dira eragindako lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Landareztatu behar diren azaleretan eta ezpondetan, ahal dela, landare-lurra erabiliko da. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea. Horrez gain, diseinu-irizpideak erabiliko dira erosio-arriskuak minimizatzeko.

– Kultur ondareari dagokionez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultur ondarearen arloko Bizkaiko Foru Aldundiko sail eskudunari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark.

– Hirigintza-garapen berriek saneamendu-sare bereizleak izan behar dituzte (euri-urak eta ur beltzak). Eremu sortu berrietan, saneamenduko biltodietara lotzen diren isurketek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren isurketen erregelamendua bete beharko dute.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa bat deskribatzen du, Plan Partzialean bilduriko zehaztapenen aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Programa hori gehiago zehaztu beharko da, eta hainbat aldagaitarako kontrol-parametroak identifikatu, zaintzaren aldizkakotasunerako, atalase-balio jakinetarako, etab.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2020ko martxoaren 4an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak. Eragina izan behar du, besteak beste, jada artifizial bihurtutako lurzoruen erabilerari lehentasuna ematerakoan, ingurumen-baliabideen erabilera jasangarrian, hiri-eremuko berdegune eta ibai-tarteen kalitatea hobetzean, eta espezie inbaditzaileen erauzketan. Arreta berezia jarriko zaio Buddleja davidii espezie inbaditzailea desagerrarazi eta kontrolatzeari, oso hedatuta baitago eremuan.

Bigarrena.– Ureta II industria-sektorearen plan partziala onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez da eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Ureta II industria-sektorearen plan partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ermuko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 17a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala