Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2021eko apirilaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2294

124/2021 DEKRETUA, apirilaren 13koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Finantzen Euskal Institutuari «Finkatze Kapitala Finkatuz SA» sozietate publikoa sortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren bidez, Finkatuz finantza-partaidetzen funts estrategikoa sortu da. Funts hori erabiliko da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handietan epe luzeko finantza-partaidetzak lortzeko, enpresa horiek EAEn errotuta jarrai dezaten eta EAEko ekoizpen-ehun osoaren eragile izan daitezen bermatzeko.

Xedapen gehigarri horren 2. apartatuarekin bat etorriz, Finkatuz funtsaren kargura egindako partaidetza-eragiketak gauzatu ahal izango dira hala zuzenean, Finantzen Euskal Erakundearen partetik, nola zeharka, kapital publikoko eta aipaturiko entearen titulartasuneko sozietate anonimo baten bidez, zeinaren xede bakarra aipaturiko finantza-partaidetzak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea izango baita. Sozietate hori sortzeko, Finantzen Euskal Erakundeak, Finkatuz funtsa finantzatzeko aurreikusitako zuzkidurez gainera, beste ekarpen batzuk ere egin ahal izango ditu, hala nola: akzioak eta partaidetzak merkataritza-sozietateen kapitalean; lehentasunezko harpidetza-eskubideak; obligazioak; kredituak eta bere titulartasuneko antzeko beste edozein eskubide.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 19. artikuluak dioenez, merkataritzako sozietateak sozietate publiko izango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten entitateek haien kapitaletan duten partaidetza nagusi bada, zuzenbide publikokoak zein pribatukoak izan. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, kontuan hartuko dira aipatutako entitate guztien partaidetzak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 20.1 artikuluak sozietate publiko bat sortzeko kasuen artean honako hau ezartzen du: sozietate publikoaren izaera duen merkataritza-sozietate bat sortzea. Xedapen horren 3. apartatuan ezartzen denez, Jaurlaritzaren dekretu bat beharko da, sozietate publikoak sortu edo desagertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak edo haren enteek sozietate horietako partaide nagusi bilakatzeko edo izaera hori galtzeko.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan ezartzen denez, sozietate publikoak merkataritza-legeen arabera eratuko dira, sortzeaz batera fundatutako sozietate anonimo gisa, ahal dela, eta unean-unean sozietate mota bakoitzerako indarrean dagoen araubide juridikoa aplikatuko zaie.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak, berriz, hau ezartzen du 110.1 artikuluan: «Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko ente baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera». Xedatzen duenaren arabera, «nahitaezkoa izango da sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak izango duen zuzeneko nahiz zeharkako partaidetzaren ehunekoa ere», eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Halaber, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 115. artikuluan: «Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden sozietate publikoen sorrerari eta amaierari dagokionez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko III. tituluko IV. kapituluan xedaturikoa (...) bete beharko da –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–».

2020ko martxoaren 9an, Finantzen Euskal Institutuaren Administrazio Kontseiluak erabaki du Institutuaren mendeko merkataritza-sozietate bat eratzea onestea, Finkatuz finantza-partaidetzen funts estrategikoa eratzeko, eta haren helburu bakarra hau izango da: finantza-partaidetzak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea. Ahalmena emango zaio, halaber, Zuzendaritza Nagusiari behar diren izapide guztiak egiteko, bai eta helburu hori betetzeko behar diren era guztietako agiri publiko edo pribatuak sinatzeko ere, eta, aurreko paragrafoetan azaldutakoari jarraikiz, Gobernu Kontseiluaren baimena eskatuko da.

Sozietatearen xedea hau izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handietan epe luzeko finantza-partaidetzak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea, enpresa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan errotuta jarrai dezaten eta EAEko ekoizpen-ehun osoaren eragile izan daitezen bermatzeko.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2021eko apirilaren 13ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimentzea merkataritza-izaera eta forma anonimoko sozietate publiko bat sortzea. Eratzeko unean, Finantzen Euskal Institutua izango da haren bazkide bakarra, eta Finkatze Kapitala Finkatuz SA izango du izena.

2. artikulua.– Finkatze Kapitala Finkatuz SA sozietate publikoaren xedea izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handietan epe luzeko finantza-partaidetzak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea, enpresa horiek Euskadin errotuta jarrai dezaten eta EAEko ekoizpen-ehun osoaren eragile izan daitezen bermatzeko. Xede hori honela garatu ahal izango du sozietateak: nortasun juridikoa duten edo halakorik ez duten sozietateen edo entitateen akzioak, sozietate-partaidetzak, kuotak eta sozietate-kapitaleko beste edozein partaidetza edo interes, edo akzio, sozietate-partaidetza, kuota, partaidetza, errenta finko edo intereseko balio horiek eskuratzeko eskubidea ematen duten tituluak, eskuratuz, besterenduz, edukiz eta administratuz, bere kontura, zuzenean edo zeharka, bai eta sozietate eta entitate horiek, zuzenean edo zeharka, administratuz, kudeatuz eta zuzenduz, haiek gobernatzeko eta kudeatzeko edozein organotako kide izanez, haietan parte hartuz eta horietan dituen karguak betez ere. Xede horren barruan sartzen dira, halaber, sozietatearen helburuak eta jarduerak betetzeko behar eta egoki diren jarduera osagarri guztiak.

3. artikulua.– Finkatze Kapitala Finkatuz SA sozietate publikoaren eraketako kapital soziala ehun eta hirurogei milioi euro (160.000.000 euro) izango da, eta Finantzen Euskal Institutuak harpidetuko du guztiz. Hala, estatutuetan adierazitako moduan eta epeetan ordainduko du zenbateko hori. Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean, zuzenean nahiz zeharka, % 100eko partaidetza izango du.

4. artikulua.– Finkatze Kapitala Finkatuz SA sozietate publikoak bere estatutu sozialak ez ezik, bete beharko du, orobat, Kapitaleko Sozietateen legerian xedatutakoa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoei aplikatu beharreko xedapenak ere, eta, zehazki, EAEko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei buruzkoak.

5. artikulua.– Finantzen Euskal Institutuari dagozkion bazkide-eskubideak administrazio-kontseiluak baliatuko ditu, eta akziodunen batzar nagusia eratuko du.

6. artikulua.– Finantzen Euskal Institutuak Finkatze Kapitala Finkatuz SA sozietate publikoaren esku jarri ahal izango ditu, haren xedea betetzeko, merkataritza-sozietateen kapitaleko akzioak eta partaidetzak, lehentasunez eskuratzeko eskubideak, obligazioak, kredituak eta bere titulartasuneko antzeko beste edozein eskubide, betiere bere estatutuetan aurreikusitako inbertsio-irizpideak eta jarduteko printzipioak betetzen badituzte.

7. artikulua.– Baimena ematen zaio Finantzen Euskal Institutuari Finkatze Kapitala Finkatuz SA sozietate publikoa eratzeko behar diren agiri publiko edo pribatuak sina ditzan haren legezko ordezkariaren bidez edo horretarako izendatutako pertsonaren edo pertsonen bidez. Baimena ematen zaio, orobat, sozietatearen estatutu sozialak ezartzeko, administrazio-organoak izendatzeko, beharrezkoak diren ahalmenak emateko, kapital sozialari egin beharreko ekarpena finkatzeko, akzioak harpidetzeko eta dekretu honetan xedatutakoa gauzatzeko egoki diren gainerako erabakiak hartzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko apirilaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala