Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2021eko apirilaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKADIKO KIROL PORTUAK
2256

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 29koa, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita hastea, deialdi publikoaren bidez, Donostiako kirol-dartsenan 7. zerrendako aisia-ontziek amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura.

Euskadiko Kirol Portuak erakundeak Donostiako kirol-dartsenan aisia-ontzientzako amarralekuak ditu, eta, horiek okupatzeko, amarralekuak erabiltzeko gaikuntza-titulua eman behar da aldez aurretik.

Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasuneko portuetan, titulu horiek emateko prozedura agindu honetan ezarrita dago: Agindua, 2017ko urriaren 19koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta horren araubidea arautzen baitira. 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioak amarralekuak eskatzeko epea irekiko du, eta, deialdi horretan, eskaintzen diren amarralekuak eta horien kokapena adieraziko dira. Aginduaren 6. artikuluak ezartzen duenez, deialdia ebazpen baten bidez egingo da, eta honako hauetan argitaratuko da: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietatik bitan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 24. artikuluak Euskadiko Kirol Portuak erakundearen xedea ezartzen du, eta, besteak beste, jasotzen du Jaurlaritzak esleitzen dizkion itsas-aisialdiko erabilerako portuen eta horiei lotutako erabilera-guneen kudeaketa integrala dela. Ildo beretik doa estatutuen 5. artikulua, zeinak maiatzaren 12ko 58/2020 Dekretuaren bidez onartu baitziren.

Halaber, Euskadiko Kirol Portuak erakundeari bere eginkizunak garatzeko behar dituen baliabideak atxikitzen dizkion maiatzaren 12ko 59/2020 Dekretuaren 1. artikuluak erakundeari esleitzen dio hainbat portutako kirol-portuaren zerbitzu publikoaren kudeaketa, Donostiako kirol-dartsenarena, besteak beste. Beraz, Euskadiko Kirol Portuak erakundeari dagokio kudeatzea Donostiako kirol-dartsenari dagokion portuko jabari publikoa, eta, horrekin batera, amarralekuak erabiltzeko emakiden deialdia egitea.

Horiek horrela, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen estatutuetako 15-2 o) artikuluak zuzendaritza honi ematen dizkion ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako kirol-dartsenan 7. zerrendako ontziek moduluak erabiltzeko emakidak emateko prozedura hastea, deialdi publikoaren bidez, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 29a.

Euskadiko Kirol Portuak erakundearen zuzendaria,

EDURNE EGAÑA MANTEROLA.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Donostiako kirol-dartsenan 7. zerrendako aisia-ontziek amarralekuak erabiltzeko emakidak ematea, deialdi honen ebazpenetik aurrera kirol-amarralekuak kudeatzeko zerbitzuak emateko moduaren arabera katalogatua:

– 3. taldea: Portuko zerbitzuko langileen zerbitzu esklusiboa duten aisialdiko azpiegitura nautikoak, 24 ordutik beherako txandetan, astean hiru lanaldi oso baino gehiagoz emanak, goi-denboraldian izan ezik, horietan egunero emango baitira.

Bigarrena.– Eskainitako amarralekuak.

A) Amarraleku finkoak edo urte osokoak erabiltzeko emakidak.

1.– Hirurehun eta laurogeita lau (384) amarraleku eskainiko dira.

2.– Kategoria bakoitzeko amarraleku kopurua honako hau da:

a) Pantalaneko amarralekuak, guztira 5 metro edo gutxiagoko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 1,72 metro dela: 107.

b) Pantalaneko amarralekuak, 6 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 1,85 metro dela: 49.

c) Pantalaneko amarralekuak, 6,5 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,00 metro dela: 86.

d) Pantalaneko amarralekuak, 6,5 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,20 metro dela: 48.

e) Pantalaneko amarralekuak, 6,5 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,35 metro dela: 8.

f) Pantalaneko amarralekuak, 6,50 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,50 metro dela: 4.

g) Pantalaneko amarralekuak, 6,80 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,20 metro dela: 6.

h) Pantalaneko amarralekuak, 7,00 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat etagehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,20 metro dela: 9.

h) Pantalaneko amarralekuak, 7,35 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,35 metro dela: 10.

g) Pantalaneko amarralekuak, 7,5 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,50 metro dela: 11.

g) Pantalaneko amarralekuak, 7,80 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 2,80 metro dela: 25.

h) Pantalaneko amarralekuak, 7,80 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 3,00 metro dela: 2.

h) Pantalaneko amarralekuak, 8,00 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 3,00 metro dela: 2.

h) Pantalaneko amarralekuak, 8,50 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 3,00 metro dela: 5.

h) Pantalaneko amarralekuak, 9,00 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 3,20 metro dela: 6.

h) Pantalaneko amarralekuak, 10,00 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 3,20 metro dela: 5.

q) Pantalaneko amarralekuak, 10,50 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta gehieneko okupazio-zabalera amarralekuko 3,20 metro dela: 1.

Gehieneko okupazio-zabalera ontziaren errunak gehi gerpak edo ontziaren defentsek osatzen dute, pantalan bakoitzaren tipologiaren arabera.

B) Amarralekuak sasoika erabiltzeko emakidak (urriaren 1etik hurrengo urteko maiatzaren 31ra).

1.– Zazpi (7) amarraleku eskainiko dira.

2.– Kategoria bakoitzeko amarraleku kopurua honako hau da:

a) Pantalaneko amarralekuak, gehieneko luzera 8 eta 9 metro artekoa eta gehieneko erruna 3,40 duten ontzientzat: 2.

b) Pantalaneko amarralekuak, gehieneko luzera 9 eta 10,5 metro artekoa eta gehieneko erruna 3,40 duten ontzientzat: 4.

c) Pantalaneko amarralekuak, gehieneko luzera 10,5 eta 12,50 metro artekoa eta gehieneko erruna 4,00 duten ontzientzat: 1.

3.– Amarralekuen kokapena ebazpen honen II. eranskineko planoan adierazitakoa da.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Eskabidea ebazpen honen III. eranskineko eredu normalizatuan aurkeztu beharko da, zeina doan emango baita Euskadiko Kirol Portuak (aurrerantzean EKP) erakundearen bulegoetan, Donostian (Kamingaintxo plaza, z./g., «Poraaviones» eraikina, 20003 Donostia).

2.– Halaber, www.euskadi.eus web-orri elektronikoan ere deskarga daiteke, hemen sartuta: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila – Portuak – Kirol-portuetako amarralekuak, «amarratzeko eskaera»; horrez gain, EKPren web-orri elektronikoan ere deskarga daiteke (www.ekpsa.eus).

3.– Eskatzaile bakoitza deialdi honen bidez eman beharreko bi modalitateetako batera bakarrik aurkeztu ahal izango da; dokumentu honen bigarren oinarrian ezarrita daude modalitateok: A eta B. Hau da, eskatzaile bakoitzak aukeratu egin beharko du bere eskabidean, urte osorako amarraleku finko bat erabiltzeko emakida edo amarralekua sasoika erabiltzeko emakida, eta aukeratu nahi duen modalitatea markatu beharko du hirugarren atal honetako 1. eta 2. puntuetan aipatzen den eskabide-ereduan.

Laugarrena.– Dokumentazioa.

Eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera:

– Eskatzailearen dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoak: NANa edo pasaportea, IFZ edo AIZ. (NANean edo pasaportean titularkide izanez gero, titularkide bakoitzaren IFZ edo AIZ).

b) Pertsona juridikoak: Enpresaren IFK, eratze-eskritura edo -agiria, estatutuak edo sortze-akta, baita legezko ordezkariaren ordezkaritza-ahalordea eta NANa ere.

c) Finantza-errentamendua: finantza-errentamenduaren kontratuaren kopia.

d) Bankuko datuak: A atalean adierazitako kontuaren titulartasun-ziurtagiria.

e) Pentsioduna izanez gero, egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiria, dagokion erakunde ofizialak emana, eta PFEZaren azken aitorpenaren kopia.

f) Eskatzaileari edo ontzia benetan maneiatzen duenari amarralekuaren xede den ontzia maneiatzeko ahalmena ematen dion egiaztagiria; azken horrek nabigazio-baimenaren barruan egon behar du, edo titularrak edo titularkideak idatziz baimendu behar du.

– Ontziaren dokumentazioa (ontzi baten titularra izanez gero):

a) Rola, nabigazio-lizentzia edo inskripzio-ziurtagiria.

b) Nabigagarritasun-ziurtagiria.

c) Ontziaren inskripzio-orria, eskaera egin aurreko sei hilabeteen barruan eguneratua.

d) Ontziaren argazkia, 10 x 15 cm-koa.

e) Eskaeraren unean indarrean dagoen ontziaren aseguru-poliza eta azken ordainagiria, indarrean dauden legezko xedapenek eskatutako estaldurekin (erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua, ontzi-hondarrak portutik kentzeko estaldura kontuan hartzen duena). Hartzaileak bat etorri behar du eskatzailearekin.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

Bide presentziala:

Eskabideak zuzenean aurkeztu ahal izango dira EKPren Donostiako bulegoetan (Kamingaintxo plaza, «Portaaviones eraikina» z.g., 20003 Donostia), hitzordua eskatu ondoren, astelehenetik ostiralera 09:30etik 17:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoa.

Gaur egungo osasun-larrialdia dela-eta, eskabideak modu presentzialean aurkezteko, ezinbestekoa izango da hitzordua eskatzea, eta horretarako ordu-erreserbarik ez dutenek ezin izango dute izapide hori egin. Aurretiko hitzordua Euskadiko Kirol Portuak erakundearen web-orriaren bidez (www.ekpsa.eus) egin beharko da, «Amarratze-deialdiak» atalean.

Bide elektronikoa:

Eskabideak www.ekpsa.eus helbide elektronikoan aurkeztuko dira, «Amarratze-deialdiak» atalean.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

2.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

Zazpigarrena.– Prozedura.

1.– Eskatzaileen betekizunak.

Amarralekuak esleitzeko eskaera egin ahal izango dute 7. zerrendan erregistratutako ontzi baten jabe edo titular diren pertsona guztiek, bai eta 7. zerrendan erregistratutako aisia-ontzien finantza-errentamenduko kontratu baten jabe edo titular direnek ere.

Halaber, amarralekuak eskatzeko aukera izango dute 7. zerrendan erregistratutako aisia-ontzi bat erosteko fasean dauden pertsonek, edo 7. zerrendan erregistratu beharreko aisia-ontzi bat erosteko asmoa dutenek, baldin eta amarraleku-esleipen baten titularrak badira.

Donostiako portuaren ezaugarri fisikoak direla-eta, deialdi honetatik kanpo geratzen dira mota honetako aisia-ontziak: uretako motoak.

Eskatzaileei amarralekuen eskabideak egiteko eskatzen zaizkien baldintzak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoak dira.

2.– Amarralekua esleitzea.

Amarralekuak esleitzeko prozedura lehia askea izango da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta. Agindu horren bidez, aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta horren araubidea arautzen dira.

Hau da:

1.– Agindu horretan ezarritako ur-laminaren okupazioa optimizatzeko irizpide orokorrari jarraituko zaio. Amarradura-kategoria bakoitzerako zerrenda bat osatuko da, ur-laminaren okupazio handienetik txikienera ordenatuta, eskatzaileak dagozkion eskabideetan jasotako erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako ontziaren neurri zehatzen arabera; eta plazak horrela konfiguratutako zerrenda horren arabera esleituko dira.

Alde horretatik:

1.1.– Eskatzaile bakoitzak dimentsioei buruz egiten duen adierazpena errealitatera egokitu behar da. Hori dela eta, adierazitako neurriak benetakoak ez badira, eskabidea baztertu edo emakida errebokatu daiteke.

Zehazki:

– Eskatzaileak zinpeko adierazpenean adierazitako ontziaren neurriak ez badatoz bat dagokion dokumentazioan ontzi horrentzat ezarritako neurriekin, salbu eta desberdintasunaren arrazoia ontzi horretan egiturazko elementuak sartzea bada edo elementu horiek ontziaren zati badira amarralekua eskatzen den unean, urriaren 6ko 186/2015 Dekretuan ezarritako guztizko luzeraren definizioaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi arautzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzekoa–, aurkeztutako eskabidea automatikoki baztertuko da esleipen-prozeduratik.

Eskaera egiteko unean ontziak egitura-elementu horiek badituela egiaztatzeko, eskabidearekin batera aurkeztu behar den ontziaren argazkia erabiliko da. Esleipen-prozeduratik kanpo uzteko arrazoia da erantsitako argazkian egitura-elementu horiek daudela ezin egiaztatzea.

– Eskabidea egiteko unean eskatzaileak ontzirik ez badu eta deialdi hau ebatzi ondoren amarraleku bat esleitzen bazaio, ebazpen hori indarrik gabe geratuko da, baldin eta eskatzaileak azkenean erosiko duen ontzia ez badator bat eskabidean egiaztatu duen ontziaren neurriekin.

2.– Kontuan hartuta agindu horren 14.1 artikuluak ezartzen duela, halaber, lehentasuna emango zaiela amarralekua eskatzeko unean ontzia duten eskatzaileei:

2.1.– Deialdian ezarritako amarraleku-kategorietan, eskatzaileen kopurua eskainitako amarralekuen kopurua baino handiagoa edo berdina izan bada:

– Amarralekuak esleitzeko prozeduratik kanpo geratuko dira eskaera egiteko unean ontzirik ez zuten eskabideak, eta eskabide horiek itxaron-zerrenda korrelatiboa osatuko dute, atal honetako 1. puntuan azaldutako prozedurari jarraiki egindako itxaron-zerrendaren ondoren.

3.– Era berean, kontuan hartuta aipatutako 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14.1 artikuluan dimentsio bereko ontzien kasuei buruz ezarritakoa:

3.1.– Berdintasun-egoera horiek zozketa bidez ebatziko dira. Zozketa hori notario baten aurrean egingo da, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen webgunean eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko tirada handieneko bi egunkarietan jakinarazten den egunean eta lekuan.

3.2.– Zozketa horretan, ontzien dimentsioen arteko berdintasun-egoerak ebazteko:

1.– Lehentasuna izango dute eskaera egiteko unean ontzia duten eskatzaileek.

2.– Lehenengo zozketa egingo da berdintasun-egoeran egonik eskaera egiteko unean ontzia duten eskatzaileen artean, eta bigarren zozketa, berriz, ontzirik ez dutenen artean; azken horien zerrenda lehenengo zozketan sortutako zerrendako azkenaren atzetik erantsiko da, hurrenkerari jarraituz.

Zortzigarrena.– Amarralekua erabiltzeko emakida.

1.– Amarralekua erabiltzeko emakidaren epea hamabost urtekoa izango da, ematen den egunetik aurrera.

2.– Behin emakida emanda, ezin izango dira aldatu emakida eragin duen eskabidearekin batera aurkeztu den zinpeko adierazpenean ezarritako ontziaren neurriak, kasu hauetan izan ezik: elementu finkoak edo ontziaren parte direnak gehitzea, urriaren 6ko 186/2015 Dekretuan ezarritako baldintzetan (186/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi arautzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzekoa), edo ontzia aldatzea; bi kasuetan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduan (zeinaren bidez aisia-ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea arautzen den) ontzi-aldaketetarako ezarrita dagoena betez jardungo da.

Aldaketa hori eskatzen bada, emakida-ebazpena berrikusi egingo da, eta errebokatu egin ahal izango da.

3.– Donostiako dartsenaren hegoaldean (La Lasta) dauden nabigazio- eta maniobra-kanalen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, eta ontzietan kalterik eta jabeen artean liskarrik ez eragiteko, deialdi honetan emandako amarralekuak okupatzen dituzten ontziek, baldin eta karelez kanpoko motorra badute, motorraren kola uretan sartuta eduki beharko dute plaza horietan amarratuta dauden bitartean, baita motorraren kola babesteko elementuak dituztenean ere. Premisa horiek ez betetzeak emakida errebokatzea ekar dezake.

4.– Arrazoi berberagatik, ontziaren brankako eta popako zatiek ez dute atrakatze- eta desatrakatze-maniobretan gainerako ontziei kalte egin diezaiekeen elementurik eduki behar, hala nola aingura puntazorrotz irtenak edo ertz biziak bainu-plataformetan, etab. Premisa horiek ez betetzeak emakida baliogabetzea ekar dezake.

5.– Amarralekuak erabiltzeko emakiden araubide juridikoa aipatutako aginduaren III. kapituluan ezarritakoa izango da.

Bederatzigarrena.– Publikotasuna.

1.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin bat etorriz, EKPren Donostiako bulegoetako iragarki-taulan (Kamingaintxo plaza z./g., «Portaaviones eraikina», 20003, Donostia) jakinaraziko dira aurkeztutako eskabideen eta agirien zuzenketak eta, hala badagokio, deialdi hau garatzeko alderdiei buruzko informazioa.

2.– Prozedurari amaiera emango dion ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala