Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2021eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2226

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 31koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bitartez argitaratzen baita SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko martxoaren 31ko Erabakia, 2021eko «Global Training» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 31ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Global Training» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Global Training» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko martxoaren 31.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA, SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN NAZIOARTEKOTZEKO ZUZENDARIAREN 2021EKO MARTXOAREN 31KO EBAZPENARENA
ERABAKIA, 2021EKO MARTXOAREN 31KOA, SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN ETA ARGITARATZEN BAITIRA 2021EKO «GLOBAL TRAINING» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK ETA DEIALDIA EGITEN BAITA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, esleituta ditu honako hauek sustatzeko jarduerak: industria eta enpresa-jarduera, industria-sektoreko inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazioaren eta ezagutzaren gizartearen garapena eta enpresa-jarduera ekintzailearen sustapena Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horri dagokionez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatu izan ditu euskal enpresak nazioartekotzeko. Jarduketa horien artean daude euskal enpresak nazioarte mailan hobeto kokatuta egoten laguntzen duten laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau helburu nagusi bati begira diseinatu da: euskal gazteen prestakuntza praktikoa sustatzea atzerriko enpresa eta erakundeetan.

Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia) 48.5 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren bidez finantzatutako finantza-erakunde guztiei agintzen die dirulaguntza-jarduera egokitzeko publizitatearen printzipioari, besteak beste.

Azaldutakoaren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Global Training» 2021 laguntza-programa arautzen duten oinarriak eta deialdia onestea. Programa horren edukia ebazpen honen I. eranskinean jasotzen da.

Bigarrena.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari ahalmenak ematea ebazpen hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko beharrezkoak diren izapide-egintzak egin ditzan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango dio interesdunak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

I. ERANSKINA
GLOBAL TRAINING 2021 LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

Hazkunde adimentsu, jasangarri eta solidarioko 2021 Europako Estrategiaren garapenak eta euskal ekonomiaren nazioartekotzearen sustapenak gazte prestatuagoak eta hobeak behar dituzte, emakume eta gizonei independentzia ekonomiko berdina ahalbidetzen dien gizarte jasangarri bat lortzeko, Europako Batzordeak 2010eko martxoaren 5ean onartutako dokumentuan jasotzen duen bezala. Ildo horretan, aurreikusten da etorkizun hurbilean EBko lanpostu guztien ehuneko handi baterako goi-mailako kualifikazioak eskatuko direla, eta gaitasun gehienak hezkuntza ez-formalaren bidez eskuratuko direla, batez ere nazioarteko mugikortasunari, boluntariotzari, laneko ingurune errealetako ikaskuntza praktikoari eta gazteen parte-hartze aktiboari dagokienez.

Hori dela eta, ekonomia irekiaren eremuan planteatzen diren etorkizuneko erronkei irtenbideak emateko, eta euskal gazteen gaitasunak, ezagutza, prestakuntza eta mugikortasuna garatzeko eta gazte horiek lan-merkatuan sartzeko prestatuta egon daitezen, 2012an beka-programa bat abiarazi zen, zeinak sustatzen duen EAEko gazteen mugikortasuna estatuen artean, beraien profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egiteko atzerriko herrialdeetako enpresa eta erakundeetan, aldez aurretik antolatutako prestakuntza praktikoko plan batekin.

Programa horrek, egokitzapenak eginda, indarrean jarraitzen du euskal gazteen eta enpresen beharrizanei erantzuna emateko.

Global Training programak aukera ematen die unibertsitateko tituludunei eta lanbide-heziketako goi-mailako tituludunei atzerrian profesionalki prestatzeko, beraien espezialitate akademikoarekin bat datozen enpresetan edo erakundeetan ordaindutako praktika eginez. Proiektu honen bitartez, EAEko gazteen estatu arteko mugikortasuna sustatzen da, beraien prestakuntza osatzeko eta garapen pertsonal eta profesionalerako aukerak emateko.

Azkenik, programa hau erakundeak 2021 urterako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Basque Trade & lnvestment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren 2021eko «Global Training» beka-programaren kudeaketan, banaka edo lankidetzan, parte hartzen duten erakundeei dirulaguntzak funts galdura ematea arautzea. Programa horren helburua da unibertsitateko tituludunei eta lanbide-heziketako goi-mailako tituludunei prestakuntza praktikoa eskaintzea atzerriko enpresa eta erakundeetan.

Aipatutako lankidetza honetan datza: beketarako hautagaien eta praktikak gauzatzeko enpresen hautaketa eta deialdiaren prozesuak erraztea, baita Global Training bekadunen prestakuntza-, arreta- eta jarraipen-prozesuak ere, oinarri hauen I. eranskinean ezarritako aurreikuspenen arabera.

2. artikulua.– Iragarritako bekak.

«Global Training» bekak gehienez 500 izango dira, eta erakunde onuradun bakoitzak gutxienez 50 eta gehienez 75 deitu beharko ditu, oinarri hauetan aurreikusitako baldintzekin bat etorrita.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 6.200.000 euro dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik eratortzen dira (aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren barruan daude).

Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezingo da izan artikulu honetan ezarritako zenbatekoa baino handiagoa.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Oinarri hauetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke «Global Training» beken deialdia egiten duten erakunde publiko eta pribatuak (I. eranskinean deskribatzen dira), baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Kasuan kasuko erregistroan eratuta eta izena emanda egotea, gutxienez eskaerak aurkezteko azken eguna baino bi urte lehenagotik.

b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea unibertsitate-prestakuntzako edo goi-mailako lanbide-heziketako proiektuak eta jarduerak egiten, eta/edo bi urteko esperientzia izatea gazteak, nazioarteko mugikortasun-programen bidez, lan-merkatuan sartzeko behar diren gaitasunetan trebatzen.

c) Erakundeen jarduera-eremua EAE osoa izatea, beraien Estatutuen arabera.

d) Nazioarte mailako sare bateko kide izatea edo antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo -akordioak sinatu izana, zeinen bidez bermatzen den atzerriko enpresa edo erakundeak daudela euskal gazteak hartzeko prest, praktikak egin ditzaten.

e) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

f) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zigortuta ez egotea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta egotea ere.

g) Dirulaguntzen itzulketa dela-eta egin beharreko ordainketak egunean egotea.

h) Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan deskribatutako egoeraren batean dauden erakundeak. Onuradun izateko aurreko zenbakietan aipatutako baldintzak eskabidea aurkezten den unean betetzen direla egiaztatu beharko da, eta ematen den dirulaguntza likidatu arte mantendu.

5. artikulua.– Jarduketak, diruz lagun daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak.

1.– Oinarri hauen ondorioetarako, diruz lagun daitezkeen jardueratzat hartzen dira hauek: bekadunei dei egitea, ezagutaraztea, hautatzea, aurretiko prestakuntza ematea, eta beka kudeatu eta babestea, bekaren garapena amaitu arte.

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Bekari hasiera emateko prestakuntza espezifikoa emateko antolatzen diren ikastaroen ondoriozko gastuak; I. eranskinean ezarritakoaren arabera, ikastaro horiek 40 eta 60 ordu bitarteko iraupena izango dute eta eranskin berean zehazten den oinarrizko programari egokituko zaizkio. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak, bekadun bakoitzeko, ezin dira 500 eurotik gorakoak izan.

b) Beka bakoitzerako, hilean 1.570 euro gehienez emango dira gastuak ordaintzeko, gehienez ere 6 hilabetez. Partida horren kargura:

– Bekadunek 1.500 euro gordin jasoko dute, eta kopuru horri Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion zenbatekoa kendu beharko zaio, bekadunak bere gain hartuta.

– Gainerako zenbatekoa erabiliko da erakunde eskatzaileek enpresak ordaindu beharreko Gizarte Segurantzaren kotizazioak ordaintzeko.

c) I. eranskinean ezarritakoaren arabera, erakunde onuradunak izenpetu beharko dituen aseguru-polizetatik eratorritako gastuak; aseguru-poliza horien bidez, bekadun bakoitzak gaixotasun- eta erantzukizun zibileko eta istripu-arriskuak estaltzeko aseguru bat izan dezan, eta bidaia-laguntzako azken horren osagarri izan dadin. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak, bekadun bakoitzeko, ezin dira 400 eurotik gorakoak izan.

d) «Global Training» beka-programa abiarazteko, kudeatzeko, administratzeko eta komunikazio eta publizitaterako erakunde onuradunen gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ezin daitezke 1.000 eurotik gorakoak izan bekadun bakoitzeko.

Herrialderen bateko bisatuaren kostua oso handia bada eta bekadunen zuzkidura ekonomikoa ez bada nahikoa hura ordaintzeko, erakunde onuradunek partida honi egotzi diote gastu hori.

Bekadunak praktikak egiteko herrialdera joan aurretik bekari uko egiten badio, edo herrialde horretako osasun-egoera dela-eta edo mugak ixteagatik ez badauka heltzerik, beka baliogabetuko da, eta beraz, erakunde onuradunek beka horietako bakoitzaren kudeaketari dagokion zenbatekoaren % 50 jasotzeko eskubidea baino ez dute izango.

e) Horrez gain, COVID-19aren pandemiak munduan eragin duen egoera kontuan hartuta, eta mundu mailako era horretako krisialdiek atzerrian normaltasunez bidaiatzeko eta bizitzeko sorrarazten dituzten zailtasunak ikusita, 3. artikuluan deskribatutako aurrekontuan, gorabeheretarako 1.000 euroko partida bat dago bekadun bakoitzeko.

Partida hori salbuespen kasu hauetan bakarrik erabiliko da:

– Bekadunei eragiten dieten ezinbesteko arrazoiak direla-eta beharrezkoa bada ustekabeko gastuak egitea helmuga-herrialdean aparteko laguntza medikua eskaintzeko, bidaiak egiteko edo bestelako gastu gehigarriak egiteko, edo, beharrezkoa balitz, bekadunak dauden herrialdetik jatorrizko herrialdera ekartzeko. Hori guztia, deialdi honen kontura dagoen atzerriko 6 hileko egonaldian.

– Bidaia, bisatua edo alokairuak direla-eta gastuak egin badira, osasun-egoeragatik eta/edo mugak ixteagatik bekadunak ez badauka helmuga-herrialdera joaterik eta, beraz, bekaduna ezeztatzen bada.

Basque Trade & Investment-ek eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak aldez aurretik baimena eman beharko dute gastuak partida horri egozteko, eta baimendutako gastu bakoitza dokumentu bidez egiaztatu beharko da. Beharrezkoa ez bada partida erabiltzea, erakunde onuradunek ez dute inolako diru-kopururik jasoko.

6. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuk jasotzea.

1.– Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste edozein administrazio edo erakunde batzuek helburu bererako emandako beste dirulaguntza, batzuekin.

2.– Aurrekoa gorabehera, oinarri hauen babespean ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako beste dirulaguntza eta laguntzarekin batera, edo diruz lagundutako jarduketarako beste sarrera edo baliabide batzuekin batera, inola ere ezin da izan dirulaguntzaren xede den programaren kostua baino handiagoa. Kasu horretan, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio oinarri hauek direla bide emandako dirulaguntzari.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Dirulaguntzaren eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren biharamunean hasi eta 2021eko maiatzaren 21eko 24:00etan amaituko da, eta egun horretako 15:00ak arte laguntza teknikoa emango da.

2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta oinarri hauetatik eratortzen diren gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egingo dira. Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, helbide elektroniko honetan sartu beharko da: www.spri.eus/GlobalTraining

3.– Eskabideekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren NAN.

b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskalaren txartela.

c) Erakundearen eraketari buruzko eskriturak eta/edo eskatzailearen ordezkaritzarako ahalordea.

d) Kontuaren titulartasuna ziurtatzen duen ziurtagiria.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaindu dituela egiaztatzeko ziurtagiriak, erakunde eskatzaileak aipatutako agiriak eskatzeko baimena ukatzen badu; izan ere, laguntzaren eskabideak berekin dakar SPRIri berariazko baimena ematea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela eskatzeko.

f) Oinarri hauetako 4.b) artikuluan eskatzen den esperientzia egiaztatzen duen dokumentazioa, garatutako proiektuak, deialdia edo hitzarmenak identifikatuta.

g) Nazioarte mailako sare bateko kide izatea edo antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo -akordioak sinatu izana egiaztatzen duen dokumentazioa, oinarri hauetako 4.d) artikuluak eskatutakoa betetzeko.

h) «Global Training» beka-programa garatzeko proiektua, hauek barne hartuta:

I) Deitu nahi diren Global Training beken kopurua, oinarri hauetako eranskinetan aurreikusitako baldintzekin bat etorrita.

II) Hautatutako gazteei zuzendutako prestakuntza-plana, praktikak egingo dituzten enpresa edo organismoan hasi aurretik. Prestakuntza-planak ikastaro batzuk izango ditu, 40 eta 60 ordu bitartekoak, oinarri hauetako II. eranskinean zehaztutako oinarrizko programari egokitutakoak.

III) Egingo diren ekintzen kronograma, deialdian ezarritakoaren arabera proiektuaren garapena bermatzen duena.

IV) Aurrekontu osoa, aurreikusitako gastu eta diru-sarrerak eta proiektuaren barruko ekintzen garapena jasotzen dituena.

V) Erakunde eskatzaileak proiektua garatzeko dituen giza baliabideak, baliabide materialak eta/edo esperientzia.

VI) Proiektuaren garapenean inplikatutako erakunde juridikoko pertsonen curriculum vitaea.

i) Erakunde desberdinek lankidetza-modalitatean eskaera bateratua aurkezten dutenean, lankidetzarako barne-akordio bat aurkeztu beharko da, erakunde laguntzaile guztiek sinatuta. Akordio horrek zehatz-mehatz azaldu beharko du nola laguntzen duen bikaintasuna lortzen proiektuaren garapenaren fase guztietan: publizitatea eta deialdia, hautaketa, prestakuntza, praktika onenen bilaketa eta prozesu osoaren monitorizazioa.

j) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena, hau ziurtatzen duena: erakunde hori ez dutela administrazioan edo auzibidean zigortu sexua dela-eta inor baztertzeagatik, eta ez dutela zigortu dirulaguntzetarako deialdietan aurkezteko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

k) Beste erakunde batzuei dirulaguntzarik eskatu bazaie, laguntza horien eskaeraren kopia. Dirulaguntza horiek dagoeneko eman badira, haien ebazpenaren kopia.

4.– Basque Trade & lnvestment-ek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak dokumentazio eta/edo informazio osagarria eska diezaieke erakunde eskatzaileei, laguntzaren eskabidean aurkeztutako proiektua behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkoa dena.

5.– Ez da beharrezkoa izango aurkeztea dagoeneko Basque Trade & lnvestment-ek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak dituzten dokumentuak. Erakunde eskatzaileak aurkeztu badu dokumentazio hori, eskaeran agerrarazi beharko da noiz aurkeztu den eta zein organo edo bulegotan.

6.– Laguntzaren eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntzaren eskaeratik eratortzen diren jarduketetan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza ofiziala erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritako moduan.

8. artikulua.– Onarpena eta zuzenketa.

Baldin eta Basque Trade & lnvestment-ek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badute aurkeztutako dokumentazioan akats, oker edo zehaztasun ezaren bat dagoela, erakunde eskatzaileari jakinaraziko diote eta hamar (10) eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko; gainera, ohartaraziko zaio hala egin ezean, ulertuko dela bere eskaeran atzera egin duela. Epe horretan ez bada dokumentazioa zuzendu, eskaera atzera egindakotzat jotzeko ebazpena emango da.

9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira; horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatzen dira haien artean hurrenkera bat ezartzeko, 10. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta: dirulaguntzak emango zaizkie gutxieneko puntuazioa lortu dutenen artean baloraziorik altuena izan dutenei, lehentasun-hurrenkerari jarraituz, deialdiaren finantzaketarako zuzkidura ekonomikoa amaitu arte.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta haztapen-faktoreak.

Balorazio-irizpideak haztatu egingo dira oinarri hauen IV. eranskinean zehaztutakoarekin bat etorrita. Onuradun izateko gutxieneko puntuazioa 60 puntu da.

Irizpideen deskribapena:

1.– Praktikei buruzko informazio argia (0 eta 15 puntu bitartean): enpresaren edo erakundearen jarduerari, sektoreari, jatorriari eta tamainari buruzko informazioa, eskatutako profila, praktikak egingo diren leku geografikoari buruzko informazioa eta bekadunak egin beharreko zereginen deskribapena.

2.– RIS3 enpresa eta erakundeetako praktiken ehunekoa (10 puntu): aurkeztutako praktika guztien % 25, gutxienez, RIS 3 sektore bateko enpresetan eta erakundeetan egiten badira puntuazioa emango da, programaren lehentasunak Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Planarekin bateratuta.

3.– Atzerriko enpresa eta erakundeen ehunekoa (15 puntu): baimenduta dago erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatzea euskal enpresekin eta estatuko erakundeekin, baina kontuan hartuta programaren helburua dela bekadunek beste enpresa-kultura batzuk ezagutzea eta haietatik ikastea, aurkeztutako praktika guztien % 80, gutxienez, atzerriko enpresa eta erakundeetan egitea baloratuko da.

Euskal enpresa eta estatuko erakundeetan praktiken % 20 gaindituz gero, atal honetako 15 puntuak ez zaizkie emango, eta gainera, % 20 gainditu eta unibertsitateko tituludunak behar dituztenak ez dira kontuan hartuko artikulu honetako 5. atalaren balorazioa egitean.

Praktikak egiten diren euskal enpresa eta estatuko erakundeetan lanbide-heziketako tituludunak behar badituzte, praktika horiek ez dira kontuan hartuko atzerriko enpresetako praktiken ehunekoa kalkulatzean, kolektibo horrek unibertsitateko tituludunek baino aukera gutxiago baitu atzerrian praktikak egiteko.

Irizpide horren ebaluazioa egiteko, estatuko edo EAEko enpresen filialak, sukurtsalak eta ordezkaritza-bulegoak ez dira atzerriko enpresatzat hartuko, estatuko erakundeek atzerrian dituzten ordezkaritzak bezalaxe.

4.– Bekaz gozatzeko aldia luzatzea, praktika egiten den erakunde onuradunaren, enpresaren edo erakundearen kontura (0 eta 30 puntu bitartean): beka gehienez ere 6 hilabetez luzatu daiteke, eta, horretarako, enpresak edo erakundeak sinatu beharko du oinarri hauetako V. eranskinean eskuragarri dagoen aurreakordioaren eredua.

Azken deialdietako esperientziak erakutsi du diziplina akademiko batzuetarako ezin dela bekaz gozatzeko aldia luzatu; hori dela eta, diziplina guztiek programa honetan eskaintza egoki eta interesgarriekin lekua izango dutela bermatzeko, erabaki da aurkeztutako eskaintzen % 10 ez egotea balorazio-irizpide horri lotuta. Salbuespen horretako diziplinak hauek dira: Ingurumen Zientziak, Biologia, Artearen Historia, Arte Ederrak, Geografia eta Historia, Kultur Kudeaketa, Filologia, Itzulpena eta Interpretazioa eta Psikologia.

1., 2., 3. eta 4. irizpideak hobeto ebaluatzeko, VI. eranskina (eskainitako praktiken laburpen-taula) eta VII. eranskina (eskainitako praktikaren xehetasuna) bete eta aurkeztuko dira.

5.– Eskainitako beken kopurua (gehienez, 10 puntu): puntuak emango dira beka-kopurua 60 edo gehiago bada.

6.– Erakundeen arteko lankidetza eraginkorra eta erreala (10 puntu): puntuak lortuko dituzte erakunde batzuek proiektua lankidetzan aurkezten badute. Lankidetzaren helburua izan behar da bikaintasuna lortzea proiektuaren garapenaren fase guztietan: publizitatea eta deialdia, hautaketa, prestakuntza, praktika onenen bilaketa eta prozesu osoaren monitorizazioa.

7.– Hautagaien ratiorik handiena (5 puntu): programaren aurreko deialdiaren aldean, hautagaien ratio handiena duen erakundeak puntuak lortuko ditu.

8.– Emandako beka guztiak (5 puntu): puntuak lortuko dira aurreko deialdian emandako beka guztiak adjudikatu badira. Hautagaiek destinoko herrialdera joan aurretik bekari uko egiten badiote, beka horiek adjudikatutzat joko dira eta beraz, erakunde eskatzaileak ez du zigorrik jasoko.

11. artikulua.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa.

1.– Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztu eta onartutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Balorazio Batzordea honela egongo da osatuta:

– Basque Trade & lnvestment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia) Enpresak Nazioartekotzeko zuzendaria batzordeko presidentea izango da: lñaki Ezkurra.

– Basque Trade & lnvestment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia) programen teknikaria batzordeko kidea izango da: Enbor Barruetabeña.

– SPRIren Nazioartekotze programen teknikaria batzordeko kidea izango da: Inmaculada López.

– SPRIren Nazioartekotze programak izapidetzearen arduraduna batzordeko idazkaria izango da: Iker Arruabarrena.

Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzailea izango da, eta funtzio hauek izango ditu:

a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen direla ikuskatzea.

c) Ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

d) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

e) Oinarri hauetan jasotako funtzio guztiak.

2.– Lehiatzeko eskatzen diren baldintzak eta oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideak oinarri hartuta, Balorazio Batzordeak, proiektuak aztertu eta kalifikatu ondoren, aurkeztutako eta onartutako eskabide guztien zerrenda egingo du, beheranzko hurrenkeran, lortutako puntuazioaren arabera; halaber, eskabide horietako bakoitzari proposatutako praktika-kopurua adieraziko du, deialdi honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

Azken bien arteko berdinketa badago, 10. artikuluaren 4. irizpidean (bekaz gozatzeko aldiak luzatzea) puntu gehien lortu duen erakundea nagusituko da. Hala ere, berdinketa apurtzen ez bada, 10. artikuluaren 1. irizpidean (praktikei buruzko informazio argia) puntu gehien lortu duen erakundea nagusituko da.

3.– Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, erakunde onuradunei bekak emateko proposamen bat idatziko da, SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzenduta.

12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkezten diren eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio eskabideak ebaztea.

2.– Laguntzak, ebazpen bidez, eman edo ukatuko dira; lehenengo kasuan, laguntza emateko ebazpenean, laguntza bakoitzerako adieraziko da erakunde onuradunaren sozietatearen izena, onartutako «Global Training» beken proiektuaren zenbatekoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta finantzatzen diren beken kopurua. Bigarren kasuan, laguntza ukatzeko ebazpenean, erakunde eskatzaileen sozietatearen izena eta laguntza ukatzeko arrazoiak jasoko dira.

3.– Aurreko paragrafoko ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta erakunde interesdunak, nahi badu, berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko dio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera hilabeteko (1) epean.

4.– Hartzen den ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, eta gainera, erakunde onuradunen zerrenda programaren webgunean (www.spri.eus/Global Training) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, haietako bakoitzak kudeatu behar duen beka-kopurua eta beka bakoitzari adjudikatutako zenbatekoa adierazita.

5.– Prozedura ebatzi eta interesdunei ebazpena jakinarazteko epea sei hilabete izango da, laguntzen deialdia argitaratu eta biharamunetik zenbatuta; Epea igaro bada eta ez bada ebazpenik jakinarazi, interesdunen eskabideak ezetsitzat joko dira.

6.– Hala badagokio, onuradunei dirulaguntza hauek eman eta ordaintzeko, nahitaezkoa izango da amaituta egotea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eta sektore publikoko gainerako erakundeek emandako izaera bereko laguntzak edo dirulaguntzak direla-eta hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedura amaitzen bada laguntza publikoak jasotzeko debekua ezartzeagatik edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzeagatik, eta laguntza ez badu borondatezko epean itzultzen, emandako dirulaguntza bertan behera geratuko da, onuraduna izateko debeku kasu batean baitago.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen babespean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak ere (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen). Erakunde onuradunek, bekadunen aurrean, beren gain hartzen dituzte betebehar horiek, oinarri hauetako I. eranskinaren VIII. atalean aurreikusitakoarekin bat etorrita, zehazki, betebehar hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo honetan, dirulaguntza eman zaiola adierazten duen ebazpena jakinarazi eta ondorengo hamabost egunetan onuradunak ez badio beren-beregi eta idatziz uko egiten dirulaguntzari, onartu egin duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea eta gastuak finantzatzeko erabiltzea.

c) Berehala jakinaraztea SPRIri eta Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotze Euskal Agentzia) beste edozein administrazio edo erakunderen (publikoa nahiz pribatua) diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso duela hemen arautzen diren laguntzen helburu berdinerako edo antzekorako.

d) «Global Training» beken deialdia egitea oinarri hauetako I. eranskinean adierazitako ezaugarriekin, eta ematen den beka bakoitza kudeatzea, hautaketatik praktikak amaitu arte.

«Global Training» bekak ezagutarazteko elementu guztietan (web orriak, prentsako iragarkiak...) eta deialdiaren, hautaketaren, emakidaren eta segimenduaren agiri guztietan, «Global Training» beka programaren identifikazioko logoa, Basque Trade & Investment-en logoa (Nazioartekotze Euskal Agentzia), SPRIren (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) logoa eta Eusko Jaurlaritzarena agertu beharko dira.

Gainera, aipatutako elementu horietako testuan beren-beregi eta behar beste aldiz aipatu behar da bekak Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena direla.

e) Solaskide bakarra izendatzea Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian egin beharreko kudeaketa guztietarako. Erakunde batzuek Global Training programan lankidetza modalitatean parte hartzen badute, solaskide bakarrak haien gaineko erantzukizuna izango du.

f) SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotze Euskal Agentzia) denbora nahikoa lehenago jakinaraztea hautaketa-prozesuaren elkarrizketen egutegia, ordezkariak elkarrizketetara bertaratu ahal izateko.

g) Aldez aurretik antolatutako prestakuntza-ikastaroak ematen direla bermatzea.

h) Praktikak egingo diren atzerriko enpresa edo erakundeekin lankidetza-akordio espezifikoak sinatzea, zeinetan praktikak egiteko beharrezkoak diren baldintza materialak eta teknikoak ezarriko diren.

i) Beka bakoitzari lotutako aseguruak kudeatzea.

j) Bekadunei Gizarte Segurantzan alta ematea.

k) Ematen den «Global Training» beka bakoitzaren jarraipena egitea, bekadunari ezarri zaizkion baldintzak programan dagoen bitartean betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, bekadun bakoitzari eta praktikak egingo diren enpresa edo erakundeei beharrezko txostenak eskatuko zaizkio.

l) Bekadun taldearen egoeraren berri ematea hilero SPRIren filiala den Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotze Euskal Agentzia), hala nola helmuga-herrialderako irteerak, uko egitea, Euskadira itzultzea, azken orduko aldaketak...

m) Emandako «Global Training» beken kopurua eta haien ezaugarriak dokumentu bidez justifikatzea, eta horrekin batera, beken garapenaren xehetasunak ematen dituen laburpen-txosten bat.

n) Laguntzei emandako helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dioten informazio guztiak ematea.

o) Laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako zenbatekoak itzultzea.

p) Bekadunei beka bakoitzari dagokion zenbatekoa ordaintzea. Ordainketa hiru zatitan egingo da: % 50 praktikak hasi aurretik ordainduko da, beka eman ondoren; % 40 praktiken iraupenaren erdia betetzen den hilean, eta gainerako % 10 praktika amaitzean ordainduko da, eskatzen zaizkion dokumentu guztiak aurkezten direnean.

q) Hainbat erakundek lankidetzan eskaera bateratua aurkezten badute, proiektuaren kudeaketa bakarra eskaini beharko dute, eta ezin izango da bekarik banatu erakundeen laguntzaileen artean, ezta beken kudeaketa bereizirik egin ere.

14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta erakunde onuradunek laguntza justifikatzea.

1.– 13. artikuluan aipatutako epealdia igarota egingo da honako oinarri hauen kargura «Global Training» beka-programaren baitan emandako laguntzen ordainketa, betiere berariazko uko egiterik egon ez bada, honela:

a) Lehen ordainketa: emandako laguntza onartu denean jasoko da, eta prestakuntzaren, aseguru-polizen, martxan jartzearen, kudeaketaren, administrazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen gastuetara bideratutako zenbatekoaren % 50 izango da.

b) Bigarren ordainketa: beka bakoitzaren zuzkidurari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, bekadunen zerrenda argitaratu eta gero. Zerrenda horretan gutxienez izen-abizenak, NANa, jaiotza-data, generoa, telefonoa, e-maila, ikasketak, dakizkien hizkuntzak eta esleitutako enpresa, herrialdea eta hiria adieraziko dira. Horrez gain, SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Invesment-ek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) bekadunei eta esleitutako enpresei buruz behar duen informazio osagarri guztia eska dezake.

Bekadunen zerrenda aurkezteko epea 2021eko abenduaren 31n bukatuko da; data horretatik aurrera ez da bekarik emango.

c) Hirugarren eta azken ordainketa bat egingo da bekak bukatuta eta justifikatuta daudenean, eta gainerako kontzeptuengatik eta, egotekotan, kontingentziengatik ordaintzeke dagoen % 50 izango da. «Global Training» bekak kudeatzetik eratorritako gastuei aurre egiteko azken ordainketa hori aurretiaz jaso behar dutela egiaztatzen duten erakunde onuradunek eskaera egin beharko diote SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Invesment-i (Nazioartekotze Euskal Agentzia), eta 180.303,63 euro baino aurrerakin handiagoen kasuan bankuko abal bat aurkeztu beharko dute. Aurrerakinak 2022ko urtarrilean ordainduko dira.

2.– Justifikazioak proiektua bukatzen denetik hilabeteko epean aurkeztu beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenaren Euskal Agentziari, betiere deialdiaren hurrengo ekitaldiko azaroaren 30a baino lehen.

3.– Justifikazio-dokumentu horien artean, honako hauek egongo dira, gutxienez:

– Bekadun bakoitzak egindako zeregin eta ekintzen txosten xehakatua.

– Bekaren garapenari buruzko txosten orokorra, enpresen eta bekadunen zerrendarekin.

– Erakunde onuradunak bekadunei egindako banku-transferentzien egiaztagiria.

– Gizarte Segurantzari egindako ordainketen ziurtagiria (langileen izenen zerrenda, alta eta bajen agiriak, etab.)

– Kontratatutako aseguruen ziurtagiriak.

– Prestakuntza-ikastaroen antolaketak eragindako kostuen ziurtagiria.

– Kudeaketa-, administrazio-, komunikazio- eta publizitate-gastuen ziurtagiriak.

Faktura guztiak BEZik gabe egingo dira, erakunde onuradunak bakarrik BEZetik salbuetsita dauden jarduerak egin ezean; kasu horretan, dagokion Ogasunaren ziurtagiri batekin justifikatu beharko du.

Ez da autofakturazioa onartzen, ezta lankidetzan aritutako erakundeen arteko fakturazioa ere.

Prestakuntza, kudeaketa, administrazioa, komunikazioa eta publizitatea erakunde onuraduneko langileek egin dituztela adieraziz gero, pertsona horien izen-abizenak, lan zehatzak, lan egindako orduak eta horien kostua zehaztu beharko dira.

Prestakuntzarako erakunde onuradunaren aretoak erabiltzeagatik izandako gastuak jasoz gero, ordu-kopurua eta kostua justifikatu beharko dira, erakundearen aretoak erreserbatzeko dauden tarifa ofizialak aurkeztuz.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ezarritako betekizunak ez betetzeak, aurkeztutako datuak faltsuak izateak eta jasotako zenbatekoa emandako xederako ez den beste xede baterako erabiltzeak berekin dakar dirulaguntza galtzea eta bi hilabeteko epean jasotako zenbatekoak gehi dagozkion legezko interesak ordaintzea, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak dagokion ez-betetze espedientea kudeatu ostean. Horrek ez dio kalterik egingo dagozkion beste jarduketa batzuei, eta aipatutako guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuarekin bat eginez egingo da.

2.– Halaber, ez-betetzetzat joko da Dirulaguntzen Lege Orokorreko 37. artikuluan jasotako edozein baldintza izanez gero.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi hurrengo araudia aplikatzen zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta horrek garatutako Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen esparruan oinarrizko araudia izanda.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauak onartzen dituena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean DBEO) eta izaera pertsonaleko datuak babestearen arloko gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoari jarraikiz, jakinarazten da emandako datuak eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzeko erabiliko direla. Bestalde, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren xedea betetzeko interes legitimoa da, bere eraketa-legearekin bat etorriz.

Aipatutako informazio hori enpresa laguntzaileei helaraz dakieke, baita arlo horretako Administrazio Publiko eskudunari eta SPRI Taldeko enpresei ere (ikusi: https://www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak).

Interesdun guztiek izango dute aukera datuen babeserako araudiak ematen dizkien eskubideak SPRIren aurrean erabiltzeko, eta, horretarako, idatziz zuzenduko zaizkio SPRIri, honako helbide honetara: lopd@spri.eus

SPRIn Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, https://www.spri.eus/pribatutasun-politika/ webgunean dagoen Pribatutasun Politikara jo daiteke.

Datuen babesa eskatu behar izanez gero, kontrol-agintea Datuen Babeserako Espainiako Agentzia da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak honako oinarriekiko hartzen dituen erabakiek izaera administratiboa dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala