Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2021eko apirilaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2071

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez aparteko neurriak argitaratzen baitira Lanbidek kudeatutako edo baimendutako 2021eko prestakuntza-programa gauzatzeko modua COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko egoeretara egokitzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko martxoaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, aparteko neurriak onartu ditu Lanbidek kudeatutako edo baimendutako 2021eko prestakuntza-programa gauzatzeko modua COVID-19ak eragindako egungo osasun-krisiaren ondoriozko egoeretara egokitzeko. Bada, Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio aparteko neurri horiek argitaratzea, bat etorriz maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) apartatuarekin.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aparteko neurriak argitaratzea Lanbidek kudeatutako edo baimendutako 2021eko prestakuntza-programa gauzatzeko modua COVID-19ak eragindako egungo osasun-krisiaren ondoriozko egoeretara egokitzeko. Neurriok erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak onartu ditu 2021eko martxoaren 23ko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, eta ebazpen honen eranskinean daude jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea aparteko neurriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak ondorioak izango dituela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, aparteko neurriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurkako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela, zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
APARTEKO NEURRIAK, LANBIDEK KUDEATUTAKO EDO BAIMENDUTAKO 2021EKO PRESTAKUNTZA-PROGRAMAZIOA GAUZATZEKO MODUA COVID-19AK ERAGINDAKO OSASUN-KRISIAREN ONDORIOZKO EGOERETARA EGOKITZEKO

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30ean egin zuen bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan COVID-19ak enplegurako lanbide-heziketaren gaian izan duen eraginari aurre egiteko aparteko hainbat neurri onartu zituen. Neurri horiek 2020ko maiatzaren 8ko EHAAn argitaratu ziren, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiaren 2020ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez.

Neurri horien helburua krisiaren eragin negatiboak arintzea eta langileei prestakuntzarako zerbitzu publikoa era egokian emateko erraztasunak jartzea zen. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan aritzen ziren enpresak eta prestakuntza-sarea berreskuratzeko gaitasuna sustatu behar izan zen.

Prestakuntza-ekimen desberdinak kudeatzeko orduan aplikatu ziren neurriak apartekoak izan ziren, eta, horiei esker, pandemiaren testuinguruan, prestakuntza-jarduerara itzuli ahal izan zen, apurka-apurka, 2020ko lehen seihilekoan.

Hala ere, nahiz eta gizarte osoan ahalegin handiak egin, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren egoeraren ondorio negatiboek bere horretan jarraitu zuten 2020ko bigarren seihilekoan, eta halaxe jarraitzen dute gaur egun ere, 2021ean.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen, berriz ere, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Egoera hori azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez luzatu zen. Hala, 2021eko maiatzaren 9ra arte iraun zuen alarma-egoerak.

Era berean, lehendakariaren ondoz ondoko dekretuen bidez (azkena, martxoaren 6ko 13/2021 Dekretua), prebentzioko neurri zehatzak moldatu eta eguneratu dira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Xedapen horien bidez, eta osasunaren babesaren eta gizarte bezala izan behar dugun aurrerapenaren artean lortu nahi den orekari eusteko, osasun-agintaritzak etengabe jarraitzen du neurriak hartzen, egoera epidemiologikora egokitzeko. Neurri horiek une oro berrikusi eta ebaluatzen dira. Horrenbestez, langileentzako higiene eta prebentzioko eta langileen arteko distantziako nahiz norbera eta taldea zaintzeko neurri zehatzak ezarri eta iraunarazteaz gain, beste neurri batzuk ere ezartzen ari dira; besteak beste, zirkulazio-askatasunaren muga, banakako konfinamendu prebentiboak edo udalerrietako perimetroen itxierak.

Prestakuntzaren kudeaketa etengabe egokitu behar denez osasun-larrialdiko egoerara, bere garaian hartu ziren aparteko neurri batzuei eutsi egin behar zaie, krisia enplegurako lanbide-heziketaren sisteman izaten ari den eraginari aurre egiteko.

Gertaera hori larriagotu egin da 2020ko deialdi batzuetan, langile langabetu eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzarako laguntzei buruzkoetan, hain zuzen. Horietan, ebazpena berandu eman denez, prestakuntza-entitate onuradunak egoera konplikatuan geratu dira deialdiotan ezarritako baldintza hau betetzeko: diruz lagundutako planetan jasotzen diren eta 2021eko ekitaldia amaitu baino lehen hasita egon behar diren prestakuntza-ekintzen proportzioari buruzko baldintza. Horrenbestez, beharrezkoa da baldintza hori aldatzea, eta betetzeko moduko aukera arrazoizkoetara egokitzea, kontuan hartuta noiz hasi ahal izan duten prestakuntza-entitateek.

Hori guztia dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2021eko martxoaren 23ko bileran, aparteko neurriak onartu ditu, Lanbidek kudeatutako edo baimendutako 2021eko prestakuntza-programazioaren egikaritza COVID-19ak eragindako egungo osasun-krisiaren ondoriozko inguruabarretara egokitzeko, honela:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Erabaki honek 2021ean hartu beharreko aparteko neurriak ezarri nahi ditu, COVID-19ak enplegurako lanbide-heziketaren gainean duen eraginari aurre egite aldera.

2.– Erabaki honen aplikazio-esparrua Euskadi da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu edo finantzatzen duen enplegurako lanbide-heziketaren gaietan.

3.– Erabaki honetan xedatutakoa aplikatuko da EHAAn argitaratzen den egunetik 2021eko abenduaren 31ra bitartean hasten diren prestakuntza-ekintza guztietan, baldin eta halakorik justifikatzen duten aparteko inguruabarrek jarraitzen badute. Data hori baino lehen amaitzen badira inguruabar horiek, beste erabaki bat argitaratu beharko da EHAAn, egoera hori aitortzeko. Halaber, erabaki hau EHAAn argitaratu baino lehen hasi diren eta amaitu ez diren prestakuntza-ekintzetan ere aplikatuko da, baldin eta ekintza horiek honako hauen arabera ematen badira:

a) Dirulaguntzen deialdia.

b) Hezkuntza Sailarekin sinatutako kudeaketa-gomendioen erabakiak.

c) Baliabide propioentzako enkarguak (HAZI).

e) Lanbideren finantzaketarik gabeko profesionaltasun-ziurtagiriak emateko baimenak (ekimen pribatu egiaztagarria).

4.– Aurreko apartatuan azaldutakoa gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, enplegurako lanbide-heziketaren arloan COVID-19aren eraginari aurre egiteko aparteko neurriak aplikatuko dira (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 30eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onartuak, eta zuzendari nagusiaren 2020ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez 2020ko maiatzaren 8ko EHAAn argitaratutakoak) aipatutako erabakiko I. eranskinean zerrendatutako laguntza-deialdien edo kudeaketa-gomendioen erabakien arabera finantzatu diren prestakuntza-ekintzetan, baldin eta ekintza horiek hasita eta amaitu gabe, edo hastear badaude, erabaki hau EHAAn argitaratzen den unean, baldin eta erabaki horien bidez baimena eman bada neurri horiek argitalpen hau baino lehen aplikatzeko.

Edonola ere, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzen ebaluazioak presentziala izan beharko du.

2. artikulua.– Prestakuntza-metodologia alternatiboen edo gela birtualen erabilera prestakuntza presentzialean.

1.– Modalitate presentzialean ematen diren prestakuntza-ekintza guztiek erabili ahal izango dituzte prestakuntza-metodologia alternatiboak, baliabide didaktiko digitalak (esaterako, gela birtualak) eta bestelakoak konbinatuta, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eta ebaluazio telematikoa (linean edo bestelako moduren batean) hobetzeko, betiere prestakuntzaren hartzaileak diren ikasle-kolektiboen konpetentzia eta gaitasunen arabera egokituta.

«Gela birtualtzat» jotzen da ikasteko ingurua, hots, tutore-prestatzaileak eta ikasleak biltzeko eta denbora errealean aritzeko duten testuingurua, izaera sinkronoa duen komunikazio-sistema telematiko baten bidez, ezagutzak trukatzeko prozesua gauzatu ahal izateko, eta, hala, gelan parte hartzen duten pertsonen ikaskuntza ahalbidetzeko.

Modalitate presentzialean, gela birtuala eta artikulu honen lehen paragrafoan aipatutako gainerako prestakuntza-metodologia alternatiboak erabili ahal izango dira prestakuntza-prozesua garatzeko bitarteko osagarri eta gehigarri moduan. Hala ere, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza-espezialitate bat ezin izango da osorik eman bitarteko horien bidez.

Horretarako, metodologia alternatiboa erabiltzeko hautua egiten duten prestakuntza-entitate edo -enpresek plangintza bat aurkeztu beharko dute, halako moldez non bermatuta geratuko baita ezagutza helaraziko dela, helburuak garatuko direla, eta edukiak beteko, bai eta prestakuntza egiaztagarrian ebaluazio presentziala egingo dela ere, 3. artikuluaren arabera. Plangintza horretan honako hauek sartuko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinean erantsi den ereduaren arabera, gutxienez hauek adierazita:

– Pertsona prest eta ados dago.

– Parte-hartzaileen eskura jarri dira ekintza-molde hori gauzatzeko behar diren baliabide tekniko eta didaktikoak.

– Ekintzaren hartzaileei arreta emateko, gutxienez, telefono-zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat eman zaizkie, arazo edo zalantza funtzionalak izanez gero, laguntza eskatzeko.

– Praktika ez-laboralak eta prestakuntza praktikoko moduluak aurreikusitako lantokietan emango zaizkie ikasleei, 5. artikuluan ezarritako baldintzetan.

– Tutore baten zerbitzuak emango zaizkie ikasteko zailtasunak dituzten partaideei, prestakuntza-metodologia alternatiboa ematen den aldian zehar.

b) Ezagutzaren transmisioa, aurreikusitako helburu eta edukien garapena eta ebaluazioa bermatzen dituen txostena. Bertan zehaztu beharko dira:

– Etenaldiak ukitu dituen prestakuntza-ekintzak eta prestakuntza-moduluak, bidezkoa bada.

– Prestakuntza-ekintza modalitate alternatiboaren bidez berriro abiarazteko eguna.

– Erabili beharreko baliabideak eta tresnak. Bermatu beharko da tresna horiek eraginkorrak, askotarikoak eta prestakuntza-ekintzaren hartzaileak izango diren ikasleen konpetentzia eta gaitasunen arabera egokituak direla.

– Lan egiteko metodologia.

– Jarduera teoriko-praktikoen zerrenda.

– Ebaluatzeko sistema, erabaki honen 4. artikuluan zehaztutakoaren arabera, hala behar bada.

c) Ukitutako pertsona edo pertsonak ados daudelako eta bitarteko egokiak dauzkatelako justifikazioa, erabaki honen II. eranskinaren arabera.

2.– Deialdien bidez kudeatutako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotzen diren espezialitateen modalitate mistoan edo teleprestakuntzaren bidez ematen diren prestakuntza-ekintzen kasuan, zati presentziala osorik eskaini ahal izango da plataforma edo gela birtualak erabiliz, dirulaguntza lortzeko parte hartu zuten deialdietan horretarako zehazten diren baldintzak betetzen badituzte.

3.– Prestakuntza-metodologia alternatiboak erabiltzen dituzten prestakuntza-ekintza presentzialetan parte hartzen duten pertsonen bertaratzeen jarraipena eta kontrola eramateko jarduketak egiteko, lehen bezala, prestakuntzaren aplikaziora igoko dira ohiko jarraipen-parteak. Prestakuntza ematen duen pertsonak, kasu horretan, parte-hartzailearen sinaduraren laukian adierazi behar du eguneroko saioan parte hartu duen (Bai ala Ez), eta partea sinatuko du; ondoren, LANF prestakuntzaren aplikaziora igoko du, parte-hartzaile bakoitzak egunean bete duen ordu-kopurua zehaztuta.

Kasu guztietan erantsiko da, eta prestakuntzaren aplikaziora igoko da, parte-hartzaile guztiak pantailan konektatuta ageri direlako argazkia, edo beste agiri bat, prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien eguneroko bertaratzea ziurtatzen duena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei dagokie prestakuntza-ekintzen tutoretza egitea, eta bertaratzeak egiaztatzeko egokiak ikusten dituzten ikuskapenak egin ahal izango dituzte, eta orobat bidezkoak izan daitezkeen zuzenketa-eskaerak.

Lanean ari diren eta langabezian dauden pertsonentzako deialdietan, modalitate mistoan edo teleprestakuntzaren bidez ematen diren prestakuntza-ekintzen zati presentzialaren kontrolerako eta jarraipenerako jarduketak egiteko, prestakuntza mistoaren edo teleprestakuntzaren inguruan deialdi horietako oinarri arautzaileetan ezartzen dena bete beharko da.

4.– Artikulu honetan zehaztutako bideetatik ematen den prestakuntzak, ondorio guztietarako, prestakuntza presentzialaren aitorpena izango du.

3. artikulua.– Profesionaltasun-ziurtagiriak.

1.– Profesionaltasun-ziurtagiria lortzea helburu duten prestakuntza-ekintzak emateko, modalitate presentzialean edo teleprestakuntzaren zati presentzialean, 2. artikuluan aurreikusitako neurriak aplikatuko dira.

2.– Moduluetako ebaluazio-probek presentzialak izan beharko dute.

3.– Prestakuntza-entitateak hasierako komunikazioan eta V. eranskinean egingo ditu beharrezkoak diren aldaketak, ebaluazioaren plangintza ezartzeko, partaide guztiek ebaluazioa aurrez aurre egiteko aukera eduki dezaten.

4.– Profesionaltasun-ziurtagiria emango duen entitateak planifikazioa, programazio didaktikoa eta prestakuntza-ekintzaren ikasleen ebaluazioaren planifikazioa doituko ditu, saio presentzialak egiteko data eta ordutegi berrien arabera, eta betiere profesionaltasun-ziurtagiriak behar dituen ordu guztiak bete behar ditu.

4. artikulua.– Praktika ez-laboralak eta lantokietako prestakuntza-modulua.

1.– Praktika ez-laboralak (profesionaltasun-ziurtagirien lantokietako prestakuntza praktikoko modulua barne) konfinamenduaren ondorioz eteten badira, konfinamendua amaitutakoan berriz ere hasiko dira, finantzaketa antolatzen duen tresna arauemailean (dirulaguntzen deialdian, kudeaketa-gomendioaren erabakian...) edo prestakuntza-ekintzen baimenean ezarritako epeak betez.

2.– Praktika horiek osasun-krisiaren ondorioak jasan dituzten enpresetan gauzatu ezin direnean, prestakuntza-entitateak hainbat aukera izango ditu, aldez aurretik, LANF prestakuntza-aplikazioaren bidez, Lanbideko Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariari eskabidea eginda; aukerak hauek dira:

– Praktiketarako baimendutako orduak murriztea profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-espezialitatean eskatzen den gutxieneko benetako orduen kopurura.

– Lantokietako praktiken moduluaren ordez, modulu horrekin lotutako profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen araudian zehaztutako lanbideei lotutako lanpostu bat betetzea.

– Ziurtagiri horri dagozkion praktikak prestakuntza-zentroan bertan egitea.

Horretarako, prestakuntza-entitatea:

a) Praktikak hasi aurretik txosten bat aurkeztu beharko du, LANF prestakuntza-aplikazioaren bidez, bertan zehaztuz egingo diren benetako praktika-orduen kopurua, haietan landuko diren prestakuntza-edukiak, benetako lan-inguru bati lotutako jardueren proposamen bat, jarduera horien jarraipena egiteko ikasleen eskura egongo den tutorearen datu pertsonalak, eta tutorearekin ariko diren ikasleek eskuratu beharreko ikaskuntza-lorpenen balorazio bat.

b) Lan-zentroko prestakuntza-moduluaren amaieran, memoria bat aurkeztuko du, parte-hartzaile bakoitzak lortu dituen emaitzak azalduz, gai edo ez-gai moldea erabiliz. Ebaluazio horretan ez da beharrezkoa izango enpresako tutorearen lankidetza.

3.– Lantokietako praktiketako modulua telematikoki egin ahal izango da, baldin eta modulua egingo den enpresak bere lan-jarduera telelanean garatzen badu.

Modulua egin aurretik, Lanbideren baimena eskuratu beharko da, eta egoera hori frogatzen duen egiaztagiri bat aurkeztu.

5. artikulua.– Prestakuntzaren kudeaketa.

1.– Likidazio ekonomikoari dagokionez, ematen den prestakuntza, presentzialak ez diren prestakuntza-metodologia alternatiboen bidez edo prestakuntzarako plataforma birtualen bidez, prestakuntza mistoan edo teleprestakuntzan, diruz lagunduko da, prestakuntza presentzialari dagozkion modulu ekonomiko berak aplikatuz, jarduera horien finantzaketa babesten duen deialdian, kudeaketa-gomendioen erabakian edo mandatuan aurreikusi bezala.

2.– Aldatu egin da 2021eko abenduaren 31ko datarako ezarritako egikaritza-ehunekoa, landunei lehentasunez zuzendutako 2020-2022ko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzaren deialdiaren 3.4. eta 19.2.b) artikuluetan aurreikusitakoa. Ondorioz, aipatu data hori baino lehen hasi beharko dira diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 55, eta baldintza hori betetzen ez bada, % 55 hori betetzeko falta den dirulaguntzaren ehuneko bera galduko da.

3.– Aldatu egin da 2021eko abenduaren 31ko datarako ezarritako egikaritza-ehunekoa, langabeei lehentasunez zuzendutako 2020-2022ko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzaren deialdiaren 3.5. eta 23.2.b) artikuluetan eskatutakoa. Ondorioz, aipatu data hori baino lehen hasi beharko dira diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 60, eta baldintza hori betetzen ez bada, % 60 hori betetzeko falta den dirulaguntzaren ehuneko bera galduko da.

6. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetako partaideak.

1.– Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuko etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileek enplegurako lanbide-heziketako ekimen hauetan parte hartu ahal izango dute:

a) Enpresentzako ekintza estrategikoak.

b) Langile landunentzako prestakuntza-eskaintza. Ez dira langabetutzat joko, horietan parte hartzeko ezarritako mugaren ondoreetarako.

c) Langabezian dauden langileentzako prestakuntza-eskaintza. Ez dira landuntzat joko, horien partaidetzarako ezarritako mugaren ondoreetarako.

2.– Lehentasunez pertsona landunentzat antolatutako prestakuntza-ekintzetan, langabezian dauden langileen parte-hartzea onartuko da, taldearen % 40raino.

3.– Lehentasunez pertsona landunentzat antolatutako prestakuntza-ekintzetan administrazio publikoetako langileen % 10ek parte hartu ahalko dute gehienez, bai zeharkako espezialitateetako prestakuntza-ekintzetan, bai sektoreko espezialitateetako prestakuntza-ekintzetan.

Azken xedapena

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari dagokio erabaki hau zuzentasunez gauzatzeko behar diren erabakiak hartzeko eskubidea.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala