Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2021eko apirilaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1999

369/2021 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez 2021-2022 ikasturteko euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei.

Horretarako kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta garatzen duten dekretuak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normaltzeko plangintza arautzeko den apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana (2013ko abenduaren 3an onartua) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza- Euskal osasun zerbitzuak, hizkuntza-prestakuntzako eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza hitzarmena.

Hori dela eta, hau

EBATZI DUGU:

Atal bakarra.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzako 2021-2022 ikasturterako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunen araberako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak maiatzean argitaratuko du 2021-2022 ikasturteko euskara-ikastaroen deialdia egiteko ebazpena, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileentzat.

Ebazpen honetan jasotako aurreikuspenen eta IVAPen ebazpen horren artean desadostasunik badago, azken horretan xedatutakoa nagusituko da.

Era berean, IVAPen ebazpena aplikatuko da deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren gai guztietan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 23a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko (aurrerantzean Osakidetza) langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

1.– Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta 2021eko urtarrilaren 1etik ikastaro mota bakoitzerako eskaerak egiteko epea bukatu arte zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan badaude.

Gainera, aldi baterako langileen eta ordezkoen kasuan, ebazpena EHAAn argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan guztira bost hilabetetik gora lan egin behar izan dute Osakidetzan eta ikastaroak iraun bitartean lanean egongo direla aurreikusi behar da.

Espezialitatea egiten ari diren egoiliarrek euskalduntze ikastaroak egin ahal izango dituzte, euren prestakuntza-aldia edozein dela ere.

2.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu, hau da, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko ditu.

3.– Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du, horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2018ko martxoaren 12ko 2/2018 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. 2/2018 Jarraibideak emandako ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.

4.– Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planaren 3.3.4. puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, baita Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak Instrukzio bidez ezarriko dituen irizpideak ere.

Hirugarrena.– 2021-2022 ikasturterako ikastaro-deialdiak.

2021-2022 ikasturterako, Osakidetzak bi deialdi eta udako instrukzioa argitaratuko ditu.

Honako hau 2021-2022 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.

Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez ere, hau izango da 2021-2022 ikasturterako deialdi bakarra.

Datorren urrian bigarren deialdia argitaratuko dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetzak oraingo honen osagarria, eta 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo dute.

Urriko deialdian, otsailetik ekainera arteko eskolatzea eskatu ahal izango dute interesdunek, betiere baldintza hauen pean:

– Ikastaroa 2021eko urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean, ez lanorduetan ez lanorduz kanpo. Autoikaskuntza ikastaroei dagokienez ere, otsailean ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailean aurrez aurreko lanorduetako bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa eskatu ahal izango dute soilik.

– Ikastaroa 2021eko urrian hasi duten langileek, aldiz, lanorduetako ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute. Modulu aldaketa, aurrez aurreko ikastaroetan egin ahal izango da soilik, hau da, lanorduetako ikastaro trinkotik lanorduz kanpoko bi ordukora, edo alderantziz. Autoikaskuntzan hasi direnek ezingo dute presentzialera aldatu ezta presentzialetik autoikaskuntzara ere.

Autoikaskuntzan hasi direnek ezingo dute presentzialera aldatu ezta presentzailetik autoikaskuntzara ere. Udako ikastaro bat eskatu ahal izateko, aldez aurretik IVAPeko deialdien bidez ikastaroren bat egina izan behar du interesdunak eta, beraz, ikasprozesua hasita.

Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.

Eskaera deialdian eskainitako modulu eta ordutegi bakarrerako izango da.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

Zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzek jasotako eskaerak aztertu eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako aukeraketa irizpideen arabera onartuko edo ukatuko dituzte.

Eskabideak zerbitzu-erakundeen langileen zuzendaritzek kudeatuko dituzte Giza Baliabideen Zuzendaritzak horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bidez.

IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez emango dio Osakidetzak baimendutako eskaeren berri IVAPi.

IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio Osakidetzari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.

4.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek eskaera telematikoa egin beharko dute, Osakidetzaren intranet korporatiboaren bidez. Hona hemen helbideak eta bideak:

www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3-4HE prestatzeko ikastaroak > 2021-2022 ikasturtea: deialdi nagusia > Eskainitako ikastaroak / Eskaerak).

www.osakidetza.euskadi.eus (Online zerbitzuak > Profesionalentzako zerbitzuak > Intranet korporatiboa).

Eskaera telematikoa egitea ezinezko den kasuetarako, interesdunek zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetan aurkeztu ahal izango dute izena emateko eskabidea. Inprimakia intranet korporatiboan izango da interesdunen eskura.

Deialdian onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea, aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan.

Espezialitatea egiten ari diren egoiliarrek, eskabidea egiteko orduan, zein zentrotan ari den adierazi beharko dute «oharrak» izeneko atalean.

4.2.– Lanorduetako ikastaroetarako eskabideak.

Eskabidea egiteko epea: 2021eko apirilaren 9tik apirilaren 26ra bitartean, biak barne.

Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2021eko maiatzaren 14rako.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu eta behin betiko eskaeren berri emango dio IVAPi 2021eko maiatzaren 28rako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ezta aldaketarik ere onartuko.

Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesdunei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko diete interesdunei. Jakinarazpena 2021eko maiatzaren 20rako egin beharko da beranduen ere. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).

Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.

4.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabideak.

Eskabidea egiteko epea: 2021eko apirilaren 9tik maiatzaren 26ra bitartekoa izango da, biak barne.

Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2021eko ekainaren 15erako.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri 2021eko ekainaren 30erako eman beharko dio IVAPi. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik, ez aldaketarik onartuko.

4.3.1.– Baimendu eta baztertuko eskaeren zerrendak jakinaraztea.

Aurkeztutako eskaera guztiak aztertu ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak baimendutako eskaeren berri emango dio IVAPi, honek eskaerak aztertu, eta, hala dagokionean, onar ditzan.

IVAPek, eskaerak aztertu ondoren, Osakidetzari jakinaraziko dio ezetsitako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoia adierazita.

IVAPetik ezetsitako eskaeren berri jaso ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak, ebazpen baten bidez, baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda argitaratuko du. Baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Adierazitako ebazpena Osakidetzako intranet korporatiboan argitaratuko da 2021eko uztailaren bigarren hamabostaldian. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute, erakundean zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.

Baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda Osakidetzaren intranet korporatiboan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek 10 eguneko epea izango dute erreklamazioak Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari aurkezteko.

Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira eta, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan.

Osakidetzak, bere aldetik, aztertuko du IVAPek ordu-kreditua agortuta izateagatik bazter utzitako eskaerek, Giza Baliabideen zuzendariaren 2/2018 Jarraibideek ezarritako betekizunak betetzen dituzten, euskara ikasten jarraitzeko ohiz kanpoko laguntza jaso ahal izateko.

Dagokion epean aurkeztutako erreklamazio guztiak eta IVAPek ordu-kreditua agortuta izateagatik bazter utzitako eskaera guztiak aztertuta, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez ebatziko dira. Ebazpen horrek baimendu eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda jasoko du; baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Behin betiko zerrendan zehaztuko da, halaber, prestakuntza IVAPek edo Osakidetzak finantzatuko duen. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren intranet korporatiboan argitaratuko da 2021eko irailaren lehen hamabostaldian. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute, erakundean zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.

Lanorduetako ikastaroetarako aukeraketa-irizpideak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarriko ditu. Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du ikastaroetan parte hartuko duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela, ikastaroen aprobetxamenduak kalterik izan ez dezan. Langileen zuzendaritza bakoitzak liberatuta dagoen langilearen karteldegia urteko ohiko lanaldira egokituko du.

Liberatuta dagoen langileak eskola-egunetik kanpo hartu behar ditu opor-egunak, ikastaro hauen ezaugarriak kontuan hartuta, aprobetxamendua ahal den onena izateko.

Seigarrena.– Lanorduetako ikastaroen antolaketa.

Deialdi honetan eskaintzen diren lanorduetako ikastaroak II. eranskinean daude jasota.

Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

Zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek barnetegira joateko edo ikastaro trinkoetan parte hartzeko emandako baimenak lauhilabete osorako dira. Lanorduetako bi orduko ikastaroetan parte hartzeko emandako baimenak ikasturte osorako izango dira, urritik ekainera.

6.1.– Mailaketa probak.

Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du ekainaren 21etik 25era bitartean. IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.

Mailaketa proba egitera deitu arren langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, administrazioko taldeetan eskolaratzeko lehentasuna galduko du.

6.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.

Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileez osaturiko taldeak antolatzen saiatuko da IVAP hiru hiriburuetan, goizez. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari bere langileen zuzendaritzak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.

Administrazio-taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta. Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek, bai ikasturtearen hasiera- eta amaiera-egunetan, bai ordutegietan.

Era berean, IVAPek egokitzat jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango ditu, taldea osatzeko ikasle nahikorik ez badago.

Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

6.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriaren bidez eskolaratzea.

Goizez eratuko diren administrazio taldeetara egokitzen ez diren langileentzat, IVAPek matrikula-orriak bidaliko ditu Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek langile bakoitzaren langileen zuzendaritzara helarazteko. Matrikula-orriaren bitartez, langilea edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan matrikulatu ahal izango da, betiere baimendu zaion moduluan (III. eranskina).

Era berean, bestelako ordutegi edo herritan ikasi nahi duten langileei IVAPek matrikula-orria emango die, nahi duten euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan matrikula daitezen, betiere baimendu zaien moduluan (III. eranskina).

Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestezkoa da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.

Matrikula-orriaren bidez eskolatzen den ikasleak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu, betiere IVAPek finantzatzen dituen moduluen baldintzak jarraituz.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, berehala jakinarazi behar dio bere zerbitzu-erakundeko Langileen zuzendaritzari eta matrikula-orria itzuli behar du. Matrikula-orria itzultzeko prozedura bederatzigarren oinarrian dago jasota.

6.4.– Matrikula-orria ordaintzea.

Langilearen matrikula-orria IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

1) Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.

2) Matrikula-orria garaiz entregatzea: matrikula-orria ikastaroa hasten denerako aurkeztu behar da euskaltegian. 2021eko urriaren 22a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

3) Gutxieneko iraupena: Bost orduko eta barnetegiko ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute. 2/3 orduko ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.

4) Ikastaroek, betiere, HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere ordainduko ditu. Aldiz, IVAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak (joan-etorriak, materialak, etab.).

Langileak egindako matrikulak baldintzak bete ezean, IVAPek ez du matrikularik ordainduko. Kasu horietan, IVAPek ukapenaren berri emango dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari.

IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean dago jasota.

6.5.– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak.

Lanorduetan ikastegia lantokia da langilearentzat, ondorio guztietarako. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira idatziz, beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe. Edonola ere, eskoletara garaiz ez heltzea justifikatu egin beharko da.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak ekarriko du ikastaroetatik kanpo uztea. Orduan, Administrazioak bere esku izango du kanporatutako ikaslea hurrengo ikastaroetan ez onartzea.

Liberatuta dauden langileek, maila egokia lortuz gero, konpromisoa hartzen dute Osakidetzak antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.

Barnetegietara edo ikastaro trinkoetara joateko liberatu diren langileek lansariaren % 100 kobratuko dute.

Euskarako ikastaroetara joateak ez du ekarriko zerbitzuarengatiko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

Zazpigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak. Araubidea.

Ikastaro hauek 2021-2022 ikasturte osorako dira; beraz, bigarren lau hilekoan ez da ikasle berririk onartuko. Deialdi honetan aurrez aurreko eta autoikaskuntza ikastaroak eskainiko dira.

1.– Ezetsi egingo dira 2020-2021 ikasturtean matrikula-orria jaso ez edo itzuli ez zuten langileen eskaerak (2020-2021 ikasturteko deialdia arautzen duen ekainaren 11ko 491/2020 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriaren 1. puntua).

Autoikaskuntza ikastaroa egiteko eskaera denean, gainera, ezetsi egingo dira 2020-2021 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa hasi ondoren eskola utzi duten langileen autoikaskuntzarako eskaerak (ekainaren 11ko 491/2020 Ebazpenaren hamargarren oinarriaren 2. puntua).

Halaber, ezetsi egingo dira 2020-2021 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiten ari eta bigarren hiruhilekoaren amaieran % 75etik beherako aprobetxamendua duten langileen eskaerak.

2.– Matrikulazioa matrikula-orriaren bidez egingo da. Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2021eko urriaren 22a baino beranduago entregatuko diren matrikula-orriak.

IVAPek lanorduz kanpoko ikastaroa egin behar duten ikasleentzako matrikula-orri bana bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, ikasle bakoitzak matrikula egin dezan, betiere IVAPek onartutako moduluan (III. eranskina).

Langileak eskola hasi baino lehenago jaso beharko du matrikula-orria bere zerbitzu-erakundean, eta betiere, 2021eko urriaren 15a baino lehenago.

Matrikula-orrian zehaztutako ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da. Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak onartutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezin izango du aldatu.

IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean dago jasota.

7.1.– Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegian.

Izaera orokorrez, aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaroetarako baimena egunean bi/hiru orduko ikastaroak egiteko emango da.

Eskaintza honetatik kanpo geratzen dira barnetegiko ikastaroak.

Aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa langile finkoek eta bitartekoek soilik eska dezakete eta eskaeran adierazi beharko dute. Behin-behineko langileek egunean bi edo hiru orduko ikastaroa eska dezakete soilik.

Diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, IVAP saiatuko da lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa egiteko baimena duten ikasleak goizez antolatzen diren administrazioko taldeetan eskolatzen. Ikastaro horiek egutegi eta ordutegi zehatza izango dute eta hiru hiriburuetan antolatuko dira. Langileak talde horien egutegira eta ordutegira moldatu behar du.

Osatutako administrazio taldeetara egokitzen ez diren ikasleen kasuan, IVAPek matrikula-orria bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, ikasle bakoitzak IVAPek onartutako moduluan egin dezan matrikula.

Matrikula-orri bidezko lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean egin beharko dira, eta baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Gutxieneko iraupena: Barnetegiko eta bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lau hilabeteko iraupena izan behar dute, gutxienez. 2/3 orduko eta autoikaskuntza ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.

b) Ikastaroak HABEk araututako ikastaro modulua izan behar du, derrigorrez.

7.2.– Autoikaskuntza ikastaroak.

1.– Ikastaroak urrian hasiko dira, eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean edo autoikaskuntza zentro homologatu batean egingo dira.

2.– Zerbitzu-erakundeek ezetsi egingo dituzte 2020-2021 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiten ari diren langileen eskaerak bigarren hiruhilekoaren bukaeran % 75eko aprobetxamendua betetzen ez badute.

3.– Nolanahi ere, zerbitzu-erakundeak eskaerak baimentzeak ez du ziurtatzen IVAPek automatikoki eskaerak onartuko dituenik. Izan ere, IVAPek 2021-2022 ikasturtean behin betikoz onartzeko, 2020-2021 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egin duen ikasleak ikasturte bukaeran % 80ko asistentzia izan beharko du nahitaez.

4.– Autoikaskuntzako ikastaroek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Euskaltegiek zein autoikaskuntza zentroek berariaz lineako ikastaroak emateko dituzten programen bidez ikastea. Nahiz eta tarteka tutoretza edo mintza saioak izan, oro har, lan gehiena bakoitzak bere kasa antolatzen du, programa horiek bakarka eta zehaztutako ordutegirik gabe erabilita.

b) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.

c) Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute eta ez da eskola-uzterik onartuko.

d) Ikastaroak urrian hasiko dira.

e) Matrikula non egin: euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean.

f) Autoikaskuntzako ikastaroek HABEk araututako ikastaro moduluak izan behar dira.

7.3.– Matrikula-orriak, matrikulatzea, ordaintzea eta kostua.

1.– Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidaliko du matrikula-orria, eskatzailearen zerbitzu-erakundeari helaraz diezaion.

IVAPek matrikula-orri bakar bana emango die eskaera onartu zaien langileei, eta bertan jasoko da zein ikastaro egin daitekeen.

Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula-orriaren bitartez aurrez aurreko ikastaroetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak baimendutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezingo du aldatu.

Langileek, beranduen ere, 2021eko urriaren 15erako jaso beharko dute matrikula-orria bere zerbitzu-erakundean.

2.– Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan entregatzea ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2021eko urriaren 22a baino beranduago entregatu diren matrikula-orriak.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli beharko du jasotako matrikula-orria bere zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzara, betiere 2021eko urriaren 29a baino lehen.

Matrikula-orria itzultzeko prozedura bederatzigarren oinarrian dago jasota.

3.– Matrikula-orria ordaintzea eta matrikula-orriaren kostua lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Seigarren oinarriaren 4. atalean adierazitakoa aplikagarri da hemen ere.

Zortzigarrena.– Ikastaroen asistentzia eta aprobetxamendua.

8.1.– Eskoletan hastea.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta ikastaroen antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko 2021eko urriaren 22a baino beranduago hasterik eskolan eta ondorioz, baja emango die data horretarako eskolan hasi ez diren langileen eskaerei.

8.2.– Eskolan berandu hastea.

IVAPek arrazoi hauengatik soilik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasun luzea edo larriagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek IVAPera helaraz dezan. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskoletan hasi. Eskolan hasteko prest dagoenean, dagokion zerbitzu-erakundeko langileen zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz. Eskaera hori Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez egingo du dagokion zerbitzu-erakundeak.

c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.

IVAP saiatuko pertsona horien eskolatzeak bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira hamaikagarren oinarrian ezarritako ordu-kreditua eguneratzean.

8.3.– Lanorduetako ikastaroen asistentzia-arauak.

Ondorio guztietarako, ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolaratze eta puntualtasun huts guztiak idatziz justifikatu behar dizkio lanean diharduen erakundeko zuzendaritzari, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe. Edonola ere, eskoletara garaiz ez heltzea justifikatu egin beharko da. Justifikatu gabeko puntualtasun hutsak sarritan gertatzeak ekar dezake ikaslea kanporatzea eta hurrengo ikastaroetan ez onartzea.

Euskara ikastaroetara joateko baimena zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen ardura izanik, era berean, beraien ardura da baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolaratzea bermatzea.

Eskolarik ez dagoen egunetan, euskara ikastaroa lanorduetan egiten ari diren langileek beren lanpostuetara itzuli beharko dute ezinbestean.

Eskola-aldia nahitaez eten behar baldin bada, erabaki hori hartzen duen zerbitzu-erakundeko Langileen zuzendaritzak aldez aurretik informatuko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritza.

Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du ikastaroetan parte hartuko duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela, ikastaroaren aprobetxamenduak kalterik izan ez dezan.

Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.

8.4.– Autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendu irizpidea.

Osakidetzak honako irizpide hau ezartzen du 2021-2022 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturtearen bigarren hiruhilekoaren bukaerako asistentzia % 75etik gorakoa izatea.

Ondorioz, Osakidetzak ez die onartuko 2022-2023 deialdian autoikaskuntza ikastarorako eskaerarik asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten pertsonei.

Edonola ere, 2021-2022 ikasturteko bigarren hiruhilekoaren amaieran aprobetxamendua % 75etik gorakoa izateak ez du bermatzen IVAPek eskabideak automatikoki onartuko dituenik. Izan ere, IVAPek honako irizpide hau ezartzen du 2021-2022 autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko asistentzia % 80tik gorakoa izatea.

Ondorioz, asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten pertsonei IVAPek ez die hurrengo deialdian autoikaskuntza ikastarorako eskaera onartuko. Beraz, 2022-2023 ikasturtean IVAPek ez du onartuko 2021-2022 ikasturtean % 80ko asistentzia betetzen ez duten eskatzaileen eskaerarik.

8.5.– Ikastaroen asistentziari buruzko datuak.

IVAPek hilez hil bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara aurrez aurreko ikastaroen gaineko asistentziari buruzko informazioa. Halaber, langileen ebaluazioari buruzko datua bidaliko du, dagokion ebaluazioaren ondoren.

Autoikaskuntza ikastaroen asistentziari buruzko datuak hiru hilerik behin bidaliko ditu IVAPek. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.

Bederatzigarrena.– Ikastaroari uko egitea.

1.– Langileak ikastaroari uko egitea erabakitzen badu, bere zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari jakinarazi beharko dio eta honek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari emango dio ukoaren berri. Giza Baliabideen Zuzendaritzak, bere aldetik, IVAPi jakinaraziko dio ukoa.

Lanorduetako ikastaroen kasuan, langileak ikastaroa hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direnean liberazioari uko egiten badio, ezinbestean egin duela justifikatu beharko du, bestela, bai zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bai Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak uko egite hori nahikotzat jo dezakete hurrengo deialdietan langilearen eskabidea ezesteko.

2.– Matrikula-orria ordainagiri baten parekoa da, eta horregatik, ikastaroa egiteko matrikula-orria jaso duen langileak konpromisoa hartzen du dagokion matrikula-orria jasotzeko eta, inon matrikulatzen ez bada, berehala dagokion jakinarazpenarekin batera bere zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzara itzultzeko.

Ukoa jakinarazteko agiria, «Ikastaroari uko egiteko inprimakia» izenekoa, zerbitzu-erakundeetako Langileen zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta Osakidetzaren Intranet Korporatiboan ere:

www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3-4HE prestatzeko ikastaroak > 2021-2022 ikasturtea: deialdi nagusia > Araudia eta agiriak > «Ikastaroari uko egiteko inprimakia»).

Langileak, beranduen ere, urriaren 29rako itzuliko beharko du erabiliko ez duen matrikula, ukoa jakinarazteko inprimakiarekin batera.

Zerbitzu-erakundeek 2021eko azaroaren 12a izango dute azken eguna langileek jaso ez dituzten matrikula-orriak eta ikastaroei egindako ukoak eta dagozkion jakinarazpen-inprimakiak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidaltzeko. Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez ditu onartuko data horretatik aurrera jasotako ukoak.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak 2021eko azaroaren 26rako helaraziko ditu IVAPera jasotako uko-jakinarazpen eta matrikula-orri guztiak.

3.– Matrikula-orria jasotzen ez bada edo, inon matrikulatu ezean, itzultzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian.

Hamargarrena.– Eskolara joateari uztea.

1.– Eskolan hasi ondoren ikastaroa behin betiko utziz gero, horren berri eman beharko dio langileak bere Langileen zuzendaritzari eskola uztea gertatzen den une berean. Horretarako «Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia» izeneko agiria bete eta dagokion zerbitzu-erakundean erregistratu beharko du. Langileen zuzendaritzak eskola uztea erregistratu bezain laster (egun berean) IVAPi eskola uzte horri dagokion dokumentazioa bidaliko dio, IVAPek dagokionari horren berri eman diezaion.

Aurrez aurreko ikastaroetan derrigorrezkoa izango da eskola uztea jakinaraztea. Eskola-uztearen data inprimakia langilearen zerbitzu-erakundearen erregistroan sartu den eguna izango da eta IVAPek egun hori hartuko du ordu-kredituaren kontaketa eteteko. Hau da, eskola-uztea jakinarazten ez bada, ikasleak jarraitu egingo du ordu-kredituaren orduak gastatzen.

Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia zerbitzu-erakundearen langileen zuzendaritzan lehenbailehen erregistratzea.

Eskola uztea jakinarazteko inprimakia zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta Osakidetzaren intranet korporatiboan ere:

www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3-4HE prestatzeko ikastaroak > 2021-2022 ikasturtea: deialdi nagusia > Araudia eta agiriak > «Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia»).

IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari langileen eskola-uzteen berri emango dio.

2.– Autoikaskuntza ikastaroetan IVAPek ez du eskola-uzterik onartuko eta ondorioz ez du eskola-uztea jakinaraztea eskatuko. Halere, Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzak ikastaroen kudeaketa eta jarraipen egokia egitea ahalbidetzeko, ikasleak bere zerbitzu-erakundeko Langileen zuzendaritzari jakinaraziko dio eskola joateari utzi diola, dagokion inprimakia aurkeztuz.

Autoikaskuntza ikastaroa uzteak bi ondorio izango ditu: batetik, ordu-kredituari ikastaroaren ordu kopuru oso kenduko zaio eta, bestetik, hurrengo deialdian, autoikaskuntza ikastaroa eskatzen duten langileek eskaerak ezetsi egingo dira, 2021-2022 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa hasi ondoren eskola utzi badute.

Hamaikagarrena.– Ordu-kreditua.

Deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita, IVAP eta Osakidetzaren arteko lankidetza hitzarmena arautzen duen 2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki.

Agindu horren seigarren artikuluari jarraiki, euskara ikastaroa lanorduetan nahiz lanorduz kanpo hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran. Ikasle berriaren ordu-kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera-maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera-maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.

Ordu-kredituaren kontrolari begira, 2021-2022 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:

a) 2021eko urrian eskolatzeko deialdia.

b) 2022ko otsailean eskolatzeko deialdia (2021eko urrian argitaratuko da).

c) 2022ko udako ikastaroetarako deialdia (2022ko apirilean argitaratuko da).

Gauzak horrela, IVAPek ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:

a) Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

b) 2021-2022 Ikasturtea otsailean hasten duten ikasleei goiko paragrafoan azaldutako printzipioak aplikatuko zaizkie.

c) Udan hasten diren ikasleei eskaera egin orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.

Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie. Eskola uzterik onartzen ez denez, 190 ordu kenduko zaizkie ikasturte bakoitzean.

Hamabigarrena.– Ordu-kreditua agortuta duten langileak.

Ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2018ko martxoaren 12ko 2/2018 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. 2/2018 Jarraibideak emandako ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.

Hamahirugarrena.– 4. hizkuntza-eskakizuna (4HE) prestatzeko ikastaroen berezitasunak.

13.1.– Helburua.

Osakidetzako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren II. eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.

13.2.– Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.

Eskatzaileak 3HE egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta bere lanpostuaren hizkuntza eskakizunak 3.a edo 4.a izan behar du.

Lanpostua hizkuntza eskakizuna 1.a edo 2.a den kasuetan langileek gutxienez unibertsitate diplomatuak izan behar dute.

Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenek ere parte hartu ahal izango dute 4HEko ikastaroetan.

4HEko lanorduetako ikastaroetarako aukeraketa-irizpideak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarriko ditu instrukzio bidez. Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

13.3.– Aurrez aurreko ikastaroak administrazioko langileez osatutako taldeetan.

Administrazioko taldeek aurrez aurreko ikastaroa egingo dute. Eskolak astean hiru egunetan izango dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan; goizeko 8:00etatik 10:00etara.

Administrazioko taldeak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.

Ikastaro hauek 2021eko urriaren 4an hasiko dira, eta 2022ko ekainaren 3an amaituko dira. Iraupena 170 ordu ingurukoa izango da.

Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Halere, taldea osatzeko nahiko ikaslerik ez dagoenean, IVAPek IVAPek matrikula-orriak bidaliko ditu Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek langile bakoitzaren Langileen zuzendaritzara helarazteko. Matrikula-orriaren bitartez, langilea HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi publiko edo homologatutan matrikulatu ahal izango da. betiere baimendu zaion moduluan (III. eranskina).

13.4.– Aurrez aurreko ikastaroa edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula-orriarekin.

Euskaltegi batzuek autoikaskuntza modulua ere eskaintzen dute. Hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk araututako ikastaro modulua izan behar duela.

Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula-orriak bidaliko ditu Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara eta honek langile bakoitzaren Langileen zuzendaritzara helaraziko ditu.

Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.

Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betez, jakinarazten da deialdi honen eremuan euskara-ikastaroak kudeatzeko datu pertsonalen tratamendua, alde batetik, Osakidetzaren ardurapean egingo dela, eta, beste alde batetik, IVAPen ardurapean.

Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Osakidetzak tratatuko dituela eta Giza Baliabideen Kudeaketa Integratua izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da Osakidetzako langileak kudeatzea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa

Halaber, interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak IVAPek tratatuko dituela eta EAEko Administrazio Publikoetako Langileen Euskalduntzea izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere. Hori guztia, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun baten arabera. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK.

1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroak euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaie.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: 2021eko urriak 4 – 2022ko otsailak 18.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

2021eko abenduaren 24tik 31ra artekoak, biak barne, Gabonetako oporraldia izango da, eta beraz, ez dira eskola egunak izango.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Modulu honek, betiere, lauhileko iraupena du. Beraz, otsailetik aurrera modulu honetan aritzeko, ekaineko deialdian izena eman dutenek ere, izena eman behar dute urriko deialdian.

Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.

3.– Bi orduko ikastaroak.

Modulu honek ikasturte osorako iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.

IVAPeko taldeen egutegia: 2021eko urriaren 4tik 2022ko ekainaren 3ra bitartean.

Gabonetako oporraldian ez da eskolarik izango 2021eko abenduaren 24tik 2022ko urtarrilaren 7ra, biak barne.

Era berean, ez da eskolarik izango Aste Santuko oporraldian, 2022ko apirilaren 11tik 22ra, biak barne.

Administrazioko taldeetako ikastaroen ordutegia 08:00etatik 10:00etara izango da Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Modulu honetan ebaluazio bi egingo dira.

Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan (Ebazpen honen III. eranskina).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala