Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2021eko martxoaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1526

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linea elektriko bat eraikitzeko proiekturako: Lacorzanilla industrialdea eta Ribaguda arteko «4653 L02 Nanclares» lotura-linea, Armiñón eta Berantevilla udalerrietan (Araba).

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasagarritasun eta Ingurumen Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linea elektriko bat eraikitzeko proiektuari buruzko eskabidea bete zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean. Proiektuaren izena honako hau da: Lacorzanilla industrialdea eta Ribaguda arteko «4653 L02 Nanclares» lotura-linea, Armiñón eta Berantevilla udalerrietan (Araba), i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk (Iberdrola Taldeak) sustatua. Eskabidearen helburua zen ingurumen-inpaktuaren txostena lortzea, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluari jarraikiz.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2020ko abenduaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako dokumentazioa eta txostenak aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, besteak beste, aipatu legearen I. eta II. eranskinean sartuta egon ez arren, Natura 2000 Sareko eremu babestuei nabarmen eragin diezaieketen proiektuak. Armiñóngo eta Berantevillako udalerrietan, Lacorzanilla industrialdea eta Ribaguda arteko «4653 L02 Nanclares» lotura-linearen proiektua kasu horren barruan sartzen da. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen zehazteko, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk (Iberdrola Taldeak) sustatutako 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linea elektrikoaren proiekturako (Lacorzanilla industrialdea eta Ribaguda arteko «4653 L02 Nanclares» lotura-linea, Arabako Armiñóngo eta Berantevillako udalerrietan), honako baldintza hauetan:

A) Proiektuaren xedea da 2.354 metroko luzera duen lotura-linea elektriko bat instalatzea Lacorzanilla industrialdearen eta Ribagudaren artean, Armiñón eta Berantevilla udalerrietan (Araba).

B) Lotura-linearen proiektua egiteko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektua Lacorzanilla industrialdearen eta Ribagudaren artean gauzatuko da, Armiñón eta Berantevilla udalerrietan (Araba).

Proiektatutako lineak 2.354 metroko luzera izango du, 13,2 kV-eko potentzia, eta N-124 errepidearekiko eta Zadorra ibaiarekiko paraleloan joango da. Lineak 162 metro egingo ditu lurpetik eta 2.192 metro airetik, «Alalaya» TZaren (100200830) eta 68. euskarriaren artean. Lurpeko zatia «Alalaya» TZ-ko linea babesteko gelaxkan hasten da, eta proiektatutako 250. PAS euskarriraino luzatzen. Aireko zatia proiektatutako euskarri horretatik lehendik dagoen 68. euskarriraino proiektatuko da.

Kokapena aukeratzeko azterketa egin ondoren, proposatu den proiektuak jarduketa hauek hartzen ditu barnean:

– Zirkuitu sinpleko aireko linea trifasiko bat eraikitzea, 20 kV-eko tentsio izendatua eta 13,2 kV-eko zerbitzu-tentsioa dituena. Trazadura berriaren luzera, guztira: 2.354 m: 162 m-ko lurpeko zati bat eta 2.192 m-ko aireko beste zati bat.

– Lurpeko zatian: proiektatutako linea 160 mm-ko bi hoditan kanalizatuko da. Hodien ezaugarriak araudian ezarritakoak izango dira.

– Aireko zatian 14 euskarri berri instalatuko dira. Hauek izango dira haien ezaugarri nagusiak: sareta metalikozko euskarriak; hiru motatako gurutzetak izango dituzte: Saretazko gurutzeta gangadunak, hegaztiak bertan pausatzea eragozten dutenak, «C» motako sareta-euskarrietarako; tutuzko gurutzeta gangadunak, hegazti-fauna babestekoak, «C» motako sareta-euskarrietarako; gurutzeta zuzenak, «C» motako sareta-euskarrietarako.

Euskarrien zimenduak 200 kg/m3-ko masa-hormigoizko bloke bakarrekoak izango dira, eta lursail motara egokituko dira.

Hegaztiak ez elektrokutatzeko eta ez talka egiteko babes-elementuak gehituko dira.

● Segurtasun-inausketak egitea: segurtasun-inausketen guztizko azalera honako hau izango da: 259 m2. Segurtasun-kalearen zatirik handiena labore-lurretatik igarotzen da; beraz, zuhaitzak mozteko premia txikiagoa da.

● Lan-plataformak instalatzea: euskarri bakoitzaren azpian eraikitako plataforma bakoitzak 50 m2-ko azalera hartuko du.

● Sarbideak eraikitzea: euskarrietarako sarbide gehienak zelaietan barrena egingo dira; sarbideek 3 m-ko zabalera izango dute, eta egin beharreko sarbide berriek 5.885 m2-ko azalera okupatuko dutela kalkulatzen da; batez ere laborantza-lurrak okupatuko dituzte. Gainerako sarbideak lehendik zeuden, eta egokitu egin behar dira.

● Zimentatze- eta kanalizatze-lanetako indusketa: proiektuak 102,54 m3-ko lur mugitzea aurreikusten du: 43,26 m3 zimentatze-obretan eta 59,28 m3 kanalizatze-obretan.

2.– Proiektuaren kokapena.

Linea, funtsean, nekazaritza-paisaia batean zehar egongo da, intereseko ibai-ibilguak dauden inguru batean.

Hauek dira inguruneko elementu nabarmenenak proiektuaren eraginpeko eremuan:

– Lineak Ihuda ibaiaren ibilgua zeharkatzen du, ibilgu horren azken zatian, urak Zadorra ibaira isuri aurretik; zati hori ES2110012 Ihuda (Ayuda) ibaia KBEren barruan dago. KBEan Batasunaren intereseko habitatak daude, hala nola Salix alba eta Populus alba espezieen galeria-basoak (EB kodea: 92A0) eta Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak (EB kodea 91E0*). Eremu horrek intereseko fauna-komunitate bat du, Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean edo Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartutako espezieekin, hala nola ibai-kabuxa (Salaria fluviatilis), arrainei dagokienez; ornogabeei dagokienez berriz, ibai-karramarroaren eta naiadeen presentzia aipatu behar da (Potomida littoralis eta Unio elongatulus); gainera, bereziki nabarmentzekoa da bisoi europarraren (Mustela lutreola) eta igarabaren (Lutra lutra) presentzia; bi espezie horiek Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta daude, «galzorian» kategorian. Ibaian bizi diren hegaztiei dagokienez, KBEan, martin arrantzalea eta ur-zozoa nabarmendu behar dira, besteak beste; horiek ere espezie mehatxatuen EAEko katalogoan sartuta daude.

– Linea Zadorra ibaitik gertu eta harekiko paraleloan proiektatzen da, haren eskuin aldetik. Ibai-tarte hori ES2110010 Zadorra Ibaia KBEan sartuta dago. Zadorra ibaia KBEak Ihuda ibaia KBEren balio berak ditu, eta, gainera, Batasunaren intereseko beste habitat eta intereseko espezie batzuen kontserbazio-eremua da. Horien artean, ibaiko hegazti-faunari dagokionez, nabarmentzekoa da uhalde-enara. Komunitate iktikoa Ihuda ibaikoa baino konplexuagoa da, zerrendari, besteak beste, hegatsgorria eta mazkar arantzaduna gehitzen baitzaizkio. Mehatxupean dagoen flora edo intereseko florari dagokionez, besteak beste, espezie hauek aurkitzen ditugu: Ranunculus auricomus, Berula erecta, Pentaglotis sempervirens eta Narcissus pseudonarcissus.

– Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, Ihuda KBEan dauden Salix alba eta Populus alba (EB kodea: 92A0) espezieen galeria-basoak zeharkatzen ditu lineak.

– Aipaturiko KBEetan dauden espezieetatik, bost kudeaketa-plan baten eraginpean daude Araban (bisoiak, igarabak, uhalde-enarak, katxoak eta mazkarrak).

– Jarduketa eremua Hegazti-faunaren Babes Eremuen barruan dago, eta eremuotan talketatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak aplikatu behar izaten dira EAEko Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasota dauden tentsio handiko aireko linea elektrikoetan.

– Linea elektrikoak zeharkatzen duen tarte zehatz hori ez da sartzen Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planean zehazten diren interes bereziko eremuen barruan.

– Proiektuaren eremuan sartzen diren Ihuda ibaiaren eta Zadorra ibaiaren zatiak EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen lotura-interes bereziko ibai-tartetzat hartzen dira.

– Azpiegitura interes hidrogeologikoko eremu batean finkatzen da: Trebiñuko Sinklinaleko lurpeko ur-masaren (ES091MSBT008) metaketa alubialak eta alubial-kolubialak dira.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duten zonetan kokatzen da linea, eta, zati batean, lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan. Halaber, linea proiektatzen den eremuan, akuiferoak kutsatzeko arrisku handia dago.

– Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, lineak «balio estrategiko handia» eta «trantsizioko paisaia» nekazaritza eta abeltzaintza kategoriei eragingo die.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, Ihuda eta Zadorra ibaiertzak, proiektuaren eremuarekin bat datozenak, lehentasunezko natura-intereseko eremutzat hartzen dira, Natura 2000 Sareko eremu babestuan sartuta baitaude.

– Proiektua Berantevillako eta Armiñongo ikuseremuetan kokatzen da. Ikuseremu horiek oso paisaia arruntean daude, ondorioz, ez dira EAEko paisaia berezien eta bikainen katalogokoak.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Eraikuntza-fasean, lurzorua okupatzea izango da balizko inpakturik handienetako bat, obra-eremurako sarbideak ireki, zimenduak jarri, eta lan-eremuak eta sarbideak prestatu beharko baitira.

Era berean, proiektua gauzatzeko landare-estalkia kendu beharko da proiektuak zuzenean eragiten duen eremuan. Linearen zatirik handiena nekazaritzako laborantza-eremuetatik igarotzen da, eta, beraz, zuhaitz-landarediari eragiten zaion kaltea ibaiertzeko landaredian egingo diren inausketetara murrizten da, lineak eta Ihuda ibaiak bat egiten duten gurutzagunean. Sustatzaileak emandako informazioaren arabera, Batasunaren intereseko 92A0 habitateko ale batzuk inausiko direla aurreikusten da.

Proiektuak Natura 2000 Sareko espazioetan izango dituen ondorioak, alde batetik, zuzenak dira, lineak Ihuda ibaiaren KBE gurutzatzen duen puntuan ibaiertzeko landaredia inausiko baita, eta bestetik, zeharkakoak, jariatze-urek solido esekiak izateagatik eta Ihuda eta Zadorra ibaien KBEtara istripuz isuriak egiteagatik.

Gainera, aintzat hartu beharko dira proiektuaren eraginpeko eremuko uholde-arriskutik eta hango akuiferoak kutsatzeko arrisku handitik eratorritako ingurumen-arriskuak.

Funtzionamendu-fasean, lineak bereziki erasan diezaioke hegazti-faunari, elektrokuzio- eta talka-arriskuagatik, bai eta paisaiari ere.

Bigarrena.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Proiektuak bete egin beharko ditu martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuan eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan datozen erabakiak. Lehenengo dekretuaren bidez, Arabako bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira; bigarrenak, berriz, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen ditu.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, ubideei eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaretza autoktonoa. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua gauzatzeko behar den azalera baino handiagoa ez kaltetzeko.

– Linearen eragina pairatu dezaketen eremu kalteberatan eta natura-balio handieneko eremuetan (Natura 2000 Sarea, Batasunaren intereseko habitatak eta faunarentzat interes berezikoak diren eremuak), inausketak egingo dira, bideragarria den guztietan, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira, eta bakar-bakarrik linea elektrikoaren segurtasuna kolokan jarriko badute haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

Zehazki, Ihuda ibaiaren ibaiertzeko basoan (HIC 92A0), lineak ibaia gurutzatzen duen puntuan, lineari eragin diezaioketen goiko adarrak baino ez dira inausiko, zuhaitzaren altuera osoaren 1/3 gainditu gabe.

Bertakoak ez diren zuhaitzak ipurditik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (sahatsak, hurritzak, haritzak).

Zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

– Ihuda ibaiaren bidegurutzean eta Zadorra ibaiaren eskuineko ertzean, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta «in situ» balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

– Zuinketa fasean eta eremu kalteberatan lanak egitean (Natura 2000 Sarea, Batasunaren intereseko habitatak, faunarentzat interes berezikoak diren eremuak), basoetako flora eta faunako aditu batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik zeuden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

– Bisoi europarraren (Mustela lutreola), igarabaren (Lutra lutra), uhalde-enararen (Riparia riparia), ibai-kabuxaren (Salaria fluviatilis) eta mazkar arantzadunaren (Cobitis calderoni) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskumendunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko moduan, bai horiek egikaritzeko unean, betiere kontuan hartuta zein diren kontu handiagoz jardun beharreko aldiak espezie horien ziklo biologikoen barnean.

– Aireko linea elektriko berri osorako, ingurumen-dokumentuan zehaztuta dauden elektrokuzioaren eta talken aurkako neurriak (txoriak babesteko balizak) hartuko dira, hegaztien talka- eta elektrokuzio-arriskua murrizteko.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa eragotzi gabe, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta horren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

Ez da inolako isurketarik egingo ez jabari hidrauliko publikoan, ez eta haren babes-zortasunean ere, eta urek ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik.

Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira.

Obrak hasi aurretik, obra-zuzendaritzak euste-hesi horien luzera, tipologia eta kokapen zehatza zehaztuko ditu, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Drainatze-sare naturaletik bereiziko dira obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, 22/2011 Legea bete beharko da (uztailaren 28koa, hondakinei eta zoru kutsatuei buruzkoa).

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obrak gauzatzean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak hartu dituzten leku gehiago aurkitzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek dirauten artean, jardunbide operatibo egokien multzoa aplikatu beharko da, bereziki indusketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan eta zaraten eta bibrazioen murrizketan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak:

– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Materialak garraiatzean eta zamalanak egitean neurriak hartu beharko dira, atmosferara partikularik ez isurtzeko.

– Sarrerako bideak aldiro-aldiro garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen eta -materialen kudeaketa-azterketa bat gehitu beharko dio proiektuaren sustatzaileak eraikitze-proiektuari; azterketa horrek dekretu horren I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

– Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak:

Proiektuari dagokion eremua 10 eta 100 urte arteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-arriskua duen eremuan dago.

– Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, proiektuak bat etorri beharko du Ebroko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.

– Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uraldietan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, behar diren neurriak har ditzan.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak:

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea, eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea:

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Natura 2000 Sareko guneen (Ihuda eta Zadorra ibaiak), Batasunaren intereseko habitaten (ibaiertzeko landaredia) eta, ondorioz, intereseko faunaren habitaten gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

– Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsen eta zaraten sorrera, hondakin-kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

– Zuinketa eta obra egiteko fasean, eremu kalteberatan, hau da, Natura 2000 Sareko guneetan (Ihuda eta Zadorra ibaiak), Batasunaren intereseko habitatetan eta fauna mehatxatua duten eremuetan, flora eta faunako espezialista bat egon beharko da obran, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkularitza emateko.

Aurreko neurriez gain, horien eraginkortasuna egiaztatzeko, Ingurumena Zaintzeko Programa gauzatu beharko da, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

● Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere.

● Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

● Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

● Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira ingurumena zaintzeko programan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

● Kontrolen maiztasunak proposatutako neurrien eraginkortasuna bermatzea ahalbidetu beharko du.

● Gutxienez, honako jarraipen-txosten hauek egin beharko dira: txosten bat obrak amaitu ondoren, beste bat zaharberritzearen bermealdiaren amaieran (hau da, zaharberritzea egin eta bi urtera), eta linea elektrikoaren funtzionamenduaren lehen bi urteei dagozkien txostenak.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linea elektrikoaren proiektu honi: Lacorzanilla industrialdea eta Ribaguda arteko «4653 L02 Nanclares» lotura-linea, Armiñón eta Berantevilla udalerrietan (Araba).

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala