Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2021eko otsailaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1077

AGINDUA, 2021eko otsailaren 11koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Horren bidez, behin betiko ebazten da honako lekualdatze-lehiaketa hau: Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko plaza hutsetarako lekualdatze-lehiaketa, uztailaren 28ko JUS/808/2020 Aginduaz iragarria.

Oinarri hartu da honako hauetan xedatutakoa: Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 524. artikulua eta hurrengoak (abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak eta abenduaren 28ko 4/2018 Lege Organikoak aldatu zuten lege hori), Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegiaren 43. artikulua eta hurrengoak eta xedapen indargabetzaile bakarra (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen arautegi hori) eta Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren bederatzigarren oinarria (agindu horren bidez, lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da, Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa). Bada, horiek guztiak kontuan hartuta, honako hau xedatzen da:

Lehenengoa.– Behin betiko ebaztea (eranskinean adierazi bezala) Justizia Administrazioaren honako kidego eta eskala hauetako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa: Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetzea eta Laguntza Judiziala. Lehiaketarako deialdia Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren bidez egin zen.

Bigarrena.– Justizia Ministerioaren web-orriko (www.mjusticia.gob.es) zerrendan agertzen diren funtzionarioak lekualdatze-lehiaketatik kanpo uztea.

Hirugarrena.– Lehiaketa honetan parte hartu dutenek aurkeztu eta destinorik lortu ez duten eskabideak iraungitzat jotzea; beraz, ez dira kontuan hartuko hurrengo lekualdatze-lehiaketetan.

Laugarrena.– Lehiaketa honetan esleitu ez diren plazak plaza huts betegabe deklaratzea eta funtzionario sartu berriek betetzea baldin eta plaza horiek amortizatu nahi ez badituzte, zerbitzuaren premiak direla-eta. Plaza huts gisa ere iragarri ahal izango dira berriro lehiaketa arruntean, ez bada oposizioen deialdirik egiten edo egiten den enplegu-eskaintza publikoan betegabe dauden plaza huts guztiak iragarri behar ez badira.

Bosgarrena.– Destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortu duten eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioei dagokienez, ondoren adierazitako datetan egin beharko da kargu-uztea, baldin eta funtzionario horiek ez badira berriro sartzen lehiaketa honetan aipatutako kidego edo eskalaren batera (ez dira hor sartzen behin-behinean zerbitzu aktibora itzuli diren funtzionarioak): Prozesu eta Administrazio Izapidetzekoek, 2021eko otsailaren 22an (astelehena); Prozesu eta Administrazio Kudeaketakoek eta Laguntza Judizialekoek, 2021eko otsailaren 26an (ostirala).

Zerbitzu-eginkizunetan ari direnek, kargu-uztea formalizatzeko, ez dute zertan erreserbatuta daukaten jatorriko organo judizialera joan; aitzitik, zerbitzu-eginkizunetan diharduten organoan egin ahalko dute eta, horretarako, kudeatzailetza eta autonomia-erkidego eskudunek lehiaketariak diharduen organoari helaraziko dizkiote dokumentuak.

Seigarrena.– Aurreko puntuan zehaztutako funtzionarioei dagokienez, lehiaketa bidez lorturiko destino berriaz jabetzea hiru egun balioduneko epearen barruan egingo da, kargu-uztearen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; epea zortzi egun baliodunekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa baldin eta beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan hurrengo hila izango da, bai irletako nahiz hirietako lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Lanpostuaz jabetzeko epea lehiaketa honetan lortutako plazaren gaineko eskumena duen administrazioak ordainduko du.

Plazaz jabetzeko epeei dagokienez, lanpostu bat zerbitzu-eginkizunetan betetzen ari diren funtzionarioentzat hauxe joko da «funtzionarioaren herritzat»: zerbitzua ematen diharduen hura.

Zazpigarrena.– Sektore publikoan zerbitzuak emateagatiko borondatezko eszedentzian, interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzian, familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentzian edo eginkizun-gabetzean diren funtzionarioen kasuan, puntu horretan behin-behinean atxikita dauden funtzionarioak sartuta, aginduak badakar zerbitzu aktiboan Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko edo Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletan berriro hastea, lanpostuaz jabetzeko epea hogei egun baliodunekoa izango da eta agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatuko da. Lanpostuaz jabetzeko epe hori ez da ordainduko.

Lehiaketa honen bitartez berriro sartzen diren funtzionarioei dagokienez, baldin eta berriro sartzen diren kidego edo eskalari behin-behinean atxikita badaude edo Justizia Administrazioko beste kidego eta eskala batean aktiboan badaude eta Justizia Administrazioarekiko zerbitzu-harremana etetea nahi ez badute, aski izango da jabetzarako hogei egun balioduneko epearen barruan kidego edo eskala berrian gauzatzea jabetzea, eta lehengo destinoko lanpostutik kendu egingo dira lanpostu berriaz jabetu aurreko egunean. Hortaz, lanpostuaz jabetzeko ezinbestekoa den denbora izateko, egungo destinoko Justiziako Lurralde Kudeatzailetzari baimen ordaindu bat eskatu ahal izango diote: bi egun baliodunekoa, herriz aldatzen badira, edo hiru egun baliodunekoa, Kanarietara, Balear Uharteetara, Ceutara edo Melillara mugitu behar badute. Edonola ere, lanpostuaz jabetzeko epearen barruan baliatu behar dira egun horiek. Destino berrian, aipatutako baimen-egunen barruan jabetu behar dute lanpostuaz.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofiziozko eszedentzia emango die jatorriko eskala edo kidegoan, baldin eta eszedentzia hori Justizia Administrazioaren zerbitzuan dagoen kidego edo eskala batean gertatzen bada; izan ere, destino hartako lanpostua utzi dutela ondorioztatuko da Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko edo Laguntza Judizialeko kidego edo eskalan lanpostuaz jabetu aurreko egunean, ordainsariak jasotzean etenik izan ez dadin.

Esleitutako plaza horiek betetzen ari diren bitarteko funtzionarioek utzi egingo dituzte lanpostuok, titularra lanpostuaz jabetzearen ondorioz.

Zortzigarrena.– Berriro sartzen diren funtzionarioen kasuan (zazpigarren puntuan adierazitakoak), funtzionarioa otsailaren 22a edo 26a baino lehenago jabetzen bada lanpostuaz zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian destinatutako funtzionario bat dagoen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionario bat (lehiaketan postua lortuta lekuz aldatu beharko lukeena) dagoen organo judizial batean, ez zaio postua uzteko bosgarren puntuan ezarritako ordenari jarraituko; honela egingo da:

a) Berriro sartzen den funtzionarioa lanpostuaz jabetuko da.

b) Berriro sartzen den funtzionarioa postuaz jabetzean utziko du postua zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian dagoen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak, eta orduan hasiko zaio funtzionario horri kontatzen lanpostuaz jabetzeko epea, seigarren puntuan adierazitakoa.

c) Oraindik postua utzi ez duen funtzionario batek okupatutako organo judizial batean jabetzen bada lanpostuaz b) apartatuan postua utzi duen funtzionarioa, a) eta b) puntuetan adierazitako eran jardungo da, eta horrela hurrenez hurren.

Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetzean, berriro sartu behar duen funtzionarioak edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak oraindik ez badu postua utzi, honela jardun beharko da:

d) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetuko da.

e) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetzen den egun berean utziko du postua berriro sartu behar duen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak, eta orduan hasiko zaio kontatzen lanpostuaz jabetzeko epea, zazpigarren puntuan adierazitakoa.

f) Oraindik postua utzi ez duen funtzionario batek okupatutako organo judizial batean jabetzen bada lanpostuaz e) apartatuan postua utzi duen funtzionarioa, d) eta e) puntuetan adierazitako eran jardungo da, eta horrela hurrenez hurren.

Bederatzigarrena.– Egun bizitzen ari garen pandemia-egoera dela-eta, behar bezala justifikatuta dauden eta destinoko herrian ostaturik aurkitu ez duten kasuetan, aipaturiko epeetan lanpostuaz jabetu ezin diren funtzionarioei postua uzteko eta berriaz jabetzeko epea luzatuko zaie, dauden kasu zehatza ebazteko ezinbestekoa duten denboraz.

Horretarako, dagokien autonomia-erkidegoko organo eskudunari edo lurralde-kudeatzailetzari emango diote inguruabar horren berri eta esleitutako destinoan lanpostuaz jabetu ezin direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztuko dute. Ezintasun horren arrazoia desagertzen denean ere kudeatzailetzari edo autonomia-erkidegoari jakinarazi beharko diote eta jakinarazpen hori egin eta biharamunean utzi beharko dute postua. Orduan zenbatuko dira seigarren eta zazpigarren puntuetan lanpostuaz jabetzeko ezarritako epeak.

Hamargarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 9. artikuluan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 11.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala