Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2021eko otsailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
995

AGINDUA, 2021eko otsailaren 9koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2020-2021 ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen deialdia.

2020ko abuztuaren 14an, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak ebazpen bat eman zuen, eta, haren bidez, adierazi zuen, egoera epidemiologikoaren eta nazioarteko aurretiazko esperientziaren ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak emandako gomendioen ondorioz, eta Euskadiko Osasun Sisteman izandako eragin epidemiologikoaren eta ikusitako egoeraren ondorioz, EAE osasun publikoko larrialdi baten aurrean zegoela, eta, larrialdi-testuinguru horretan, beharrezkoa zela ezohiko eta premiazko neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19 birusaren, hots, koronabirusaren hedapena geldiarazten laguntzeko.

Egun berean, Segurtasuneko sailburuak formalki aktibatu zuen Euskadiko Babes Zibileko Plana –Labi-Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea–, zeinak ahalbidetzen baitu ezohiko eta premiazko neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan COVID-19aren hedapena fermuki geldiarazten laguntzeko, larrialdi-egoerei berehala erantzun ahal izateko.

Hezkuntzaren arloan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabaki zuen eskolak presentzialak izatea hezkuntza-maila guztietan, ikasle guztiei hezkuntza integrala eta kalitaterik handienekoa bermatzeko. Horretarako, segurtasun- eta higiene-neurri egokiak eta beharrezko baliabideak ezarri zituen.

2020ko ekainaren 25ean, Hezkuntza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2020-2021 ikasturtean koronabirusaren (SARS-CoV-2) aurrean jarduteko protokolo orokor bat argitaratu zuen. Protokolo hori osatzen eta eguneratzen ari da, egoera epidemiologikoaren bilakaerari erreparatuta.

Hezkuntza Sailak argitaratutako protokoloetan hartutako neurri operatiboen helburua da erantzun azkar bat ematea, kasu berriei aurre egiteko, arriskuak identifikatzeko eta balizko agerraldiak prebenitzeko. Prebentzio pertsonalerako eta kasuak kudeatzeko neurrien artean, hau da aipatzekoa: COVID-19ak eragindakoak izan litezkeen sintomak dituzten pertsonak –ikasleak, irakasleak edo beste langile batzuk– ez direla ikastetxera joango, ez eta COVID-19aren diagnostikoagatik bakartuta daudenak eta, COVID-19aren sintoma bateragarriak dituen edo diagnostikatutako pertsonaren batekin harreman estua izateagatik, etxean berrogeialdian daudenak ere.

Halaber, eskola-jantokietan COVID-19aren aurrean aplikatu beharreko prebentzio-neurriei buruzko protokolo bat argitaratu du Hezkuntza Sailak, zeinetan ikastetxeei aukera eman baitie ikasle jakin batzuei soilik eskaintzeko jantoki-zerbitzua, esaterako, hezkuntza- edo gizarte-egoera bereziki ahulean dauden ikasleei eta ikastetxeko zuzendaritzak, ikasleen eta haien familien premia-irizpideen arabera, ezarritako irizpideak betetzen dituztenei. Gaur egun, ikastetxe askok jantoki-zerbitzua ez irekitzea erabaki dute; beste batzuek plaza-kopuru mugatuarekin ireki dute, ezin baita zerbitzua eskatutako osasun-segurtasuneko baldintzetan eskaini.

Arrazoi beragatik, ikastetxe askok erabaki dute ez ematea zaintza-zerbitzuak edo goiztiarren zerbitzuak, zeinen funtsezko helburua baita bateragarri egitea gurasoen lan-ordutegiak eta seme-alaben zaintza eta arreta.

Haurreskolak Partzuergoan, 2020an, matrikulazio-kopurua nabarmen txikitu da 2019koarekin alderatuta; horrek esan nahi du familiak haurrak etxean zaintzeko eta artatzeko estrategia baten alde egiten ari direla, eskolatzea nahitaezkoa ez den adinetan, arriskuak eta kutsatzeak saihesteko.

Lurralde historiko bakoitzeko egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera, Foru Aldundiak familiei eta haien seme-alabak zaintzeko eta artatzeko estrategiei eragiten dieten erabakiak hartzen ari dira, hala nola eskola-kirola etetea.

Egoera horrek agerian uzten duen errealitatea guztiz ezohikoa da, ziurgabetasun handikoa, pandemiak une bakoitzean eta lurralde historiko bakoitzean izan duen bilakaeraren mende dagoena. Hori kontuan hartuta, oso zaila da epe laburrean edo ertainean seme-alabak zaintzeko eta artatzeko estrategiak ezartzea; horrek asko zailtzen die gurasoei familia eta lana uztartzea.

Aipatutako zailtasunen ondorioz, guraso langile askok erabaki dute etxeko zaintzaileak kontratatzea, beren lanak eta seme-alabek behar duten arreta eta zaintza bateragarri egiteko. Nolanahi ere, ez dute aitona-amonen edo familiako pertsona adinduenen gain jarri nahi erantzukizun hori, kolektibo ahulenetako bat baitira COVID-19aren aurrean, eta, adina dela eta, beharrezkoa baita haiek babestea.

Horiek horrela, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak erabaki du 3 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko laguntza-programa bat bultzatzea, seme-alabak dituzten familietan COVID-19aren osasun-larrialdi egoeraren inpaktu ekonomikoa arintzera bideratutako neurri gisa. Hori guztia bat dator Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoarekin, zeinaren 2. zenbakiko c) letran finkatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, «gerta daitezkeen arriskuek kalterik ez eragiteko edo kalte horiek txikiagoak izateko prebentzio neurriak eta autobabes neurriak» har ditzaketela.

Hori dela eta, agindu honen xedea da gurasoen familia bizitza eta lana kontziliatzea, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean finkatutako familia eredua oinarri hartuta. Horren arabera, eskakizun ukaezinak dira autonomia, eta, guraso biko familien kasuan, bi kideen arteko errespetua eta berdintasuna, zeinek aukera berdinak partekatzen baitituzte profesionalki errealizatzeko. Azaldutako ezohiko egoera dela eta, eta familiei ekonomikoki lehenbailehen laguntzeko premiaren aurrean, agindu honen bidez garatzen da aipatu legearen 15. artikulua, adingabeko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko dirulaguntzei buruzkoa.

Berdintasunaren alorrean, aztertutako adierazleek agerian uzten dutenez, pandemiak ez du inpaktu bera emakumeengan eta gizonengan, eta emakumeek arrisku handiagoa dute ondorio negatiboak jasateko. Datuek adierazten dute, beste behin ere, emakumeek eskatu dituztela baimenak eta eszedentziak, eta beren lanaldiak egokitu eta murriztu dituztela seme-alabak eta mendeko pertsonak zaintzeko.

Orobat, agindu honen helburua da zaintza-lanak egiteko eta etxean bizitza sostengatzeko kontratatutako langileek egindako lana balioestea. Paradoxikoki, lanpostu horietako asko ia ikusezinak dira, ospe sozial txikia dute, eta baldintza prekarioetan gauzatzen dira.

Hori dela eta, hauek dira aginduak alor horri begira dituen helburuak: batetik, emakumeek beren lanak eta karrera profesionalak garatzen jarraitu ahal izatea, eta, bestetik, etxeko lanak eta etxe barruko zaintzak sozialki eta ekonomikoki babestea eta aitortzea. Horrela, saihestu nahi dugu krisi honek desberdintasunak areagotzea eta emakumeen eskubideen erabileran eta berdintasunerako bidean atzera egitea, bat etorriz Garapen Iraunkorrerako Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasotako konpromisoarekin.

Horrekin guztiaren bat etorriz, seme-alabak dituzten familiei laguntze aldera, egokien ikusi den neurri espezifikoa da 3 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko laguntza ekonomikoen programa bideratzea, 2020-2021 ikasturterako.

Aparteko programa hori independentea eta aldi baterakoa da, eta Eusko Jaurlaritzaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Helbide honetan dago argitaratuta:

https://www.euskadi.eus/orden/orden-de-23-de-diciembre-de-2020-de-la-consejera-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-por-la-que-se-aprueba-el-plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-para-el-ano-2021/web01-s2enple/es/

Aipatutako neurriak eskatzen du premiazko dirulaguntza-ebazpen bat, identifikatu ahal izango duena, batetik, nor diren aparteko laguntza horien onuradunak, eta, bestetik, zein diren jarduketa diruz lagungarriak eta zenbatekoak diren laguntzak. Gainera, argituko ditu ebazpen hori behar bezala aplikatu eta gauzatu ahal izateko premiazkoak diren beste puntu guztiak.

Ondorioz, familiak babesteari eta lanaren eta familiaren kontziliazioari dagozkion eskumenez baliatuta (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio eskumen horiek, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13.1 artikuluan, eta, berariaz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 4. artikuluan), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea, familia-unitateko seme-alaba gazteenak, hots, 3 eta 14 urte bitartekoak, zaintzeko langileak kontratatzearen ondoriozko Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko, 2020-2021 ikasturtean, hau da, 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era arte.

2. artikulua.– Kontzeptuak.

Agindu honen ondorioetarako:

1.– Gurasoei buruzko erreferentziak adoptatzaileei, tutoreei eta adingabekoen harrera edo adopzio iraunkorrerako helburuz zaintza esleituta duten pertsonei zabalduko zaizkie, baita semearen edo alabaren zaintza eta jagoletza duenarekin bizi den ezkontideari edo izatezko bikotekideari ere.

Era berean, semeari edo alabari buruzko erreferentziek barne hartuko dituzte adopziorako eta harrera iraunkorreko xedez tutoretzako edo zaintzako erregimenean dauden adingabeak.

2.– Familia-unitateko seme edo alaba gazteena izango da 2020an hiru urte edo gehiago bete dituen familiako seme edo alaba txikiena, 14 urte bete arte.

3.– Familia gurasobakartzat jotzen da laguntza eskatu duen gurasoak eta horrekin bizi diren seme-alabek osatzen dutena, seme-alaba horiek ekonomikoki pertsona bakar horren mende daudenean.

Ez dira inola ere familia gurasobakartzat joko epailearen ebazpen bidez zaintza eta jagoletza partekatua ezarria duten familiak.

3. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak eta gastu finantzagarriak.

1.– Diruz lagungarri izango da Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorraren barnean dagoen Etxeko Langileentzako Sistema Berezian alta ematen zaien pertsonen kontratazioa, seme-alaba adingabeak zaintzeko, 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30a bitarteko aldian, biak barne.

2.– Diruz lagungarri izango dira enplegatzaileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Berezian sartutako kuotak, eskabidea aurkezten den datan.

3.– Kontratazioak gutxienez 59 egun naturaleko iraupena izango du, eta iraupen hori etena ere izan daiteke.

4.– Ez da diruz lagungarri izango zaintzaile bat baino gehiago aldi berean kontratatzea. Kasu horretan, kontratazio bat baino ez da diruz lagunduko. Horretarako, eskatzaileak zehaztu beharko du zein kontrataziotarako eskatzen duen laguntza.

5.– Ez da inolaz ere diruz lagungarri izango onuradunaren ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen kontratazioa.

6.– Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan sartu beharko dira eskatutako dirulaguntzaren xede diren kotizazioak. Ez da diruz lagunduko ordaindu gabeko kuotei dagokien gastua.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko, hiru milioi (3.000.000) euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2021erako aurrekontuen kargura.

2.– Deialdi honetako laguntzak jarraian esleituko zaizkie agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei, eskabideen aurkezpen-hurrenkeraren arabera, espedientea osorik dagoen unearen arabera, lehiaketaren teknikara jo gabe, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ehunekoak kontuan hartuta, eta esleitutako zuzkidura ekonomikoan saldo erabilgarria baldin badago.

3.– Aurreko 1. paragrafoan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, aurrekontu-baliabideen arabera, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturako edo aurrekontu-aldaketako araubidearen arabera, betiere deialdiko zuzkidura ekonomikoa agortzeagatik ezezko ebazpenik eman ez bada. Hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Gizarte Politiketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa, hasierakoa edo emendatua, agortzen bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Politiketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta une horretatik aurrera ez da beste eskabiderik onartuko.

5.– Gizarte Politiketako sailburuordearen ebazpen baten bidez ukatuko dira aurkeztutako eskabideak, baldin eta, osorik eta izapidetze-fasean egonik, ezin bazaie erantzun esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortu delako.

5. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, enplegatzaileak seme-alaba adingabeen zaintzaileak kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Berezian sartutako kuotak hartuko dira oinarritzat, enplegatzailearen konturako kuota eta enplegatuaren konturako kuota barne.

2.– Oinarri horri portzentaje jakin bat aplikatuko zaio, familia-errenta estandarizatuaren arabera. Errenta hori kalkulatzeko, familia-politiken esparruan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak esleitzen dien irismena, familia-unitatearen osaera, familia-errentaren maila eta familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefizientea hartuko dira kontuan.

a) Familia-errenta estandarizatua 20.000 eurokoa edo txikiagoa bada, enplegatzaileak zaintzailea kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 100 lagunduko da diruz.

b) Familia-errenta estandarizatua 20.000 euro baino handiagoa bada, enplegatzaileak zaintzailea kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 75 lagunduko da diruz.

6. artikulua.– Familia-errentaren maila kalkulatzea.

1.– Eskatzaileak baimena ematen badio deialdia kudeatzen duen organoari behar den informazioa eskatzeko dagokion administrazioari errenta-maila zehazteko, organo horrek, hala badagokio, familia-unitatea osatzen duten gurasoek adierazitako administrazioetatik bildutako informazioa bakarrik hartuko da kontuan.

2.– Familia-unitatea osatzen duten gurasoek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badute, familia-errentaren maila zehazteko, zerga-administrazioak edo zerga-administrazio bidezkoek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bildutako informazioa hartuko da kontuan, eta deialdiaren organo kudeatzaileari emango zaio, zerga-arlokoak ez diren xedeetarako informazioa elektronikoki emateari buruzko lankidetza-hitzarmenen arabera.

3.– Familia-unitatea osatzen duten gurasoek berariazko baimena eman ez badute laguntza ekonomikoak kudeatzen dituen organoak dagokion administraziotik zuzenean eskuratu dezan errenta-maila zehazteko beharrezkoa den informazioa, eta 8.1) artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu ez badute, baina, aldi berean, laguntza jasotzeko gainerako eskakizunak betetzen direla egiaztatu bada, familia-errenta estandarizatutzat hartuko dira, eta laguntzaren gutxieneko zenbatekoa jasotzea ekarriko luke.

7. artikulua.– Onuradunak eta baldintza hori lortzeko baldintzak.

Familia-unitatea osatzen duen gurasoak jaso dezake laguntza, baldin eta:

a) Familia-etxearen titular gisa agertzen bada seme-alaba zaintzeko kontratatutako etxeko langilearen Gizarte Segurantzako kotizazio-agirian.

b) Jarduketa diruz lagungarriak irauten duen bitartean eta eskabidea aurkezten den unean, eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizi bada eta bertako erroldan azaltzen bada, kontratatzen den langileak zaintzen dituen seme-alabekin batera.

c) Onuraduna eskabidea aurkeztu aurreko urtean etenik gabe erroldatuta egon bada Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean, bost urtez segidan justu aurreko hamar urteetan.

d) Besteren edo norberaren kontura ordaindutako jarduera bat egiten badu, edo ezintasun iraunkor absolutua, lan egiteko ezintasun iraunkor osoa edo baliaezintasun handia aitortuta badu. Alderdi horiek eskatu ahal izango zaizkio, halaber, harekin batera familia-unitatea osatzen duen beste gurasoari, halakorik balego.

e) Jarduera egiten duen sektoreko lanaldi osoari dagokion lanaldia izatea. Gauza bera eska dakioke, halakorik balego, harekin batera familia-unitatea osatzen duen beste gurasoari.

Familia ugarietan, onartuko da bi gurasoetako bat lanaldia murriztuan egotea.

f) Ez badago lan-kontratuaren etete-egoeran jaiotzagatik edo adingabeak zaintzeagatik Gizarte Segurantzaren araudiaren esparruan. Halaber, ezingo da egon enplegu-erregulazioko espediente oso edo partzial baten menpe. Gauza bera eska dakioke, halakorik balego, harekin batera familia-unitatea osatzen duen beste gurasoari.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

h) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.

j) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, barnean hartuta sexu-diskriminazioarekin loturikoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.

8. artikulua.– Eskakizunak eta eskatutako dokumentazioa egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskuratzeko eskakizunak dokumentu hauen bidez egiaztatu ahal izango dira:

a) Familia-unitatea osatzen duten gurasoen identitatea: Europar Batasuneko estatukide bateko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartutako estatu bateko nazionalitatea dutenen kasuan, titularraren nazionalitatea jasotzen duen nortasun-agiri ofizial baten bidez edo pasaportearen bidez; gainerako herrialdeetako nazionalitatea dutenen kasuan, Atzerritarren Identifikazio Txartelarekin (AIT) edo pasaportea, edo, hala dagokionean, bizileku-baimena.

b) Erroldatzea: eskatzailearen errolda-agiriaren bidez. Bertan, bizilekuan bizi diren pertsona guztien zerrenda jasoko da, eta eskatzailea udalerrian erroldatuta noiztik dagoen adieraziko.

Erroldatuta egoteko eskatzen den aldian zehar, eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan bizi izan bada, eskabidean zehaztu beharko du hori, eta eskakizuna betetzen duela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu.

Errolda-ziurtagiriek ezin izango dute hilabetetik gorako antzinatasuna izan, eskabidea egiten den data aintzat hartuta.

Laguntzaren eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioak eta informazioak zalantzak sortzen baditu eskatzaile hori benetan Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den edo ez, baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko ziurtagiriak eska ditzake laguntza kudeatzen duen organoak.

c) Ebazpen judizial edo administratibo baten bidez egiaztatu ahal izango da eskatzailearen eta seme edo alabaren –betiere seme edo alaba hori zaintzeko kontratatu bada etxeko langilea– arteko filiazioko, adoptatzeko edo harrera iraunkorra egiteko tutoretza- edo zaintza-egoerako harremana.

d) Etxeko langilearen kotizazioak Gizarte Segurantzari ordaintzea, eskatzen diren hilabeteei dagozkienak, dagozkion ordainketa-ordainagirien bidez.

e) Diru-sarrera fiskalak, hauen bidez:

– Dagokion administrazioak familia-unitatea osatzen duten gurasoen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari egindako likidazioa (baterako aitorpena edo bakoitzaren aitorpen indibiduala), 2019ko ekitaldiari dagokiona.

– Familia-unitatea osatzen duten gurasoek ez badute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin, dagokion administrazioak emandako ziurtagiria, 2019ko ekitaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari egotz dakizkiokeen errenta eta etekin guztiak jasotzen dituena.

f) Familia-unitatea osatzen duten gurasoak besteren konturako langileak badira, Gizarte Segurantzan alta emanda daudela eta egiten duten lanaldia Gizarte Segurantzaren kotizazio-datuen txostenaren bidez egiaztatuko da.

Familia-unitatea osatzen duten gurasoak norberaren konturako langileak badira, Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte beren jarduera egiaztatzeko.

Familia-unitatea osatzen duten gurasoek lan egiteko ezintasun absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua badute, egoera hori aitortzen duen administrazio-ebazpena aurkeztuko dute.

Eskatzaileak eskubidea du administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste administrazio orok egindakoak ez aurkezteko. Laguntzak kudeatzen dituen organoak 1. zenbaki honetako a), b) eta e) letretan adierazitako dokumentuak kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu behintzat.

Interesdunak aurka egiten badio edo, kontsulta egin ostean, dokumentuak lortu ezin badira, eskatzaileak dokumentu horiek aurkeztu beharko ditu.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskatzaileak honako hauek egiaztatu ahal izango ditu:

– Administrazio publikoek ez diotela inolako laguntzarik ematen 2020-2021 ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko.

– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako desgaitzen duen legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta, Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, zein prozedura den edo diren adieraziko da.

– Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

– Egiazkoak direla eskabidean eta eskabideari erantsitako dokumentazioan emandako datuak.

3.– Halaber, honako kasu hauetan:

a) Laguntzaren eskatzailea genero-indarkeriaren biktima bada, Familia-politiken esparruan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 4.3 artikuluan ezarritako bitartekoren baten bidez egiaztatu beharko da genero-indarkeriaren egoera, familia-errenta estandarizatua zehazteko.

b) Familia-unitatea osatzen duten pertsonetako batek desgaitasun edo mendetasunen bat aitortuta badu, egoera hori egiaztatzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du, familia-errenta estandarizatua zehazteko.

Mendekotasun-egoera baten kasuan, laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentu horiek kontsulta edo eska ditzake, baldin eta interesdunak horren aurka egiten ez badu.

Interesdunak aurka egiten badio edo, kontsulta egin ostean, dokumentuak lortu ezin badira, eskatzaileak dokumentu horiek aurkeztu beharko ditu.

c) Seme edo alabaren –betiere seme edo alaba hori zaintzeko kontratatu bada etxeko langilea– zaintza eta jagoletza epailearen ebazpen baten bidez ezarri bada, eskatzaileak dokumentu hori aurkeztu beharko du.

d) Familia-unitatea guraso bakarrekoa bada, eskatzaileak egiaztatu beharko du zaintzailea zaintzeko kontratatutako semea edo alaba ekonomikoki haren mende soilik dagoela, adingabea berak bakarrik onartu duela egiaztatzen duen administrazio-agiriaren bidez. Edo, bi gurasok aitortu badute semea edo alaba, beste gurasoak mantenu-pentsioa ordaindu ez duela egiaztatzen duen dokumentu judizial edo administratiboaren bidez, hori guztia familia-errenta estandarizatua zehazteko.

e) Familia ugarien kasuan, eskatzaileak familia ugariaren txartela aurkeztu beharko du.

4.– Hasierako eskaeraren jarraipena diren kotizazio-aldietako eskaerak eskabide sinplifikatuaren bidez egingo dira (Z COVID JARRAIPENA). artikulu honetako 1. paragrafoko e) eta f) apartatuetan jasotako dokumentazioa soilik aurkeztu beharko da, eta, halaber, hasieran egiaztatutako egoerarekin alderatuta aldaketaren bat gertatuz gero, aldaketa horiei buruzko dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

Jarduketa diruz lagungarria eten bada eta berriz abiarazi bada, Z COVID JARRAIPENA inprimakiaren bidez eskatuko da, eta, horrekin batera, artikulu honetako 1. paragrafoko b), d) eta f) apartatuetan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da; halaber, aurretik egiaztatutako egoerarekin alderatuta aldaketaren bat gertatuz gero, aldaketa horiei buruzko dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

5.– Familien eta Haurren Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

6.– Aurkezten diren atzerriko dokumentuak, hala badagokio, modu ofizialean euskarara edo gaztelaniara itzulita egon behar dute. Halaber, atzerriko dokumentu publikoek behar bezala legeztatuak egon beharko dute.

Europar Batasuneko beste estatukide bateko nazionalitatea dutenek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko uztailaren 6ko 2016/1191 Erregelamendua (EB) aplikatuko da, zeinaren bidez errazten baita herritarren zirkulazio librea, dokumentu publiko jakin batzuk Europar Batasunean aurkezteko betekizunak erraztuta, eta zeinaren bidez aldatzen baita 1024/2012 Erregelamendua (EB).

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko martxoaren 1ean hasi eta urte bereko irailaren 30ean amaituko da.

2.– Jarduketa diruz lagungarrian nahitaezko 59 eguneko aldia igarotakoan aurkeztu ahal izango da laguntzaren lehenengo eskabidea edo hasierakoa.

3.– Hurrengo eskabideak edo laguntzaren jarraipen-eskabideak aurkezteko, gutxienez lau hilabete igaro beharko dira emandako aurreko laguntza-eskabidea egin zenetik. Gutxieneko aldi hori ez da bete beharko jarduketa diruz lagungarria amaituta dagoen kasuetan.

10. artikulua.– Dirulaguntza-eskabideak formulatu eta aurkeztea.

1.– Eskabideak agindu honen 1. eta 2. eranskin gisa onartu diren eskabide normalizatuetan aurkeztuko dira:

a) Laguntzaren lehenengo eskaera edo hasierakoa 1. eranskinean onartutako eskabide normalizatua da, Z COVID HASIERA izenekoa.

b) Hurrengo eskaerak edo laguntzaren jarraipen-eskaerak (eskaera sinplifikatua) 2. eranskinean onartutako Z COVID JARRAIPENA izeneko eskabide normalizatuaren bidez egingo dira.

2.– Eskabide normalizatuak Eusko Jaurlaritzaren herritarrentzako Zuzenean zerbitzuak dituen bulegoetan egongo dira eskuragarri. Orobat, https://euskadi.eus egoitza elektronikoan ere eskuragarri egongo dira, horiek betetzeko argibideekin batera. Zehazki:

a) Seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko eskatzen diren dirulaguntza-eskabidea Z COVID HASIERA izeneko eskabide normalizatuari dagokio, eta hemen dago: www.euskadi.eus/servicios/0079104

b) Seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko eskatzen diren dirulaguntzak, baldin eta aurretik eskatutakoaren jarraipena badira, eskabide sinplifikatuaren bidez eskatuko dira, eta Z COVID JARRAIPENA izeneko eskabide normalizatua dagokie. Hemen dago: www.euskadi.eus/servicios/0079104

3.– Laguntza ekonomikoen eskabideak elektronikoki edo aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zuzenean zerbitzuak dituen bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eskabide normalizatu bidez eta haren atal guztiak behar bezala beteta, edo, era berean, elektronikoki.

4.– Laguntzak izapidetzeko bide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eta prozedura Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/sede) argitaratuko dira.

11. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.

Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioak arau honetan finkatutako eskakizun guztiak betetzen ez baditu, edo horien edukia osatu gabe dagoela irizten bada, dokumentazioa osatzeko edo hutsegiteak konpontzeko eskatuko zaio eskatzaileari, 10 laneguneko epean. Halaber, eskatzen zaiona egiten ez badu, eskabidea baliogabetuko dela jakinaraziko zaio, eta administrazioak eskabide horri buruzko esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi beharko dio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta errekurtsoak.

1.– Familia eta Haurtzaro Zuzendaritzari dagokio deialdia kudeatzea, eta zuzendaria izango da hura kudeatuko duen organoa.

2.– Familia eta Haurtzaroko zuzendariaren banakako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira eskatutako laguntzak, eskabideak betetzeko ordenari jarraituz.

3.– Ebazteko eta ebatzitakoa interesdunari jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea Familien eta Haurren Zuzendaritzaren erregistroan sartu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Agindu honetan aurreikusitako laguntza emateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea. Prozeduraren amaieran laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta itzulketa ordaintzeko borondatezko epean egiten ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarrelako.

13. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du. Ez badago alta emanda edo bertan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, dagokion inprimakia bete beharko du, ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/altaterceros

2.– Emandako laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

3.– Laguntza eman bada, ez da dirulaguntzaren ordainketarik egingo, baldin eta onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

4.– Laguntza ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdiaren xede diren laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean ez bazaio berariaz uko egiten, laguntza onartutzat emango da.

b) Diruz lagundutako jardueraren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, horren berri ematea Familia Zuzendaritzari.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzen dutenean.

d) Emandako laguntzari dagokionez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

15. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharren bat betetzen ez badu, Familia eta Haurren zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura gauzatu ondoren, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.

2.– Gainera, emandako laguntza ordaindu bada, bidezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra adieraztea, bai eta dirulaguntzen arloan berandutze-interesa eskatzea ere, dirulaguntza ordaintzen denetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikulua, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikulua.

Itzulketa gauzatzeko, proportzionaltasun-irizpideei jarraituko zaie. Agindu honetan araututako eta iragarritako laguntzak aldi jakin batean egoera diruz lagungarriei buruzkoak dira. Era horretan, aldi baterako ez-betetze partzialak laguntza jasotzeko baldintzak bete diren aldian laguntza aitortzea ekarriko du, bai eta ez-betetzea gertatu den aldia itzultzea ere.

3.– Hori guztia, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

16. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II., III. eta V. kapituluetan araututakoekin.

2.– Hala ere, hori guztia bateragarria izango da beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste batzuekin, artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitakoez bestelakoekin, baldin eta horiek metatzeak ez badu gainfinantzaketarik eragiten.

3.– 2. paragrafoan aurreikusitako metatzea gertatuz gero, agindu honetan ezarritako jarduketa diruz lagungarrietarako laguntzen zenbatekoak ezingo dira izan enplegatzaileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaindutako kuotak baino handiagoak. Muga hori gaindituz gero, deialdi honen babesean eman edo eman beharreko laguntza murriztuko da gaindikin hori saihesteko behar den zenbatekoan.

17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ikuskapen- eta kontrol-lanak egin ditzake agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aurkaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 9a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala