Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2021eko otsailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
921

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Galdakaon (Bizkaia) UE-IZ-1 Izaga egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

2020ko maiatzaren 5ean, Galdakaoko Udalak jendaurrean jarri zuen Galdakaoko (Bizkaia) UE-IZ-1 Izaga egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektua, eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2020ko maiatzaren 22ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (96. zk.) argitaratu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Galdakaoko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 2020ko ekainaren 1ean, Galdakaoko Udalak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien. Kontsulta horren emaitza, espedientean jasota dago. Horri dagokionez, organo substantiboak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2020ko abenduaren 1ean, Galdakaoko Udalak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Galdakaoko UE-IZ-1 Izaga egikaritze-unitatea urbanizatzeko proiektuari buruzkoa.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko beharrezkoak diren datuen fitxa.

– Galdakaoko UE-IZ-1 Izaga urbanizatzeko proiektua, 2020ko abuztukoa.

– Galdakaoko UE-IZ-1 Izaga urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2020ko azarokoa.

– Jendaurrean erakutsi ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulten emaitzei buruzko agiriak, jasotako txostenen hitzez-hitzezko kopiak eta sustatzaileak jasotako txostenei buruz egindako gogoetak barne.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat eginez, ingurumen inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenean sortuko diren ondorioen analisia plangintza prozesuaren lehen faseetan gehitzen dela, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, eta jarduerek eragindako metaketa eta sinergia ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, lege horren I. eranskinean jasotako plan eta proiektu publikoek zein pribatuek ezinbestekoa izango dute ingurumen inpaktuaren ebaluazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi badira. Galdakaoko UE-IZ-1 Izaga egikaritze-unitateko urbanizazio-proiektua arau horren I.B) eranskinaren 20. epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Galdakaoko Udalak, organo substantibo gisa, Galdakaoko UE-IZ-1 Izaga egikaritze-unitateko urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa den guztia xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik, ingurumen inpaktuaren azterketa zuzena eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita gehitu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori organo eskuduna da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Xedapen hauek kontuan hartu dira: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatzen baititu; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearena, eta baita aplikatu beharreko gainerako araudia ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Galdakaoko (Bizkaia) UE-IZ-1 Izaga egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea.

Galdakaoko hiri-lurzoru industrialeko UE-IZ 1 Izaga egikaritze-unitateak 30.251,37 m2-ko azalera du, eta hirigunearen hego-ekialdean dago. Maila desberdinetan dauden bi etenkako plataformetan kokatzen da proiektua Beheko kotan, Ibaizabal ibaiarekiko paraleloan, industria-erabilera finkatuko lurzati bat dago (7.267 m2), bai eta antzinako industria-gune bat hartzen duen lurzati bat ere, espazio libreen eremu bihurtua (5.926 m2). Goiko mailan, hirugarren lurzati bat dago etorkizuneko industria-erabileretarako (12.476 m2).

Galdakaoko UE-IZ 1 Izaga egikaritze-unitatea urbanizatzeko proiektuaren helburua da hiri-zerbitzuen sareen azpiegiturak ezartzeko beharrezkoak diren urbanizazio-obra guztiak deskribatzea, baita bideak, oinezkoentzako eremuak eta espazio libreak eta gainerako hiri-bilbearekin duten lotura ere.

Urbanizatu aurretik, B lurzatian lehendik zeuden instalazio eta eraikin guztiak eraitsiko dira, eta espazio libreetarako erabiliko da (berdegunea). Lurzatian 5 higiezin daude, eta gutxi gorabehera 1.760 m2-ko azalera hartzen dute industria-gune zahar batean.

Gaur egun, lurzati guztiek dute ibilgailuen sarbidea. Urbanizazio-proiektu honetan proposatzen da bideak konpontzea, gaur egun egoera egokian dauden eremuetan, eta, bestalde, bide berria egitea, bide-zorua eta/edo bidea oso hondatuta dauden eremuetan. Egikaritze-unitateak ibilgailuentzako duen azalera 3.809 m2 da. Aparkaleku publikoek zoladura iragazkorrak izango dituzte, eta euri-uren sareko zangetara isuriko dira.

Bide berriak egitearekin batera, espaloi berria ere egingo da, 2,5 metroko zabalerakoa, eta horren azpitik urbanizazioko zerbitzu guztiak kokatuko dira, gaur egun daudenak ordeztuz.

Saneamendu-sareak bereizita egitea aurreikusten da. Hondakin-uren sare batek Saneamendu Sistema Orokorrera isur daitezkeen ur beltzen eta hondakin-uren isuriak bilduko ditu, eta euri-uren sare batek euri-urak jasoko ditu, bide publikoetatik, drainatzeetatik eta eremuko eraikinetatik. Bi sareak bideen azpitik igarotzen dira, lurpetik, eta lehendik dagoen sare orokorrarekin edo HAPOk proiektatuarekin elkartzen dira.

Proiektuko ekintza hauek eragina izango dute ingurumenean:

– Industria-aurriak eraistea.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurren indusketa eta kudeaketa.

– Sasiak garbitzea eta landaredia kentzea.

– Lur-indusketak eta lur-mugimenduak.

– Bideak berritzea.

– Espaloiak egitea.

– Zerbitzuak berrezartzea eta egikaritzea (hornidura-sareak, energia elektrikoa, saneamendua, argiteria publikoa, telefonia eta gas-hornidura).

– Bide zaharrak aratzea.

– Hondakinak sortu eta hondakinak kudeatzea.

– Lurzati industriala berdegune bihurtzea.

5 hilabete eta erdikoa da obrak egiteko zenbatetsitako epea.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Lanen gainerako izapideek dirauten bitartean proiektuan aldaketa puntualak egiteko premia sortzen bada, eta aldaketa horiek ez badira aurreko lerrokadan aipatutakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektua hiri-lurzoru industrialean dago, Galdakaoko hirigunearen hego-ekialdean, eta iparraldean Ibaizabal ibaia du mugakide.

Zehazki, urbanizazio-proiektuan jasotako jarduketak Ibaizabal ibaiaren ezkerraldeko zortasun- eta zaintza-eremuan daude, eta Ibaizabalen ibaiadarraren jariatze baten (ez du izenik) eskuinaldetik 70 bat metrora, zaintza-eremuan.

Proiektuaren eremuan ez dago naturagune babesturik edo natura- eta geologia-intereseko lekurik, ezta EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egiturazko elementurik ere.

Landarediari dagokionez, nabarmentzekoa da haltzadi kantauriarraren masa bat dagoela Ibaizabal ibaiaren ertzetan (Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata, 91E0*), eta proiektuko ekintzek ez dutela eragin zuzenik masa horretan. Gainera, harizti azidofiloa eta harizti misto atlantikoa daude 2. lurzatiaren iparraldeko muturrean. Proiektuaren eremuan dagoen gainerako landare-estaldura landaredi erruderal nitrofiloa da. Cortaderia selloana (panpako luma-erratza) landare aloktono inbaditzailea aurkitu da.

Arriskuei dagokienez, 1. lurzatiaren zati handi bat ES017-BIZ-12-1 UAHEren barruan dago, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskugunean, lehentasunezko fluxugunetik kanpo.

Era berean, proiektuaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako zenbait lurzati daude (kodeak: 48036-00107 eta 48036-00108).

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako izendatutako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena xedatuko duen ebazpenak finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak ere, proiektuaren lursailen barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.11 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Landaredi autoktonoa kentzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak, eta, bereziki, Ibaizabal ibaiaren ertzetan dauden haltzadi kantauriarreko masak eta 2. lurzatian dauden harizti-masak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako D.11 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.12 apartatuko lan-programan jasoko dira.

Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren intereseko habitatak eta baso autoktonoko masak), zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du mozketan/inausketan bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko. Zuhaitzetako adarrek lanak egokitasunez egitea oztopatzen badute, adarrak kimatzea lehenetsiko da zuhaitzak moztu aurretik.

D.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremu hauetan guztietan: makinen parkea, obrako etxolak, obrako materialak behin-behinean metatzeko eremua, landare-lurrak behin-behinean metatzeko eremuak eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremuak. Eremu horiek inolaz ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (haltzadi kantauriarra eta bestelako baso masa autoktonoak), ez Ibaizabal ibaitik hurbil dauden lurretan, ez uholde-arriskuguneetan.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Zehaztapen hori obraren zuzendaritzak onartu behar du, D.11 puntuan aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Instalazio horien ezaugarriak eta kokalekua adierazi beharko dira ebazpen honen D.12 puntuan aipatzen den lan-programan.

D.1.4.– Kontrol-neurriak ezarriko dira, ahal den heinean, mugitutako lursailak eta landaredirik gabeak ez daitezen sarbide bihurtu landare espezie inbaditzaileentzat –hala nola, Cortaderia selloana, Fallopia japonica, Buddelia davidii eta abar–, eta horrelako landareak, jarduketa-eremuan egonez gero, deuseztatu egingo dira.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezar daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Ibilguarekiko 5 metroko zortasun-eremuak egoera naturalean eta libre utziko dira, eta seinaleztapen-zintekin balizatuko dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, etxola, ontzi, itxitura eta kutxatilarik ez jartzeko (behin-behinekoak zein behin betikoak), eta abar.

D.2.2.– Ibaizabal ibaiaren ondoan dauden industria-aurriak eraisteko lanetan, kontu handiz ibiliko dira ibilguari, ibaiertzei eta ibaiertzeko landarediari alferrikako kalterik ez eragiteko.

D.2.3.– Administrazioaren aurretiazko baimenik gabe ezingo dira ibilguko urak jaso, ezingo dira hondakin-urak isuri eta ezingo dira ibilguetako ondasunak aprobetxatu.

D.2.4.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

D.2.5 – Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurriak zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, isuri bat gertatzen denean, hura aurkitu ahal izateko eta baimenen parametro fisiko-kimikoak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatzeko.

Ebazpen honen D.12 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

Dekantazio-gailuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

D.2.6 – Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Hormigoi-esnea edo garbiketa-lanetako urak ezingo dira inolaz ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen D.7 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.7.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Txosten honen bigarren atalaren D.12 puntuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

D.2.8 – Plan Hidrologikoaren 44.1 artikuluarekin bat etorriz, drainatze-sistema jasangarriak gehitu beharko dira, proposatutako hirigintza-garapenek eragindako arroko drainadura gehiegi ez aldatzearren. Alde horretatik, ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitakoaren arabera, lurzati pribatuek bermatu beharko dute jariatzea aurretiko egoerari dagokion balioarekiko apur bat altxatuko dela. Horretarako, drainatze-sistema iraunkorrak baliatuko dira; esate baterako, zoladura iragazkorrak, tangak edo ekaitzetarako gailuak.

D.2.9.– Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean jasotako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, eremuak, alde batetik, euri-urak eta, bestetik, hondakin-urak biltzeko sare bereizle bat izango du. Isuri daitezkeen hondakin-ur guztiak saneamendu-sistema orokorrean sartuko dira, eta dagozkien isurketa-baldintzak beteko dituzte. Euri- eta hondakin-uren sareen ezaugarri nagusiak ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritakoarekin bat etorriko dira.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.3.1.– Proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako zenbait lurzati daude (kodeak: 48036-00107 eta 48036-00108). Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Horretarako, dagozkion ebazpenetan ezartzen diren erabilera-mugak eta baldintzak bete beharko dira, eta ebazpen horiek ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan kasu bakoitzean xedatutakoa baino lehen eman beharko dira.

D.3.2.– Bestalde, industria-aurriak saneatu eta eraisteari dagokionez, hondakinak kudeatzeko eta eraikuntza-elementuak garbitzeko jarduketaren baimenean ezarritakoa beteko da. Baimen hori dokumentu honetan jasotzen da: «Skinplate Espanol SA enpresaren Galdakaoko (Bizkaia) ltzaga auzoko industria-aurriaren ingurumen-inbentarioa eta lurzoruaren kalitatearen miaketa-ikerketa». Dokumentua Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egin zuen 2020ko urtarrilaren 15ean.

Ildo horretan, besteak beste, aurreikusitako eraispenaren aurretik eta egin beharreko hondakinen kudeaketari eta eraikinen saneamenduari buruzko lan guztiak amaitu ondoren, ingurumen-kontrolaz arduratzen den erakunde egiaztatuaren ziurtagiri bat aurkeztuko zaio ingurumen-organoari, jarduketa horiekin ados dagoela adieraziz, eta eraispen-proiektua erantsita. Ziurtagiriarekin batera, dagozkion segurtasun- eta osasun-arloko azterlan edo planak eta hondakinen kudeaketa aurkeztuko ditu.

Fibrozementuzko estalkiak eta hodiak hondakin arriskutsu gisa desegin, egokitu eta kudeatuko ditu horretarako baimena duen eta Amiantoaren Arriskua duten Enpresen Erregistroan (AAEE) inskribatuta dagoen enpresa batek, martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan (Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituena) ezarritakoaren arabera.

Lanak amaitzean, egindako jarduerak biltzen dituen txosten bat aurkeztuko da. Txosten horretan, honako hauek jasoko dira: hondakinak eta bestelako materialak erretiratzeko eta kudeatzeko lanen deskribapena; hondakinen kudeaketari buruz bildutako dokumentazioaren zerrenda eta kopia; gertatutako gorabehera nabarmenen deskribapena; argazki-erreportaje zehatza, batetik, hondakinak erretiratu ondoren instalazioen egoera egiaztatzen duena; eta, bestetik, eraikinak eraitsi ondoren amaierako egoeraren ikuskapena egiteko argazkiak.

D.4.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

D.4.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta gainazalak ureztatzeko.

D.4.2.– Obra-gunearen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta. Ebazpen honen D.12 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa-, eraispen- eta garraio-lanetan, eta zamalanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, etab.

D.5.2.– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

Soilik egunez egingo da lan.

D.6.– Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.

Proiektuaren eremuko 1. lurzatiaren zati handi bat 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-arriskugunean dago, baina lehentasunezko fluxugunetik kanpo. Uholde-arriskugune hori ES017-BIZ-12-1 UAHE uholde-arrisku nabarmena duen eremuari lotuta dago, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren arabera.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

D.6.1.– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoarekin bat etorri beharko du proiektuak. Zehazki, aplikatzekoa da Lurralde Plan Sektorialaren E.2.2 eta E.2.4 apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14 bis artikuluan xedatutakoa.

D.6.2.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatu beharko da proiektua. Alde horretatik, B lurzatiko eraikinak eraitsiz gero, oztopoak desagertuko dira uholde-lautadan eta egungo huste-ahalmena eta inguruaren uholde-arriskua hobetuko da.

D.6.3.– Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uraldietan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

D.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.7.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.7.2.– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu) eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako D.12 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.7.3.– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena.

D.7.4.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatuko dira, baita ere, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.7.5.– Obren hondea-lanetako soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, APM/1007/2017 Agindua, urriaren 10ekoa, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa, aplikatuko da, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 28. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.7.6.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.7.7.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.7.8.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Batez ere, ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Era berean, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

D.7.9.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, lanetan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada (haitzuloak agertzen badira, adibidez), lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; gero, beharrezkoa izanez gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.

D.9.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.9.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.

D.9.2.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako birlandatze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

D.9.3.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

D.9.4.– Proiektuaren eremuan paisaia integratzeko eta landaketak egiteko lanetan, harizti azidofiloaren, harizti misto atlantikoaren (Quercus robur) eta haltzadi kantauriarraren familiako zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, eta, nolanahi ere, espezie aloktonoak saihestuko dira, bereziki, portaera inbaditzailea izan dezaketenak.

Landareztatzeei esker, habitat naturalizatuak sortuko dira eta, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen multzo eta eraketa linealak ezartzeko saiakera egingo da.

D.9.5.– Cortaderia selloana, Fallopia japonica, Buddleja davidii edo antzeko landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Ildo horretan, kasu horretan bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

D.9.6.– Berme-aldian, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.10.– Obraren garbiketa eta akabera.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.7 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.11.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan, lurzoru kutsatuetan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren intereseko habitatak eta baso autoktonoko masak), zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du mozketan/inausketan bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.12.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Zuhaitz autoktonoen (obrak egiteko nahitaez moztu behar ez direnak) eta jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuaren balizatzearen eta seinaleztapenaren kokapenaren eta ezaugarrien xehetasuna.

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, ebazpen honen D.11 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusiko balitz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lantegietan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

Arazketa-sistemaren irteeran, organo eskudunaren isurketa-baimenean ezarritakoaren arabera kontrolatuko da isuria.

E.4.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Bermealdian, aldian-aldian aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta bertan ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta txosten honetan ezarritakoak jaso behar dira.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera.

Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeagatik edo erabili beharreko sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrarengatik beharrezkoa bada, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzako programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu beharreko parametroak, bai eta neurketen aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek bete behar dituzten mugak ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren dokumentuak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, lur-mugimenduei buruzko balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.7 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko dituena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektua gauzatzen noiz hasiko den jakinarazi beharko dio aldez aurretik proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Galdakaoko Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 29a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala