Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2021eko otsailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
869

7/2021 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmena argitaratzea, 2021eko biztanleria- eta etxebizitza-erroldei eta haiekin loturiko ondorengo biztanleria-estatistikei dagokienez.

Euskal Estatistika Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua, 2021eko biztanleria- eta etxebizitza-erroldei eta haiekin loturiko ondorengo biztanleria-estatistikei dagokienez, zeina honen eranskinean baitago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 11KO 7/2021 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKOA, 2021EKO BIZTANLERIA- ETA ETXEBIZITZA-ERROLDAK ETA HAIEKIN LOTURIKO ONDORENGO BIZTANLERIA-ESTATISTIKAK EGITEARI BURUZKOA

Alde batetik, Juan Manuel Rodríguez Poo jauna, urriaren 22ko 1325/2018 Errege Dekretuaren bidez Estatistikako Institutu Nazionaleko presidente izendatua, aipatutako institutu horren izenean eta ordezkari jarduteko, Estatistikako Institutu Nazionaleko estatutuaren 5.2 artikuluak emandako zereginetako bat baitu hori (estatutua maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onartu zen), eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 48.2 artikuluari jarraikiz.

Eta bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundearen zuzendari nagusia, abenduaren 31ko 419/2012 Dekretuaren bidez izendatua, erakunde haren ordezkari gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak emandako eskumenak baliatuz eta Gobernu Kontseiluak 2020ko abenduaren 9an egindako bilkuran emandako baimenarekin bat etorriz.

OINARRIAK

Errolda Orokorrak dira herrialde bateko estatistika-sistemarako garrantzi handieneko estatistika-eragiketak, eraikinen, etxebizitzen eta biztanleria egoiliarraren funtsezko parametroak zehazten baitituzte lurralde eta administrazio-eremu bakoitzerako, eta, hala, hurrengo hamarkadan oinarrizkoa izango den informazioa ematen baitute.

Esandako errolda horiek ematen dituzten informazioak funtsezkoak dira administrazio publiko guztientzat, zerbitzu eta politika publikoen plangintza-, kudeaketa- eta jarraipen-zereginei dagokienez; orobat, funtsezkoak dira informaziook gizarte-eragileentzat eta, oro har, baita herritarrentzat ere.

Informazio horiek oso eginkizun garrantzitsua dute Europar Batasuneko funtsen eta programen plangintzari, garapenari eta ebaluazioari dagokienez, eta zehaztutako errolda-informazioek oinarrizko zeregina dute, Europar Batasunaren aurrekontu-erabakiek laguntza handia ematen baitiete lurraldeka zehaztutako arloei buruzko estatistika-informazio ofizialari.

Biztanleria eta Etxebizitza Errolda estatistika-eragiketa urriaren 31ko 410/2016 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 2017-2020 aldirako Estatistika Plan Nazionalean dago jasota. Beraz, estatu-helburuetarako estatistika bat da, eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, INE) ardura da hura gauzatzea Espainiako lurralde osoan.

Biztanleria eta Etxebizitza Erroldak eta Jarduera, Hezkuntza eta Etxebizitzen Udal Estatistikak 2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Planari buruzko Legean daude jasota (ekainaren 27ko 8/2019 Legea), eta Euskal Estatistika Erakundeari (aurrerantzean Eustat) dagokio haien gaineko erantzukizuna, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes erkidea dutenez ikerketa estatistikoan, komenigarritzat jotzen da Estatuaren eta autonomia-erkidegoen jarduna koordinatzea, kontuan izanik Estatuarena dela estatu-xedea duten eskumen esklusiboa (Konstituzioaren 149.1.31 artikulua) eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa daukala bere helburu eta eskumenetako estatistikan (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.37 artikulua).

Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko Legearen (maiatzaren 9ko 12/1989 Legea) 26.r) artikuluan xedatuta dagoenez, Estatistikako Institutu Nazionalari dagokio beste administrazio publiko batzuekiko akordioak eta hitzarmenak egitea, agindu zaizkion estatistikei dagokienez. Era berean, arau beraren 41.1 artikuluan dago adierazita Estatuko Administrazioko eta autonomia-erkidegoetako estatistika-zerbitzuek estatistika-eragiketen garapenari buruzko hitzarmenak egin ahal izango dituztela, komenigarria bada eragiketa horiek hobetzeko eta eraginkorrak izateko edo alferrikako bikoiztasunik eta gasturik ez izateko.

EIN eta Eustat egokiro ari direla elkarlanean estatistiken esparruan.

Bi alderdiek uste dute Eustatek taxututako informazioak balio erantsi handia ematen diola estatistika-eragiketari.

2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Erroldei begira, Estatistikako Institutu Nazionalak lortu du Eustaten Jarduera, Hezkuntza eta Etxebizitzen Udal Estatistikak elika ditzaketen pertsonen eta etxebizitzen urteko aurre-fitxategi estatistikoak egitea; horretarako, Estatuko Administrazio Orokorreko hainbat erakunderen bidez bildutako administrazio-iturri askotara eta berezko garapen metodologikoetara jo du.

Eustatek esperientzia luze-zabala du administrazio-informazioa biltzen eta tratatzen, bai eta hainbat errolda-produktu lortzeko erabiltzen ere, hala nola 2006ko eta 2016ko Biztanleria eta Etxebizitza Estatistikak, 2011ko Biztanleria eta Etxebizitza Errolda, eta Jarduera, Hezkuntza eta Etxebizitzen Udal Estatistikak.

Azken urteotan, gorakada handia gertatu da sistema estatistikoko bulego guztien arteko lankidetza tekniko eta instituzionalean, berritzailea eta aberasgarria, errolda-eragiketak prestatzeko diseinu teknikoei dagokienez, betiere aurreko esperientziak ahalik eta gehien aprobetxatuz, gaur egun erabilgarri dauden teknologia berriak baliatuz, giza baliabideen eta baliabide materialen ekonomia sustatuz, eta datu administratiboak erabiltzeari esker unitate informatzaileei eskatzen zaien informazio-karga murriztuz.

Lankidetza horren bidez, baliabideak aurreztu, eskura dauden baliabideak hobeto erabili eta lortutako emaitzak zabaldu nahi dira.

Estatistikako Kontseilu Nagusiak 2021-2024 Estatistika Plan Nazionalari buruz egindako gomendioek eta Europar Batasunean informazio demografikoari buruzko Europako etorkizuneko erregelamenduari buruz egiten ari diren lanek adierazten dutenez, beharrezkoa da Estatistikako Institutu Nazionalak Biztanleriaren Luzera Estatistika Erregistroari buruzko estatistika-eragiketa bat abian ipintzea, 2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Erroldaren urteko informazio xehatuari jarraipena emateko. Eta, ildo horretan, litekeena da truke horrek 2021etik aurrera ere segitzea.

Orain arte adierazitako guztia aintzakotzat harturik, INEk eta Eustatek adosten dute hitzarmen hau sinatzea, zeina ondorengo klausulek arautuko baitute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko hitzarmen honen xedea da zeinek bere lurralde-esparruan 2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Erroldak egiteko beharrezkoak diren metodologiak eta informazio estatistikoa trukatzea, bai eta Eustaten Jarduera, Hezkuntza eta Etxebizitzen Udal Estatistikak egitea, eta, hala badagokio, Estatistikako Institutu Nazionalak Biztanleriaren Luzera Estatistika Erregistroa abian jartzea ere (aurrerantzean, BLEE).

Bigarrena.– Erroldak prestatzeko eta Eustaten Biztanleria Erregistroa eguneratzeko lanak.

Eustatek lurraldeko datu-basean jasotako informazio alfanumerikoa emango dio Estatistikako Institutu Nazionalari, hura gurutzatu eta 2021eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Erroldaren informazioarekin lotu dezan. Eraikinen koordenatu kartografikoak sartuko dira, baldin eta dagoeneko lurraldeko datu-basean sartuta badaude. Errolda aurreko fitxategi eta errolda-fitxategi bakoitzerako entregak egingo dira. Estatistikako Institutu Nazionalak Estatistika Plan Nazionalean txertatzen badu BLEE, entregak mantendu egingo dira errolda osteko urteetan ere.

Era berean, Eustatek etxebizitzei eta pertsonei buruzko informazio estatistikoa emango du, Biztanleen eta Etxebizitzen Udal Estatistiketatik eratorririk, Estatistikako Institutu Nazionalak bere datu-baseetan sar dezan, eraikinaren, hutsartearen eta pertsonaren gakoak erabiliz. Errolda aurreko fitxategi eta errolda-fitxategi bakoitzerako entregak egingo dira. Kasu honetan ere, erroldaren osteko urteetan ere mantenduko dira entregak, Estatistikako Institutu Nazionalak behar izanez gero.

Bi direktorioetako pertsonen arteko lotura errazteko, informazio horretan Eustatek egoiliarren identifikatzaileak sartuko ditu (NAN, AIZ, pasaportea, izen-abizenak, jaiotze-datak), kasuan kasuko hutsarteetan.

Estatistikako Institutu Nazionalak administrazio-iturrietatik eskuratutako errolda-proiektuaren aldagaiak emango ditu, Eustaten Biztanleria eta Etxebizitza Erroldarako. Horretarako, Estatistikako Institutu Nazionalak Eustatetik jasotako pertsonen fitxategia itzuliko du, aldagai batzuen gaineko informazioa baldin badu, informazio hori jakinarazita. Eustatek fitxategiak entregatzeko ezarritako maiztasun berarekin egingo dira entrega horiek ere.

Estatistikako Institutu Nazionalak Eustaten eskura ipiniko du Estatuko Administrazio Orokorrak emandako administrazio-iturrietatik bildutako gainerako autonomia-erkidegoetako informazioa, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko errolda-erregistroetan agertzen diren pertsonei eragiten badiete eta erregistro horiek errolda aurreko fitxategiak sortzeko erabiltzen badira. Pertsonen informazioa beren izen-abizenekin eta NANarekin identifikatuta egongo da, betiere informazio hori izanez gero. Horretaz gainera, eskuragarri dituen eraikin-gakoak eta Eustaten hutsarte-gakoak jasoko ditu. Eustatek fitxategiak entregatzeko ezarritako maiztasun berarekin egingo dira entrega horiek ere.

Estatistikako Institutu Nazionalak eta Eustatek elkarlanean jardungo dute, eta elkarri emango diote trukatutako informazioa behar bezala interpretatzeko behar den informazio metodologiko guztia.

Hirugarrena.– Errolden osagarri diren inkestarekin loturiko zereginak.

Estatistikako Institutu Nazionalak Biztanleriaren eta Etxebizitzen Oinarrizko Ezaugarrien Inkestan (ECEPOV-2021, zeina 2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Erroldaren osagarri izango baita), hizkuntza koofizialen jakintzari buruzko galderak bilduko dira lurralde nazional osoan, baita euskarari buruzkoak ere. Galdera horiek egitean, 2011ko Biztanleria eta Etxebizitza Erroldetan sartutako galderak hartuko dira kontuan, denbora-serieen homogeneotasunari eusten saiatzeko.

Eustat arduratuko da ECEPOV2021 inkestaren galdetegia eta aurkezpen-gutuna euskaratzeaz.

Estatistikako Institutu Nazionalak Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion ECEPOV2021 inkestatik eratorritako jatorrizko informazioa emango dio Eustati, egozpen-tratamendurik gabe. Pertsonen informazioa beren izen-abizenekin eta NANarekin identifikatuta egongo da, betiere informazio hori izanez gero. Banaketa 2022ko ekainaren 30a baino lehen egingo da.

Laugarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honen ondoriozko jarduerek ez dute finantza-prestaziorik sortuko erakunde sinatzaileen artean, ez eta gasturik ere.

Bosgarrena.– Sekretu estatistikoa.

Eustatek eta EINek beren gain hartuko dute informazioaren erantzukizuna, hau da, informazio hori norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zainduko dute; are gehiago, eragiketan parte hartzen duten pertsona guztiek sekretu estatistikoa gordeko dute, baina, horretaz gainera, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko Legea (maiatzaren 9ko 12/1989 Legea) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea (apirilaren 23ko 4/1986 Legea) aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte. Era berean, konpromisoa hartzen dute administrazio publikoen artean informazioa trukatzeari buruz indarrean dagoen legeriatik eratorritako beste edozein eskakizun errespetatzeko, eta, bereziki, datu pertsonalak babesteari dagokionez, zorrotz betez Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoan (abenduaren 5eko 3/2018 Legea) eta datu pertsonalak babesteari buruzko barne-ordenamenduko erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa.

Seigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Jarraipen-batzorde bat sortuko da, hitzarmenaren eta hartutako konpromisoen jarraipena, zaintza eta kontrola eramateko.

Estatistikako Institutu Nazionalaren aldetik, hauek izango dira ordezkariak:

– Estatistika Soziodemografikoen zuzendariordea.

– Biztanleria-errolden unitateko titularra.

– Estatistiken eta Lan Estatistiken eta Prezio Estatistiken Zuzendaritza Nagusiko pertsona bat.

Eustaten aldetik:

– Estatistika Produkzio eta Analisiko zuzendariordea.

– Estatistika Soziodemografikoen arduraduna.

– Kudeaketa juridiko-administratiboaren arloburua.

Jarraipen Batzordeak aho batez jardungo du bere eginkizunak betetzen.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan (REOICO) inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzen denean egingo da eraginkor hitzarmen hau, eta lau urtez egongo da indarrean. Hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik, noiznahi erabaki ahal izango da beste lau urtez luzatzea. Zortzi urte horiek igarotakoan, beste hitzarmen bat sinatu beharko da, komenigarri jotzen bada lankidetzan jarraitzea.

Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko araubidea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 51. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau sortu zen xedea bete delako edo suntsiarazteko arrazoiren bat izan delako azkenduko da.

Suntsiarazteko arrazoi dira honako hauek:

Indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena adostu gabe.

Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala.

Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsituz gero hitzarmenean bertan edo legez aurreikusitako edozein arrazoiengatik, Jarraipen Batzordeak ezarriko die amaitzeko epea hitzarmen honetatik eratorritako jarduketa amaitu gabekoei, eta epe hori luzaezina izango da.

Bederatzigarrena.– Ez-betetzea.

Aldeetako batek bere gain hartutako betebeharrak betetzen ez baditu, beste alderdiak errekerimendu bat helarazi ahal izango dio betebeharra bete ez duenari, 15 eguneko epean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak eta/edo konpromisoak. Errekerimendu horren berri emango zaio hitzarmenaren Jarraipen Batzordeari. Epea igaro eta ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak alderdi ez-betetzaileari jakinaraziko dio izan badela hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat, eta ulertuko da hitzarmena suntsituta dagoela.

Hamargarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da alderdietako batek hala proposatuta eta biak ados jarrita. Horretarako, aldaketa-erabakia sinatu beharko dute hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

Hamaikagarrena.– Aplikatzekoak diren araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitarteko arauak izango ditu oinarrizko arau.

Hitzarmen hau interpretatzean edo gauzatzean planteatu daitezkeen eztabaidak, baldin eta jarraipen-batzordeak ezin izan baditu ebatzi, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren menpe ipiniko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearekin (uztailaren 13ko 29/1998 Legea) bat etorriz.

Eta adostasunaren adierazgarri, hitzarmen hau sinatu dute.

Estatistikako Institutu Nazionaleko presidentea,

JUAN MANUEL RODRÍGUEZ POO.

Instituto Vasco de Estadística / Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.


Azterketa dokumentala