Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2021eko otsailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
868

6/2021 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Larrialdi erradiologikoko egoeren plangintzari, prestakuntzari eta erantzunari buruz Segurtasun Nuklearreko Kontseiluarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Larrialdi erradiologikoko egoeren plangintzari, prestakuntzari eta erantzunari buruz Segurtasun Nuklearreko Kontseiluarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 1a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 1EKO 6/2021 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA SEGURTASUN NUKLEARREKO KONTSEILUAREN ARTEKOA, LARRIALDI ERRADIOLOGIKOKO EGOEREI AURRE EGITEKO PLANGINTZARI, PRESTAKETARI ETA ERANTZUNARI BURUZKOA.
BILDUTA

Alde batetik: Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren izenean eta horren ordezkari legez, Josep Maria Serena i Sender jauna, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren presidentea, kargu horretarako izendatua izan baitzen 2019ko martxoaren 29ko 227/2019 Errege Dekretuaren bidez (BOE 77. zk., martxoaren 30ekoa).

Bestetik: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta horren ordezkari legez, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, kargu horretarako izendatua izan baitzen irailaren 7ko 20/2020 Dekretuaren bidez (EHAA 177. zk., irailaren 8koa).

Bi alderdiek parte hartzen dute, beren karguek ematen dizkieten ahalmenekin eta haien ordezkari gisa, eta elkarri aitortzen diote hitzarmen hau egiteko eta sinatzeko gaitasuna eta legitimazioa, jarraian adierazten den helburuarekin, eta horren arabera honako hauek egin dituzte:

ADIERAZPENAK

Lehenengoa.– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari dagokio Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuan eta haren araudi osagarrian xedatzen diren Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren misioak eta eskumenak gauzatzea eta betetzea. Misio eta eskumen horien barruan dago Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko babes zibileko planak egitea, ezartzea, mantentzea eta berrikustea, bai eta aplikazioa koordinatzea ere; kasuan kasu planak bere Zuzendaritzari buruz ezartzen dituen zehaztapenen arabera.

Bigarrena.– Segurtasun Nuklearreko Kontseilua (aurrerantzean, SNK) sortzen duen apirilaren 22ko 15/1980 Legeak, 2. artikuluko f) eta r) idatzi-zatietan, honako eginkizun hauek ezartzen dizkio erakunde horri:

– Agintari eskudunekin lankidetzan aritzea, instalazio nuklearren eta erradioaktiboen kanpoko larrialdi-planetara eta babes fisikoko planetara egokitu behar diren irizpideak prestatzeko; eta planak idatzi ostean, plan horien onarpenean parte hartzea.

– Segurtasun nuklearrarekin eta babes erradiologikoarekin zerikusia duten alderdi guztietan, larrialdi-egoeretan laguntzeko eta erantzuteko neurriak koordinatzea. Hartara, erakunde eta enpresa publiko edo pribatuak integratu eta koordinatuko ditu, baldin eta erakunde eta enpresa horiek parte hartu behar badute erakunde horri esleitutako eginkizunak betetzeko. Era berean, larrialdien arloko beste edozein jarduera egingo du, araudi aplikagarrian esleitzen zaizkionak.

– Segurtasun nuklearrean eta babes erradiologikoan eragina izan dezaketen ez ohiko edo larrialdiko egoeren aurrean beharrezkoak diren prebentzio- eta zuzenketa-neurri guztiak ikuskatu, ebaluatu, kontrolatu, proposatu eta hartzea; eta, beharrezkoa izanez gero, eta agintaritza eskudunari horren berri ematea; beti ere ezohiko edo larrialdiko egoera horien jatorria legeria nuklearraren berriztatze-araubidearen mende ez dauden instalazio, ekipo, enpresa edo jardueretan dagoenean.

Hirugarrena.– Larrialdi nuklearrei eta erradiologikoei aurre egiteko erakunde eta instituzioen jarduera-esparrua zehazteko ondoko arauak aintzat hartu dira: uztailaren 9ko 17/2015 Legea Babes Zibileko Sistema Nazionalarena; apirilaren 24ko 407/1992 Errege Dekretua, zeinaren bidez Babes Zibileko Oinarrizko Araua onartzen da; ekainaren 25eko 1546/2004 Errege Dekretua (irailaren 11ko 1428/2009 Errege Dekretuak aldatua), Larrialdi Nuklearreko Oinarrizko Plana onartzen duena; martxoaren 1eko 387/1996 Errege Dekretua, Babes Zibileko Plangintzako Oinarrizko Jarraibidea onartzen duena; azaroaren 19ko 1564/2010 Errege Dekretua, Arrisku erradiologikoaren aurrean Babes Zibila Planifikatzeko Oinarrizko Gidalerroa onartzen duena; eta babes zibilaren arloan indarrean dagoen gainerako legeriak.

Laugarrena.– Arrisku erradiologikoaren aurrean, Babes Zibila Planifikatzeko Oinarrizko Gidalerroak jasotzen ditu administrazio publikoek jarraitu beharreko gutxieneko irizpideak babes zibilerako plan berezien eraginkortasuna lantzeko, plana ezartzeko eta mantentzeko, hala behar duten lurralde-eremuetan, Babes Zibileko Oinarrizko Arauarekin bat etorriz.

Bosgarrena.– 1995eko ekainaren 28an, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak eginkizunak gomendatzeko akordio bat sinatu zuten. Akordio horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren eginkizunak eta jarduteko bitartekoak eta moduak ezarri ziren. Mandatuan, funtsean, instalazio erradioaktiboak, instalazio horien berezko Babes Erradiologikoko Zerbitzuak eta erregai nuklearraren eta bestelako material erradioaktiboen garraioa ikuskatzeko funtzioak sartu ziren.

Akordio hori 2010eko azaroaren 25ean berrikusi zen, eta honako hau ezarri zen: Euskal Autonomia Erkidegoko unitateari atxikita dauden eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak agindutako eginkizunak garatzen dituzten teknikariek Larrialdiei Erantzuteko Erakundearekin lankidetzan jardun beharko dute, akordio horretan zehaztutako jarduerak garatzen direnean.

Seigarrena.– 2004ko martxoaren 12an, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza Erradiologikoko estazio automatikoetako datuak erabiltzeko, kudeatzeko eta operatzeko.

Zazpigarrena.– Aurrekoari jarraikiz, 2012ko irailaren 7an, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak Lankidetza-Hitzarmen bat sinatu zuten, bakoitzak bere eginkizunak eta eskumenak betetzeko.

Lankidetza-hitzarmen horren eraentza ondoko araudietan ezartzen zen: hitzarmenaren klausuletan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen xedapenetan, zeintzuek xedatutakoaren arabera arautzen zen. Lege hori espresuki indargabetu zuen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, zortzigarren xedapen gehigarrian, xedatzen du hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango dela aipatutako legea indarrean sartzen denetik, eta, beraz, 2020ko urriaren 2an amaituko dela. Era berean, aipatutako zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen du edozein administrazio publikok sinatutako indarreko hitzarmenak egokitu behar direla lege horren 47. artikuluan eta hurrengoetan jasotako erregulazio berrira.

Zortzigarrena.– SNK-k eta Eusko Jaurlaritzak uste dute, beren eskumenak eta eginkizunak hobeto gauzatzeko, bi erakundeei komeni zaiela hitzarmen bidez ezarritako lankidetzari eustea, larrialdi erradiologikoko egoeren aurrean planifikazioari, prestakuntzari eta erantzunari dagokionean; horrela bi erakundeen baliabideak eta esperientzia aprobetxatuko baitira.

Horregatik guztiagatik, aurreko guztiarengatik eta indarrean dagoen legerian aurreikusitakoarekin bat etorriz, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, egintza honetan, erabaki dute hitzarmen hau sinatzea, beren funtzio eta eskumen guztiak egikaritzeko. Hartara, adosten dituzte ondoko

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak eta SNK-k ezarri dute hitzarmen honen xedea honako hau dela: batetik, informazioa, esperientzia, eta ezagutzak trukatzea; eta, bestetik, elkarlanean aritzea larrialdi erradiologikoko egoeren aurrean plangintzari, prestakuntzari eta erantzunari buruzko eginkizunak eta eskumenak betetzeko. Elkarlana honela gauzatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Erradiologikoko Plan Autonomikoaren plangintzan, ezarpenean eta mantentzean lankidetzan jardunez, Plan hori hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduerak batera eginez, eta bi alderdien artean komunikazio-kanalak eta -sistemak ezarriz eta mantenduz.

Bigarrena.– SNK lankidetzan arituko da Eusko Jaurlaritzarekin, bi alderdiek adosten dituzten baldintzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Erradiologikorako Plan Autonomikoa egiteko. Hartara, segurtasun eta babes erradiologikoarekin lotutako alderdiei buruzko aholkuak emango dizkio.

Hirugarrena.– SNK-k lankidetzan jardungo du, bi aldeek adosten dituzten baldintzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Erradiologikorako Plan Autonomikoa ezartzeko eta haren eraginkortasunari eusteko, Babes Zibileko Sistema Nazionalari ematen dizkion zerbitzuen multzo gisa.

Laugarrena.– Larrialdi erradiologikoaren Zuzendaritza eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzari dagokion kasuetan, Jaurlaritzak honako hauek aktibatuko ditu: Errepidez eta Trenbidez Salerosgai Arriskutsuak Garraiatzeak dakarren Arriskua dela-eta Sor Daitezkeen Larrialdiei Aurre Egiteko Plan Berezia; Euskal Autonomia Erkidegoan aurreikusitako Larrialdi Erradiologikorako Plan Autonomikoa; edo, horren ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibileko Lurralde Plana. Erantzun-mailan larrialdia eragin duen gertakariaren larritasunaren araberakoa izango da, eta biztanleak babesteko premiazkoak diren neurriak hartuko ditu.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak konpromiso hauek hartzen ditu:

SNK-ri berehala jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleei edo ingurumenari eragin diezaiekeen edozein istripu nuklear edo erradiologiko.

Biztanleak babesteko eta jarduleen babes erradiologikorako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak emandako gomendioak kontuan izatea.

Larrialdiak irauten duen bitartean SNK-rekin etengabe harremanetan egotea, eta jarduketak koordinatzeko beharrezkoa den informazio guztia trukatzea.

Bosgarrena.– Larrialdi erradiologikoaren Zuzendaritza eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa bada, SNK-k Larrialdietan Jarduteko Plana aktibatuko du, eta jardungo du larrialdia eragin duen gertakariaren larritasunaren arabera egokitzat jotzen den Erantzun Modurako aurreikuspenekin bat etorriz, eta larrialdiaren erantzuteko erakundearen eta Larrialdi Aretoaren (Salem) baliabideak eta sistemak eskainiko ditu.

Era berean, SNK-k konpromiso hauek hartzen ditu:

Eusko Jaurlaritzari berehala jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleei edo haien ingurumenari eragin diezaiekeen edozein ekintza erradiologikoren berri.

Eusko Jaurlaritzari berehala jakinaraztea gizartean edo administrazioan eragina izan dezaketen elementu erradiologikoekin lotutako edozein gorabeheraren berri.

Eusko Jaurlaritzarekin etengabe harremanetan egotea larrialdiak irauten duen bitartean, eta jarduerak koordinatzeko behar den informazio guztia trukatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepidez eta Trenbidez Salerosgai Arriskutsuak Garraiatzeak dakarren Arriskua dela-eta Sor Daitezkeen Larrialdiei Aurre Egiteko larrialdi-planaren zuzendariari edo Larrialdi Erradiologikorako Plan Autonomikoaren zuzendariari aholku ematea, larrialdia eragin duen istripuaren ondorioak arintzeko hartu beharko liratekeen babes Erradiologikoko neurriei buruz.

Larrialdiei erantzuteko Eusko Jaurlaritzaren erantzun-erakundeari laguntza teknikoa ematea.

Egoerak hala eskatzen badu larritasunagatik edo konplexutasunagatik, istripuaren lekura bidaltzea, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, bere Esku Hartze Erradiologikorako Unitatea, egoera erradiologikoa konpontzeko jarraibide operatiboekin.

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Interbentzio Erradiologikoko Unitatearen bitartez, Istripuaren ondorioak arintzeko beharrezkoak diren babes Erradiologikoko neurriak praktikan jartzea, gainerako esku-hartze unitateen jarduerekin koordinatuta.

Esku hartzeko unitateen eskura jartzea Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren baliabide eta ikastaro teknikoak, Babes Zibileko Sistema Nazionalari zerbitzuak emateko, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta.

Arlo hauetan espezializatutako unitateen jarduerak koordinatzea: karakterizazio erradiologikoa, material erradioaktiboaren sakabanatzearen ebaluazioa, material erradioaktiboen kudeaketa, esku-hartzeko langileen dosimetria, babes erradiologiko operazionala emateko, irradiatutako edo kutsatutako biktimen tratamendua egiteko eta, oro har, intzidentearen izaera erradiologikoagatik beharrezkoa den edozein jarduera egiteko.

Agintari nazional, autonomiko eta lokalei istripuaren izaera, irismena eta larritasunaren berri ematea ikuspegi erradiologikotik, aktibatzen den autonomia-esparruko Planaren Informazio Kabinetearekin koordinatuta.

Jendeari informazioa ematea istripuaren izaerari, irismenari eta larritasunari buruz, ikuspuntu erradiologikotik, aktibatzen den autonomia-esparruko planaren informazio-kabinetearekin koordinatuta.

Espainiak Istripu Nuklear eta Erradiologikoen Aurretiazko Jakinarazpen Konbentzioa berretsiz hartutako konpromisoak bete dituela Nazioarteko Erkidegoari jakinaraztea.

Babes Zibileko Agintaritza Nazionalekin lankidetzan aritzea istripuak sortutako egoera erradiologikoari aurre egiteko beharrezkoak diren nazioarteko laguntzak eskatzeko eta amaitzeko.

Seigarrena.– SNK-ren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean sinatutako Funtzioak Egikaritzeko Ardura Emateko Hitzarmena Zabaltzeko Berrikuspenean ezarritakoarekin eta larrialdiei aurre egiteko SNK-ren Jarduera Planarekin bat etorriz; larrialdia deklaratu ostean ardura hartu duten ikuskatzaileen jarduerak erantzun sisteman barneratuko eta SNK-ren Esku-hartze Erradiologikoko Unitatearen jardueretan integratuta geratu ahalko dira edo Eusko Jaurlaritzako zuzeneko erantzun-jardueretan. Horretarako, agindutako eginkizunak betetzen dituen Eusko Jaurlaritzako organoarekin koordinatuko dira jarduerak, eta, batez ere, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Erradiologikorako Plan Autonomikoan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen aplikazio-eremuan, bi aldeen adostasunarekin beste akordio batzuk egin ahal izango dira, pertsona juridiko publiko edo pribatuekin.

Zortzigarrena.– Hitzarmen hau garatzen eta betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da.

Jarraipen Batzordea alderdi bakoitzeko hiru kidek osatzen dute. Jarraipen Batzordeak aztertu beharreko gaiaren arabera, kideek eginkizun hori eskuordetu ahal izango diote beroriek izendatutako beste bati.

Eusko Jaurlaritzaren izenean:

– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria.

– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Plangintza Zerbitzuko burua.

– Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzako Instalazio erradioaktiboen Zerbitzuko burua.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren izenean:

– Babes Erradiologikoaren zuzendari teknikoa.

– Larrialdietako eta Babes Fisikoaren zuzendariordea.

– Larrialdietako eta Babes Fisikoko Zuzendariordetzako koordinatzaile teknikoa.

Jarraipen-batzordearen lehendakaritza urtebeterako eta txandakatuta egokituko zaie Eusko Jaurlaritzari eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari.

Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez.

Jarraipen Batzordearen funtzionamendua hitzarmen hau eta berau garatzen duten akordio eta protokoloak aplikatzera mugatuko da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruz xedatutakoaren arabera arautuko da.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau bi alderdientzat interesgarriak diren akordio eta protokoloetan garatuko da. Jarraipen Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen lantaldeak sortuko ditu akordioak eta protokoloak egiteko, garatzeko eta haien jarraipena egiteko.

Hamargarrena.– Hitzarmen honen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren desadostasunak hitzarmen honen zortzigarrenean sortutako Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu, ados jarrita.

Hamaikagarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta gainerako ordenamendu juridiko-administratiboan ezarritakoaren arabera arautuko da.

Hitzarmenaren ondorioei, interpretazioari, aldaketari edo ebazpenari buruz alderdien artean sortzen daitezkeen zalantzak edo eztabaidak, Jarraipen Batzordeak ebatzi ezin baditu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegi eskudunen esku utziko dira.

Hamabigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen inplementazioak eta ondorengo garapenak ez dute ekarriko administrazio parte-hartzaile bakoitzari dagozkion aurrekontuen gastu-kapituluen zuzkidura handitzea.

Hamahirugarrena.– Hitzarmena indarrean jarriko da BOEn argitaratzen denean, Estatuko sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Instalazioen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren, eta lau urteko indarraldia izango du. Edozein unetan, aurreikusitako epea amaitu baino lehen, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste 4 urtez, edo hitzarmena azkentzea. Bi aldeetako edozeinek salatu ahal izango du hitzarmen hau. Horretarako, idatzizko jakinarazpen fede-emailea egin beharko dio beste alderdiari, amaitutzat eman nahi den eguna baino sei hilabete lehenago.

Hamalaugarrena.– Hitzarmena gauzatzen den bitartean eskura daitezkeen informazioa eta datu pertsonalak hitzarmen honetan aurreikusitako helburuetarako soilik lagatzen dira, prestakuntza-praktiken garapenarekin lotutako helburuetarako. Ezingo dira inola ere beste helburu batzuetarako erabili.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmena gauzatzen den bitartean eskura ditzaketen datu pertsonal horiek tratatzeko datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudian eta arlo horretan aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz.

Bi alderdien aldez aurreko idatzizko baimenik ez badago, alderdiek ezin izango dute erabili lortutako emaitzen titulartasuna, emaitza horiek zabaltzeko eta, ondoren, haien titulartasun intelektuala zehazteko. Baina horrek ez du eragotziko lortutako emaitzak beren informazio korporatiboan eta gizarte-erantzukizuneko informazioan aipatzea, hori guztia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.c) artikuluaren arabera.

Hamabosgarrena.– Hitzarmena suntsitzeko arrazoi izango dira honako hauek:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena erabaki gabe.

b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Sinatzaileetako batek ez betetzea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan ezarritako betebeharrak eta konpromisoak.

d) Epaileak hitzarmena baliogabetzeko erabakia hartzea.

Hitzarmen hau alderdiek adostuta azkentzen bada, abian diren jarduerak Jarraipen Batzordeak erabakitzen duenaren arabera geratuko dira.

Hamaseigarrena.– Hitzarmen hau sinatzen da Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak 2012ko irailaren 7an sinatu zuten esparru-hitzarmenaren baldintza berberetan; haren indarraldia 2020ko urriaren 2an amaitu baitzen.

Eta horrela jasota gera dadin eta ados daudela adierazteko, agiri hau sinatzen dute, dagokien egoitzetan, data eta sinadura elektronikoekin.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren aldetik,

Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren presidentea,

JOSEP MARIA SERENA I SENDER.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik,

Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala