Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2021eko otsailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
867

AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 15ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea, eta honako hauek hartu dira kontuan:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko uztailaren 20an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin zen. Fundazioaren Patronatuak 2019ko azaroaren 11n erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen María de los Remedios Aguirre Sánchez-Barriga Errenteriako notario andrearen aurrean, 2020ko uztailaren 20an (protokolo-zenbakia: 672). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak antzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion fundazioari, eta, 2020ko abenduaren 30ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sarrera eman zitzaion beste eskritura publiko bati, zeina María de los Remedios Aguirre Sánchez-Barriga Errenteriako notario andrearen aurrean egiletsi baitzen 2020ko abenduaren 28an (protokolo-zenbakia: 1418).

Hirugarrena.– Aipatutako dokumentazioan, fundazioaren estatutuen aldaketa adierazi eta publiko egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu, eta erabaki-proposamena egin dute. Horretarako, hauek hartu dituzte kontuan:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, honakoekin bat etorrita: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1 n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Aipatu diren eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hirugarren aurrekarian aipatutako Errenteriako (Gipuzkoa) Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko, agindu honen datarekin, María de los Remedios Aguirre Sánchez-Barriga Errenteriako notario andrearen aurrean 2020ko abenduaren 28an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 1418).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 15a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala