Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2021eko otsailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
800

AGINDUA, 2020ko abenduaren 29koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Fundación Punta Begoña»ren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Aztertuta geratu da Fundación Punta Begoñaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

EGITATEZKO AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko irailaren 3an, Fundación Punta Begoñaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzarako Aholku Batzordeak, 2020ko abenduaren 11n, akta egin du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hirugarrena.– Fundación Punta Begoñaren estatutuen 3. artikuluaren arabera, fundazioaren interes orokorreko helburuak dira:

a) Getxoko udalerriko ondare eta aberastasun historiko-artistikoa aztertu eta ikertzea, arreta berezia jarriz Punta Begoña multzoari.

b) Getxoko udalerriko ondare historiko-artistikoa osatzen duten ondasun bereziak zaintzea, kontserbatzea, mantentzea, birgaitzea eta zaharberritzea, balioa emateko jarduera zehatzak eskatzen badituzte. Bereziki erreparatuko zaie Punta Begoña multzoan daudenei.

c) Punta Begoñako multzoak duen potentzialtasuna identifikatzera bideratutako jarduera iraunkorrak gara daitezela sustatzea.

d) Herritarren harrotasuna eta kontzientzia sortzen laguntzea, Punta Begoña multzoaren balio historiko eta artistikoari eta Getxoko kultur ondare osoari dagokienez.

e) Ondare-kudeaketako eredu bat sortzea, udalerriaren aitorpen eta nortasun ikur bihurtuko dena eta kanpoko proiektuei aplikatzeko bide emango duena, egindako inbertsio publikoak itzulkin soziala eta ekonomikoa izan dezala bermatuz.

Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Foruen kalea 1, Getxo (Bizkaia). Fundazioak Getxoko udalerrian egingo ditu jarduerak, batik bat.

Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta honela osatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluaren bigarren atalean ezarritakoari jarraituz:

– Kutxabank banku-erakundearen Hamabi mila hirurehun eta hogeita hamazazpi (12.337,85) euro eta laurogeita bost zentimoko diru-sarreraren bidez. Egiaztatuta geratu da, aipatutako erakundeak 2020ko martxoaren 10ean egindako ziurtagiriaren bitartez.

– Gainerako dirua gehienez bost urteko epean bilduko da.

Seigarrena.– Estatutuen 8. artikuluaren arabera, Patronatua honela osatuko da:

– Getxoko udal-talde bakoitzeko pertsona bat.

– Getxoko Udaleko talde politiko bakoitzeko pertsona bat.

– Fundazioarekin bat egiten duen entitate publiko edo pribatu bakoitzeko ordezkari bat; betiere, fundazioak Patronatuko kide gisa onartzen badu.

– Idazkaria eta diruzaina, Getxoko Udalean horretan aritzen direnak.

Estatutuen 12. artikuluaren arabera, aldi baterako izendapenetan, patrono-karguak lau urteko iraupena izango du.

Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, lehenengo Patronatua honako kide hauek osatuko dute:

– Presidentea: Getxoko Udaleko alkatea, Amaia Agirre Muñoa andrea.

– Diruzaina: Getxoko Udaleko diruzaina, María José Con Cueli andrea.

– Idazkaria: Getxoko Udaleko idazkaria, Ignacio Javier Etxebarria Etxeita jauna.

– Kideak:

– Álvaro González Pérez jauna.

– Gonzalo Zorrilla- Lequerica Pañeda jauna.

– Nerea Guijarrubia García andrea.

– María Asuncion Olaeta Pérez de Mendiola andrea.

– Paula Amieva Clemente andrea.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte haien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea Getxoko Fundacion Punta Begoñaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, egun honetan eta F-463 zenbakiarekin, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren egitate-aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek espresuki onartu dituzte beren karguak, hain zuzen ere Enrique María Ruiz Santaflorentina Getxoko notario jaunaren aurrean 2020ko martxoaren 12an egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorrita (protokolo-zenbakia: 610).

Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 29a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala