Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2021eko urtarrilaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
419

AGINDUA, 2020ko azaroaren 27koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Ekai Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak, eta izena aldatzea: Fundación Bidean.

Ikusi eta aztertu da fundazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko ekainaren 13an, eskabide telematiko bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan, zeinetan eskatzen baita Fundazioaren Estatutuen 1. eta 5., artikuluen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori fundazioaren patronatuak erabaki zuen 2019ko otsailaren 2an.

Bigarrena.– Eskabidearekin batera, fundazioaren estatutuen aldaketaren eskritura publikoa aurkeztu da, zeina 2019ko maiatzaren 16an egiletsi baitzen Francisco Javier Díez Ortiz Durangoko notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 485).

Hirugarrena.– 2020ko maiatzaren 8ko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion Fundazioen Erregistroak fundazioari; hau da, estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eskatu zitzaion.

Laugarrena.– 2020ko urriaren 1ean, eta aurreko eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko, fundazioaren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eskritura publikoa sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan. Eskritura hori fundazioak egiletsi zuen 2020ko abuztuaren 6an, Francisco Javier Díez Ortiz Durangoko notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 716). Halaber, horien testu bategina erantsi da.

Eskritura publiko horretan, Durangon 2020ko uztailaren 22an eginiko ziurtagiri bat jasotzen da, patronatuak 2020ko uztailaren 21ean egin zuen batzarrari buruzkoa. Batzar horretan, bertaratutakoek aho batez erabaki zuten, besteak beste, estatutuak ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzea.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Hirugarrena.– Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Ekai Fundazioa (izena aldatuta: Fundación Bidean) fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, fundazioaren Patronatuak 2019ko otsailaren 2an erabakitakoa, betiere 2020ko abuztuaren 6an Francisco Javier Díez Ortiz Durangoko notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 716).

Eskritura horrek zuzendu egiten du 2019ko ekainaren 13an Durangoko notario beraren aurrean egiletsitakoa (protokolo-zenbakia: 485).

1.– Aldatzea fundazioaren estatutuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu daitezen.

2.– Aldatzea estatutuen 1. artikulua, fundazioaren izenari buruzkoa. Estatutuen 1. artikuluaren aldaketaren ondorioz, hemendik aurrera, izen hau izango du: Fundación Bidean.

3.– Aldatzea estatutuen 4. artikulua, fundazioaren helbideari buruzkoa.

Inskripziotik aurrera, fundazioaren egoitza Ean egongo da, helbide honetan: Kale Nagusia 12.

4.– Aldatzea estatutuen 3. artikulua, fundazioaren xedeei buruzkoa.

Estatutuen 3. artikuluaren aldaketaren ondorioz (fundazioaren xedeak), honako hauek dira xede eguneratuak:

«3. artikulua.– Fundazioaren xedeak.

1.– Fundazioak interes orokorreko xede hauek ditu:

Politika publikoak aztertzea eta hobetzea, batez ere esparru sozioekonomikoan eta hainbat arlo politikotan, besteak beste politika ekonomikoarekin, gizarte-ekonomiarekin eta kooperatiba-eremuarekin lotutakoak, eta sakontze demokratikora bideratutakoak eta balio demokratikoak, memoria historikoa, giza eskubideak eta garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetza zabaltzera eta sustatzera bideratutakoak. Horretarako, pertsona fisikoen eta juridikoen lankidetza izango du».

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 27a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala