Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2021eko urtarrilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
278

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo AI-1.14. Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko abuztuaren 24an, Andoaingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Andoaingo AI-1.14. Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari buruz (aurrerantzean, Plana) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko xedez, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Andoaingo AI-1.14. Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren hiri-antolamenduko plan berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan dago ezarrita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera; edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Andoaingo AI-1.14. Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Andoaingo AI-1.14 Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren xedea da azpieremu horren hirigintza-antolamendu xehatuko zehaztapen berriak ezartzea. Jarduketak bizitegi-espazio, ekipamendu, espazio libre, oinarrizko azpiegitura eta bideak antolatzeko dira.

Andoaingo udalerriak Hiri Antolamenduko Plan Orokor bat du (HAPO, 2011ko ekainaren 10ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 110. zenbakian onartua eta argitaratua), eta Plan horrek plan bereziaren xede-eremua hiri-lurzoru gisa sailkatzen du, 1.391 m2-ko azalerakoa. Zehazki, jarduketa-eremua AI-1.14 azpieremu gisa identifikatzen da eta «bizitegiaren» kalifikazio orokorra du. Baratzez osaturiko zaindu gabeko eremu batek okupatzen du batik bat (berdegune gisa erabiltzen da nagusiki), eta eraikin bakarra du (bi solairuko eraikin bat, Kaletxikiko 3. zenbakiarekin adierazia).

Funtsean, aldaketak honako hau dakar:

– Etxebizitza libreei eta babestuei esleitutako sabai-azalera mantenduz, horien kopurua aldatu ahal izango da, betiere lurzati bakoitzean 75 m2-ko (t) etxebizitzaren batez besteko tamaina gainditu gabe.

– Urbanizazio-proiektuaren eremua handituko du pixka bat, Kaletxikiko espaloia guztiz berritzeko, eremuaren ipar-mendebaldeko mugan dagoen lur gaineko aparkalekurako sarbidea eraberritzeko eta, lur gaineko aparkalekuaren mailatik, frontoira sartzeko bolumen eraikia urbanizaziotik kanpo uzteko.

– Eremuaren hego-mendebaldean dagoen plaza kenduko da, aparkalekuaren mailaren eta Kaletxikiren arteko tartea hobeto konponduko duen ezponda berde bat sortzeko.

– Bi plaza berri sortuko dira eremuaren mendebaldean, goiko kota irekiago eta eguzkitsuago batean (n+67,80 eta n+68,00).

– Irisgarritasuna konponduko du, oztoporik gabe, lur gaineko aparkalekuaren kotatik (N+65,50) eremuaren hego-mendebaldeko mugaraino (N+68,00), Kaletxikitik (N+61,00) Joxe Mari Iturzaeta kaleko zaku-hondoraino (N+70,00) lotura mantenduz (eskailera bidez), aurreko puntuan aipatutako plazatik igarota.

– Ezabatu egingo ditu ipar-mendebaldera grafiatutako eskaileren hiru zatiak eta gaur egun Joxe Mari Iturzaeta kaleko lur gaineko aparkalekuaren eta zaku-hondoaren artean dagoen lotura. Horrenbestez, plaza berritik igaro beharko da, eta frontoiarekiko mugan dagoen berdegunea zabaldu beharko da, ezpondak leunagoak izan daitezen.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak ere aztertu dira zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak hirigintza-antolamendu xehatuko zehaztapen berriak ezartzen ditu. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren eta antolamendu-eremuaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela. Halaber, Planaren ondorioz ez da okupatu behar artifizializatu gabeko lurzoru gehiagorik, lehendik zeuden hiri-garapenei baino eragiten ez dielako.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak urbanizazioaren obra-fasearekin eta etxebizitza berrien eraikuntzarekin lotutakoak dira.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagotzea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Ingurumenaren arloan, Plana egokia den ala ez Batasuneko edo Estatuko legedia ezartzeko: plana egokia da Batasuneko edo Estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.

2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Kaletxiki eremua Andoaingo alde zahar betean dago. Eremuak izaera antropiko nabarmena du eta irudi degradatua dauka. Zatirik handiena berdegune bat da, aldapa handiko baratze mailakatuez osatua. Ipar-ekialdean dago, eta goiko lur gaineko aparkalekuaren eta Kaletxikiren arteko kota-desberdintasuna gainditzen du; eremu horren hego-mendebaldean, berriz, estali gabeko eskaileren zati irregular eta narriatu batzuk daude, Kaletxiki eta lur gaineko aparkalekua lotzen dituztenak.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Hori horrela, inpaktu nagusiak etxebizitza berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanen ondoriozkoak izango dira; hondakinak eragingo dituzte horiek, eraikinak eraistearen ondoriozko hondakinak barne, baita soberakinak, istripuzko isurien arriskua eta emisio atmosferikoek eta akustikoek eragindako eragozpenak, etab. Horiek guztiak nagusiki etxebizitza-blokeak dauden hiri-periferiako ingurune batean gertatuko dira.

3) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Andoaingo AI-1.14. Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

3.1.– Bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

3.2.– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Induskatutako lurzoruen kontrola: Andoaingo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Jarduera-eremuan hautemandako flora aloktono oro kenduko da. Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea 21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

• Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Andoaingo AI-1.14. Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Andoaingo AI-1.14. Kaletxiki 3 eta 5B azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala