Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2020ko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5608

ERABAKIA, 2020ko abenduaren 17koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2020. urteko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzeko dena.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 23. artikuluak xedatzen du (azaroaren 7ko 16/1997 Legeak eragindako aldaketaren arabera) administrazio publiko bakoitzeko langileekin bete ezin diren giza baliabideen arloko premiak lan eskaintza publikoaren bidez beteko direla, aurrekontu izendapena badute. Halaber, esaten du lan eskaintza publikoan bertan adieraziko direla bete behar diren lanpostu hutsak, bai funtzionarioenak bai lan kontratudun langile finkoenak.

Bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 59. artikuluak eta hurrengoek adierazten dutenez, unibertsitateak, bere autonomiaz baliatuz, administrazio eta zerbitzuetako langileak aukeratuko ditu, funtzionarioak edo lan kontratudunak, bere lan eskaintza publikoaren arabera.

UPV/EHUk kalitatezko enplegu publikoa sustatu nahi du, eta administrazio eta zerbitzuetako langileei egonkortasun handiagoa eman, egonkortasun horrek gure zerbitzu publikoa hobetzen lagunduko duelakoan.

Helburu hori betetzeko, eta betiere bat etorrita aldi baterako enplegua egonkortzeko ezarrita dauden prozesuekin, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2016ko uztailaren 7ko Erabakiaren bidez administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2016ko lan eskaintza publikoa onartu zen; UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2017ko lan eskaintza publikoa onartu zen; UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2018ko lan eskaintza publikoa onartu zen; eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2019ko abenduaren 12ko Erabakiaren bidez administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2019ko lan eskaintza publikoa onartu zen, lotua dagoena ekainaren 27ko 3/2017 Legean (2017. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrena) eta 6/2018 Legean (2018. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrena) aurreikusitako tasa gehigarriei, bai eta 2019. urteko birjartze tasari ere. Era berean, azken erabaki horren bidez barne promozioa onartu zen.

Lan eskaintza publikoko prozesu horien deialdien bidez Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legeko laugarren xedapen iragankorrean jasotako aurreikuspenak bultzatzen dira, eta bermerik handienekin garatuko direla ziurtatzen da. Laugarren xedapen iragankor horrek aukera ematen du oposizio faseko puntuen % 45 lortzeko, gehienera, lehiaketa fasean, UPV/EHUn emandako zerbitzuen bidez. Neurri hori ez da hartu behar, berez, salbuespentzat, beste administrazio publiko askotan erabilia izan baita erakunde horien interesa ebazteko bidea ematen duelako ahalik eta kalte gutxien eginez; salbuespena zen erakunde horietan ziharduten langile askoren egoera behin-behinekoa zela, eta denbora luzea zeramatela egoera horretan.

Beraz, eta deialdietara aurkez daitezkeen gainerako pertsonen eskubide legitimoak urratzeko asmorik gabe, lan eskaintza honi lotutako deialdiak bat etorriko dira aipatutako legeko xedapenetan jasotakoarekin.

Lan eskaintza publiko honek, beraz, 2020. urteari dagokion birjartze tasa jasotzen du, kontuan hartuta 2018. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak ezarritako langileen birjartze tasa (% 100). Horrela, gutxitu egin ahal izango da aldi baterako edo behin-behineko harremana daukaten pertsonen gaur egungo ehunekoa, eta plantillen zein langileen egituren plangintzan eta arautzean aurrera egin, bai eta gestio prozesu arrunten normalizazioa lortu ere.

Kudeaketaren ekonomia, eraginkortasun eta efizientziaren alde, 2020ko lan eskaintza publikoa 2018ko eta 2019ko lan eskaintza publikoekin batera eramango da aurrera, prozesu bakarrean denak.

Prozesu bakar hori aurrera eramateko, administrazio eta zerbitzuetako langileen esparru edo kolektibo bakoitzari aplikatu behar zaion guztian, jarraituko zaie AZPkoen negoziazio mahaien 2016ko ekainaren 9ko eta 2016ko ekainaren 30eko baterako akordioetan jasotako irizpideei eta AZPko funtzionarioen Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioari.

Akordio horretan aurreikusita dago lanpostu batzuk gordetzea desgaitasuna duten pertsonentzat, nahiz eta eskala edo talde, kategoria eta espezialitate bakoitzeko ehunekoa kasuan kasuko deialdian zehaztuko den.

Era berean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuko 14. artikuluan aipatzen den funtzionario publikoen barne promoziorako eskubidea bermatze aldera, barne promozioko prozesuen bidez deitu beharreko lanpostuak ere sartu dira.

Bestalde, lan kontratudun langileei dagokienez, kontuan hartu behar da Hitzarmen Kolektiboak dioena 15. artikuluko 6. puntuan lanpostu hutsak betetzeari buruz: «Lanpostu hutsak betetzeko lehenengo lehiaketa orokorra (hurrengo artikuluan jasotzen den promozioaren aurrekoa) burutu eta ondorengo lan eskaintza publikoa egin ostean, lan kontratudun langile finkoen artean beharrezko prozedurak ezarriko dira, eta bermatuko da lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela gutxienez, lanpostu hori beste edozein prozesutan eskaini aurretik.»

Horrez gain, hitzarmeneko 16. artikuluko 6. puntuak, promozio profesionalari buruzkoak, hau ezartzen du: «Promoziorako lehenengo prozesua behin amaitu ondoren, aurreko artikuluko prozesuak bete eta gero, beharrezko prozedurak ezarriko dira lan kontratudun langile finkoen artean, eta bermatuko da lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela gutxienez, lanpostu hori lan eskaintza publikoan sartu aurretik».

Beraz, indarrean dagoen hitzarmen kolektiboak ezartzen du lan eskaintza publikoa egin aurretik lanpostu hutsak betetzeko deialdia eta promozio profesionalerako deialdia egin behar direla, eta prozedura horien bidez gutxienez behin eskaini ez diren lanpostuak atera behar direla deialdi horietan.

Era berean, ezin da alde batera utzi administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboko laugarren xedapen iragankorrean jasotakoa. Horren arabera, lanpostuak betetzeko eta promozionatzeko prozesuak, lan eskaintza publikoa eta bigarren xedapen iragankorrean jasotakoa bukatutakoan, bi taldetara irekitako lanpostuen behin betiko antolaketa egingo da sailkapen profesionalean eta lanpostuok gorengo taldean sartuta geratuko dira behin betiko.

Bat etorrita xedatutakoarekin Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan (urriaren 30eko 5/2015 Errege Dekretuak emandako idazketan), Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 23. artikuluan eta UPV/EHUren indarreko Estatutuetako 59. artikuluan, eta gerenteak hala proposatuta gaia negoziatu ondoren alde sozialarekin AZPko funtzionario eta lan kontratudunen negoziazio mahaiek 2020ko urriaren 23an eta 2020ko azaroaren 13an egindako bileretan, gerenteak proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau:

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea 2020. urteko lan eskaintza publikoa, lotua dagoena 2020ko birjartze tasari, I. eta II. eranskinetan adierazten den moduan.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Leioa, 2020ko abenduaren 17a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

I. ERANSKINA

Lehenengoa.– Onartzea 2020. urteko lan eskaintza publikoa.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 23. artikuluak xedaturikoarekin bat etorrita, Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileentzako lan publikoaren eskaintza onartzen da 2020. urterako, erabaki honetan zehaztutako baldintzen arabera.

Bigarrena.– Lan eskaintza publikoaren kuantifikazioa.

2.1.– Lan eskaintza publikoan sartzen dira erabaki honen II. eranskinean agertzen diren plaza hutsak, aurrekontuetan diruz hornituta daudenak eta 2020ko birjartze tasari lotuak, bai eta funtzionarioen barne promoziorako eskaintzen diren plazak ere.

2.2.– Kudeaketaren ekonomia, eraginkortasun eta efizientziaren alde, lan eskaintza hau 2018ko eta 2019ko lan eskaintza publikoekin batera eramango da aurrera, prozesu bakarrean denak. Prozesu bakar hori aurrera eramateko, administrazio eta zerbitzuetako langileen esparru edo kolektibo bakoitzari aplikatu behar zaion guztian, jarraituko zaie AZPkoen negoziazio mahaien 2016ko ekainaren 9ko eta 2016ko ekainaren 30eko baterako akordioetan jasotako irizpideei eta AZPko funtzionarioen Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioari.

2.3.– Deialdietako oinarriak AZPkoen negoziazio mahaietan negoziatuko dira. Ondoren, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio eta, behin onartuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara, aurreko atalean adierazitako moduan.

Hirugarrena.– 2018ko lan eskaintza publikotik, 2019ko lan eskaintza publikotik eta 2020ko lan eskaintza publikotik eratorritako hautaketa prozesu bakarrean aplikatuko diren irizpide orokorrak.

Aipatutako lan eskaintza publikoetatik eratorritako hautaketa prozesu bakarra arautuko dute AZPkoen negoziazio mahaien 2016ko ekainaren 9ko eta 2016ko ekainaren 30eko baterako akordioetan jasotako irizpideek eta AZPko funtzionarioen Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioak, kasuan kasuko kolektiboaren arabera.

Era berean, hautaketa prozesuen bidez ebaluatu eta aukeratuko dira UPV/EHUren premietarako profil profesional egokienak dituzten pertsonak. Hortaz, errespetatuta erabat langileak aukeratzeko prozesuak zuzentzen dituzten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak, eta jarraituta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legeko laugarren xedapen iragankorrari zein, hala badagokio, indarrean dagoen legeria aplikagarriaren aldaketa batek edo epai judizial irmoek ekarritako hobekuntzei, lehiaketa-oposizio bidez egingo diren deialdiek irizpide orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Hautaketa probak eta programak izango dira bete beharreko lanpostuei lotutako trebetasunak eta gaitasunak ebaluatu eta langileak hautatzeko modukoak.

b) Lehiaketa fasearen baremoan jasoko da gehiago baloratuko dela antzeko eginkizunak aldi batean zein behin-behineko moduan bete dituzten hautagaien esperientzia.

c) Hautaketa probetako epaimahaien osaketa gizonen eta emakumeen arteko parekotasun irizpideari lotuko zaio, eta inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioei.

d) Hautaketa probetako epaimahaien osaketan desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea sustatuko da, pertsona horientzako txanda duten probetan.

e) Pertsonaleko Gerenteordetzaren webgunean helbide bat jarriko da hautaketa prozesuetarako, eta bertan agertuko dira deialdi guztiak eta horietatik eratorritako egintzak.

Laugarrena.– Desgaitasuna duten pertsonak.

1.– Deialdietan ez da ezarriko bazterketarik urritasun psikiko eta/edo fisikoengatik, kasuan kasuko lanak edo eginkizunak betetzeko ezintasunak gorabehera, eta deialdi bakoitza argitaratzen denean indarrean egongo den arautegia bete beharko da.

Bai administrazioak bai epaimahaiek laguntza eskatuko ahal izango diete organo tekniko eskudunei horretarako. Era berean, txostena eskatu ahal izango diote administrazio organo eskudunari, deialdiaren helburu diren lanpostuetan egin ohi diren jardueretan aritzeko hautagaiak daukan gaitasunari buruzkoa.

2.– Eskaintza hau osatzen duten lanpostu guztien ehuneko zazpi, gutxienez, gordeko dira, hautaketa probetarako deialdian, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek bete ditzaten. Desgaitasuna duten pertsonatzat joko dira Desgaitasuna daukaten pertsonen eskubideei eta haien inklusio sozialari buruzko Lege Orokorraren testu bateratuan hala definitutakoak (4. artikulua, 2. atala). Gutxieneko ehuneko zazpi (7) hori gordetzeko orduan gutxienez eskainitako plazen ehuneko bia (2) adimen desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonek bete beharko dute eta eskainitako gainerako plazak beste edozein desgaitasun mota egiaztatzen dutenek. Hori guztia egingo da Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bateratuko 59. artikulua betetzeko.

Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako lanpostuen kasuan, betetzen ez direnak txanda librera pasatuko dira.

3.– Hautaketa prozesuetan, denbora eta bitartekoei dagokienez, egin beharreko egokitzapenak egingo dira, halakorik eskatuko luketen desgaituentzat, pertsona horien eta gainerako hautagaien arteko baldintza berdintasuna bermatzeko.

Bosgarrena.– Barne promozioa.

Barne promozioko prozesuak arautzen dituen legeriari jarraituta, funtzionarioentzako plazen deialdia egiten da.

Barne promozioko hautaketa prozesu horiek egin ahal izango dira eskaintza publikoko ohiko deialdiekin batera edo deialdi independente baten bidez.

Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko da zein kolektibok parte hartu ahal izango duen eta zeintzuk diren deialdiaren ezaugarriak eta baldintzak.

Seigarrena.– Lan eskaintza aurrera eramatea.

Lan eskaintza publiko honen helburu diren plazen deialdia dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharko da, hiru urteko epe luzaezinaren barruan, lan eskaintza publiko hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Langileak lanean hasteko premia larririk egonez gero, erabaki honetan jaso gabeak, lan eskaintza publiko gehigarri batean zehaztu ahal izango dira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala