Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2020ko abenduaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5233

AGINDUA, 2020ko abenduaren 1ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bitartez aldatu egiten baita EAEko merkataritza-sektoreari zuzendutako 2020ko ekitaldirako COVID-19 laguntzak arautzen dituen eta horietarako deialdia egiten duen Agindua, aurrekontu-kreditua handituz.

Zuzenean EAEko txikizkako merkataritzari, eta, bereziki, norberaren konturako langileei edo autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei, COVID-19aren inpaktua minimizatzeko eta merkataritza-jarduera ahalik eta lasterren berrabiarazteko bideratutako babes eta laguntza ekonomikoa emateko asmoz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jo zuen itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen lerro bat ezartzea, EAEko txikizkako merkataritza-sektorearen biziraupenari laguntzeko, pandemiaren zabalkundeak eragindako ondorioak direla-eta.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren maiatzaren 19ko Aginduan islatu zen hori. Hain zuzen ere, Agindu horren bidez, EAEko merkataritza-sektoreari ezohiko laguntzak emateko deialdia egiten da, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz sortutako egoerari aurre egiteko (maiatzaren 29ko EHAA, 104. zk.). Laguntza horien zenbatekoa zazpi milioi eta bostehun mila (7.500.000) eurokoa da.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea amaituta, 5.409 eskabide jaso dira, eta, horietatik, 3.808k betetzen dituzte laguntza jasotzeko eskatzen diren baldintzak. Hala ere, adierazitako zuzkidura ekonomikoa dela-eta, 2.779 eskabideri baino ezin zaie eman laguntza.

Kontuan hartuta zein den laguntzen ezohiko programaren helburua, eta baldintzak betetzen dituzten gainerako 1.029 eskabideei laguntzak emateko besteko aurrekontu-kredituaren saldoa badagoenez –hain zuzen ere bi milioi eta laurehun mila (2.400.000) eurokoa–, egokitzat jotzen da aurrekontu-kreditua 2.400.000 euro gehiagoko zenbatekoan handitzea, aintzat hartutako eskabide guztiei erantzun ahal izateko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko maiatzaren 19ko Aginduaren bigarren artikulua aldatzea. Agindu horren bitartez, EAEko merkataritza-sektoreari zuzendutako «COVID-19» laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten da 2020ko ekitaldirako. Honela geratuko da artikulu hori:

«2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluaren xederako bideratutako baliabide ekonomikoak 9.900.000 eurokoak dira.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDEPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 1a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala