Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2020ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4930

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 9koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen baitira Quebec eskualde estrategikoarekin 2019-2020rako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzei buruzko ebazpenean jasotako egikaritze- eta justifikazio-epeak.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2019ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez, Quebec eskualde estrategikoarekin 2019-2020rako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntza-deialdia egin zen, martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren babesean (2019ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.).

Deialdiari buruzko ebazpen horrek 9. artikuluan xedatzen duenez, 2019an hasi beharko da proiektua burutzen, eta laguntza eman dela jakinarazi eta hurrengo hamabi hilabeteetan egin beharko da. Laguntza-deialdia Kanpo Harremanetarako zuzendariaren 2019ko urriaren 22ko Ebazpenaren bidez ebatzi zen (2019ko urriaren 28ko EHAA, 205. zk.).

Ondoren, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko, eta, gerora, egoera hori 2020ko ekainaren 21era arte luzatu zen.

COVID-19ari aurre egiteko gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituen martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 54.1 artikuluak aukera ematen du, hizpide ditugun laguntzen gisako prozeduretan –hau da, 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik emanda zeudenetan–, diruz lagundutako jarduera egiteko epeak aldatzeko, bai eta, hala badagokio, jarduera egin dela justifikatzeko eta egiaztatzeko epeak aldatzeko ere, nahiz eta kasuan kasuko oinarri arautzaileetan aukera hori jasota ez egon. Ondorio horietarako, organo eskudunak zera justifikatu beharko du soilik: alarma-egoera indarrean egon den bitartean ezin izan duela diruz lagundutako jarduera egin, eta behin egoera hori amaituta geratu zaion epea ez dela nahikoa diruz lagundutako jarduera egiteko, justifikatzeko edo egiaztatzeko.

Pertsonen zirkulazio askeari jarritako mugek eta COVID-19aren hedapena galarazteko prebentzio-neurriek zuzeneko eragina izan dute deialdiaren xedean; izan ere, deialdian aurreikusitako laguntzen helburua da Quebec eskualde estrategikoko pertsona juridikoekin bi aldeko jarduera- eta lankidetza-proiektuak egitea. Horiek horrela, proiektuak ezin izan dira egin hasieran planteatutako baldintzetan.

Horrenbestez, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 54. artikuluan agindutakoaren arabera eta COVID-19ak eragindako egoera dela eta, ezinbestekoa da deialdia aldatzea, proiektu onuradunen egikaritze-epeak luzatzeko. Epea gehienez ere beste 12 hilabetez luzatuko da, baina horrek ez ditu inolaz ere aldatuko Kanpo Harremanetarako zuzendariaren 2019ko urriaren 22ko Ebazpenaren bidez esleitu ziren zenbatekoak.

Deialdiko proiektu onuradunak bereziak direnez, ezin da epe bera onartu kasu guztietarako; horrenbestez, onuradun bakoitzak eskatu beharko du proiektua egiteko egokitzat jotzen duen epe-luzapena, eta eskaeran behar bezala justifikatu beharko du. Edonola ere, ezingo da gainditu aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko epea. Eskaerak aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, entitate onuradunei jakinarazpena bidaliko zaie.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2019ko uztailaren 10eko Ebazpenaren 9. artikulua –Quebec eskualde estrategikoarekin 2019-2020rako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntza-deialdia egin zen ebazpen horren bidez; 2019ko uztailaren 19ko EHAA, 137. zk.–, gehienez 12 hilabetez luza dadin Kanpo Harremanetarako zuzendariaren 2019ko urriaren 22ko Ebazpenean jasotako proiektu onuradunak egiteko epea, bat etorriz martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 54. artikuluaren xedatutakoarekin. Horiek horrela, honela idatzita geratzen da 9. artikulua:

«9. artikulua.– Proiektuak burutzeko epea.

2019an hasi beharko da proiektua burutzen, eta laguntza eman dela jakinarazi eta hurrengo hamabi hilabeteetan egin beharko da.

Proiektua egiteko epea beste 12 hilabetez luza daiteke, gehienez; horretarako, entitate onuradunek aldez aurretik justifikatu beharra daukate luzapena ezinbestekoa dutela proiektua egiteko».

Bigarrena.– Hamar egun ematea entitate onuradunei, epea luzatzeko eskaera egin dezaten, aurkeztutako proiektuen egutegia birformula dezaten eta epea luzatzea proiektua egiteko ezinbestekoa dela justifika dezaten. Horrek ez ditu inolaz ere aldatuko Kanpo Harremanetarako zuzendariaren 2019ko urriaren 22ko Ebazpenaren bidez esleitutako kopuruak.

Hirugarrena.– Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta, denak jakitun egoteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Interesdunei jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpenak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluan eta harekin bat datozenetan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 9a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.


Azterketa dokumentala