Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2020ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4929

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 9koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen baitira Quebec eskualde estrategikoarekin 2020-2021erako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzei buruzko ebazpenean jasotako egikaritze- eta justifikazio-epeak.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2019ko abenduaren 17ko Ebazpenaren bidez, Quebec eskualde estrategikoarekin 2020-2021erako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzak iragarri ziren, martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren babesean (2019ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.).

Deialdiari buruzko ebazpen horrek 9. artikuluan xedatzen duenez, 2020an hasi beharko da proiektua burutzen, eta laguntza eman dela jakinarazi eta hurrengo hamabi hilabeteetan egin beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko otsailaren 28an amaitu zen.

Ondoren, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko, eta, gerora, egoera hori 2020ko ekainaren 21era arte luzatu zen.

Pertsonen zirkulazio askeari jarritako mugek eta COVID-19aren hedapena galarazteko prebentzio-neurriek zuzeneko eragina izan dute deialdiaren xedean; izan ere, deialdian aurreikusitako laguntzen helburua da Quebec eskualde estrategikoko pertsona juridikoekin bi aldeko jarduera- eta lankidetza-proiektuak egitea. Egoera horrek guztiak ondorioak izan ditu laguntza-deialdira aurkeztutako proiektuen plangintzan.

Kanpo Harremanetarako zuzendariaren 2020ko uztailaren 8ko Ebazpenaren bidez (2020ko uztailaren 21eko EHAA, 142. zk.), Quebec eskualde estrategikoarekin 2020-2021erako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntza-deialdia ebatzi zen.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 32.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioak, ofizioz edo interesdunek eskaturik, ezarritako epeak luza ditzake, komenigarritzat jotzen bada eta hirugarren batzuen eskubideei kalterik egiten ez bazaie; epearen erdia izan daiteke luzapena, gehienez ere. Ondorioz, deialdiari buruzko ebazpenaren 9. artikuluan ezarritako epea 6 hilabetez luza daiteke, gehienez ere.

Deialdira aurkeztu diren proiektuak bereziak direnez, ezin da luzapen bera onartu kasu guztietarako; horrenbestez, onuradun bakoitzak eskatu beharko du proiektua egiteko egokitzat jotzen duen epe-luzapena, eta eskaeran behar bezala justifikatu beharko du. Edonola ere, ezingo da gainditu aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko epea. Eskaerak aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, entitate interesdunei jakinarazpena bidaliko zaie.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2019ko abenduaren 17ko Ebazpenaren 9. artikulua –Quebec eskualde estrategikoarekin 2020-2021erako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzak iragarri ziren ebazpen horren bidez–, gehienez ere 6 hilabetez luza dadin proiektuak egiteko epea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.1 artikuluarekin. Horiek horrela, honela idatzita geratzen da 9. artikulua:

«9. artikulua.– Proiektuak burutzeko epea.

2020an hasi beharko da proiektua egiten, eta laguntza eman dela jakinarazi eta hurrengo hamabi hilabeteetan egin beharko da.

Proiektua egiteko epea beste 6 hilabetez luza daiteke, gehienez; horretarako, entitate onuradunek aldez aurretik justifikatu beharra daukate luzapena ezinbestekoa dutela proiektua egiteko.»

Bigarrena.– Hamar egun ematea entitate onuradunei, epea luzatzeko eskaera egin dezaten, aurkeztutako proiektuen egutegia birformula dezaten eta epea luzatzea proiektua egiteko ezinbestekoa dela justifika dezaten. Horrek ez ditu inolaz ere aldatuko Kanpo Harremanetarako zuzendariaren 2020ko uztailaren 8ko Ebazpenaren bidez esleitutako kopuruak.

Hirugarrena.– Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta, denak jakitun egoteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Interesdunei jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpenak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluan eta harekin bat datozenetan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 9a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana