Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2020ko urriaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4501

AGINDUA, 2020ko urriaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez aldatu egiten baita 2020ko uztailaren 21eko Agindua, ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programako laguntza berriak eta laguntza-berritzeak arautu eta horietarako deialdia egiten duena 2020-2021 ikasturterako.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 21eko Aginduak deialdia egin zuen ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programako laguntzetarako, 2020-2021 ikasturterako.

Laguntzetako bat lortzeko, ezinbestekoa da eskatzaileak elkarrizketa pertsonal eta presentziala egitea ikerketa-arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifiko baten aurrean.

Pandemia globalaren egungo egoera kontuan hartuta, eta COVID-19aren bilakaera zein izango den jakiterik ez dagoenez, aldatu egin da aipatutako deialdiaren aginduaren 28. artikulua.

Hori dela eta, indarrean dagoen legediak aitortzen dizkidan ahalmenez baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 21eko Aginduaren 28.3 artikulua aldatzea. Agindu horren bitartez, deialdia egiten da ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programako laguntza berrietarako eta laguntza-berritzeetarako, 2020-2021 ikasturterako. Bada, orain, honela geratuko da idatzita:

«28. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:

– Eskatzailearen curriculum vitaea. 25 puntu, gehienez.

– Hobekuntza-programa. 36 hilabeteko epealdirako aurreikusitako hobekuntza-programaren kalitatea, interesa, koherentzia eta bideragarritasuna eta horrek ikertzaile eskatzailearen hobekuntzan, espezializazioan eta nazioartekotzean izango duen eragina, bai eta hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldean izango duena ere, eta EAEko ikerketa-sistemak horretaz guztiaz espero ditzakeen etekinak. 25 puntu, gehienez.

– Atzerriko zentroa eta atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendaria. Zentro hartzaileak proiektuaren arloan duen prestigioa eta proiektuaren zuzendariak duen historia zientifikoa. 20 puntu, gehienez.

– Ezarpen-zentroa eta EAEko ikerketa-proiektuaren zuzendaria. Ezarpen-zentroak proiektuaren arloan duen prestigioa, eta ikerketa-proiektuaren eta taldearen zuzendariak duen historia zientifikoa. 10 puntu, gehienez.

– Elkarrizketa pertsonala. Aurrez aurrekoa izango da, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein arlori buruz hitz egingo da. 20 puntu, gehienez.

COVID-19aren ondoriozko egoera epidemiologikoak pertsonen mugikortasuna saihestea gomendatzen badu, eta kontuan hartuta neurri horrek eragina duela aurrez aurreko elkarrizketetan, Ikerketa Zuzendaritzak, osasun-agintarien gomendioak betez, beharrezko jarraibideak ezarriko ditu elkarrizketak formatu ez-presentzialean egin daitezen. Jarraibide horiek berdinak izango dira ebaluatu beharreko arlo guztietarako, eta www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, eta informazio pertsonalizatua emango zaie hautagai guztiei».

Bigarrena.– Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 21eko Aginduaren 28.4 artikulua aldatzea. Agindu horren bitartez, deialdia egiten da ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programako laguntza berrietarako eta laguntza-berritzeetarako, 2020-2021 ikasturterako. Bada, orain, honela geratuko da idatzita:

«28. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da eskatzaileak elkarrizketa ez egitea Ikerketa Zuzendaritzak ezarritako modalitatean, edo 75 puntu baino gutxiago lortzea».

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala