Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2020ko urriaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4500

AGINDUA, 2020ko urriaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez aldatu egiten baita 2020ko uztailaren 28ko Agindua, doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berriak eta laguntza-berritzeak arautu eta horietarako deialdia egiten duena 2020-2021 ikasturterako.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduak deialdia egin zuen doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berrietarako, 2020-2021 ikasturterako.

Laguntzetako bat lortzeko, ezinbestekoa da eskatzaileak elkarrizketa pertsonal eta presentziala egitea ikerketa-arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifiko baten aurrean.

Pandemia globalaren egungo egoera kontuan hartuta, eta COVID-19aren bilakaera zein izango den jakiterik ez dagoenez, aldatu egin da aipatutako deialdiaren aginduaren 29. artikulua.

Hori dela eta, indarrean dagoen legediak aitortzen dizkidan ahalmenez baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren 29.3 artikulua aldatzea. Artikulu horren bitartez, deialdia egiten da doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berrietarako eta laguntza-berritzeetarako, 2020-2021 ikasturterako. Bada, orain, honela geratuko da idatzita:

«29. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:

– Espediente akademikoa: puntuazioa kalkulatzeko, espedientearen batez bestekoa hartuko da oinarritzat, 25.6 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, eta zenbaki hori bider 3 kalkulatuko da. 30 puntu, gehienez.

– Eskatzailearen curriculum vitaea. 5 puntu, gehienez. Atal honetan, puntu 1 eskuratu ahal izango da Ikasiker programaren lankidetza-beka baten onuradun izateagatik.

– Doktorego-programa: a) eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako kalitatea eta egokitasuna (3 puntu, gehienez); eta b) zenbateraino datorren bat EAEko I+G+b estrategiarekin (7 puntu, gehienez).

Euskal unibertsitate-sistemako (EUS) doktorego-programak eta, sistema horretakoak ez izanagatik ere, EUSeko unibertsitateekin egindako hitzarmenetan jasota dauden programak, EAEko I+G estrategiarekin % 100 bat datozela iritziko da (7 puntu).

Ulertuko da EUSetik kanpoko gainerako doktorego-programen bat-etortze maila baliogabea dela, salbu eta egiaztatzen bada Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistema osatzen duten ikertzaileak inplikatuta daudela proposatutako tesi-proiektuaren zuzendaritza bateratuan (2 puntu), edo zuzendarikide horiek zuzenean parte hartzen dutela doktorego-programa horietan (4 puntu).

– Doktorego-tesiaren proiektua: kalitate zientifiko-teknikoa, aurkeztutako proiektuaren eta ikerketa-planaren interesa eta bideragarritasuna. 10 puntu, gehienez.

– Zientzia Zuzendaritza: ikerketa-proiektuaren zuzendariaren eta zuzendarikidearen historia zientifikoa, eta eskatzailearen ikerketa-taldearen prestakuntza-ahalmena eta kalitate zientifikoa. 20 puntu, gehienez.

– Elkarrizketa pertsonala: aurrez aurrekoa izango da, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein arlori buruz hitz egingo da. 25 puntu, gehienez.

COVID-19aren ondoriozko egoera epidemiologikoak pertsonen mugikortasuna saihestea gomendatzen badu, eta kontuan hartuta neurri horrek eragina duela aurrez aurreko elkarrizketetan, Ikerketa Zuzendaritzak, osasun-agintarien gomendioak betez, beharrezko jarraibideak ezarriko ditu elkarrizketak formatu ez-presentzialean egin daitezen. Jarraibide horiek berdinak izango dira ebaluatu beharreko arlo guztietarako, eta www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, eta informazio pertsonalizatua emango zaie hautagai guztiei.»

Bigarrena.– Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren 29.4 artikulua aldatzea. Artikulu horren bitartez, deialdia egiten da doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berrietarako eta laguntza-berritzeetarako, 2020-2021 ikasturterako. Bada, orain, honela geratuko da idatzita:

«29. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da eskatzaileak elkarrizketa ez egitea Ikerketa Zuzendaritzak ezarritako modalitatean, edo 65 puntu baino gutxiago lortzea.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala