Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2020ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4483

AGINDUA, 2020ko urriaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzetarako deialdia egiten baita 2021eko ekitaldian ekipamendu zientifikoa eskuratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa-espazioan eraikitzen. Horregatik, sail honek kudeatzen duen programan aurrera segitu behar da, ekipamendu zientifikoko laguntzen programan, alegia.

Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.

Herri-administrazioen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat etorriz.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua kontuan hartu da (2017ko apirilaren 21eko EHAA, 76. zk.).

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz.

Sailaren 2020rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira agindu honetan araututako laguntzak.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da: 2021ean, 18.000 eta 240.000 euro bitarteko kostua (BEZik gabe) duten ekipamendu zientifikoak erosteko dirulaguntzak ematea.

Deialdi honetarako, ekipamendu zientifikotzat hartu da I+G+b jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoen (ekipoen) multzoa.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Deialdi honetarako, 200.000 euro erabiliko dira.

2.– Eman beharreko laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko kontsignazio hori.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdiko eskaeretan, entitate onuraduntzat joko dira bai eskaera aurkezten duen entitatea, zeinak proiektuak egiteko ekipamenduaren beharra justifikatu behar baitu, betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan akreditatuta badaude (aurrerantzean, ZTBESE) –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoa–, honako kategoria hauetan:

– Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

– Unibertsitateen ikerketa-egiturak (UPV/EHU izan ezik).

– Ikerketa kooperatiboko zentroak.

– Teknologia-zentroak.

2.– Erakunde onuradunek beren proiektuak egiteko ekipamenduaren beharra justifikatuko dute.

3.– Entitate onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Entitateak ezin izango dira onuradun izan baldin eta dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administrazio-bidetik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, entitate onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

c) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Laguntza-erakundeak.

1.– Deialdiko eskaeretan, laguntza-erakundetzat joko dira eskaera aurkezten duen entitateari laguntzen dioten erakundeak, zeinek akreditatuta egon behar baitute ZTBESEn –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikulua–, 3.1 artikuluaren adierazitako kategorietako batean.

2.– Laguntza-erakundeek eskaeran parte hartzen dute ikerketa-taldeak uzten, eta taldeok eskaeraren xede den ekipamendu zientifikoa erabiliko dute beren ikerketa-proiektuetan.

3.– Eskaera batean erakunde batek baino gehiagok hartzen badu parte, horietako batek eskatzaile gisa jardungo du, eta besteek, berriz, laguntzaile gisa.

5. artikulua.– Diruz lagun daitekeena eta ekipamenduen eta proiektuen betekizunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamendu zientifikoak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuak, baldin eta inongo zalantzarik gabe behar-beharrezkoak badira eta eskaera-epea amaitzen denetik 2021eko abenduaren 31ra bitartean egin badira.

Ekipamenduaren eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Ekipamenduek eskaeran parte hartzen duten entitateetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2021eko abenduaren 31ra arte garatuko dira, ekipamendua erakunde onuradunean funtzionatzen hasten denetik.

Ez dira diruz lagunduko deialdi honetako eskaera egin aurretik eskuratutako ekipamenduen gastuak.

3.– Agindu honen ondorioz diruz lagundu diren ondasunak dirulaguntza eman den xede jakinera bideratuko dira, gutxienez bost urtez erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunak badira, eta gutxienez bi urtez gainerako ondasunak direnean.

4.– Ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuek administrazio publikoek eskaeran parte hartzen duten entitateei espresuki finantzatuta egon behar dute.

Ekipamendua eskatzen den proiektua onartzeko, ezinbestekoa izango da ikertzaile nagusiak eskaeran parte hartzea; gainera, eskaera sinatzen duten gainerako pertsonek ere berariaz lan egin beharko dute proiektuotan.

5.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 euro eta 240.000 euro artekoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.

Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago eskatu.

6.– Ekipamendu bat beste erakunde batekin batera kofinantzatzen bada, hori emateko ebazpenean adierazi beharko da ekipamendua erosteko zer finantzaketa ematen duen erakunde horrek. Ekipamendu horrek deialdi honetan eskatutakoaren berdina izan beharko du.

7.– 90.000 eurotik gorako ekipamenduak langile espezializatuek erabili behar dituzte, eta mantentze-lan zorrotzak eskatzen dituzte. Hori dela eta, eskaeran parte hartzen duten entitateek ekipamenduaren eskuragarritasun eta errentagarritasun ahalik eta handienak egiaztatu behar dituzte. Horretarako, ekipamendua erabiltzeko operadore egokiak eta ekipamenduaren urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.

8.– Eskaeran laguntza-erakunderen batek parte hartzen badu, eskatutako ekipamenduaren erabilera kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da, eta eskaeran parte hartzen duten gzutiek bete beharko dute.

9.– Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko, hau da, erabilera ez-zientifikoko altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzariak, eta kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartuko dira.

10.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez den guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

11.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da betearazpen-aldian egin eta agindu honetan ezarritako gastuak egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta zehaztapena.

1.– Ekipamenduak eskuratzeko laguntzen diru-zenbatekoa finantza daitekeen gehieneko ehunekoaren arabera zehaztuko da. Gehieneko finantzaketa-ehuneko hori organo kudeatzaileak onartutako eskaeraren zenbatekoari aplikatuko zaio. Kontuan hartuko dira: dirulaguntza jasoko duen eskaera bakoitzerako onartutako kofinantzaketak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak eginiko gomendioak. Eta hortik aterako da dirulaguntzaren zenbatekoa. Zenbateko hauetan ez dago BEZa sartuta.

(Ikus .PDF)

2.– Entitate eskatzaileak deialdi honen bidez jasoko duen laguntza osatzeko kopurua jartzeko konpromisoa hartuko du, harik eta, gutxienez, eskatutako ekipamendurako organo kudeatzaileak onartu duen eskaeraren zenbatekora iritsi arte; zenbateko hori aurreko paragrafoan deskribatu da.

3.– Erosketak dakartzan zergak ordaintzeko kostuak, ordea, ez dira finantzatuko.

7. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Eskaerak gutxienez hiru ikertzailez osatutako ikerketa-talde bat izango du, eskaera aurkezten duen erakundeari dagokiona. Laguntza-erakunde batek edo gehiagok parte hartzen badu, horietako bakoitzak gutxienez hiru ikertzailek osatutako ikerketa-talde bat aurkeztuko du. Ikertzaile horiek guztiek osatuko dute ekipamendu zientifikoa erabiliko den proiektuan edo proiektuetan lan egingo duen ikerketa-taldea.

2.– Gailua erabiliko den proiektuetako ikertzaile nagusiek ekipamenduaren eskaeran parte hartu beharko dute ikerketa-talderen batean: eskatzailean edo laguntzakoan.

3.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetarako eskaera bakarrean parte hartu ahal izango du, dela erakunde eskatzailearen kide gisa, dela laguntza-erakundearen kide gisa. Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonek ezingo dute ekipamenduen eskaeran parte hartu (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera).

4.– Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak 2021. eta 2022. urteetarako esleitutako edo eskatutako beste proiektu batzuetan zenbat ordu konprometitu dituen adierazi beharko du.

5.– 2020. urterako deialdian dirulaguntza bat jaso duten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako ekipamendu-eskaeran parte hartu.

6.– Erakunde eskatzaileak edo laguntzakoak deialdiko eskaerak entregatzeko epea amaitu baino lehen kontratatu behar du ikertzaile bakoitza, 2022ko abenduaren 31ra arteko aldirako, gutxienez, eta ekipamendua erabiliko duten proiektuetan aurreikusitako dedikazioaren berbererako, gutxienez.

7.– Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, argi gelditu dadin nahiko ordu eskain diezazkiela proiektutan konprometitutako jarduerei.

8.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta entitate bati atxikita badaude, entitate horretako langileak direla ulertuko da; betiere, atxikipen-agiria aurkezten badute.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan azaltzen diren laguntzak kudeatzea.

9. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ondoren, ezin izango dira aldatu.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.

2.– Eskaeraren edukia agindu honen I. eranskinean dago. Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuratu ahal izango da eskaeraren inprimakia, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1018706

Eskaera bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, laguntza eskatuko duen ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko ez bada, edo ziurtapen elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatutako aplikazioan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

Ondoren, eskabidea aplikazioan bete eta gero eta agindu honen I. eranskinean azaldutako dokumentazio osagarria gehitu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak eskabidea elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, entitate eskatzaileak eskaera elektronikoki sinatzeko entitatearen txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatu aplikazioan, elektronikoki.

4.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpena jaso beharko du: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakia –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua–; baita dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharretan egunean dagoela dioen adierazpena ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera.

5.– Erakunde batek baino gehiagok erabiliko dituen ekipamenduen kasuan, 3. eta 4. artikuluetan adierazitako erakundeak izan beharko dira. Horietako bat eskatzailea izango da, eta gainerakoak laguntzaileak. Horietako bat eskatzailea izango da, eta gainerakoak laguntzakoak. Entitate eskatzailea eskaeraren koordinatzailea izango da: ekipamendua eskuratzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, eta administrazioarekin harremanetan egongo da. Berariaz adieraziko da hori eskaeran, bai eta horren alde egingo duten eta, beraz, ekipamendua erabiltzeko eskubidea izango duten entitateak zeintzuk diren ere.

6.– Agindu honen bidez diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen dituenez, entitate eskatzaileak ekipamendua eskuratzeko hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez eskaeran. Ez du halakorik egin beharko, dena dela, ekipamenduak hornituko dituen entitate kopuru nahikorik ez badago merkatuan, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da eskaeran.

7.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena.

Hala eginez gero, eskaerarekin batera aurkeztu beharko ditu beharrezko egiaztagiri eguneratuak. Interesdunek, Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

10. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabideko hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebazteko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Dirulaguntzaren eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean, edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, entitate eskatzaileei hauxe eskatuko zaie: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» izeneko atalean jasoko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta); bertara ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu behar da.

2.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

11. artikulua.– Hautaketa-batzordea. Ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuta, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez, izapidetzeko zein eskaera onartu eta zein ez erabaki beharko du.

2.– Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Ikerketako zuzendaria (batzordeburua izango da); Miren Artaraz Miñón, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; eta Mikel Rivero González (idazkaria izango da), Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria.

3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu: onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio hautaketa-batzordeak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalari, zeinak 12. artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, 7 zenbakia duen irizpiderako izan ezik. Proiektuen baterako finantzaketari buruzko 7. irizpide hori hautaketa-batzordeak berak baloratuko du. Ebaluatzeko bi esku-hartze horien emaitza izango da puntuazio orokorra.

12. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, hautaketa-batzordeak irizpide hauek izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

2.– Salbuetsitako irizpideen balorazioa.

Aurreko zerrendako 7. irizpidea baloratzeko, zeina eskatzen diren ekipamenduen kofinantzaketari buruzkoa baita, honako kalkulua egingo du hautaketa-batzordeak:

Kofinantzaketa-irizpidearen balioa = [(coef cofin) / 0,80]*10

Gehienez 10 puntu, non:

– Kofinantzaketa koefizientea (kofin koef) = egiaztatu eta onartutako ekipamenduaren kofinantzaketa/eskatutako ekipamenduaren zenbateko garbia.

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren II. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aspektuen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 5. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-inprimakian agertuko da.

13. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaeren ebaluazioa oinarri hartuta. Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta eskaera bakoitzak balorazio-fasean lortu duen puntuazioaren araberako lehentasun-ordenari jarraikiz zehaztuko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa 6. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz esleituko da, horretara bideratutako kreditu erabilgarria agortu arte, 2. artikuluaren arabera.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balorazioa lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.

3.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua eskuratzeko, beste erakunde batek emandako kofinantzaketa badago, irmoki esleitua, deialdi honen bidez emandako laguntzaren diru-zenbatekoa hautaketa-batzordeak ekipamendurako onartutako kostuari beste erakunde horrek emandako kofinantzaketa kenduta ateratzen den emaitza baino txikiagoa izango da.

14. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Hautaketa-batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari helaraziko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak dirulaguntzak esleituko ditu edo, hala badagokio, haiek ukatu edo eskaerak baztertu, arrazoitutako ebazpen baten bidez. Ebazpen hori artikulu honen 3. zenbakiaren arabera jakinaraziko da.

2.– Ebazpenean, eskaera bakoitzaren honako erreferentziak jaso behar dira:

– Eskaeraren kodea.

– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde eskatzailea.

– Laguntza-entitatea, halakorik balego.

Finantzatutako eskaeretarako:

– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.

– Erakunde eskatzaileari esleitzen zaion laguntzaren zenbatekoa.

Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako:

– Ez finantzatzearen edo bazter uztearen zergatia.

3.– Jakinarazpenerako, ebazpen hori egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da: (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Halaber, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» izeneko atalera (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), non ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu beharko baita; hartara eragotzi barik, iragarki-taulan argitaratu osteko hilabetean, publikotasunaren ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea bai onuradunen zerrenda bai dirulaguntzen zenbatekoak.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei egindako jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazteko, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ebazteko epe hori eten ahal izango da ebaluazioak dirauen bitartean.

5.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (9.2 artikulua) ebazpena argitaratzen denetik hasita 10 egun naturaleko epean erakunde eskatzaileak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.

6.– Deialdi honetako erakunde eskatzaileren batek ekipamendu bera eskuratzeko beste erakunde baten kofinantzaketa jaso badu eskabidea aurkeztu edo ebazpena eman ondoren, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio horren berri, gainfinantzaketarik izanez gero deialdi honen bidez emandako finantzaketari dagokion kopurua kentzeko.

15. artikulua.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Onuradunak beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdi batean parte hartu badu eta ekipamendu beraren erosketa zati batean finantzatu bada, gelditzen den zatia finantzatu ahal izango da deialdi honen bidez. Nolanahi ere, finantzaketa osoak ezingo ditu eskatutako beharrak gainditu. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru-kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

16. artikulua.– Dirulaguntza igortzeko baldintzak.

14.5 artikuluaren arabera emandako dirulaguntza onartuta, erakunde eskatzaileari ordainketa bakarra egingo zaio 2021. urtean, 17.1 artikuluaren eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren erabileraren jarraipena.

1.– Dirulaguntza 14.5 artikuluren zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, eta 2021. urtea amaitu baino lehen, finantzatutako ekipamendu zientifikoaren erosketaren jatorrizko fakturak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaileak, bide telematikoko aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko da fakturetan.

Halaber, entitate onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zeinaren bidez adieraziko duen ekipamendu zientifiko bera eskuratzeko beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako laguntza jaso duen ala ez, eta hala balitz, kofinantzaketa hori justifikatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko du.

2.– Dirulaguntza onartu eta urtebete igaro ostean, eskuratutako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruzko txostena aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, bide telematikoko aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin; txosten horrek, gutxienez, apartatu hauek izango ditu:

a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.

b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.

c) Laguntza-entitate batekin partekatutako eskaera bada, talde eskatzaileen artean ekipamenduaren erabilera partekatzeko programa.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Entitate onuradunak, ikerketa-taldearen bitartez, agindu honetan zehaztutakoari eta Ikerketa Zuzendaritzaren jarraibideei segituz egingo ditu gastuak. Proiektuaren dirulaguntzari egotzitako gastu guztia behar bezala justifikatu beharko da, onartutako horniduraren arabera.

2.– Gastua behar bezala egiaztatu beharko da, gastuen fakturak edo merkataritza-balioa duten agiriak aurkeztuta. Jatorrizko agiri horiek entitate onuradunak gorde beharko ditu, eta organo kudeatzailearen esku egongo dira edozein egiaztapen egiteko.

3.– 17.1 artikuluaren aurreikusitako fakturak aurkeztu ondoren, eta gutxienez bost urtez, ekarpen horretatik aurrera, erakunde onuradunek zaindu beharko dituzte egin dituzten eta laguntzaren xede diren gastuak egiaztatzen dituzten faktura eta gainerako dokumentu guztiak, bai eta deialdiari buruzko beste edozein dokumentazio ere. Erakunde onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar die erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio eta dokumentazio, hala eskatuz gero.

4.– Erakunde onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza jaso dela.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntza edo laguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, egokiro justifikatu edo egiaztatu ez diren gastuak laguntzeko diru-kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.

Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:

– Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa aldatu eta murriztu egingo da. Justifikatu ez den gastuaren zenbatekoan murriztuko da laguntza.

– Entitate onuradunak ekipamendu bera eskuratzeko beste erakunde batek emandako laguntza lortzen badu, eta deialdi honen ebazpenean esleitutako diru kopurua hautaketa-batzordeak onartutako ekipamenduaren kostuari emandako kofinantzaketaren zenbatekoa kenduta ateratzen den diru kopurua baino handiagoa bada, emandako dirulaguntzari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.

2.– Aldaketa horiek egingarriak izan daitezke, baldin eta agindu honen bidez diruz lagundutako proiektuek gutxieneko eskakizun hauek betetzen badituzte:

– 7.1 artikuluaren deskribatutako ikertzaile taldeen osaera.

– Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 7.5 artikuluaren deskribatua.

– Proiektuaren gastu osoaren % 40 baino gehiago betetzea, 17.1 artikuluaren lehenengo paragrafoaren arabera justifikatuta.

Eskakizun horietako bat betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta, halakorik badagokio, berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio.

20. artikulua.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo itzultzeko arrazoia.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du dekretu horrek), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, jarraian adierazitako ez-betetzeak egiaztatzen badira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.– Arau-hauste administratiboren bat gertatzen bada, laguntza eta dirulaguntza publikoen alorreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

3.1.– Ikertzaile nagusiak edo dirulaguntza eskatu duen erakunde onuradunaren legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoaz bestelako erakunde batera joaten bada, edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, emandako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza arriskuan jarrita.

3.2.– Talde bera osatzeko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ekipamenduaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta onarpena jaso gabe.

3.3.– Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze astuna (osorik edo zati batez).

3.4.– Dirulaguntza agindu honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea, justifikatuta ez badago behintzat.

3.5.– Entitate onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza jaso dela ez adieraztea.

4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, dirulaguntza ordaindu ondoren justifikatzen bada ekipamendu zientifiko bera erosteko beste erakunde publiko edo pribaturen baten kofinantzaketa jaso dela, dirulaguntza murriztuko da, 13.3 artikuluaren ezarritakoaren arabera, eta jasotako dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

5.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango egin beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

21. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztu dituzten dokumentuak egiazkoak direla.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatutako ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokia egoteko baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Nortasuna: erakunde eskatzailearena, sinadura elektronikoaren bidez; ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren bidez; eta laguntza-erakundeena, IFKren bidez.

b) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

c) Aktiboan edo eskabide-fasean diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan, eskatutako proiektua garatzen ari delarik, ikerketa-taldeak parte hartuko duen, baita ekipamendua erabiliko den proiektuena ere.

d) Ekipamendu zientifiko hori erosteko beste erakunde batzuetatik jasotako finantziazioaren gaineko informazioa, finantza-bideak eman dituen erakundea eta eskatutako edo emandako zenbatekoa adieraziz, baldin eta hori dagoeneko ebatzita badago.

e) Eskatutako ekipamenduaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoen gaineko informazioa.

f) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 3.3 artikuluaren jasotako eskakizunei buruzkoa.

g) Erakunde eskatzailearen adierazpena, hauei buruzkoa:

1) Ekipamenduaren erosketan, onuradunari dagokion zatia ordaintzeko konpromisoa, 6.2 artikuluaren zehaztutakoari jarraikiz, baldin eta dirulaguntza ematen bada.

2) Erakundearen konpromisoa, 90.000 euroko edo gehiagoko ekipamendua erabiltzeko eta mantentzeko. Konpromiso honetan, adierazi beharko du ekipamendua erabiltzeko zein sistema erabiliko duen (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko zein sistema erabiliko duen, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatuz.

2.– Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:

2.1.– Agiri teknikoak:

Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskabidearekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioaren bidez, aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egingo da.

a) Proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatuko duen memoria teknikoa. Orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez orain eskatzen diren teknika eta tresna horiek zergatik diren beharrezko azaldu behar da, beraz. Inguru zientifiko horretan, badagoen ala ez dagoen ekipamendu hori.

b) Ekipamendu zientifikoaren eta osagaien balorazio ekonomikoa.

c) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitae laburtua (deialdiaren datatik aurrerako azken 6 urteetakoa), ikertzaile bakoitzak izenpetua eta horretarako prestatutako txantiloian aurkeztua. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei agiriak zuzentzeko eskatuko zaie.

d) Ekipamendua kofinantzatzeko eskaeraren kopia, hala badagokio.

e) Kofinantzatutako ekipamenduaren ebazpenaren kopia, hala dagokionean.

f) Eskatutako ekipamenduaren proformako fakturak, gutxienez hiru firma komertzialek emandakoak, 9.6 artikuluaren arabera, edo ezintasunaren justifikazioa.

g) Ezaugarri teknikoetan oinarritzat hartuta, proposamena zuzen baloratzeko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.

2.2.– Administrazio-dokumentazioa:

a) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), bertan adierazita zenbat denbora eskainiko dien 2021-2022ko aldian aktibo dituen proiektuei zenbateko dedikazioa izango duen kofinantzatutako proiekturako eta eskatutako proiekturako.

b) Erakunde eskatzailearekin edo laguntzakoarekin parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren lan-egoerari buruzko dokumentazioa (kontratua), hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, gainera, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, adierazi beharko du aipatutako obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion, 7.6 eta 7.7 artikuluen jarraikiz.

c) Ikerbasquek kontratatu badu, zentro eskatzaileari atxikitzeko agiria, 7.8 artikuluaren arabera.

d) Parte hartzen duten erakundeetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketako fakturak, egungo egoera, azken urteko ekipamenduaren erabileraren estatistika (erabileraren erregistroko liburuxkarekin bat) eta zer abantaila duen ekipamendu berriak aurrekoarekin alderatuta.

e) Eskaeran laguntza-erakunde batek parte hartuko badu, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta erakunde eskatzaileak sinaturik, eta araudi horrek bermatuko du ekipoaren erabilera beste ikerketa-talde batzuekin partekatuko dela.

f) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.3 artikuluaren aipatutakoak, organo kudeatzaileari egiaztapen automatikoa egiteko baimenik eman ezean, 9.7 artikuluaren aurreikusi bezala.

g) Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala