Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2020ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4478

EBAZPENA, 2020ko urriaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baitira Hondarribiko (Gipuzkoa) hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua.

AURREKARIAK

2020ko ekainaren 2an, Hondarribiko Udalak eskabide bat bete zuen, Hondarribiko (Gipuzkoa) hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskaerarekin batera, Plan Bereziaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat aurkeztu ziren.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2020ko ekainaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterketa estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitza eta edukiarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Hondarribiko (Gipuzkoa) hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du; hau da, Plan Bereziaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio esanguratsuen aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa–. Hondarribiko (Gipuzkoa) hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plan Berezia) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Hondarribiko Udalak sustatua. Plan horrek ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunt bat izan behar du, ingurumenaren gaineko ondore esanguratsuak izan baititzake, jarraian adierazitako baldintzen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak: Plan Bereziaren xedea da hiriko Alde Zaharra birgaitze integratuko eremu izendatzea. Plan Berezia Hondarribiko hirigune historikoa garatzeko hirigintza-tresna da.

Irizpideak ezarri dira eremuko jarduketetarako, ondarea katalogatzeko eta haren balioa nabarmentzeko, eta ondare historiko-arkitektonikoko eta arkeologikoko elementu interesgarriak berreskuratzeko eta birgaitzeko. Irizpide horiek ezarri ahal izateko, egin diren azterlanetako proposamenak kontuan hartzen dituen jarduketa-esparrua arautu da (Hondarribiko Harresiei buruzko Gida Plana, Hondarribiko Irisgarritasun Plana, Zuhaiztiei buruzko Gida Plana, Hondarribiko Hirigune Historikoko ibilgailuen trafikoaren azterketa eta Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren Plana).

Honako hauek dira Plan Bereziaren proposamenak:

– Hondarribiko hirigune historikoa berregituratzeko hiri-proiektuak. Espazio publikoak diseinatzea.

– Hirigune historikoan egiteko dauden eraikuntza-garapenak.

– Eraikuntza-parke pribatua birgaitzea sustatzeko eta arautzeko arau-proposamenak. Errehabilitazio energetikoa, materialak eta emaitzaren kalitate arkitektonikoa.

– Hirigune historikoan jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriak; lokalen eta espazio publikoaren erabilerari buruzko ordenantzak; mugikortasuna.

Plan Bereziak hiri-lurzoruko espazio libreen eraikuntza-proiektuetarako eta obra-proiektuetarako esparrua ezartzen du.

B) Plan Bereziaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, zehazten da ezen, lege horren V. eranskinaren 2.f.2 puntua aplikatuta kultura-ondarean izan ditzakeen eraginen ondorioz kaltetuta egon daitekeen eremuaren balioa eta kalteberatasuna kontuan hartuta, ezin dela baztertu Hondarribiko Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Bereziak (Gipuzkoa) ondorio esanguratsuak eragingo ez dituenik ingurumenean, prebentzio, babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aplikatzen badira ere.

Bigarrena.– Hondarribiko (Gipuzkoa) hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziaren irismen-dokumentua egitea, ingurumen-xedeetarako soilik, eta honako baldintza hauen arabera:

Ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, Azterketa) honako gutxieneko edukia hartu beharko du barne: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean eta planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa (I. eranskinean jasotakoa ere kontuan izan behar da).

Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanda, honako gai hauek jasoko dira, besteak beste:

A) Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak berariaz justifikatu beharko du Plan Bereziak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-ildoak hartuko dira hura egiteko funtsezko oinarri gisa. Zehazki, Plan Bereziak politika sektorialetan ingurune naturalaren kontserbazioa modu eraginkorrean nola integratzen duen baloratu beharko da (1.1. jarduketa-lerroa).

Horrez gain, arau hauetan bildutako irizpideak jaso beharko dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, eta 1/2014 Legegintzako Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

Zehazki, garapen jasangarriko printzipio hauek zuzenduko dute Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioa:

a) Paisaiak eta kultur ondarea babestea eta hobetzea.

b) Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea, eta lehendik ere artifizialduta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea.

c) Energia-aurrezpena, energia berriztagarrien efizientzia eta erabilera eta kogenerazioa sustatzea.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoak baloratu beharko du proposatutako jarduerek nola integratzen dituzten aipatu garapen jasangarriko printzipioetatik ondorioztatutako ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak. Horretarako, helburuok betetzeko hartutako neurriak/irizpideak identifikatu beharko ditu.

B) Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.

Plan Bereziaren xede den eremuak «5.13. Alde Zaharra» izeneko gunea hartzen du, Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren mugaketaren arabera, eta 116.119 m2-ko azalera du. Hondarribiko hirigune historikoko harresi-barrutia eta haren kanpoko ertza hartzen ditu.

Hondarribiko hirigune historikoko monumentu multzoaren ondare-balioak kenduta, ez da identifikatu ingurumenaren ikuspegitik garrantzitsua den beste baliorik.

C) Etorkizunean jarduketak egiteko egokiak ez diren eremuak.

Babes-erregimen bat duten eremu guztiak hartu beharko dira kontuan, ingurumena babesteko oinarrizko legeria aplikatuta. Kasu honetan, ingurumen-eremu garrantzitsu gisa identifikatu da proposatutako Plan Bereziaren jarduketa-eremua osatzen duten eraikinen multzoa, eta Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo gisa hartzea proposatu du.

Natura-ingurunea babestu, zaindu eta hobetzeko, eta ekosistemen eta beren zerbitzuen galera eta erresilientziaren murrizketa mugatzeko, etorkizuneko jardueretarako lurzoruaren ordenamenduak ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremutzat jo behar ditu planaren eremuan lehendik dagoen kapital naturala eta ingurumen-arriskuak dituzten espazioak, erabakiak hartzeko prozesu osoan zehar. Gune horiek, gainera, desegokitzat joko dira ingurunea zuzenean eraldatzen duten jarduerak hartzen badituzte edo bertan garatutako jarduerek ez badute bermatzen elementu nabarmen horiei ez dietela kalterik egingo eta ez dituztela larriagotuko hauteman diren arriskuak.

D) Aldez aurretik egindako kontsulten erantzunen ingurumen-analisi laburra.

Plan Berezia ezartzean sor daitezkeen ondorio esanguratsuei dagokienez, honako ohar hauek egin ditu Kultura Ondarearen Zuzendaritzak:

Uste da Plan Bereziak Hondarribiko hirigune historikoko monumentu multzoaren ondare-balioetan eragin handia duten gaiak lantzen dituela; gai horiek alternatiben eta horien eraginen ebaluazio xehatua behar dute (irisgarritasuna, lurpeko aparkalekuak, lursailak elkartzea, erabilerak arautzea, diskordanteak kentzea, etab.).

Bereziki, jarraian adieraziko diren alderdiak aztertu beharko dira, honako testu hauen babes-arauekin bateragarri egiteko: 63/2000 Dekretua, apirilaren 4koa, Hondarribiko hirigune historikoko arkeologia-gunea kultura-ondasun kalifikatzen duena, Monumentu Multzo kategoriarekin; 2/2001 Dekretua, urtarrilaren 9koa, Etxebeste, Casadevante, Zuloaga eta Joana Eroaren etxeei, Panpinot kaleko etxesailari, harresiei eta Karlos V.aren Gazteluari buruzko espedienteak Hondarribiko Hirigune Historikoarenean bateratu, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen manuetara egokitu, eta Monumentu Multzo izendapenarekin Kultura Ondasun deklaratzeko dena; eta 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa.

Ondare arkitektonikoa:

– Hirigune historikoa irisgarritasun unibertsalera egokitzearen eta monumentu multzoaren ondare-balioak babestearen arteko bateragarritasunari buruzko azterketa sistematiko eta integrala egingo da, igogailu berriak instalatzeko jarduketak berraztertzea barne.

– Ondare historiko-arkitektonikoaren katalogoan, Plan Bereziaren eremuan EAEn babesten diren kultura-ondasun guztiak sartu behar dira; ondasun horiek 63/2000, 2/2001 eta 2/2012 dekretuetako zerrendetan daude identifikatuta.

– J-22 fitxan, Damarri 1-Kasinoa etxeari buruzkoan, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aipatu behar da (dekretu horren bidez, Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzen da Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia), eta hura eraisteko aurreikuspenari buruzko aipamena kendu.

– Dokumentazio grafikoan, hirigune historikotik igarotzen den Donejakue Bidearen trazadura jaso behar da, 2/2012 Dekretuaren 11. eranskineko ibilbidearen arabera.

– Lur-zatiketan (bereizketak, elkartzeak edo erregularizazioak) egin daitezkeen aldaketen baldintzak definitu eta justifikatu behar dira, eta, nolanahi ere, dagokion araudian aurreikusitako irizpideak bete beharko dituzte.

– Sakon aztertuko dira paradorearen ondoan eraikitzea aurreikusten den lurpeko aparkalekuaren beharrak, alternatibak eta inpaktuak.

– Bereziki kontuan hartu behar da presio turistiko handiagoa jasaten duten hirietako hirigune historikoetan bizitegi-erabilerako etxebizitzak erabilera turistikoko etxebizitza bihurtzen ari den fenomenoa, bai eta jarduera ekonomikoaren sustapena ere, eta erantzuna eman behar zaie.

Ondare arkeologikoa:

– Ingurumen-dokumentu estrategikoan, hirigune historikoko eremu arkeologikoa aipatu behar da, bai eta eremu arkeologikoaren zorupeari eragiten dion edozein obratarako udal-hirigintzako lizentzia eman aurretik proiektu arkeologikoa egin beharra ere.

– Ondasun arkeologikoen inbentarioaren fitxan, agindutako esku-hartze arkeologikoa eta 63/2000 Dekretuan ezarritako babes-maila sartzea, babes arkitektonikoarekin bateragarria dela egiaztatuta.

– Murrua 1 (l-03) katalogotik kanpo uztea, hura desagertzea sustatzen duen 63/2000 Dekretuaren xedapenarekin bateraezina baita.

– Ingurumen-azterketan txertatzea ingurumen-azterketan proposamen bakoitzak ondare arkeologikoan, obra-fasean eta ustiapen-fasean, duen eraginari buruzko –dela positiboa, dela negatiboa– azterlan xehea, eta, hala badagokio, kasuan-kasuan dagozkion prebentzio-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak ezartzea.

E) Ingurumen-azterketa estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

Ingurumen-txosten estrategikoak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako edukia bildu beharko du, eta hori Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean jasotzen denarekin osatu beharko da.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek honako eskema metodologikoari erantzun behar diote:

1.– Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekiko loturak.

2.– Ingurumenaren egungo egoera.

3.– Ingurumenean gerta daitezkeen ondorio esanguratsuak.

4.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.

5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

7.– Laburpen ez-teknikoa.

Ebaluatzekoa den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, uste da ingurumen-azterketa estrategikoak –aurrerantzean, Azterketa– behean azaltzen diren alderdiak landu behar dituela, bakoitzari ondoren adierazten den zabaltasuna eta zehaztasuna emanda:

1.– Edukia, helburuak eta beste plan eta programa batzuekiko loturak.

Azterketak Plan Bereziaren helburu nagusien laburpen labur bat izango du, eta beste plan eta programa lotuekin dituzten loturei buruzko analisi labur bat. Gainera, ingurumen-alderdiak Plan Bereziaren prestaketan nola txertatzen diren azaldu beharko du. Aztertu beharko da nola laguntzen duen Plan Bereziaren aplikazioak ingurumen-helburuak txertatzen.

Plan Berezia prestatzean, azterketak era espezifikoan justifikatu beharko du nola hartu diren kontuan Ebazpen honetako bigarren puntuko A apartatuan jasotako ingurumena babesteko helburuak eta printzipio eta irizpide jasangarriak. Justifikazio hori bai arauetan bai Plan Berezian bertan ezarritako adierazle eta mugen erabileran oinarritutako da.

Ingurumen-azterketa estrategikoak hierarkikoki goi-mailakoak diren lurralde- eta sektore-antolamenduko planekin bateragarria dela dioen azterketa bat aurkeztu beharko du. Zehazki, eta beste batzuen artean, honako araudi hauek hartuko dira kontuan:

– 63/2000 Dekretua, apirilaren 4koa, Hondarribiko hirigune historikoko arkeologia-gunea kultura-ondasun kalifikatzen duena, monumentu multzo kategoriarekin.

– 2/2001 Dekretua, urtarrilaren 9koa, Etxebeste, Casadevante, Zuloaga eta Joana Eroaren etxeei, Panpinot kaleko etxesailari, harresiei eta Karlos V.aren Gazteluari buruzko espedienteak Hondarribiko Hirigune Historikoarenean bateratu, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen aginduetara egokitu, eta Monumentu Multzo izendapenarekin Kultura Ondasun deklaratzeko dena.

– 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa.

Halaber, eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako ondorioak eta eragin metagarriak eta sinergikoak identifikatuko dira. Hemen identifikatutako ondorioak, halakorik izanez gero, Plan Bereziaren inpaktuak identifikatzeko eta baloratzeko apartatuan ebaluatuko dira. Baterako helburuak lortzea izango da xedea, eta, horrez gain, beste planen helburu eta jarduketa-ildoekiko gainjartze, gatazka edo bateraezintasunak agertzen bada, Plan Bereziak jarduteko zer beste aukera dituen ebaluatzea.

2.– Ingurumenaren egungo egoera.

Azterketak ingurumenaren egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak deskribatu beharko ditu, eragin esanguratsuak jasan ditzaketen guneen ingurumen-ezaugarriak zehaztuta eta Plan Berezia aplikatu ezean gune horiek izan dezaketen bilakaera azalduta, klima-aldaketa bera ere kontuan izanik.

Plan Bereziaren garapen-eremuaren ezaugarriak eta aurreikusitako jarduketak direla eta, haren garapenak eragina izan dezakeen ingurumeneko elementu guztiak identifikatu beharko dira. Horretarako, Plan Bereziaren eremuan EAEn babesten diren kultura-ondasun guztiak sartu behar dira; ondasun horiek 63/2000, 2/2001 eta 2/2012 dekretuetako zerrendetan daude identifikatuta (aurreko puntuan adierazten dira). Halaber, hirigune historikoko arkeologia gunea aipatu beharko da.

Era berean, egon daitekeen edozein ingurumen-arazo garrantzitsu eta eremuaren garapen urbanistikoari buruzko mugapenak identifikatu behar dira, baita ebazpen honetako C apartatuan jasotako edozein gunerekin erlazionatutako arazoak ere.

Horrez gain, lurraldearen ingurumen-unitate homogeneoak definituko dira, horien paisaia-ezaugarrien eta baliabide naturalen azterketa integratutik abiatuta.

Lehen aipatutako ingurumen-alderdiak era kartografikoan adierazi beharko dira, Plan Bereziarekiko proportzioa duen eskalan.

Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena ingurumen-adierazleetan bermatu beharko da; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, baita lurraldeari eta ingurumenari buruzko Eustatenak ere, eta txosten honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste batzuk.

Aipatutako adierazleei buruzko datuak izan beharko ditu txostenak, eta, halakorik ez badu, alderdi berak adierazten dituzten beste adierazle batzuei buruzkoak; kasu bakoitzean, datu zehatzak lortzeko egon litezkeen zailtasunak justifikatu beharko ditu. Era berean, proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu azterketak, oro har, ingurumen-zaintzako programa aplikatzeko erreferentziako ingurumen-egoera zehaztuta gera dadin.

3.– Ingurumenean gerta daitezkeen ondorio esanguratsuak.

Apartatu honetan, espero daitezkeen ingurumen-ondorio esanguratsuak aztertu beharko dira, batik bat ondare kultural eta historikoaren gainekoak. Ondorio horiek barnean hartu behar dituzte albo-ondorioak, metaketak, sinergiak, epe labur, ertain eta luzerako eraginak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak.

Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du azterketak, baldin eta ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan baditzakete. Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero daitezkeen ingurumen-ondorioak deskribatuko dira, eta, hala behar denean, justifikatu beharko da zergatik ez den espero ingurumen-ondorio kaltegarri jakin bat gertatzea. Eta, identifikatutako inpaktu guztietatik berariaz nabarmendu beharko dira esanguratsutzat hartzen direnak.

Lur-zatiketaren balizko aldaketek (bereizketak, elkartzeak edo erregularizazioak) eragin ditzaketen ondorioak baloratu beharko dira, bai eta hirigune historikoetan bizitegi-erabilerako etxebizitzak erabilera turistikoko etxebizitza bihurtzeak eragin ditzakeenak ere, eta, edonola ere, dagokion araudian aurreikusitako irizpideak bete beharko dituzte.

Ingurumen-azterketan, ingurumen-azterketan proposamen bakoitzak ondare arkeologikoan-fasean eta ustiapen-fasean, duen eraginari buruzko –dela positiboa, dela negatiboa– azterlan xehea txertatu beharko da, eta, hala badagokio, kasuan-kasuan dagozkion prebentzio-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak ezarri.

4.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.

Ingurumen-ebaluazioaren azken faseetan, aukerarik egokiena hautatu ondoren, hartu beharreko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak eta, azken buruan, konpentsazio-neurriak garatuko dira, identifikatutako eraginak arintzeko; horrela bermatuko da, ingurumen-azterketa estrategikoan bertan ezarritako baldintzetan, Planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsurik ez duela sortuko. Ahal den heinean, zehaztuko da proposatutako neurri bakoitza zer garapen-tresnatan ezarriko den.

Bestalde, Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako proiektuak identifikatu beharko dira, garapenaren baldintzak ezartzeko eta, hala badagokie, proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ezartzeko.

Azkenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eskatzen duenez, ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartuko ditu klima-aldaketan egon daitekeen eragina arindu, eta hartara egokitzeko neurriak. Xede horrekin, IHOBEk egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: «Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gida. Udalsarea 21 lan-koadernoa» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko Eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko (IHOBE)».

5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.

Honako hau bilduko da: alternatibak aukeratzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa eta Planaren helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna justifikatuko dituena, batez ere txosten honetako A apartatuan adierazitako ingurumen-helburuekikoak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartu behar du ezer ez egiteko aukera. Bada, aukera horretan, Planaren eremuak gaur egungo egoeran jarraituko luke. Plana aplikatu ez eta gaur egungo egoeran jarraituz gero, aztertu beharko da zein izango litzatekeen arlo garrantzitsuen eboluzio gertagarriena.

Apartatua bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako alternatiba bideragarria dela, teknikoki eta ingurumenaren aldetik, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei ahalik eta kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

Sakonki aztertuko dira paradorearen ondoan eraikitzea aurreikusten den lurpeko aparkalekuaren beharrak, alternatibak eta inpaktuak.

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

Azterketak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du, eta, bertan, Plan Berezia aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Ingurumena zaintzeko programan adierazleak deskribatuko dira, eta, behar izanez gero, ondorio esanguratsuenen erreferentziako balioak, bai positiboak bai negatiboak.

Ingurumena zaintzeko programak Ebazpen honetako A apartatuko helburuak betetzeko proposatzen diren adierazleak bildu beharko ditu azterketan. Era berean, kasuan-kasuan datuak zenbatean behin eta zer metodologiaren bidez bilduko diren azaltzeko proposamen zehatz bat izan beharko du.

F) Laburpen ez-teknikoa.

Azterketak barnean hartuko du aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat, herritarrek oro har ulertzeko modukoa eta aztertutako alderdi guztiak lantzen dituen informazio zehatzarekin, baita informazio grafikoarekin ere, dokumentu autoaskia eta azterketarekiko berarekiko independentea izan dadin.

G) Organo eskudunak kontsultatu beharko dituen eragindako administrazio publikoak eta pertsona interesdunak identifikatzea.

Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, ebazpen honetako kontsulten izapidea betetzeko erabilitako zerrenda hartuko da gai honen eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen zerrenda osatzeko, aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera. Ingurumen-organoak honako hauei egin die kontsulta:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea.

– Eguzki. Eguzkizaleak aisialdirako elkartea.

H) Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateak, iraupena eta epeak zehaztea.

Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo eskudunak edo, hala badagokio, sustatzaileak jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du Plan honen hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez, gutxienez. Era berean, eta aurreko izapidearekin batera, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsultatutako erakundeen iritzia jaso beharko du, gutxienez, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluaren arabera, gehienez ere hamabost hilabetekoa izango da txostena, arauaren 21. eta 22. artikuluetan aurreikusitako kontsultak eta jendaurreko informazioaren prozedura gauzatzeko epea, irismeneko dokumentu honen erakunde sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik hasita.

I) Organo sustatzaileak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapideetan kontsultatu beharko dituen eraginpeko administrazio publikoak eta pertsona interesdunak identifikatzea.

Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hau izango da eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen zerrenda:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea.

– Eguzki. Eguzkizaleak aisialdirako elkartea.

J) Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateak, iraupena eta epeak zehaztea.

Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo eskudunak edo, hala badagokio, sustatzaileak jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du Plan honen hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez, gutxienez.

Halaber, epe horretan bertan, aurreko apartatuan identifikatu diren eragindako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen iritzia jaso beharko da, gutxienez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17.3 artikulua aplikatuz, gehienez ere hamabost hilabetekoa izango da ingurumen-azterketa estrategikoa eta lege beraren 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan aurreikusitako kontsultak egiteko eta informazio publikoaren prozedura betetzeko epea, irismeneko dokumentua sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik aurrera.

K) Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesionala eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egin beharko dute azterketa, eta Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Azterketan pertsona horiek identifikatu beharko dira, eta haien titulazioa eta, hala badagokie, lanbide arautua adierazi. Identifikazioan jarri behari dira izena, abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu bererako balio duen beste dokumentu batena. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Txostenaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira horiek, Administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuak izan ezik.

Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:

1.– Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek behar den koherentzia errespetatu beharko dute, bai haien artean bai aurretik aurkeztutakoekin, halakorik bada; hartara, ez da oztopatuko erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana, baizik eta erraztuko da.

2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen apartatuak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, apartatu batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan, ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).

3.– Beharrezkoa izanez gero, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi beharko da.

4.– Behar den apartatuetan, dokumentazio grafikoa eta kartografikoa gehitu beharko da (PDFek geoerreferentziatuta egon beharko dute); gutxienez, Planaren eta aurreikusitako jarduketen informazio kartografikoa aurkeztuko da.

5.– Dokumentu kartografikoez gain (.pdf formatuan), horien .shp formatuko kopia bana aurkeztuko da. Shape fitxategiak ongi manipulatu ahal izateko, ez dute 10 Mb-tik gorakoak izan behar.

6.– Kode eta titulu batekin identifikatu behar dira plano guztiak. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura, eta noiz egin den.

7.– Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, planoan jatorrian adierazitako eskala zuzendu beharko da, horretan oinarrituta egindako neurketek zalantzarik sor ez dezaten.

8.– Testuetan aipatutako eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak aurkeztu beharko dira dokumentazioarekin batera. Erreferentzia horiek argi eta garbi jarri behar dira, kasuan kasuko elementua erraz aurkitzeko moduan.

9.– Informazio jakin bat dokumentuetako apartaturen baten osatze edo zuzentze gisa aurkeztuz gero, eta aldi berean espedientean mantentzen bada zuzendu nahi den apartatua, informazio berriak adierazi beharko ditu jatorrizko dokumentuan osatzearen edo zuzentzearen ondorioz ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, apartatuak, paragrafoak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak eta abar. Aurreko dokumentazioren bat osatzen edo zuzentzen duen dokumentazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Aipatutako jarraibideak betetzen ez badira eskaera bat zuzentzeko, litekeena da izapide gehigarri bat behar izatea, kontraesanezko edo inkongruente izan daitezkeen alderdiak argitzeko, eta horrek atzerapena ekartzea prozeduraren ebazpenean.

10.– Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta inprimakiak erabilita; zehazki, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-izapide-elektronikoen-gida/web01-a2inguru/eu/

11.– Dokumentu bat .pdf formatuan aurkezten denean, 30 MB izango ditu gehienez, eta bilaketak egiteko aukera eman beharko du. Dokumentu handiagoak zatitu egin beharko dira, sisteman sartzeko.

12.– Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide osoa txertatuko da, adierazitako ataletako bakoitza zer orrialdetan dagoen zehaztuta. Aurkibidea aurkeztean .pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da orrialde hori aurkitzeko irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan adierazi behar denarekin.

13.– Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hondarribiko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

Javier Agirre Orcajo.


Azterketa dokumentala