Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2020ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4477

EBAZPENA, 2020ko urriaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (HAPB) buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko abuztuaren 8ko Ebazpenaren bidez egin zen Oiartzungo «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Oiartzungo Udalak jendaurrean jarri zuen Oiartzungo Altzibar auzoko «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera (2020ko otsailaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 26. zk.), 45 egunez, ukituek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Oiartzungo Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.

Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Oiartzungo Udalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean jasota daude.

2019ko apirilaren 24an, Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (HAPB) buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa osatu du Oiartzungo Udalak, otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (HAPB) azken proposamena; aurrerantzean, Plana, 2020ko uztailekoa.

– Oiartzungo HAPOko «ALT-6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Ingurumen Azterketa Estrategikoa (aurrerantzean, IngAE), 2019ko irailekoa.

– Jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideen emaitzak jasota dauden dokumentuak.

– Ingurumen-alderdiak, IngAE eta kontsultak Planaren azken proposamenean txertatu izanaren laburpena.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.

Ildo horretan, adierazi behar da Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (HAPB) egitea eta onartzea Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean xedatutako betekizunetako bat dela.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko A) apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, plan bereziak, ingurumenari ondorio esanguratsuak eragiteko modukoak badira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Oiartzungo Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen-organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen eta lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena–), Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorriz, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du. Adierazpenak aldeko balorazioa egiten du ingurumen-alderdiak Planaren proposamenean sartzeari buruz, eta planak ingurumenean izango dituen inpaktu esanguratsuen aurreikuspenari buruz, azkenean onartzen den planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako.

Orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta aplikatu beharreko legeak eta arauak ikusita, hau da, 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT-6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (HAPB) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), jarraian jasotzen den bezala:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT-6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburua da eremua xehetasunez antolatzea, HAPOn egiturari dagokionez ezarritakoarekin bat etorriz, baimendutako hirigintza-eraikigarritasun osoa garatuz eta eremuaren barruan behar diren zuzkidura guztiak gauzatuz, betiere indarrean dagoen legediak ezarritako estandarren arabera. Bizitegi-erabilerara bideratutako hiri-lurzoru finkatugabea da, eta 9.096 m2-ko azalera du.

Planak 46 etxebizitza berriak eta haiei dagozkien zuzkidurak barne hartzen dituen egoitza-programa bat garatzen du, eta bide-sistema orokorraren espazio-eskakizunei erantzuten die, beharrezko den lurzoru-erreserba ezarriz, bide horri lotutako zortasunak errespetatuz eta parametro fisikoak koordinatuz. Agerrealde Etxadirako sarbidea 36 metroko diametroa duen biribilgune baten bidez egingo da, GI-3631 errepidean txertatuta, Altzibar auzoaren hegoaldean etorkizunean saihesbidea egin ahal izatea eragotzi gabe. Gainera, gaur egun loturarik ez duten Kaleberria eta Agerrealde eremuak lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide bat gauzatuko da, iparretik hegorako norabidean; era berean, aparkaleku defizita konponduko da, lur gainean 50 plaza eta eraikinen azpian 110 eta 120 plaza artean sortuz.

Planaren eraginpean zuzenean dagoen eremua ez da Natura 2000 Sareko naturagune babestua, ezta babestutako beste naturagunerik ere. Ez da, ezta ere, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egitura-elementua, eta ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik.

Oiartzun ibaiarekiko hurbiltasuna nabarmendu behar da, eremuaren mugatik 50 metro iparraldera baitago.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eremuan kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira aztertutako hiru aldietan (goizez, egunez, gauez), eraikin berrien kanpoaldean nahiz fatxadetan.

Eremuak ez du urpean geratzeko arriskurik.

Ez dago lurzatirik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen EAEko inbentarioan dagoenik.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko abuztuaren 8ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Planaren tramitazioa egin bitartean ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk sartu.

Dena den, esan behar da, jendaurreko informazioaren ondoren, eremuaren mugaketa puntualki doitu dela, antolamendurako komeni den lurzoruren bat sartzeko eta desegokiak ziren jabari publikoko lurzoru urbanizaezineko hondar-eremu txikiak baztertzeko. Eremuak 9.096 m2-ko azalera izango du amaieran, hasieran onartutako Planean mugatutakoa baino % 1,36 handiagoa eta HAPOn mugatutakoa baino % 3,87 handiagoa. Behin betiko Planak mugaketa-doikuntza horretara egokitzen du hasieran onartutako Plana. Egokitzapen horrek oso irismen mugatua du: R-2 lurzatia 400 m2 handitu da, bideen parametroak hobetu dira, eta erabilgarri dagoen zabalera handitu da, Agerrealdeko espaloietatik zortasun-plaza berrirainoko oinezkoentzako eta zerbitzuetarako ibilgailuentzako sarbidea zehazteko (hasieran onetsitako Planaren 3 metroetatik 6 metrora). Gainera, mugaketa mendebaldetik zabaltzeak (280 m2 lurzoru barne) euste-horma bat saihestea eta landa-lurzorurako ezponda batekin ordeztea ahalbidetzen du.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Plana garatuko duten proiektuak idazterakoan honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

– Eraikuntza-proiektuek behar bezala jaso beharko dituzte eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak, eraikineko gela zein den (egongela edo logela), eta eguneko faseak kontuan hartuta (goiza, arratsaldea eta gaua). Fatxadaren isolamenduak behar bezala justifikatuko dira proiektu horietan.

– Eraikuntza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, «Ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzarako gida. Industria Eraikinak» gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Lorategi-jarduketetan, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen. Bertako landare-espezieak erabiliko dira, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituak eta ahalik eta mantentze-lan gutxien eskatzen dituztenak. Hala badagokio, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira.

Gainera, Plana garatzeko proiektuek honako neurri hauek hartu beharko dituzte kontuan obrak behar bezala gauzatzeko:

– Landaredia babestea: oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala.

Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Lurzoruak babestea: behar diren neurriak jarriko dira eragindako lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Landareztatu behar diren azaleretan eta ezpondetan, ahal dela, landare-lurra erabiliko da.

– Urak babestea: lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Kultura-ondarea babestea: Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloko Gipuzkoako Foru Aldundiko sail eskudunari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark.

– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan. Eskuliburu horretan, honako alderdi hauek jasoko dira gutxienez: lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, lanaldiak eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Bereziki honako hauek:

– Hondakinak kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Obretan indusketa-soberakinak sortuz gero, horiek baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

IngAEk ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-ondorio batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuen obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (HAPB) onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «ALT 6/Altzibar Mendebaldea» hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (HAPB) buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Oiartzungo Udalari.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 1a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala