Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4467

AGINDUA, 2020ko urriaren 14koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez atzera egiten baita 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren plazen deialdia egiteko dena.

Eusko Jaurlaritzak urtero kudeatzen du Auzolandegien programa Gazteria Zuzendaritzaren bidez.

Auzolandegi bat ekintza bat da non leku askotako gazteak biltzen diren, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko asmotan, ekintza osagarriekin batera. Auzolandegiak programaren helburua elkartruke kulturala eta jatorri zein kultura desberdinetako gazteen bizikidetza ahalbidetzea da, gizarte-proiekzioa duen lan bat eginez, komunitatearen edo herriaren onurarako.

2020. urterako proiektuen aukeraketaren prozeduraren deialdia Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko azaroaren 5eko Aginduaren bidez egin zen, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2020. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko (2019ko azaroaren 18ko EHAA. 219. zk.).

Auzolandegiak programan EAEko pertsonek parte hartzeko 2020ko deialdia arautzen duen Agindua 2020ko martxoaren 4ko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena da, zeinaren bidez 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren plazen deialdia egiten den.

Aipatutako martxoaren 4ko Aginduaren 5. artikuluak ezartzen du: «Auzolandegietan parte hartzeko interesa duten pertsona guztiek aurreinskripzioa egiteko eskaera egin beharko dute Internet bidez apirilaren 1etik eta 22ra bitartean, biak barne.»

Programa prestatzen zen bitartean, COVID-19ak sorrarazitako osasun-egoerak eta horren ondorioz indarrean jarritako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena, eta haren ondoz ondoko luzapenek ekarri dute aparteko neurriak hartu behar izatea, besteak beste, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea eta administrazio-epeak etetea. Egoera honek, aurreinskripzio epeak eteteaz gainera aurreinskripzio fasea sine die atzeratuz, auzolandegien prestaketa zaildu egiten du. Era berean, egungo osasun-egoerak ez du ahalbidetzen horiek normaltasunez garatzea. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programa 2020an ez gauzatzea erabaki da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84. artikuluaren arabera, prozedura amaitzeko aukerak hauek dira: ebazpena, atzera egitea, eskaeraren oinarri den eskubideari uko egitea –ordenamendu juridikoak uko hori debekatzen ez badu– eta iraungitzat deklaratzea.

Bestalde, lege horren 93. artikuluak adierazten duenez, ofizioz hasitako prozeduretan, Administrazioak atzera egin ahal izango du, arrazoiturik, legeetan aurreikusitako kasuetan eta aurreikusitako betekizunekin.

Aipatutako lege-aginduak eta oro har, eta horiekin bat etorriz aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Atzera egitea Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren prozeduran, 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren plazen deialdia egiteko dena (2020ko martxoaren 18KO EHAA, 55. zk.).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 14a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana