Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4459

1143/2020 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan Larrialdietako Harrerako Administrazio Taldeko buruaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.

Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan Larrialdietako Harrerako Administrazio Taldeko Buruaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta honako oinarri hauetan xedatutakoaren arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango du honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatzen duen langileak:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta plaza jabetzan izatea C2/D2 lanbide-taldean.

b) C2/D2 lanbide-taldeari dagokion titulazioa izatea.

c) Gutxienez 2 urteko esperientzia profesionala C2/D2 lanbide-taldean.

d) 2. hizkuntza-eskakizuna, 2020-12-01eko derrigortasun-data.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetzako Euskara Planeko gainerako baldintzak.

2.– Kontuan hartu beharreko merezimenduak.

Ezagutza eta esperientzia e-Osabide aplikazio informatikoaren erabileran: kontsulten eta erradiologiako hitzorduen moduluak, ospitalizaziokoak eta larrialdietakoak.

Ezagutza eta esperientzia Osabide Global aplikazio informatikoaren erabileran.

Ezagutza eta esperientzia ospitale-oheen kudeaketan.

Prestakuntza edo/eta esperientzia taldeen antolaketan eta kudeaketan.

ISOri buruzko ezagutza.

Lan-taldeetan parte hartzea.

Esperientzia e-Osabideren erabiltzaileak prestatzen.

Interesgarritzat jotzen diren eta lanpostu hori betetzeari balioa eransten dioten merezimendu guztiak aurkeztu ahal izango dira.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da.

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Interesatuek Osakidetzako Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Begiristain doktorearen pasealekua z.g. 20014-Donostia), datu pertsonal guztiekin eta «curriculum vitae» dokumentatuarekin batera. Agiriek honela egon behar dute:

NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

Funtzionarioen edo estatutupeko langileen izendapenaren fotokopia konpultsatua, edo hala badagokio, lan-kontratudun langile finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

Betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatua.

Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta agertzen diren alderdiak; kasu horietan, izangaiaren eskabidean jasoko da egoera.

5.– Balorazio Batzordea.

Eskabideak baloratzeko, Batzorde bat eratuko da eta horren berri emango zaie izangaiei. Zuzendari-gerentea edo hark eskuordetutako pertsona buru dela, honako kide hauek izango ditu: zuzendari medikoa, langileen zuzendaria (idazkari gisa, hitza eta botoarekin) eta hautagaiei eskatzen zaien titulazioa izango duten bi kide.

Eskabideak aztertu ondoren, Batzordeak eginbide osagarriak egitea erabaki ahalko du; hala bada, izangaiei jakinaraziko zaizkie.

Izangaiek jasotako balorazioaren araberako proposamena egingo da, dagokionaren izendapena formalizatzeko. Epaimahaiak, txosten arrazoituaren bidez, proposatu ahalko du hutsik uztea, baldin eta izangaiek ez badituzte eskatutako baldintzak betetzen.

Batzordearen bilkura bakoitzaren akta egingo da. Bertan, zein izangai aurkeztu diren jasoko da, bai eta lanpostua horietako bati esleitzeko edo, hala badagokio, deialdia hutsik uzteko kontuan hartu diren arrazoiak ere.

6.– Hautaketa-prozedura.

Inola ere ezingo dira merezimendutzat hartu deialdiaren iragarkia EHAAn argitaratzen den egunean izaten ez direnak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko Ebazpena.

Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea), Osakidetzako Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baita Osakidetzaren intranetean zein web-orri korporatiboan ere argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea emango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Donostia, 2020ko urriaren 1a.

Donostialdeko ESIko zuzendari gerentea.
E (53/2019 Ebazpena, urtarrilaren 24koa).

Langileen zuzendaria,

ESTHER LITAGO SOLA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana