Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2020ko urriaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4174

EBAZPENA, 2020ko irailaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren «a.220.4/3» azpilurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko ekainaren 11n, Donostiako Udalak eskabide bat bete zuen, «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren «a.220.4/3» azpilurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko ekainaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste irizpen-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

«AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren «a.220.4/3» azpilurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza da horretarako organo eskuduna, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren «a.220.4/3» azpilurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren xede den eremuak 839,5 m2-ko azalera du, eta 2010ean behin betiko onartu zen Donostiako HAPOn ageri den «AM.05 Loiolako Erriberak» eremuaren barnean dago.

Indarrean den HAPOk 2003ko HAPOk «AM.05 Loiolako Erriberak» eremuan egindako aldaketa eta eremu horren beraren 2004ko plan partziala baliokidetzen ditu. Eremu horretan, guztira, 1.342 etxebizitza eraiki nahi ziren. Halaber, AM.05 hirigintza-jarduerarako eremuaren a.220.4/3 azpilurzatiari bizitegi-erabilera kolektiboa eman zitzaion (1 etxebizitza; 2.889,07 m2/t-ko sabai eraikigarria).

Plan Bereziak 2010eko HAPOn ezarritako antolamendu xehatua aldatu nahi du a.220.4.3 azpilurzati horretan, kalifikazioa aldatuta; bizitegi-erabilera kolektiboaren ordez, etxebizitzarako bizitegi-erabilera izango du, 34 etxebizitza libre eraiki ahal izateko. Hala, «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuan, guztira, 1.342 etxebizitza beharrean 1.376 eraikiko dira, sabai eraikigarriari eutsita a.22.4/3 azpilurzatian (2.889,07 m2/t). Eraikinak bi solairu eta erdi-soto bat izango ditu sestra azpian, eta sestratik gora bost solairu eta atikoa.

Lehengo antolamenduaren aldean handitu egingo denez hirigintza-eraikigarritasuna, zuzkidura-jarduera egin behar da (dentsitatea handituko da; etxebizitza kolektibo bat eraiki beharrean, 34 etxebizitza libre eraikiko dira).

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du aldatuko lurzoruaren erabilera, bizitegirako izango baita. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak indarrean den hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak garatuko ditu, eta sabai eraikigarria ez du aldatuko. Horrenbestez, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste ezein plan edo programatan. Urbanizazioa eginda dago; beraz, plana onartuta, eraikuntza-proiektuaren bidez garatuko da.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeari begira: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, batez ere erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruneko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren xede den eremua Loiolako Erriberak auzoan dago. Erabat urbanizatu eta eraikita dago, salbu eta lurzati jakin batzuetan, esaterako, Ebazpenaren xede den «a.220.4/3» azpilurzatia. Planaren ingurumen-efektu nagusiak eraikuntza-obren ondoriozkoak eta eraikinak etorkizunean izango duen egoera akustikoa izango dira, bizitegi-erabilerako eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak gaindituko direlako.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko HAPOn aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagoak izatea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Horrenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Plana egokia ote den ingurumenaren arloko Batasuneko edo Espainiako estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari, zaratari eta biodibertsitateari dagokienez.

2) Ondorioen eta eragina nozitu lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Jarduketaren xede den eremua Donostiako Loiolako Erriberak auzoan dago. Hegoaldean duen Pablo Sarasate kalearen eta ekialdean dagoen Otamendi Anaiak kalearen arteko bidegurutzean dago. «AM.05 Loiolako Erriberak» hirigintza-jarduerarako eremu osoa Eremua Urbanizatzeko Proiektuaren arabera urbanizatuta dago, eta «a.220.4/3» azpilurzatiak hirigintza-zerbitzu guztietarako harguneak ditu.

Eremuan ez da hauteman eremu babesturik, igarobide ekologikorik, interes geologiko edo geomorfologikoko elementurik, ur-ibilgurik, kultura-ondareko elementurik eta ingurumen-arrisku adierazgarririk. Lurzatian landaredia erruderala dago, belarrak eta zuhaixkak, eta espezie aloktono inbaditzaileen ale batzuk (Buddleja davidii eta Cortaderia selloana).

Eremuan hauteman diren ingurumen-arazoei dagokienez, egungo egoera akustikoan egin behar da azpimarra, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direlako, batik bat, lurzatiaren ekialdean dagoen GI-20 errepideko zirkulazioarengatik. Hala, aztergai den eremua babes akustiko bereziko eremua da («ipar-mendebaldeko zona»), 2013ko uztailaren 12an behin betiko onartu zen Donostiako Zarataren Aurkako Ekintza Planaren arabera.

Ondorioz, Planak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren a.220.4/3 azpilurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

3.1.– Bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak 31.2 artikuluan xedatuarekin bat –Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretua–, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko lizentziarik eman, baldin eta, lizentzia emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomiko egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora, inguru eraiki gabeetan; altuera orotara, leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

3.2.– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa Arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

– Kutsadura-aztarnarik hautematen bada obretan, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko 4/2015 Legearen 22. artikulua betez, jakinaren gainean jarri beharko dira Ingurumen Sailburuordetza eta Donostiako Udala.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, gurpilak garbitzeko plataformak barne, lohia edo hautsa barreiatzea ekiditeko. Kamioiek obran sartu eta obratik irteteko erabili beharreko bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Jarduera-eremuan hautematen diren landare aloktono inbaditzaile guztiak kendu beharko dira (Buddleja davidii eta Cortaderia selloana). Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da: Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren a.220.4/3 azpilurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «AM.05 Loiolako Erriberak (II)» hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren «a.220.4/3» azpilurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala