Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2020ko urriaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4173

EBAZPENA, 2020ko irailaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko D-4 eraikingintza-unitatea aldatzeari buruz.

AURREKARIAK

2020ko maiatzaren 20an, Lezoko Udalak eskabide bat bete zuen, Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko D-4 eraikingintza-unitatea aldatzeari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko ekainaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko D-4 eraikingintza-unitatearen aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko D-4 eraikingintza-unitatearen aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziaren aldaketak (aurrerantzean, plana) Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko (aurrerantzean, plan berezia) D-4 eraikingintza-unitateari bakarrik eragiten dio. Plan hori 2010eko apirilaren 14an onartu zen. D-4 exekuzio-unitateak 284 m2-ko azalera du eta HAE1 - Alde Zaharra eremuan dago (Lezoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean zehazten da eremu hori, eta 38.015 m2 ditu. Hiri-lurzorua da).

Plan Bereziaren arabera, D-4 exekuzio-unitateak egokitasun-maila erdipurdikoa du egituraren nahiz eraikuntzaren aldetik, beraz, finkatzeko, birgaitzeko (eraispen partziala eta handitzea barne) eta ordezteko esku-hartzeak baimentzen dira.

Ingurumen-ebaluazioa egingo zaion planak garatzen dituen ordenantza partikularrak eta Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziak D-4 eraikingintza-unitaterako ezartzen dituenak berdinak dira, salbu eta antolamendu xehatuaren zehaztapen batzuk. Hala, planak soto-solairu berri bat berrantolatuko du, Polentzarrene kaletik sarrera izango duen garaje-erabilerarako. Sotoaren estalkia erdi-sotoko solairuko etxebizitzaren terraza bihurtuko da, eta Polentzarrene kaletik ibilgailuak sartzeko bidea aldatuko da, lorategiak berreginda eta eraikinaren sestra peko egitura indartuta (zati batean hartzen du aipatu kalea), ibilgailu arinak D-4 exekuzio-unitatera iritsi ahal izateko. Bestalde, beheko solairu osoari etxebizitza-erabilera ematea baimentzen da, eta indarrean den planak merkataritza-erabilera ere baimentzen du.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du lurzoruaren erabilera aldatzen. Hori onartu eta gero, dagokion eraikuntza-proiektuaren bidez garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak indarrean den hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak garatzen ditu, zertxobait aldatuta hirigintza-parametroetako batzuk (lurzatiaren eraikigarritasun aurreikusia); beraz, ez da espero eragin nabarmenik izatea beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruneko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren xede den eremua Lezoko hirigunean dago. Planaren xede eremuan dagoen eraikina egokitasun-egoera erdipurdikoan dago, hala egituraren nola eraikuntzaren aldetik. Planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak eraikinaren eraispen-faseari eta eraikin berriaren eraikuntzari lotuta daude eta ez dute garrantzi handirik.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagotzea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.

2.– Ondorioen eta eragina nozitu lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Azterketaren xede den eremua Lezoko hirigune historikoan dago, eremu erabat finkatuan. Lurzatia eremu erabat urbanizatuan dago, eta ez du ingurumen-balio nabarmenik, ezta balizko ingurumen-arrisku atxikirik ere. D-4 eraikuntza-unitatea arkitektura-interesik gabeko eraikina da, eta ez dago ezein babes-mailaren mende.

Eremua ez dago ezein eremu babestutan, eta ez da igarobide ekologiko ezeinen parte. Urbanizazio-maila handia dela eta, lurzatian ez dago landaredirik. Eremuaren ondoko lorategian lore/zuhaixka apaingarriak daude. Aipatu behar da Buddleja davidii espezieko ale batzuk daudela (espezie aloktono inbaditzailea) eraikinaren ekialdeko fatxadan.

Olatzar erreka zati batean lurperatuta igarotzen da eremutik 150 metro hegoaldera. Errekak Lezoko hirigunea zeharkatzen du, Oiartzun ibaira isurtzen den arte, eta ibaia aurreraxeago isurtzen da Pasaiako badia. Oiartzun ibaiaren bokalea eta Pasaiako badia nutrienteen ekarpenarekiko kaltebera gisa daude sailkatuta, urriaren 16ko 214/2012 Dekretuaren bitartez. Beraz, eremua Oiartzunen estuarioko inguru kalteberen ura hartzeko eremuaren barnean dago (ESCA641). Eremuak 0,77 km2 ditu. Bestalde, eremua jalkin alubialen eta alubio-kolubialen interes hidrogeologikoko gune gisa dago identifikatuta (GZ064-2-49 kodea).

Egin den inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, egungo egoeran, etxebizitza-erabilerako eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira.

Ondorioz, Planak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko D-4 eraikingintza-unitatearen aldaketan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Plana gauzatzeko proiektuen neurriak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

– Obrak egin bitartean kutsadura-zantzuak atzemanez gero, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 22. artikulua betez, horren berri eman behar zaie Lezoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, gurpilak garbitzeko plataformak barne, lohia edo hautsa barreiatzea ekiditeko. Kamioiek obran sartu eta obratik irteteko erabili beharreko bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Jarduera-eremuan hautemandako flora aloktono inbaditzailea guztiz kenduko da (Buddleja davidii). Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea 21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko D-4 eraikingintza-unitatea aldatzeak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Lezoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Lezoko hirigune historikoaren Birgaikuntza Plan Bereziko D-4 eraikingintza-unitatea aldatzea onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 7a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala