Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2020ko urriaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKO LEGEBILTZARRA
4155

ERABAKIA, 2020ko irailaren 24koa, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurarena, Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua aldatzekoa.

2020ko irailaren 24an egindako osoko bilkuran hartu zen erabakia betez, agintzen dut Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren aldaketa.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 24a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

Eusko Legebiltzarrak, 2020ko irailaren 24an egindako osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua aldatzea onetsi du, idazki honekin batera doakizun testuaren arabera.

Eta horrela jasota geratzeko, eta erabakitakoa bete dadin, ziurtagiri hau egiten dut Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren oniritziarekin, Gasteizen, 2020ko irailaren 24an.

Mahaiko lehen idazkaria,

IÑIGO ITURRATE IBARRA.

Ontzat emana, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

ERANSKINA
EUSKO LEGEBILTZARRAREN ERREGELAMENDUA ALDATZEA
ZIOEN AZALPENA

SARS-CoV-2 birusak sortutako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialak erronka bat ekarri die parlamentu guztiei. Parlamentarismoan bere hastapenetatik finkatu eta batzar legegileen erregelamenduetan islatutako zenbait printzipio, hala nola bilkuren presentzialtasuna edo parlamentarien botoa eskuordetzeko ahalmena, zalantzan jarri dira.

Beharrezkoa izan da berriro aztertzea ukiezinak ziruditen gai horiek guztiak, orain arte parlamentarien presentzia eta ordezkarien arteko interakzioa, debatea eta eztabaida bermatuko zukeen prozedura baten bidez, legegintza-ganberen borondatea eratzeko funtsezko elementutzat jo izan zituztenak.

Alabaina, printzipio horietatik harago, Legebiltzarraren zentraltasunak, euskal herritarren ordezkaritza-erakunde gisa, gailendu beharra dauka krisi-garaietan. Legebiltzarra funts-funtsezko zerbitzua da eta hor egon behar du zabalik, jardunean eta aurrera eramanez bere legegintza-egitekoa, kontrola eta bultzada, parlamenturik gabe ezin daitekeelako demokraziarik izan. Herritarrek beren ordezkaritza izan beharra daukate, eta sistema demokratikoaren printzipio hori, oinarrizkoa eta fundatzailea, ezin daiteke zalantzan jarri osasun-larrialdi batengatik.

Horregatik dakargu Ganberaren Erregelamenduaren erreforma hau, izatez urgentziazkoa izanez, esku-hartze txiki-txiki bat egin asmo duena gaurdaino behar bezala jardun duen testu batean. Aldaketa-proposamenak egokitu egin nahi du teknologia berrien erabilera dugun ezohiko egoerak eragindako beharrizan berrietara, egoera horrek eragotzi egiten duelako legebiltzarkideak lekuz aldatzea edo esparru itxi eta edukiera mugatukoetan biltzea.

Proposatzen dugu, hain zehatz, 75 bis artikulu berria gehitzea, jasotzen baitu bilera telematikoak edo ez-presentzialak deitu ahal izatea egokitzat jo daitezkeen baliabide teknikoak baliatuz.

Beste alde batetik, proposatzen da beste idazkera bat ematea 89.1 artikuluari, boto-eskuordetza egin daitekeen kasuak gehituko dituena.

Dena ere egongo da nola Bozeramaileen Batzarraren hala Legebiltzarreko Mahaiaren kontrolaren pean, eta Mahaia izango da azken erabakia hartuko duena salbuespenezko egoerei aurre egiteko egokitzat jotzen dituen neurriak arrazoituta hartzeko.

1. artikulua.– Aldatu egingo da 75. artikulua, honela idatzita geratuko delarik:

«75. artikulua

1.– Legebiltzarraren osoko bilkurak jendaurrekoak izango dira, salbu eta isilpekoak izatea erabakitzen denean, 76. artikuluan ezartzen denari lotuz.

2.– Batzordeen bilkurak ateak itxita egingo dira. Hala ere, Jaurlaritzako kideek ahalmena izango dute batzordeen bilkuretara joateko eta bilkuretan hitz egiteko. Gizarte-hedabideetako ordezkariak ere egon ahal izango dira bilkuran, nortasuna behar bezala egiaztatuta.

3.– Bilkura parlamentarioak jarraitzea posible egiteko beharrezkoak diren neurri teknikoak hartu ahal izango ditu Legebiltzarreko Mahaiak, 76. artikuluaren aplikazioak ezartzen dituen mugekin».

2. artikulua.– 75 bis artikulu berria erantsiko da, honela idatzia:

«75 bis artikulua

Legebiltzarreko Mahaiak, Bozeramaileen Batzarrarekin ados jarrita, erabaki ahal izango du, arrazoituta, osoko bilkurak edo batzordeetako bilkurak modu ez-presentzialean edo telematikoan egitea, bi talde parlamentariok edo Legebiltzarreko kideen bostenak eskaturik, ezohiko inguruabarrek legebiltzarkideak Ganberan normaltasunez egotea galarazten dutenean».

3. artikulua.– Aldatu egingo da 89.1 artikulua, honela idatzita geratuko delarik:

«89.1 artikulua

1.– Pertsonala eta beste inoren esku ezin utzizkoa da legebiltzarkideen botoa, honako kasuotan izan ezik:

a) Legebiltzarkideek atsedenaldi bat izango dute erditzearen ondoren amatasun edo aitatasunagatik. Atsedenaldi horren iraupena Ganberako Mahaiaren erabakiz ezarriko da. Aldi horretan, bozeramailearen edo beste legebiltzarkide baten esku utzi ahal izango dute beren botoa.

b) Haurdunaldi, amatasun, aitatasun, ospitaleratze edo gaixotasun larriaren arrazoiengatik osoko bilkuretako eztabaidetan eta bozketetan egoterik ez duten legebiltzarkideek beste legebiltzarkide baten esku utzi ahal izango dute beren botoa.

c) Legebiltzarkideak Ganberan normaltasunez egotea galarazten duten salbuespenezko egoeretan, Mahaiak, arrazoituta eta Bozeramaileen Batzarrari entzunik, boto-eskuordetza baimendu ahal izango du.

Boto-eskuordetza Legebiltzarreko Mahaiari zuzendutako idazkiaren bitartez egingo da. Idazkian, boto-eskuordetza egiten duenaren eta jasotzen duenaren izenak adieraziko dira, baita eskuordetza hori zein eztabaida eta bozketatan baliatzekoa den edo, hala badagokio, eskuordetzak zenbat iraungo duen. Mahaiak, eskaria izapidetzea onartzearekin batera, eskuordetzako botoa erabiltzeko prozedura eta gehieneko denbora ezarriko ditu».

4. artikulua.– Azken paragrafo bat gehituko zaio 93. artikuluari:

«Haurdunaldi, amatasun, aitatasun, ospitaleratze edo gaixotasun larriaren kasuetan, baita legebiltzarkideak Ganberan normaltasunez egotea galarazten duten salbuespenezko egoeretan ere, Mahaiak, arrazoituta, baimendu ahal izango du botoa telematikoki ematea, erabakitzen duen prozeduraren bidez, Bozeramaileen Batzarrari entzunik, zeinak boto-emailearen nortasuna eta botoaren adiera bermatuko duen».

AZKEN XEDAPENA

Aldaketa hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala