Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2020ko irailaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3789

AGINDUA, 2020ko irailaren 15ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, sail honetako lanpostu bat –Zerbitzu Zuzendaritzako goi-kargudunaren idazkaria, 520010 kodea, 26. dotazioa– izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean Zerbitzu Zuzendaritzako goi-kargudunaren idazkari lanpostua hutsik dagoenez (520010. kodea, 26. dotazioa), Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berdinetan, honakoek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan badaude izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute. Ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora ez badute bete.

3.– Eskatutako betekizunak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira betekizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren langileen arloko zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun balioduneko epean. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.

2.– Hautagaiek eskaerarekin batera «curriculum vitaea» aurkeztu beharko dute eta bertan honako hauek adierazi:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera gehienez hilabeteko epean.

Lanpostua lortzen duen pertsonak ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman zuen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 15a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

ERANSKINA

Lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria (kodea: 520010; dotazioa: 26).

– Kokapena: Zerbitzu Zuzendaritza.

– Saila: Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak.

– Herria: Vitoria-Gasteiz.

– Kidegoak: C1 Administraria / D1 Administrari laguntzailea.

– Lanpostu-mailako osagarria: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2014-03-31.

Betekizunak:

– C1 edo D1 kidegokoa izatea.

– Era berean, beharrezkoa izango da administrarien kidegoan urtebeteko esperientzia edo administrari laguntzaileen kidegoan urte biko esperientzia izatea.


Azterketa dokumentala