Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2020ko uztailaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3095

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio Hormigones y Morteros Agote SLUk Zestoako Agote industrialdean (Agote auzoa 11, 20740) sustatutako zepa zurien balorizazio-instalazioari.

AURREKARIAK

2019ko uztailaren 31n, Hormigones y Morteros Agote SLUk ingurumeneko baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, zepa zuriak balorizatzeko instalazioetarako, Zestoako udalerrian (Gipuzkoa).

Era berean, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen Zestoako Udalaren 2019ko abenduaren 18ko txostena aurkeztu zuen.

Prozedurari berriz ekinda eta aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2019ko abenduaren 11ko Ebazpenaren bidez erabaki zen Hormigones y Morteros Agote SLUk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2020ko urtarrilaren 13an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaiturik, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2020ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Zestoako Udalari, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.

2020ko martxoaren 9an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eskatu zitzaion txostena bidali zuen. 2020ko martxoaren 27an, Zestoako Udalak bidali zuen.

2020ko martxoaren 14an (BOE, 67. zk.), martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu eta jarri zen indarrean, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena. Hark hamabost egun naturaleko iraupena zuen hasiera batean, baina ondoz ondoko luzapenak izan ditu.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu horren 3. xedapen gehigarriak honako hau zehazten du administrazio-prozedurak izapidetzeko epeei dagokienez:

1.– Sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko baldintzak bertan behera utzi eta epeak eten egiten dira. Epeen zenbaketa berrekingo da honako dekretu honek, edo, horrela badagokio, dekretuaren luzapenek, indarrean egoteari uzten diotenean.

2.– Baldintzen eta epeen etenaldia urriaren 1eko 39/2015 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen gainekoan, definitutako sektore publiko osoari aplikatuko zaio.

3.– Aurretik aipatutakoa gorabehera, eskumeneko organoak, arrazoietan oinarritutako ebazpen baten bitartez, adostu ahal izango ditu prozeduran interesdunak direnen eskubide eta interesetan kalte larriak saihesteko behar-beharrezkoak diren antolamendu eta instrukzio neurriak, betiere interesduna ados badago edo interesdunak epea bertan behera ez uzteko adostasuna adierazten duenean.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa albo batera utzi gabe, Errege Dekretua indarrean sartu eta gero, sektore publikoko erakundeek arrazoietan oinarrituta adostu ahal izango dute alarma-egoera justifikatu duten gertaerekin hertsiki lotutako egoerekin harremanetan dauden administrazio-prozedurekin aurrera jarraitzea, edo ezinbestekoak direnekin, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako.

2020ko apirilaren 22an, Hormigones y Morteros Agote SLUk adierazi du ados dagoela epea ez etetearekin, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuan (463/2020 Errege Dekretua, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) xedatutakoari jarraikiz, prozedura hau geldiarazita haien interesetan sor litezkeen kalte larriak saihesteko.

2020ko ekainaren 29an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Hormigones y Morteros Agote SLUren esku utzi zen espediente osoa.

2020ko ekainaren 29an, Hormigones y Morteros Agote SLUk idazki bat igorri zuen alegaziorik ez dagoela adierazteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honetan sartuko dira kokapen horretan egiten diren gainerako jarduera guztiak, instalazioa Lege horren aplikazio-esparruan egotea eragin zuten jarduerez gain, nahiz eta Legearen eranskinetan jasota ez egon, baldin eta jarduerarekin lotura teknikoa badute eta izan daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan baditzakete.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein egiteko erabiltzen diren instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu behar duten instalazio guztietan berau betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren administrazio-kargak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Hormigones y Morteros Agote SLU enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara emisioak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, nahitaezko txostenak igorriz.

Lehenago aipatu dugun Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak.

Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da udal-agintaritzarentzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Hormigones y Morteros Agote SLUren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen 2018ko abuztuko BREF dokumentuaren («Hondakinen tratamendua») edukiak kontuan hartu dira.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Hormigones y Morteros Agote SLUk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen dena.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, hala xedatuta baitago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan.

Honako hauek ikusi dira: ingurumen-organo honen 2020ko ekainaren 29ko Ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurumena babestekoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hormigones y Morteros Agote SLUri, egoitza soziala Zestoako udal-mugarteko Agote industrialdean duenari (Agote auzoa 9, 20740 Zestoa, Gipuzkoa), eta IFK: B-20898136 zenbakia duenari, ingurumen-baimen integratua ematea Zestoako udal-mugarteko Agote industrialdean kokatuta dagoen zepa zuriak balorizatzeko instalaziorako (Agote auzoa 11, 20740 Zestoa, Gipuzkoa) (NIMA: 2000093104), Ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzetan.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

5.4.c Zepa eta errautsen tratamendua.

Instalazioa Zestoan dago kokatuta eta 1.157,15 m2-ko azalera eraikia du oinplanoan. Nabe itxi bat da perimetro osoan eta ibilgailuentzako alboko 2 ate ditu tratatu beharreko zepak sartzeko eta tratatutako zepa nahiz eta prozesuaren errefusa ateratzeko.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen II. eranskineko R12 eta R5 kodeak dagozkio jarduera kudeatzeko eragiketei.

R 12. Hondakinak trukatzea, R1 eta R11 artean zerrendatutako lanetan erabiltzeko. Honen parte dira balorizazioaren aurreko operazioak (aurreko tratamendua egitea, desmuntatzea, sailkatzea, birrintzea, konpaktatzea, trinkotzea, peletizazioa, lehortzea, zatikatzea, prestaketa, berrontziratzea, banatzea, konbinatzea edo nahastea), R1 eta R11 artean zerrendatutako operazioen aurretik egiten badira.

R 5. Bestelako materia ez-organikoak birziklatu edo berreskuratzea.

Zehazki, honako hau da Hormigones y Morteros Agote SLUk egin beharreko jarduera: lortu nahi den granulometriara egokitutako bahe-zuloko baheketa, bahe bibrakorretan, eta hondakinen sailkapena (zati magnetikoak elektroiman bidez bereiztea, prozesuko errefusa bereiztea, 12 mm-tik gorako granulometria duen zepa), gero berriz erabiltzeko.

Instalazioaren jarduera nagusia zepa zurien balorizazioa da, horiek zementua edo ongarriak fabrikatzeko lehengai gisa erabil baitaitezke. Balorizazio hori honako etapa hauek osatzen dute:

– Zepa zuria jasotzea: Tratatu beharreko zepa zuria altzairutegitik Hormigones y Morteros Agote SLUren instalazioetara eramaten da, altzairutegiak prozesu hauek egin ondoren:

– Materiala hoztea.

– Baheketa: pieza metalikoak eta tamaina handiko beste batzuk bereizten dira. 200 mm-ko bahe-zuloko sare bat erabiltzen da. Zepa bahearen gainean uzten da, pala kargatzailea erabiliz, eta zati metaliko handiak txatar-parkera eramaten dira.

– Hormigones y Morteros Agote SLUren instalazioetan bahetutako zepa zuriaren tratamendua.

Tratamendu-instalazio hori eremu isolatu baten gisa diseinatuta dago industria-nabe itxiaren barruan, eta honako eremu hauek ditu:

– Elikatzeko tobera, 100 mm-ko bahe-zuloak dituen parrilarekin, materiala pilatu ez dadin; kanpoko bibragailu elektrikoak instalatu ahal izango dira toberan, eta horiek zintara deskargatu daitezke.

– Elikadura garraiatzeko uhala, motorrarekin eta arraste-trenarekin.

– Zati metaliko magnetikoak bereizteko elektroiman esekia. Horiek bereizgailu magnetikoaren azpian dagoen edukiontzi batean biltzen dira.

– Bahe bibrakorrak, erresistentzia handiko altzairuzko sare-baheekin, 10 × 10 mm-ko gutxienekora arteko bahe-zuloak, 0 eta 10 mm arteko amaierako granulometriako produktua lortzeko.

– Zinta bidez, errefusak eta gainerako ezpurutasunak pilaketa-eremura eramatea.

– Elektroimana duen zinta batekin, bahetutako zepa biltzea, egon daitezkeen metalezko hondakinak jasotzeko.

– Tratatutako zepa azken balorizatzailera eramatea industria-prozesuko lehengai gisa.

– Hondeamakina bidez, lortutako bi korronteak kentzea:

– Tratatutako zepa zuria: kamioietan kargatzen da zuzenean, gero balorizazio-enpresara bidaltzeko.

– Baheetatik baztertutako materiala (tamaina > 12 mm), hau da, zepa zuria kutsatu ahal izan duten zepa-hondarrak edo erregogorrak, hormigoiak... Material hori material mota horretarako prestatutako gune batera eramaten da, eta handik, guztiz ezabatzeko beste batera, hondakindegian utzita edo, bideragarria izanez gero, berriz balorizatzeko.

Jarduera hori gauzatzeko, honako ekipamendu hau behar da:

– Elikadura-tobera.

– Elikadura garraiatzeko uhala.

– Errefusa ateratzeko uhal garraiatzailea.

– Tratatutako zepa ateratzeko uhal garraiatzailea.

– Zati metaliko magnetikoak bereizteko elektroiman esekia.

– Erresistentzia handiko altzairuzko sare-baheak dituzten bahe bibrakorrak.

– Pala kargatzailea.

– Garbitzeko pala (eskuila akoplatu ahal izango zaio).

Tratatu beharreko zepa zuriaren urteko kantitatea 40.000 tona ingurukoa da, eta 30 t/h-ko tratamendurako gehieneko gaitasuna du.

Ekoizpen-prozesurako erabili diren energia-baliabideei dagokienez, energia elektrikoarekin bakarrik erabili da:

– Hormigones y Morteros Agote SLUn, zepa zuriak balorizatzeko jardueran, energia-kontsumoa 22,5 kW-koa da uhal garraiatzaileetan, 30 kW-koa Alkelar bahean eta 3 kW-koa elektroimanean.

Ekipamenduak banaketa-koadro batetik elikatzen dira, eta hark lehendik dagoen transformadore batean du hargunea.

Ez dago zepak tratatzeko eta biltegiratzeko jardueratik eratorritako hondakin-uren isurketarik, eta instalazioetan ez dago komun edo aldagelen instalaziorik; beraz, ez da ur-kontsumorik egongo. Estalkian jasotzen diren euri-urak erreten, zorroten eta kutxatilen bitartez bideratuko dira euri-uren saneamendu-sare orokorrera.

Emisio atmosferikoei dagokienez, ez dago atmosferara gas- eta/edo partikula-emisioen foku konfinaturik, baina bai tobera eta zinten karga eta deskargetatik eratorritako emisio lausoak. Zepa hezetasun-kantitate jakin batekin manipulatu eta biltegiratuko da (% 12 eta % 20 arteko hezetasunarekin), eta uhal garraiatzaileak karenatu egingo dira, emisio lauso horiek ahalik eta gehien saihesteko.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki. Ekipamenduen mantentze-lanak kanpoko enpresa batek egiten ditu, eta enpresa horrek bere gain hartzen ditu sortutako hondakin arriskutsuak eta haien kudeaketa egokia. Mantentze-lanak egiten dituen enpresak kudeatu gabeko hondakin arriskutsu zehatzen bat sortuz gero, hondakin hori Etxeberria Taldeko zepa beltzak balorizatzeko instalazioetan sortutako hondakin arriskutsuekin batera kudeatuko da.

Hormigones y Morteros Agote SLUren jardueran, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB), hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, eta «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» agirian jasotzen diren teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Proiektuak, besteak beste, neurri hauek biltzen ditu, zeinak teknika erabilgarri onenak (TEO) direla pentsa baitaiteke:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Hormigones y Morteros Agote SLUk Zestoako udal-mugartean sustatutako zepa zurien balorizaziorako jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea.

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari emandako datuetan aldaketarik balego, Hormigones y Morteros Agote SLUk aldaketa horien berri emango du.

C) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

C.1.– Hondakinak jaso, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onartzen diren hondakinak ondorengo apartatuetan zehaztuko dira, non horiek zuzen kudeatzeko zehaztapenak jasotzen baitira.

C.1.1.– Hondakin onargarriak.

Hormigones y Morteros Agote SLUk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

(Ikus .PDF)

C.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balorizatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen I. apartatuan ezartzen dena betetzea.

Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri berri bakoitzeko, Hormigones y Morteros Agote SLUk tratamendu-kontratua bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasoko baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Hormigones y Morteros Agote SLUk tratamendu-kontratu bat bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak 25.2 artikuluan dioenaren arabera.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du dokumentu hori. Ezingo da Hormigones y Morteros Agote SLUk kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik tratamendu-kontratua organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ez bada izan posizionamendu berariazkorik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.

EHZ kode guzti-guztiei eskatutako karakterizazio orokorra honako hau izango da:

(Ikus .PDF)

Hezetasuna kontrolatzeari dagokionez, lehortze-berogailuak eta doitasun-balantzak erabiliko dira hezetasuna diferentzia grabimetriko bidez zehazteko, Hormigones y Morteros Agote SLUren zepa beltzak balorizatzeko instalazioetan. Gainera, harreran berehalako kontrola egiteko, hezetasunaren neurgailu eramangarri bat (higrometroa) edo hezetasun eta tenperaturaren (termohigrometroa) neurgailu bat erabiliko da.

Hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete, eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Baldin eta beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, baitezpadakoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Baldin eta ekoizleari itzultzen bazaio, identifikazio-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Hormigones y Morteros Agote SLUk hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu une oro.

Onarpena baldintzatzen duten parametro horiek metodo homologatu bidez ezarriko dira; zentroaren langile taldeko kide den laborategiko buru batek gainbegiratu beharko du eta espezializatutako tituluduna izan beharko da. Horretarako, talde berari dagokion alboko instalazioan eskuragarri dauden bitartekoak erabili ahal izango dira, hondakina karakterizatzeko. Horrela, alde grabimetriko bidez zepen hezetasun-edukia zehaztuko da, astean behin, ekoizle desberdin baten aldetik; horrez gain, egunean behin zunda bidezko in situ neurketa bat egingo da hezetasuna kontrolatzeko.

Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren EHZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

C.1.3.– Zamalanak.

a) Zamalanetan ibilgailuak geratzeko guneak zolata iragazgaitzan egingo dira, eta beharrezkoak diren maldak nahiz gerta daitezkeen isurketak biltzeko sareak izango dituzte.

b) Plantan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu igorpen lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo, bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

c) Zehazki, emisio lausoak minimizatuko dira, pala kargatzailearen erorketa-altuera murriztuz.

d) Gainera, uhal garraiatzaileak eta deskarga-bideak erabiliko dira, garraio-distantziak murrizteko.

C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinak bi urtez gordeko dira gehienez.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan egin beharko da instalazioan onartutako hondakinen biltegiratzea.

d) Hautsezko hondakinak eta soltean hartutakoak pabiloiaren barruko piloetan edo hobietan biltegiratuko dira, sakabanatu ez daitezen.

e) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

f) Hondakinak desagertu edo galduko balira edo ihesen bat balego, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Zestoako Udalean.

g) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Hormigones y Morteros Agote SLUk C.1.1. apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eraman daitezen.

C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Hormigones y Morteros Agote SLUk formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, egoki den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Ukatu egin diren hondakinen kasuan, kantitatea, ukatu den hondakinaren enpresa ekoizlea, uko egin izanaren arrazoia, ukatu den hondakinaren azken norakoa eta beste gertakari batzuk jakinaraziko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Era berean, bidalitako zepa zuriaren kantitatea erregistratuko da, bai eta zehaztapenetatik kanpoko produktuen kantitatea eta helmuga ere.

Ebazpen honetako C.1.2. apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak apartatu honetan araututako erregistroan jasoko dira, baita Hormigones y Morteros Agote SLUk egin ditzakeen kontrasteko horiek ere.

C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destinoko instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

C.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

C.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

C.1. apartatuan adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Hormigones y Morteros Agote SLUk ondorengo tratamendu-lineetarako honako baldintza hauek betetzen direla bermatu beharko du:

Aldi baterako biltegiratzea.

a) Plantan geroago kudeatzeko biltegiratu behar diren hondakinak pabiloiaren barruan gordeko dira, konposizioa eta kodea kontuan hartuta. Horretarako, aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da, ziurtatzeko ezen batera biltegiratzeak ez duela azken kudeaketa zailtzerik.

b) Nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan (EHZ) –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

c) Hondakinak aldi baterako gordetzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

d) Indarraldiaren arabera, Hormigones y Morteros Agote SLUk eta enpresak bidalitako hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako tratamendu-kontratuen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz haraindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

C.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Hormigones y Morteros Agote SLUren lantegiaren ustiapenean nahitaez bete beharko dira, atmosferara emisioak egitean, Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-jariakinak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, jariakinen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.2.2.2.– Jarduera identifikatzea.

Zepa zurien balorizaziorako Hormigones y Morteros Agote SLUren instalazioa urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan jasotako A 04 02 10 01, B 09 10 09 02 eta C 09 10 09 51 jarduerekin lotuta dago (dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dira).

C.2.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Kogenerazioa-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinen isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galduko balira edo ihesen bat balego, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Zestoako Udalean.

Sortutako hondakinak beste erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

C.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Hormigones y Morteros Agote SLUk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Hormigones y Morteros Agote SLUk Erabilitako Industria-olioen Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du erabilitako olioa.

i) Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Hormigones y Morteros Agote SLUk poliklorobifeniloak (PCB) eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Hormigones y Morteros Agote SLU enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009 Erregelamenduak (EE) adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

m) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, Hormigones y Morteros Agote SLUk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarriak bete daitezen, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, urtean hamar tona hondakin baino gehiago sortuz gero, Hormigones y Morteros Agote SLUk neurri babesleak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetzan, gutxienez lau urtean behin, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluak ezartzen duenez, baldin eta lege horren arau bidezko garapenean Hormigones y Morteros Agote SLU hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa katalogatzen ez bada.

o) Baldin eta Hormigones y Morteros Agote SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da. Hortaz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

p) Apartatu honetako e), f), l), m) eta n) apartatuetan aipatutako dokumentuak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen Sailburuordetzak ondorio horietarako gaitu duen informazio-sistema erabiliz, betiere irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horren bidez arautzen da nola erabili zerbitzu elektronikoak Ingurumeneko administrazio-prozeduretan, bai eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa nola sortu eta erregulatu ere).

q) Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, Hormigones y Morteros Agote SLUk amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuaren C.2.3. azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balorizazioa ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Hormigones y Morteros Agote SLUk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Hormigones y Morteros Agote SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da. Hortaz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

h) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

i) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, Hormigones y Morteros Agote SLUk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

j) Apartatu honetako d), e), f), h) eta i) apartatuetan aipatutako dokumentuak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen Sailburuordetzak ondorio horietarako gaitu duen informazio-sistema erabiliz, betiere irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horren bidez arautzen da nola erabili zerbitzu elektronikoak Ingurumeneko administrazio-prozeduretan, bai eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa nola sortu eta erregulatu ere).

C.2.4.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Ebazpen hau jaso eta sei hileko epean, oinarri-txostena edo lurzoruaren hasierako egoeraren txostena aurkeztu beharko du Hormigones y Morteros Agote SLUk. Egoeraren aurreko txostena oinarri-txostenaren parte izan ahal izango da, baldin eta «Lurzoruaren egoeraren aurreko txostena egiteko prozedura operatiboa» agiriaren zuzentarauei edo haren ondorengo eguneratzeei jarraituz egiten bada. Agiri hori hemen dago eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/lurzoruaren-egoerari-buruzko-aurretiazko-txostena-egiteko-prozedura/web01-s2ing/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak ingurumen-organoari eskatu beharko dio lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko –aurreko apartatuetan aipatuak–, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren lehendik badauden instalazioei eskatzen zaizkien agiriak eman beharko ditu. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostenaren edukia eta entregatzeko baldintzak, lurzoruen eta lurpeko uren oinarrizko txostena eta kontrol- eta jarraipen-dokumentuak. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.euskadi.eus/informazioa/kutsaduraren-prebentzio-eta-kontrol-bateratua/web01-a2ingkut/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea. Halaber, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, induskatzen amaitutakoan, induskatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren kalitatearen adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, Sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz, betiere.

C.2.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Hormigones y Morteros Agote SLUk behar diren neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

(1) Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat inongo eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako, baliook eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkiola, are eraikin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo egonda ere.

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizean neurtutako ezein baliok ez ditu 5 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

Gutxienez, sustatzaileak ingurumen-baimen integratuarekin batera aurkeztutako agirietan proposatutako neurriak hartu beharko dira.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:

D.1.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.2.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen Ingurumeneko Erakunde Laguntzaile (IEL) batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, eta bertan, ebaluazio-puntuak adierazi.

D.3.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko –aurreko apartatuetan aipatuak–, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren lehendik badauden instalazioei eskatzen zaizkien agiriak eman beharko ditu. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostenaren edukia eta entregatzeko baldintzak, lurzoruen eta lurpeko uren oinarrizko txostena eta kontrol- eta jarraipen-dokumentuak. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.euskadi.eus/informazioa/kutsaduraren-prebentzio-eta-kontrol-bateratua/web01-a2ingkut/eu/

Sustatzaileak lurzoruen agiri bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde egiaztatu batek egina. Agiri horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko agiriak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

D.4.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, programa horretan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak (ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik) Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumeneko baimen bateratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

D.5.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurrien eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (38. – Hondakinak biltzea, tratatzea eta deuseztatzea; balorizatzea), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpideak eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Hormigones y Morteros Agote SLU enpresak lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Hormigones y Morteros Agote SLUk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren ataleko C.2.3. azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Hormigones y Morteros Agote SLUk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumeneko baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen emisio edo isuri oro saihesteko.

E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzioko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioak hautemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

d) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak, ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

h) Tangen hustuketa kontrolatzeko balio duen protokoloa edo prozedura edukiko dute. Eta saihestu egin beharko da efikaziari eragin diezazkioten isuriak tratamendu-plantara joatea.

i) Gorabeherarik gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean honako alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Zestoako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

G) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Hormigones y Morteros Agote SLU enpresak aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako emisioei eta isuriei, eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio horren transakzioa IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliz egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hots, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/eu/contenidos/informacion/ippc/eu_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluan xedatua.

Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

l) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000402 erregistro-kodea esleitzea Hormigones y Morteros Agote SLUk Agote industrialean (Agote auzoa 11, 20740 Zestoa - Gipuzkoa) ustiatutako instalazioari. Hona hemen helbidea: UTM 30N 30T, X: 559.667, Y: 4.791.345.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan izandako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Hormigones y Morteros Agote SLUri eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:

Jarduerari ekin aurretik:

– Erantzukizunpeko adierazpena, jarduera noiz hasiko den eta ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

– «As built» proiektua.

– Obra-amaierako ziurtagiria, eskumena duen teknikariak emana.

– Erantzukizun zibileko asegurua, Bigarren A apartatuan ezartzen denarekin bat etorriz.

Instalazioak ezarri eta ondorengo hiru hilabeteetan:

– Sortutako hondakin guztien kudeaketa egiteko baimendutako kudeatzaile batek emandako trataera-kontratuak (C.2.3.).

– Mantentze-lanen enpresaren kontratua. Bertan argi eta garbi zehaztuko da enpresak bere gain hartuko dituela Hormigones y Morteros Agote SLUren makinen eta instalazioen mantentze-lanetan sortutako hondakin arriskutsuak behar bezala kudeatzeko konpromisoa. Enpresa horrek bere autonomia-erkidegoko Hondakin Arriskutsuen Ekoizleen Erregistroan egon beharko du erregistratuta.

Instalazioak ezarri eta hurrengo sei hilabeteetan:

– Bigarren C.2.4 apartatuan eskatutako lurzoruen oinarrizko txostena.

– Zarata ebaluatzeko txostena, D.2 apartatuan eskatzen den moduan.

Seigarrena.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, zepa zuriak balorizatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Hormigones y Morteros Agote SLUk Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du, honako hauek gertatzen direnean:

– Epean ez egiaztatzea ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Hormigones y Morteros Agote SLUren nortasun juridikoa iraungitzen bada, indarreko arauek ezarritako kasuetan.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Hormigones y Morteros Agote SLUri, Zestoako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 30a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana